Garbiñe Aranburu. LABeko koordinatzaile nagusia

«LABek ez du izan patronalaren bultzadarik; hori esan dezakeen sindikatu bakarra gara»

ELAren kritiken aldean sindikatuaren autonomia berretsi du Aranburuk, eta LAB ez dela inoren menpeko. Aurreratu du udara aurretik itzuliko direla Osalanera, eta salatu du Ipar Euskal Herrian intersindikalaren bazterketa pairatzen ari direla.

GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Maiatzaren Lehenaren aurreko astea ez da erraza sindikatuetan, eta zeregin asko izan ohi dute. Aurten, gainera, hauteskunde epe trinkoarekin, hezkuntza legearen aurreproiektuaren aurkezpenarekin eta LAB eta ELAren arteko eztabaida publikoarekin bat egin du datak. Garbiñe Aranburuk (Legorreta, Gipuzkoa, 1973) gai guztiei heldu die solasaldian.

Non egongo zara etzi?

Baionan. Egoera larria bizi dugu han. Azken urteetan intersindikaleko beste eragileekin batera normaltasunez parte hartzeko aukera izan dugu, baina aurten intersindikaleko sindikatu gehienek hori apurtu egin dute. Erretreten erreformaren ingurumarian, intersindikaleko kide gehienak agenda oso zentralistarekin ari dira, LAB kanpoan utziz. Guretzat, hori oso larria da. LAB egonkorturiko proiektu bat da Ipar Euskal Herrian, eta gero eta langile gehiagok egiten dute gure aldeko apustua. Egoera hori ezin da normalizatu, eta nire presentziak egoeraren larritasuna irudikatu nahi du.

Erretreten legea hor dago, baina horrez gain kalera irteteko arrazoi asko daudela diozue. Nola ikusten duzu euskal langileria?

Pandemiatik atera ondotik, aldarrikatu dugu sistema kapitalistaren aurrean bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baten beharra. Oso argi dugu aldaketa horiek borrokatu egin beharko direla, eta langileengan lan eta bizi baldintzen alde borrokan irteteko nahi hori sumatzen dugu. Azken bi urteak oparoak izan dira borroka sindikalaren ikuspegitik. Kalera irteteko arrazoiak gehitu egin dira, eta langile antolakuntza eta borroka dira sistema honi aurre egiteko bidea.

Klase borrokaren eztabaida bizi-bizi dago. GKSk eta antzeko taldeek haren zentraltasun aldarrikatu dute. LABen, paraleloki, ahalegina egin duzue zapalkuntzen aurkako jarrera sindikatuaren jardunean txertatzeko. Bide kontraesankorrak al dira?

Gure ustez, ez dago kontraesanik. Hor kontraesan bila ibiltzea sistema indartzeko bide bat da. Azken urteetan lan harremanen errealitatea asko aldatu da, eta errealitate ezberdinen erruz langileak zatitu dira: plataforma digitalen hedapena, sexuen araberako lan banaketa... Horrek arrakala batzuk sortu ditu. Langile errealitate bakoitza bere egoerari begira jar dadin nahi du, eta horrela klase batasuna oztopatzea langileria ahultzeko. Horren aurrean zer egin behar du sindikalismoak? Lan harremanen eraldaketaz jabetu eta eredu soziosindikala eguneratu.

Zer-nolako harremana duzue GKSrekin eta antzeko mugimenduekin?

Gure apustua Ernairekin dugun aliantza estrategikoa sakontzea da. Argi dugu sindikatuak ere gazte prekaritatea borrokatzeko ildo bat izan behar duela. GKS eta horrelako eremuekin harremanik ez dugu beraiek horrela erabaki dutelako. Higatze politika batean daude gure ikuspegitik, jarrera eraikitzaile batean baino gehiago. Jarrera guztiak dira zilegi, baina gure erronkak beste eremu batzuetan daude.

Hegoaldean ere bakarrik mobilizatuko zarete etzi. Zer sentiarazten dizu banaketa horrek?

Argi adierazi dugu garrantzitsua dela LABen eta ELAren arteko elkarlan eremuak zabaltzea eta elkarlan estrategikoa gauzatu ahal izatea. Saiakera ezberdinak egin izan ditugu, gure ustez jarrera eraikitzailearekin. Baina aukera ezberdinak ELAk zapuztu ditu. Guretzat ez da albiste ona, ezta gustuko dugun egoera bat ere. Egoera horrek sindikalgintza independentistaren eragin gaitasuna ahultzen du, eta, aldi berean, patronala eta euskal neoliberalak indartzen ditu. Baina biren arteko elkarlana ez da posible bien artean ez badago horretarako borondaterik. Guk ikusten dugu ELAren asmoa gehiago dela LABen menpekotasuna bilatzea benetan elkarlana sakontzea baino. Horregatik iazko kongresuan erabaki genuen euskal estatuaren bidean LABen profil soziopolitikoa eta eredu sindikala indartzea. Argi dugu bide propio horrek sortuko dituela baldintzak etorkizun batean; izatekotan, berriro elkarlanari heltzeko.

«Intoxikazio kanpaina» egitea egotzi diozue ELAri.

2017an adierazpen bat sinatu genuen bi sindikatuen artean konpromiso batzuk gure eginez, eta ELAk uko egin zion horri. ELAri gertatzen zaio ez duela kontsonantziarik teoriaren eta praxiaren artean. Horren aurrean, aldian-aldian, gezur eta manipulazioetara jotzen du bere jarrera justifikatzeko. Horregatik, eta LABek bilatu ez duen aliantza sindikal baten aurrean, akusazio faltsuak iritsi ziren. Gure asmoa ez da bi sindikatuen arteko diferentziak elikatzen jarraitzea, baina batzuetan beharrezkoa da gauzak bere lekuan jartzea.

ELAk, aldiz, baretu izana egotzi dio LABi, EH Bilduren arrastoan.

LAB da sindikaturik autonomoena. LABek ez du patronalaren inolako bultzadarik izan, eta sindikatu bakarra gara hori esan dezakeena. LABen txartelarekin inor ez da sartu inongo enpresatan. Eta LABek erakutsi du gaitasuna duela politika instituzionalekiko bere irakurketa autonomia sindikaletik eta modu objektiboan egiteko, baita EH Bilduren hainbat erabaki kritikatuz ere. Beraz, iruditzen zaigu aitzakia bat gehiago dela elkarlanik eza justifikatzeko, eta oinarririk gabekoa.

Kasualitatea al da xextra hau hauteskunde sindikalen epe trinkoan piztu izana?

Ez nuke esango kasualitatea denik. Agian ELAri galdetu beharko litzaioke.?

Bihar argitaratuko dugun elkarrizketan galdetuko diogu.

Xextra, zuk izendatu duzun bezala, ez dugu guk sortu. Beraiek jakingo dute zer kalkuluren arabera erabaki duten orain elikatzea. LABek inoiz ez du elkarlana ulertu bere posizio sindikala hobetzeko tresna gisa. LABek beti herriaren eta langileen beharretan pentsatu izan du, eta horren araberako elkarlan diseinu bat egin izan du. ELAk, aldiz, bere barruan egiten den elkarlan gisa ulertu du, eta hor LABekiko menpekotasun harremanak bilatu izan ditu. Eta LAB ez da mendean jarri eta ez da mendean jarriko.

Zer moduz doa epe trinkoa?

Ondo. Hauteskunde hauen prozesua oso berezia izan da, borroka sindikal ugari aktibatuta iritsi garelako. Emaitzekin gustura gaude, helburu nagusiak bete ditugulako. Argi dugu LABen proiektuak oraindik ez duela sabaia jo, hazten jarraitzeko aukerak ditugu.

Azken urtean hainbat sektore itun sinatu dituzue: metalgintzakoa Bizkaian eta Araban, bulego garbiketarena Bizkaian…

LABek argi du sektoreko hitzarmenen alde egin behar duela. Gutxieneko bat ezartzen dute sektoreko langile guztientzat, eta, gero, enpresa bakoitzean itun hori hobetzeko aukera badago, ondo. Sektore feminizatuetan are garrantzi handiagoa hartzen dute. Enpresa indartsuak daude, eta hor negoziatzeko aukera gutxi egoten da. Alde horretatik, Arabako eta Bizkaiko metalgintzako grebak oso positibotzat jotzen ditugu. Hitzarmen duinak lortu dira. Hori bai, ikusten ari gara Gipuzkoan gehiegi kostatzen ari dela grebara jotzea, eta horren atzean dagoen arrazoia dela ELAk Adegirekin duen ententea. Hartu-eman horrek bake soziala du oinarrian. Bestalde, uste dugu ELAren negoziazio kolektiborako estrategian aldaketa egon dela. Hasiera batean sektore mailako akordioak alboratzen zituen, eta orain haietara itzuli da nolabait.

Ezker abertzalean bada estrategia bat erakundeetan egotearen aldekoa. LAB mahai ofizialetara —Osalan, Lanbide...— itzultzea horren barruan kokatu behar al da? Noiz gauzatuko da?

Izendapen berriekin. Osalanen kasuan, ikasturte amaieraren aurretik espero dugu, uztailaren aurretik. Eta ez, LABen irakurketa propioen ondorio da. Bere garaian marko horiek uzteko arrazoiak bere hartan mantentzeak ez du esan nahi guretzat borroka esparru ez direnik. Patronala eta gobernuak askoz erosoago daude gu kanpoan egonda. Argi dugu zer lanketa egin behar den organo horietan. Bertan esertzeak bi ondorio izango ditu: batetik, lekuko deserosoak izango dituztela; eta bestetik, mahai horietan klase borrokarekin uztartuko dituen beste eragile bat egongo dela.

Ikusi gehiago:Mitxel Lakuntza: «Grebek herri hobe bat eraikitzen dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.