Irailaren 16an hasiko da euskal presoen eskubideen alde jardun duten hainbat eragileren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Guztira 47 lagun auzipetu dituzte 11/2013 sumarioan. Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak dira. «ETAren espetxe frontea» osatzea leporatzen diete, eta fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du denera. Akusatuek adierazi dute aste honetan Espainiako Polizia haietako «askoren» etxera joan dela, zitazioa ematera. Auzipetzeak egin eta hiru urtera hasiko da makroepaiketa.
Auzipetuek ohar bidez adierazi dute elkartasun mezu eta keinu ugari ari direla jasotzen azken asteetan. Eskertu egin dute jasotako «berotasuna eta elkartasuna», eta adierazi dute «babestuak eta zainduak» sentitzen direla.
Hala ere, ez dute ezkutatu kezka sortzen diela epaiketak zer ondorio ekar ditzakeen. Azaldu dutenez, beren aurkako «ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre egiteko» prestatzen ari dira, «ilusioz eta indarrez beteta». Horretarako, lantaldeetan antolatu dira, eta koordinazio bilerak egin dituzte, epaiketak berarekin dakarren «lan eskergari» ahalik eta ondoen aurre egiteko. «Elkar hartuz eta zainduz modu kolektiboan erantzungo diogu jazarpen honi guztiari», adierazi dute.
Arlo juridikoan, defentsa lanak prestatzen ari dira abokatuekin batera. Horrez gain, hasiak dira Auzitegi Nazionalera joan-etorrian ibiltzeko garraioa eta bestelako azpiegiturak antolatzen. Jakinarazi dute aztertzen ari direla auziak eragingo dien gastu ekonomikoa arintzeko moduak ere. Eta salaketa politikoa ere egingo dute. Epaiketaren «bidegabekeria ikaragarria» azaleratu nahi dute, jasotzen ari diren elkartasuna antolatu eta herritarren mobilizazioa aktibatu, «epaiketa honen oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko» eskatzeko. Jada hasiak dira prestalanetan.
Aurreratu dutenez, xehetasun gehiago emango dituzte ekainaren 1ean, Donostian egitekoa duten agerraldian.
Epaiketari aurre egiteko «ilusioz eta indarrez» daude 11/2013koak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu