Bartzelonan dago Lara Arruabarrena tenislaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1992). Han hasi zuen tenislari profesional izateko bidea. Orain,hura utzi, eta padelean hasi da. «Ilusio handiarekin nago».
Tenislari askok dute oso txikitako irudi bat pilotari jotzen. Hala izan zen zure kasuan ere?
Egia esan, ni ez nintzen oso txikitan hasi tenisean. 8-9 urte izango nituen lehen aldiz tenis pilota bat hartu nuenean. Kirol asko probatu nituen garai hartan, eta tenisa izan zen gehien gustatu zitzaidana. Aurrerago, gurasoei gehiago entrenatu nahi nuela esan nien, ondo pasatzen nuelako. Baina ez nuen buruan tenislari izatea. Ondo pasatzen nuelako egiten nuen. Gero, Espainiako Federazioak beka bat eman zidan, 15 urterekin Bartzelonara joateko entrenatzera. Onartu egin nuen. Baina, kasu horretan ere, ez nuen buruan goi mailara iristea. Ondo pasatzen nuen tenisean jokatzen, besterik ez. Bost urtean eman zidaten beka, eta horrek lagundu zidan.
Ez duzu nolanahiko urtea aukeratu erretiroa iragartzeko: Serena Williamsen eta Roger Federerren urte bera.
Esango nuke haien erabakiak oihartzun handiagoa izan duela nireak baino [barrez].
Aste batzuk pasatu dira iragarpenetik. Nola sentitzen zara orain?
Asko hausnartutako erabakia izan da. Denbora neraman horretan pentsatzen, eta hartzekoan lasai egin dut, bakean.
Nola izan zen erabakia hartzeko prozesua?
Batetik, hasten zarenean, dena berria da. Baina urteak aurrera joan ahala, normala den moduan, hori galdu egiten da, eta egunerokoa nekezagoa egiten da. Adibidez, hasieran ondo neraman hainbeste egun etxetik kanpo igarotzea, eta disfrutatu egiten nuen bidaiatzen, leku berriak ezagutzen... Baina azken urteetan gero eta gogorragoa egiten zitzaidan, eta zenbait gauzaren hutsunea nuen: adibidez, uda edo Gabonak lagunekin edo etxekoekin pasatzea. Bestetik, kirolari profesionala izateak dakarren ahalegin fisikoa eta psikologikoa handia da. Bukatzeko, kirolari batek helburuak behar ditu, hobetzeko grina. Baina, azkenaldian, nik ez nituen, eta horiek gabe oso zaila da egunerokoa. Errendimendua jaitsi egiten da. Beraz, jabetu nintzen ez zuela merezi segitzea.
Noizbait kalkulatu duzu urtean zenbat egun pasatu dituzun etxetik urrun denboraldi batean?
Hori ez dut kalkulatu, baina ziurrenik erdia baino gehiago. Normalean, urteko lehen lau hilabeteetatik hiru behintzatetxetik kanpo pasatzen ditugu tenislariok. Urte batean,hartutako hegaldiak kontatu nituen, eta ez dut kopuru zehatza gogoan, baina 50 eta 60 artean ziren. Dena den, esan bezala, azken urteetara arte hori ez zait gogorra egin. Okerrena edo astunena da ez jakitea hurrengo egunean non egongo zaren. Izan ere, gaur torneo batean zaude, eta partida bat irabazten baduzu bertan jarraitzen duzu, eta, bestela, edo etxera edo beste torneo batera zoaz. Baina partida jokatu arte ezin duzu jakin. Ezin dituzu planak egin.
Hobetzeko grina hori izatea gero eta gehiago kostatzen zaiekirolariei. Urteak aurrera doazen heinean gertatzen da hori?
Emaitzak onak direnean, errazagoa da. Baina, bestela, ez da erraza. Urteak aurrera egin ahala, nik nahiago izan dut eguneroko helburu txikiak jarri: adibidez, entrenamendu bateko ariketa batean hogei pilota leku zehatz batera botatzea. Baina azkenaldian ere horietan ez nuen motibaziorik. Entrenatzeagatik entrenatzen nintzela jabetzen hasi nintzen, eta horrek ez zuela zentzurik. Horregatik egin dut uzteko urratsa.
Eguneroko helburuei begiratzean, zerikusia izan du denboraldi batean munduko zerrendan gora egiteko egin zenuen apustuak esperotako emaitzak ez izateak?
Ziurrenik, bai. Denboraldi hartan ahalegin handia egin nuen: gogorrago eta gehiago entrenatu nintzen, diru aldetik ere inbertsio handiagoa egin nuen... 60. eta 70. postuen artean nengoen munduko zerrendan, baina ez nuen horrekin konformatu nahi. Hobekuntza, ordea, ez zen esperotakoa izan. Horrek antsietatea eragin zidan. Egindako apustuaren presioa nuen. Hori onartzea gogorra izan zen. Perfekzionistegia bihurtu nintzen, eta neure burua gehiago estutu nuen emaitzengatik. Horrek ez zidan mesede egin. Izan ere, ordura arte gauzak erlatibizatu egiten nituen. Adibidez, bost partida segidan galduz gero, pentsatzen nuen: «Gertu dago garaipena». Baina hori aldatu zenean, joko pare bat galtze hutsa kolpea zen niretzat. Horrek antsietate izugarria eragiten zidan pistan, erdi ito egiten nintzen, eta ia ezin nuen korrika egin. Porrotari, barregarri geratzeari beldurra nion.
Partidaren batean pentsatu zenuen pistatik joatea?
Ez, baina bai honako hau: «Ea lesio arin bat dudan, eta ezin dudan jokatzen segitu». Pistatik ateratzea liberazio moduko bat zen. Denboraldi amaieran esan nuen hori ez zela posible, eta nahiago nuela bestea. Munduko zerrendan atzerago egon arren, zoriontsuago nintzen, eta hobeto pasatzen nuen. Neure burua estutu ez dudanean lortu ditut emaitzarik onenak.
Bakarkako kirolari batek nori kontatzen dizkio momentu zail horiek?
Tenisean gauza bitxi bat gertatzen da: entrenatzailea, berez, zure «nagusia» da, baina zuk ordaintzen diozu lan hori egiteagatik. Hori ondo kudeatu behar da. Harremanak erabateko konfiantzazkoa izan behar du, eta batak besteari gauzak argi esan. Entrenatzaileak ezin du beldurrik izan zuri gauzak esateko, zuk ordaintzen baitiozu. Eta zuk ere argitasunez esan behar dizkiozu. Niri, hasieran, kosta egiten zitzaidan gauza txarrak esatea, ahuldade baten moduan ikus zezaketelako. Antzera gertatzen zitzaidan beste tenislariekin. Gero, ireki egin nintzen. Orduan konturatzen zara ia jokalari gehienek pasatzen dituztela halako egoerak, eta haien esperientziek eta testigantzek asko laguntzen zaituzte.
Emaitzei erreparatuta, munduko zerrendan 52. izatera iritsi zinen, eta WTAko bi torneo irabazi dituzu. Zer balorazio egiten duzu?
Kirolari batek beti nahi du gehiago. Ziurrenik, erregularragoa izatea falta izan zait gorago egoteko. Baina uste dut nire ibilbidea ona izan dela. Goi mailako tenislariak izan ditut aurrean, eta haiekin nor baino nor gehiago lehiatzea lortu dut. Oso pozik nago lortutakoetan. Esan bezala, bakean noa, eta gozatuta.
Grand Slametan gehienez bigarren kanporaketara iritsi zara. Aurrerago ailegatu ez izanaren arantza geratu zaizu?
Grand Slamak ez dira ohiko torneoak, beti jartzen zara zertxobait urduriago: bai ikusmina handiagoa delako, baita puntu asko banatzen direlako ere. Torneo horietan aurrera eginda gora egiten duzulako berehala. Nire sailkapena kontuan hartuta, normalean lehen partidan jada aurkari gogorra izaten nuen; eta ez nuenean, urduritasunagatik-edo, ez nuen nire onena ematen. Ez dizkiot buelta gehiago ematen.
Zergatik ari da aldatzen hainbeste azken urteetan emakumezkoen teniseko munduko zerrendako lehen postua?
Maila oso parekatua delako. Lehen postuan dagoen tenislari batek, sasoi betean ez badago, baliteke 70. postuan dagoenaren aurka galtzea torneo bateko lehen partidan. Duela urte batzuk aldea handiagoa zen, eta lehen postuetan zeudenek apenas galtzen zuten. Gizonezkoetan hori gertatzen ari da orain. Onena erdibideko zerbait litzateke: mugimendua egotea, baina baita ere hiruzpalau tenislari indartsu egotea goian.
Bizi erdia baino gehiago eman duzu tenisean. Hasi zinenetik asko aldatu da. Zertan?
Beste kirol askoren moduan, tenisa ere fisikoagoa bihurtu da. Tenislariak garaiagoak eta indartsuagoak dira. Gaur egun, garrantzi handiagoa ematen zaio kolpearen indarrari, teknikari baino. Horren ondorioz, jokatzeko modua aldatu egin da. Tenislariak ez dira berdin mugitzen, eta lesioak ere desberdinak dira. Egun, gehiago dira aldakakoak. Erraketak, zoruak eta pilotak ere desberdinak dira.
Tenisetik erretiroa hartu, eta padelean hasiko zara. Zergatik?
Hurrengo egunetan jokatuko dut nire lehen torneoa. Padeleko profesional izan nahi dut. Ez naiz hutsetik hasten, dibertigarria iruditzen zait, eta gustura ari naiz. Helburuak ditudala iruditzen zait. Gainera, ez da tenisa bezain bakartia. Ilusio handiarekin ari naiz prestatzen.
Lara Arruabarrena. Tenislaria
«Lasai erabaki dut erretiroa hartzea, bakean»
Kirolariek gehiago nahi izaten duten arren, egindako ibilbidearekin «gustura» dagoela utzi du tenisa Arruabarrenak. Arantza bakarra geratu zaio: Grand Slam batean aurrerago iritsi ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu