Sokatiraren puntaren puntan da berriz ere Beti Gazte. Lesakako (Nafarroa) talde historikoak XX. mende amaierako maila berreskuratu du, eta nagusitasun ia erabatekoa ezarri du Euskal Herriko sokatiran. Gizonezkoen taldeari txapela bakarrak egin dio ihes aurtengo denboraldian, eta emakumezkoenari, bik. Gainerako guztiak irabazi dituzte: Nafarroako hiru eta Euskal Herriko bost, hain zuzen ere. Belaunaldi zaharrekoa da, hain zuzen, Karmelo Mitxelena Mitxelena (Lesaka, Nafarroa, 1974). 1999an, munduko txapeldun izan zen, lesakarrek lehenbiziko urrea lortu zutenean. Irlandan jokatu zen txapelketa hura ere. 21 urte geroago han da berriz ere, erronka hura berriz erdiesteko asmoz. Irantzu Goienetxe Batizentzat (2000, Lesaka), berriz, lehenbiziko parte hartzea izanen da nazioartean, eta 23 urtez azpikoan lehiatuko da, euskal selekzioarekin.
Nazioartean maila gorenean izan, eta taldea desegin egin zen 2007an. Baina, 2014an, birsortu egin zenuten, eta garai hartako maila lortu duzue orain. Nolakoa izan da hori?
KARMELO MITXELENA: Gazte batzuek sokatiran hasi nahi zuten, eta laguntza eskatu ziguten lehenago aritzen ginenoi. Laguntzen hasi, eta talde berri horretan amaitu genuen guk ere. Lehenbiziko urteak zailak izan ziren, baina maila hartuz joan gara.
Aurten ia dena irabazi duzue Euskal Herrian. Hori kontuan hartuta, zer helbururekin zatozte munduko txapelketara?
K.M.: Munduko txapelketa guztiak ezberdinak izaten dira, eta lehenbiziko gauza izanen da ikustea zer maila dagoen. Nik uste dut aurten duela bi urte baino maila anitz hobea izanen dela, Europako talde gehiago daudelako.
Eta horien artean non ikusten duzue zuen burua?
K.M.: Nik uste dut badugula taldea borrokan egon ahal izateko. Borroka hori lehenbiziko postutik laugarren-bosgarrenera izan daiteke, beste taldeen mailaren arabera.
Bereziki, pisu txikietan lehiatzera etorri zarete; Euskal Herriko 560 kilokoa galtzeaz penatuta zaudete, Mitxelena?
K.M.: Bai, pena da. Guk ez genuen egunik hoberena izan, eta beste taldeak, bereziki Ibarra, oso ongi aritu ziren. Pena izan zen, bai. Baina bost txapelketatik lau irabaztea ere ez dago gaizki. Hori izango dugu gogoan.
Goienetxe, Beti Gazteko emakumezkoen taldea 2016an hasi zen entrenatzen, eta aurten lehenbiziko aldiz irabazi duzue Euskal Herriko txapelketa; handia izan zen lorpena zuentzat, ezta?
IRANTZU GOIENETXE: Nafarroan lan ona eginda gindoazen Euskal Herriko Txapelketara, baina ez genuen espero irabaztea. Azkenean, ikusi genuen aukera genuela, eta, saiatzearen saiatzeaz, lortu genuen.
Munduko txapelketara zoazte lehen aldiz, eta euskal selekzioaren ordezkari ere izanen zarete 540 kiloko txapelketan. Zer helburu duzue?
I.G.: Ez goaz irabaztera; batez ere, beste herrialdeetako taldeek nola tiratzen duten ikustera eta esperientzia bizitzera goaz. Ohore handia da guretzat euskal selekzioaren parte izatea, eta hagitz kontent gaude.
Lehenbiziko nazioartekoa duzu zuk, baina ahizpa (Aitziber Goienetxe) Txinako munduko txapelketan izan zen. Zer kontatu dizu hark?
I.G.: Aipatu dit tiratzeko modu hagitz desberdinak dituztela beste herrialdeek, eta esperientzia polita dela mundu osoko jendea sokatiran ikustea.
Beti Gaztek egin duen berritze lan horretan, Goienetxe ahizpena ez da kasu bakarra izan. Mitxelena, zuk ere 15 urteko semea (Ander Mitxelena) duzu sokatiraren hastapenetan.
K.M.: Bai, Ander askotan etorri izan da ikustera, baina nik behin ere ez diot erran sokatiran hasteko. Berak eman zuen pauso hori. Duela hilabete batzuk, probatu, eta gustatu zitzaion. Hortaz, aurrera.
Nola gogoratzen duzu 1999an Irlandan irabazi zenuten urrea?
K.M.: Oroitzapena sekulakoa da. Gainera, Euskal Herrian urte gogorra izan zen, eta Beti Gaztek Munduko Txapelketa irabaztea ikaragarria izan zen.
Garai harekin konparatuz, gizonezkoena bakarrik ez, orain emakumezkoen taldea ere gorenean duzue; zer anbizio sortzen zaizue?
K.M.: Niretzat anbizioa lehiatzea da, hor aurrean egotea. Orain lau urte, Volendamen [Herbehereak] izan ginen, baina ikusi genuen taldea oraindik ez zegoela prest munduko txapelketetarako. Aurten lehiatzeko moduan gaudela uste dugu, nahiz eta gero erabaki batek edo bertze batek lehenbiziko lekutik hirugarren edo bosgarrenera eramaten ahal zaituen.
I.G.: Gure anbizioa hobetzea da, eta horretarako balio izango digu munduko txapelketa honek. Oraindik ere gehiago ikasi nahi dugu, gero lorpen handiagoak izateko.
Herriak nola bizi izaten du munduko txapelketaren erronka?
K.M.: Aste honetan bertan, herriko batzuek esan digute urrea irabaziko dugula. Baina zaila da hori lortzea. Jendea ez da konturatzen kanpoan zer maila dagoen sokatiran.
I.G.: Babes handia dugu herrian, eta jende askok eman dizkigu animoak.
Goma gaineko Munduko Txapelketa. Karmelo Mitxelena Mitxelena eta Irantzu Goienetxe Batiz. Beti Gazte sokatira taldeko sokatiralariak
«Aurten talde lehiakorragoa daukagula uste dugu»
Lesakako sokatirako talde historikoak izandako bilakaeraren eredu dira Karmelo Mitxelena eta Irantzu Goienetxe. Lehenak ibilbide luzea osatu du; bestea, berriz, hasiberria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu