Euskal Elkargoa gainditu beharra

Euskal Hirigune Elkargoak bost urte beteko ditu igande honetan. Ipar Euskal Herriak izan duen lehen instituzio propioa eraikitze fasetik politika publikoak ontzera iragan zen 2020ko hauteskundeen ondotik, baina, anitzen ustez, bere mugak erakutsi ditu jadaneko.

Euskal Hiriguneko biltzarra, joan den abenduan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bosgarren urteurrena beteko du igande honetan Euskal Hirigune Elkargoak. Mugimendu abertzalearen eskaera historikoa izan da Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala, eta 2017an gauzatu zen, urteetako batailaren ondoren. Autonomia estatutu bat eta departamendu baten sorrera galdetu ondoren, estatus bereziko lurralde elkargo baten eskaerak hartu zuen nagusitasuna 2010eko hamarkadan, sektore anitzetako hautetsien babesarekin. Parisen errefusa ikusirik, orduan ziren hamar herri elkargoak batu, eta 158 herriak bilduko zituen hirigune elkargo bakarra osatzea hobetsi zuen Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriko etxeen gehiengoak. «Ferrari bat nahi genuen, eta bi zaldiko bat eman ziguten», laburbildu du Nikolas Blain EH Baiko hautetsiak. Hirigune elkargoa gainditu eta botere handiagoa izanen duen instituzio bat lortzeko beharra azpimarratu du, 2026ko herriko bozetarako eztabaida hizpidera ekarri beharko litzatekeela erranez. Euskal Elkargoak orain arte eman duenaren bilan gazi-gozoa egin dute beste hautetsi batzuek ere.

Ipar Euskal Herriko instituzioaren sorrera «garaipen historiko bat» izan zen ezkerreko mugimendu abertzalearentzat, eta hala berretsi du Blainek. Euskal Elkargoa sortu ez balitz «katastrofikoa» izanen zela argudiatu du, gaurkoaren ordez hiru edo lau elkargo izanen zirelako, eta horrek barnealdearen eta kostaldearen arteko arrakala handituko zuelako. «Gaur egun bada elkartasun bat; itsasontzi berean gara. Ez da aski, kritikak egiten ahal dira, baina ontzat emana da lurralde mailako politika publikoak egiten ahal direla Ipar Euskal Herrian, denek elkarrekin». Iritzi dio instituzioa sortzeak «elkarren ezagutza eta lurraldearen ezagutza» indartu dituela. Baina onartu du egungo konfigurazioa ez dela egokia: «232 hautetsiko asanblea bat, hilabetean edo bi hilabetean behin biltzen dena, 500 orriko txostenak hiruzpalau eguneko epean irakurtzekoak, bilkuren biderkatzea... Itogarria da jendearentzat. Aurreikusi genuen, eta orain ikusten dugu».

Ximun Akozeberri Larraineko (Zuberoa) hautetsia Zorrotzago mintzo da. Gai batzuetan instituzioa lagungarri izan bazaie ere—euskarazko irakaskuntzaren inguruko gatazka eta uholdeak aipatu ditu, besteak beste—, elkargoa sortu denetik Baionako hiriguneak hartu duen «zentralismoa» salatu du. «Izugarriko indarra du hautetsien eta bizizaleen interesen alde ari delarik, baina, orokorrean, dezepzio bat da gure lurraldearentzat. Ipar Euskal Herriko instituzio bat nahi genuen, baina ez herri txikietako eskumenak Baionara joateko; guk nahi genuen Bordeleko edo Pariseko eskumenak joatea Baionara».

Bide beretik jo du Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) hautetsiak ere. Dioenez, Kontseilu Exekutiboan eta Kontseilu Iraunkorrean parte hartzen ez duten hautetsiak «boteretik urrun» dira. «Demokrazian ez gara sartuak oraino, gauzak egiten dira gu gabe». 232 hautetsiak biltzen dituen biltzarra «erregistro ganbera» bat dela erran du: «Dena erabakia da, ez da eztabaidarik izaten ahal». 2019ko biltzarren datua eman daiteke adibide gisara: Kontseilu Exekutiboak aurkeztutako proposamenen %96ren aldeko boza eman zuten Biltzarreko hautetsiek. Bozketa gehienetan ehuneko horien inguruan ibili ohi dira.

Euskal Hirigune Elkargoa 2015. urtean sortu zen, Frantziako lurralde antolaketa berriaren inguruko legearen ondorioz. Egituratze denboran, hautetsiek gobernantza paktu bat adostu zuten, eta, horren arabera, hiru taldek kudeatzen dute administrazioa: Biltzarrak, Kontseilu Iraunkorrak eta Kontseilu Exekutiboak. Biltzarra herrietako kontseilariek osatzen dute, eta talde horrek dauka, boz bidez, erabakitzeko ahalmena. Kontseilu Iraunkorrak egunerokoari loturiko erabakiak prestatzen ditu. Kontseilu Exekutiboak, berriz, ildo politikoa finkatzen du, koordinazio lana eramatearekin batera. Bi organo horiek bozkatu beharrekoa prestatzen dute, eta, gero, Biltzarrari aurkezten dizkiote proposamenak. 2020ko hauteskundeen ondotik, lurralde eremuak ere egituratu zituzten, lehenago ziren hamar herri elkargoen perimetroak berriz hartuta.

Herrietako ordezkari

Gaur egun hautetsiek herriekin duten lotura azpimarratu du Blainek: «Herriek ematen diete zilegitasuna hautetsiei, eta, beraz, elkargoan herriko interesak ordezkatu behar dituzte. Batzuetan, lurralde eremuetakoak; noiztenka, tematikoak; eta, azken puntan, politikoak». 2017tik, EH Baiko eta inguruko hautetsi batzuek elkarrekin prestatzen dituzte bilkurak, baina behin baino gehiagotan gertatu da EH Baiko kide diren hautetsiek boz ezberdina ematea. «Ohartzen gara kontraerranak baditugula. Ezin diegu eskatu Aiherrako eta Ziburuko auzapezari gai beraren inguruan posizio berak defendatzeko, ez baitira bizipen berak, ezta interes berak ere». Erran du ariketa kolektiboa egiten entseatzen direla, eta hautetsiek EH Baiko etiketa atxikitzen dutela hala ere.

Azken urteetan, ahots batek baino gehiagok deitoratu izan du Euskal Elkargoaren izaerak eta herrien ordezkaritza lehenesteak klientelismora bultzatzen dutela. Funtzionamenduak eta erabakiak hartzeko moldeak sortzen dituzten tentsioak agerian gelditu ziren, adibidez, iazko udaberrian, bozkagai ezarri zutenean elkargoak Baionako errugbi zelaiko harmailen berritzea diruz laguntzea. Jean Rene Etxegarai lehendakariaren egiteko manerak zalantzan eman zituzten hautetsi batzuek, «indarrez» pasatu nahi izatea leporatuta, baina, hondarrean, proposamenaren alde bozkatu zuen gehiengo zabal batek. Orokorrean, hala ere, gutxi dira elkargoko batzarretan desadostasunak agertzen dituztenak. «Zaila da dosierrak lantzea; aste bateko epea izaten dugu. Eta halako biltzar batean hitza hartzea ere ez da denentzat erraza», esplikatu du Etxamendik.

Elkargoaren barruan talde politikoak sortzea izan liteke konponbideetako bat. Barne araudiak bide ematen dio aukera horri. Gutxienez hogei hautetsi batu behar dira talde politiko bat osatzeko, eta instituzioak hainbat baliabide ematen dizkie eskura: bulego bat, gastu batzuen ordainketa eta kolaboratzaile bat edo gehiago. Oraingoz ez da bakarra ere osatu, baina EH Baik gogoeta abiatua du hautetsi ezkertiar eta abertzaleak biltzeko. Abenduaren 17an egin zuten biltzar nagusian, talde politikoa berehala sortzea proposatu zuten batzuek, baina gogoeta eta eztabaidarako denbora gehiago hartzea erabaki zuen kidegoak azkenean. Blainen hitzetan, udaberrirako hartu beharko lukete erabakia. Elementu eta ondorio guziak «ongi aztertu» behar direla erran du.

EH Baiko hautetsiak argi du: Euskal Hirigune Elkargoa «trantsizio» bat izan behar da. «Badakigu zer diren gaurko mugak. Guri da asmatzea ondoko urratsa zer den, eta nola baliatzen dugun hori eskumen gehiago izateko, sufragio unibertsala lortzeko, barne demokrazia handiagoa izateko...». Estatus bereziko lurralde elkargo bat izan liteke hori. «Guri da orain berriz aktibatzea borroka bat, abertzale gisa eta abertzaleetatik harago. Ikusi behar da nola artikulatzen dugun gehiengo bat hautetsien artean eta karrikan». Argi du, haatik, oraingo hau «zailagoa» izanen dela. «Behar genuen mapan gure lurraldea markatu, baina, orain, lortua dugu,eta batzuentzat aski da. Askoz ere zailagoa izanen da ondoko urratsa markatzea». Eskumen gehiagoko instituzio bat lortzeko Frantziako Asanbleak lege bat bozkatu behar luke. Horrek Parisen «indar harremana» azkartzea eskatuko luke. Hori da abertzaleen erronketako bat, Blainen hitzetan.

Akozeberrik ere iradoki du «beste zerbait» pentsatu behar dela: «Itzuli behar gara 10-15 herriko biltzarretara, eta Ipar Euskal Herriak beste zerbait behar du. Larrainek eta Miarritzek ezin dute politika bera izan; sobera desberdintasun bada. Tronpatzen bagara, jendeak ez digu bakartuko. Ezin diogu denari baietz erran».

Hasieratik mugatua

Elkargoaren esparru juridikoak baitezpadako zenbait eskumen ematen dizkio egiturari: garapen ekonomikoa, turismoa, uraren kudeaketa, garraioa, etxebizitza, hirigintza, zaborrak eta ingurumena. Horiez gain, hautuzko eskumen batzuk ere har ditzake bere gain, hala nola hizkuntza politika, kultura, herri mailako zerbitzu publikoen bateratzea eta ekintza soziala. Euskal Hirigune Elkargoak bereganatu zituen eskumen horiek guztiak, eta bakoitzaren kudeaketa hautetsi banaren esku da. Ahal bezainbeste eskumen hartu eta horiek «ahalik eta urrunen eramatea» izan da Ipar Euskal Herriko instituzio baten aldekoek hasieratik hobetsi duten estrategia, eta horretan ari dira. Baina hasieratik erakutsi ditu bere mugak. Herriko etxeen mankomunitate bat izanki botere politiko ahula baitu elkargoak.

Aitzinkontuak erakusten du hori, besteak beste. 2021erako 630 milioi euroko aitzinkontua onartu zuten. Horietarik 374 milioi funtzionamendu gastuei dagozkie; politika publikoetarako inbertsioentzat 166 milioi gelditzen dira. Uraren kudeaketak du zatirik handiena: 90 milioi.

Garraio arloan, Baionako hiriguneko tranbusa izan da proiekturik gotorrena, eta herriarteko Txik Txak autobus sarea ere ondu dute. Donibane Garazi eta Hendaia arteko herriarteko tren zerbitzua indartzeko eskatu izan dute urteetan eragile andanak, baina eskumen hori Akitania Berria eskualdearena da gaur egun.

Etxebizitza arloan, Bizitegien Tokiko Plana onartu zuten iaz. Ipar Euskal Herrian azken urteetan izandako bilakaera zehazki aurkeztu zuten, baina emandako erantzunek ez zituzten denak konbentzitu, etxebizitza gehiago eraikitzea eta bigarren etxebizitzen kopurua emendatzea onartu baitzuten, besteak beste. Joan den azaroaren 20an, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio jendetsua egin zuten Baionan, eta neurri zehatzak hartzeko eskatu zioten Euskal Hirigune Elkargoari. Gaur-gaurkoz, ez du erantzunik eman. Herriarteko tokiko hirigintza planak lantzea izanen da ondoko hilabeteetarako desafio nagusia.

Euskal Elkargoa «Ipar Euskal Herriaren ahots» izatea ere helburu izan dute batzuek. Etxegaraik parte hartu du gatazka konpontzeko prozesuan azken urteetan Frantziako Justizia ministroarekin ireki den elkarrizketa gunean ere. Mozio bidez aktualitateari ere erantzun izan diote elkargoko biltzar batean baino gehiagotan. Hala, euskal presoen gaian urratsak egitearen alde eta euskarazko irakaskuntzaren defentsan agertu izan dira hautetsiak, besteak beste. Besterik da ahots hori Parisen entzuna ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.