Isil-gordeka egin beharreko arrantza

Autoa tentuz aparkatu, eta, Oria ibaira iristeko egin beharreko metroetan, kopeta argia ere ez dute pizten isilpeko angulazaleek. Isunen beldur dira.

Igor Susaeta.
Usurbil
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

Aparkatu, eta, ilunpetan, erreminta aldean dutela, oinez hasi dira Oria ibaiaren ertzeraino. Arrantzatzera ateratzen diren gauetan, autoa non utzi erabakitzeko orduan ere tentuz ibili behar izaten dute Usurbil eta Orio (Gipuzkoa) artean lizentziarik gabe angulak harrapatzen ibiltzen direnek. Bidean, soro zabal bat ia itsumustuan gurutzatu, eta, kanaberadi mardul batera iritsita, zeharkatu, adarrak begietan sartzea saihesteko ahaleginean bi besoak zabalduta. Hor behar du ibaiak. Kopeta argiak baieztatu du baietz, hor dagoela. «Askotan kopeta argia itzalita etortzen gara honaino». Poliziaren kontrolak direla eta, «beldurtuta» ibiltzen dira. Zarata bat entzun da. Argiak dituen zerbait hurbiltzen ari da. Ez dago arduratzeko motiborik: Donostia-Bilbo bidea egiten duen Euskotrenen tren bat da, Oriora bidean doana. Batzuetan, zaratek eta argiek izututa, korrika hanka egin behar izan dute isilpeko angulazaleek. «Arriskutsua da».

Oroitu dute iazko kanpainako sarekada. «Handia izan zen hura». 40 bat ertzain ibili ziren Usurbil eta Orio arteko ibai zatian, eta bai ezkutuko angulazaleak, bai lizentzia edukita araudia betetzen ez dutenak ezustean harrapatzea zuten helburu. Harrapatu zuten, bai, lizentziarik gabeko bat. «Ez zuen angula gehiegi... Ez dut isunaren kopurua zehazki gogoratzen, baina uste dut 150-175 euro ordaindu behar izan zituela». Zenbat gramorekin, kilorekin, harrapatzen dituzten, isun hori dezentez handiagoa izan daiteke. «Baita 3.000 eurokoa ere».

Arrantzarako tresna ez da hain garestia; ez, behintzat, ezkutukoek erabiltzen dutena. Salabardo moduko bat da, etxean egindakoa. Kanabera egurrezkoa makila, eta angulek ihes ez egiteko sarea, metro bat pasa diametrokoa, alanbrearekin zirtzildutakoa. Badira plastikozko edo metalezko makila dutenak erabiltzen dituztenak, gutxiago pisatzen baitute.

Erreminta gisa, janzkera ere zaintzen dute. Gauez ibiltzen dira, udazken-neguan, eta hiruzpalau ordu pasa ditzakete ibaian. Aurpegia ez beste guztia estaltzen dute. «Inoiz ez gara gaixotu». Hori bai, esaten dutenez, alerik ez biltzea izaten da ohikoena arrantzatzera ateratzen direnean. Gertatu izan zaie «gaupasa eginda» lanera joatea, eta handik gutxira jakitea inguruan arrantzan ari zen bat poltsa bete angularekin etxeratu zela. Etxean angulak harrapatzeko ohitura egon delako ateratzen dira haiek ere arrantzatzera, eta uzta biltzen dutenean «sekulako poza» hartzen dute.

Angulak Bilboko arrandegi batean, kiloa 980 euroan salgai, 2010. urteko irudi batean. Luis Jauregialtzo / Foku

Egun jakin batzuetan soilik ateratzen dira angulatara, baldintza jakin batzuk behar baitira arrantzarako. Marea igotzen hasten denetik guztiz igo arteko tartean joaten dira, eta jaisten ari denean ere harrapa daitezke angulak, nahiz eta hori «salbuespena» izaten den. Ilbete edo ilberri egunak izan behar dute. «Mareak biziagoak izaten dira». Eta beharrezkoa da, gainera, arrantza unean bertan edo lehenago euria egitea, ura mugitu, «zikindu» dadin. Gau on batean «ehun pertsona inguru» ibil daitezke angulak harrapatzen.

Duela pare bat urte hildakoa

Uholdeak daudenean sasoi ona izaten dela nabarmendu dute ezkutuko angulazaleek. Baina egoera horretan arrantza egitea are arriskutsuagoa izan daiteke. Ibaian behera joaten dira zuhaitzen enborrak, adarrak... Istripuak gertatu izan dira, eta aipatu dute, kasurako, duela pare bat urte angulazale bat hil zela, itota.

Orian dena ez da angula, ordea. «Gerta liteke horren bila ateratzea, eta etxera bueltatzea lupia aleren batekin». Ezkutuko angulazaleek ez dute halakorik ikusi BERRIArekin hitzordua egin duten egunean, ezta ura argi more batekin argitu dutenean ere. «Arrainak hobeto ikusten dira, baina izutu egiten dira». Argiak itzali behar dira, baina: trasteak jaso eta autora itzultzeko ordua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.