Espainiako Kontsumo Ministerioak sare sozialetako influencerrak ikertuko ditu, publizitate legea betetzen duten aztertzeko.
1. Nortzuk dira influencer horiek?Influencer esaten zaie batez ere sare sozialen bidez jarraitzaile askorengana iristen diren eta haiengan eragiten duten pertsonei. Produktuak edo zerbitzuak aurkezten eta gomendatzen dituzte argazki baten bidez, edo zuzenean haien inguruko iritzia emanez.
2. Hori ez da berria. Karlos Argiñanok eta Iñaki Perurenak ere egin izan dituzte halakoak. Hala da, baina Interneti eta sare sozialei esker, gaur egun edonor izan daiteke influencer. Ez dute zertan aurpegi ezagunak izan; pertsona arruntak izan daitezke. Erruz ugaritu dira halakoak sarean. Euskal herritarrak ere badira tartean, ez pentsa.
3. Baina hainbesteko eragina dute? Kasuak eta kasuak daude, noski. Baina, oro har, dirutza mugitzen da publizitatearen alorrean, eta zer esanik ez sarean. Pertsona horiek dituzten jarraitzaile kopuru handia baliatzen dute marka askok beren produktuak iragartzeko, eta milaka euro ordaintzen diete influencerrei mezu horiek helarazteko.
4. Eta zer du horrek txarretik? Kontua da influencer horiek sarri ez dutela adierazten gomendioen atzean hartu-eman ekonomikorik dagoen edo ez. Alegia, ez dute argi zehazten noiz den ordainpeko iragarkia eta noiz ez. Eta Europako Batasuneko publizitate legearen arabera, informazio hori jakinarazi behar dute.
5. Hara! Banengoen ba ni idilikoegia zela jardunbide hori. Kontsumo Ministerioaren ustez, merkataritza praktika hori desleiala da, eta kontsumitzailea nahastu dezake. Beraz, pertsona horien sare sozialetako argitalpenak ikertu egingo ditu, ezkutuko publizitatea dagoen edo ez jakiteko. Iruzurrik atzemanez gero, 100.000 euro arteko isuna jaso dezakete.
6. Baina hori hemen eta Parisen ere gertatuko da, ala? Orokortuta dagoen praktika bat da. Bada, Europako Batasun osora zabalduko dute ikerketa.
7. Egiaztatzaile urdina duen oro da susmagarri, beraz? (Instagrameko argazkiei begira amaitu da bakarrizketa).
BAKARRIZKETA
Argazkiek ezkutatzen dutena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu