BAKARRIZKETA

Zazpi nanometroren garrantzia

Huawei Mate 60 telefonoak salgai Pekingo denda batean. WU HAO / EFE.
Irune Lasa.
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Txinako Huawei konpainiak merkaturatu berri du bere azken smartphonea, eta ustekabeko batekin dator.

1. Itxaron, itxaron... 'Siri' euskalduna duela? O, ez litzateke txarra hori, ezta? Azkena, Pixelari Itzulera abestia kanta jartzeko eskatzen hasi, eta zer jarriko, eta... Baina, ez, ez da hori. Kontua da TechInsight-ek tripak atera dizkiola Huawei Mate 60 Pro berriari, eta zazpi nanometroko mikrotxip bat daramala ikusi du. Kirin 9000s mikrotxipa da, Txinako SMIC Semiconductor Manufacturing International Corp konpainiak egindakoa.

2. A, txip bat. Baina hori zertan izan daiteke ustekabekoa? Orain arte, pentsatzen zen Huaweik, hots, Txinak, ez zuela modurik halakoak egiteko. Besteak beste, 2019. urtean AEBek itxi egin zielako txip aurreratuagoak ekoizteko ezinbesteko tresnak izateko bidea.

3. Eta AEBek zergatik ez diote uzten Txinari txipak egiteko tresnarik izaten? Argudio nagusia da mikrotxipek erabilera militarra izan dezaketela.

4. Harritzekoa. AEBak beti berdin; nik bai, zuk ez. Hala da. Finean, Txina behartu nahi zuten gehienez orain aurreratuenak diren txipekiko hamalau urteko atzerapena luketen txipak egitera. Adibidez, Huaweik 5Gko telefono gutxiago atera behar izan ditu, biltegietan zituen txipak zituelako soilik.

5. Txinatarrek horri izkin egitea lortu dute? Ez erabat. Mikrotxip aurreratuenetatik bost bat urteko atzerapena dutela erakusten omen du Kirin 9000s erdieroaleak.

6. To, AEBak. Bai, ez daude gozo AEBetan albistearekin. Aste honetan, Kongresuko errepublikanoek neurri gogorragoak eskatu dizkiote Bideni.

7. Tanto bat txinatarrentzat. Bai, ba. Egia da ez dagoela argiere SMIC zazpi nanometroko zenbat prozesadore egiteko gai den. Beharbada, oso gutxi egin ditzake oraindik.

8. Harro egongo dira, hori bai. Baina ez dute aurkezpen arranditsurik egin, modu bereziagoa hautatu dute. Mate 60 Pro modu diskretuan merkaturatu zuten duela bi aste, gailuaren ezaugarri asko argitu gabe, eta, kasualitatea, Gina Raimondo AEBetako Merkataritza idazkaria Pekinera bisitan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.