Zaldibarko zabortegia amildu izanaren harira epaileen aurrean lekukoek egindako deklarazioek agerian utzi dituzte kudeatzaileek urteetan egindako arau hauste ugari. Besteak beste, langileen segurtasunaren gaineko axolagabekeria eta Jaurlaritzaren kontrolaren inguruko ardura falta azaleratu dituzteVerter Recycling 2002 SM-ko langile ohiek epailearen aurrean egindako aitortzek.
Zenbait langile esklaboen pare bizi ziren Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko instalazioetan —2020ko otsailean amildu zen zabortegi hori—. Hala utzi dute agerian epaileen aurrean hainbat lekukok egindako deklarazioek. Biktima gisadeklaratu zuen langile baten esanetan, «denboraldi batez» Sidi izeneko pertsona bat «txabola batean» bizi izan zen. «Egunez zabortegian lan egiten zuen, eta gauean zaintza lanak egiten zituen, suteak prebenitzeko». Sidi izeneko langilea denboraldi batez materialetarako modulu batean ere bizi izan zela jakinarazi dio lekuko horrek berak epaileari.
Epaiketari begirako instrukzioan bildutako materialaren zati bat dira epailearen aurrean egindako deklarazioak, eta, oraingoz, sumarioko gainerako material guztiak bezala, sekretupean daude.
Epaileari egindako zenbait adierazpenek aditzera ematen dute langileen lan baldintzak eta segurtasun protokoloak ere ez zirela betetzen. Besteak beste, behargin batek ziurtatu zion epaileari ez zegoela babes materialik eta segurtasun maskararik operario guztientzat. «Hondakinak manipulatzen zituztenek —Mamadou eta Abdulae— eraman beharko zuten babes material hori, baina sarritan ez zuten deus ere janzten».
Langileek bazekiten Zaldibarko zabortegira hondakin arriskutsuak ere sartzen zirela, besteak beste amiantoa eta altzairugintzako hauts beltzak. «Era guztietako hondakinak iristen ziren: egurra, pinturak, aerosolak, koltxoiak, butano bonbonak, motor elektrikoak, eraikuntzako hondakinak, altzairuetakoak, plastikoak, PCB duten hauts beltzak—metal astun minbizi eragileak—. Amiantoa baimenarekin iristen zen, baina hustu eta ordubetera irauli edo bota egiten zuten. Makina bat erosi zuten duela urtebete amiantoa husteko hautsi gabe, baina, askotan, makinarekin mugitu eta puskatu egiten zen», jakinarazi zion epaileari irregulartasun horien lekuko izandako behargin batek.
Hondakinekin lanean aritzen zen behargin horrek ziurtatu zion, halaber, inork ez zituela arriskuaren arabera bereiztenmaterialak, eta zenbait gairekin aritu ostean begietako eta eztarriko azkurarekin amaitzen zutela lan jarduera. Zorrotzaurreko (Bilbo) lur kutsatuak iristen zirenean, esate baterako, amoniako usain handiak izaten zirela ziurtatu zion langile batek epaileari.
Egonkortasun arazoak
Cedex Espainiako Gobernuko Herri Lanetako Ministerioaren esperimentazio zentroak epailearen aginduz egindako peritu txostenak agerian utzi zuen Zaldibarko zabortegiak egonkortasun arazo larriak zituela, eta horien berri bazutela arduradunek. Epaileen aurrean deklaratu duten beharginek ere ziurtatu dute kudeatzaileek bazutela horren berri. Hala esan zion haietako batek epaileari, haren aurreko deklarazioan: «Egunero sartzen ziren hondakinen erdiak baino gehiago bolumen handikoak ziren, plastiko eta paper hondakinak batez ere. Joaquin [Beltran] une oro lur eske aritzen zen zorua trinkotzeko. Lur hori oso gutxitan iristen zen, baina».
Amildu aurreko bi urteotan sekulako jarduera izan zuen, gainera, Zaldibarko zabortegiak. Orduan lortu zituen mozkinik handienak enpresa kudeatzaileak. Lekukotza eman duen beste behargin batek sumatu zuen Mutiloak debekatu egin ziela bere instalazioetara sartzea bolumen handiko hondakin batzuei: koltxoiak, egurrak, altzariak... «Denak Verterrera etortzen hasi ziren orduan».
Zaldibarko zabortegiko arduradunek nekez botatzen zuten atzera instalazioetara hurbiltzen zen kamioirik. Egunero 150 ibilgailu astun iristen ziren, batez beste, langileen arabera; egun batzuetan, 200-220. Behargin batek epaileari jakinarazi zion Jaurlaritzako ordezkariak Verter Recycling 2002 SMkoekin egindako bilera batean gobernukoak esan ziela Zaldibarko kudeatzaileei kontrolatu egin behar zituztela bertara sartzen ziren hondakinak. «Arratek [Bilbao Barinaga] erantzun zion berak ez zuela ezer kontrolatuko, ez ziela esango bezeroei hondakinik ez ekartzeko. Jaurlaritzari esan zion isuna jartzeko nahi bazuen».
Egonkortasun arazoei aurre egiteko garaian, gabezia handiak zeudela ohartarazi zion epaileari beste lekuko batek. Zallako zabortegian ere lanean aritu izan zen langile hori, eta konparaziorako erabili zituen Bizkaiko beste zabortegi hura egonkortzeko baliatzen zituzten teknikak eta Zaldibarkoak. «[Zaldibarko] Zabortegiko ezpondetan, mendian botatzen zen oihalarekin kontaktuan zegoen materiala papera zen, paper fabriketako hondakina. Zallako zabortegian legarra botatzen zen, eta material horrek hartziduraren gasak iragazten ditu. Zaldibarren, legarra ez zen ezpondetan erabiltzen».
Amildu aurreko astean, arrakalez eta mugimenduen abiaduraren azkartzeaz jabetu ziren Verter Recycling 2002 SMko kudeatzaileak, zabortegian zerbait larria gertatzen ari zen seinale. Joaquin Beltranek [amiltzean desagertu ziren langileetako bat, geroztik aurkitu ez dutena] lankide bati jakinarazi zion «astelehenean» itxi egingo zutela instalazioa. Ez ziren iritsi, aurreko ostegunean —2020ko otsailaren 6an— amildu baitzen zabortegia.
Jaurlaritzaren kontrol lausoa
Epaileari lekukotza eman dioten langileek agerian utzi dute Zaldibarren ez zela hondakinik birziklatzen. Bakarrik Jaurlaritzaren ikuskatzeak egiten zirenean erabiltzen zuten horretarako propio eraikitako birziklatze planta. Halaxe dio epaileak lekukoen bidez jasotako testigantzetatik: «Verterrek gehienetan lurperatzen zituen birziklatzeko iristen ziren material horiek». Lekuko batek hala esan zion: «Askotan, enpresek birziklatzeko materialak ekartzen zituzten, baina zabortegira botatzen zituzten, birziklatze gunetik pasatu ere egin gabe». Egurra eta kartoia, esate baterako, birziklatzeko modukoak ziren, baina hondakindegian isurtzen zituzten. Kontrolatzaileen bisitak zeudenean, baina, edukiontzietan bereizten zituzten, «itxura egiteko», lekukoen esanetan.
Jaurlaritzako teknikariek, gainera, kontrol lausoak egiten zituztela ere nabarmendu dute deklarazioetan. Beti aldez aurretik jakinarazten zieten enpresako arduradunei bisiten berri. Halaber, zabortegiaren egonkortasun arazoei ere gutxi erreparatu zieten kontrolek. Halaxe aitortu zion langileetako batek epaileari. «Zabortegia isolatzeko geomintzaz arduratzen zen enpresak ezpondaren oinarrian legarra eta geotestila botatzen zuen, baina ezpondaren goialdean, ehunaren gainean, ez zuten legarra botatzen, baizik eta papergintzako hondakina. Geyserrek eta ingeniariak onartu egiten zuten hori. Jaurlaritzako teknikariek ere, ikustera joaten ziren aldietan, sekula ez zuten ezer esan».
Zabortegia zergatik amildu zen ebazteko egin diren txosten teknikoetan ondorioztatu dute zabortegia isolatzeko erabilitako geomintzak euste erresistentzia txikia zuela. Izan ere, pleguetan bi aldeetatik geotestil zimurrak erabiltzeko betebeharra ezarri arren, geotestil leunak edo alde batean bakarrik zimurtutakoak erabili zituzten. Horiek hala, altuera batetik gora, zabortegiak ezin izan zion gehiago eutsi pilatutako materialari, eta behera amildu zen.
Langileek epaileari esan diote Verterrek euren lan segurtasuna urratzen zuela
Beharginek emandako testigantzen arabera, babes neurririk gabe aritzen ziren hondakin arriskutsuekin. Langile etorkin batzuk gau eta egun aritzen ziren lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu