Azken ehun urteetan ia berdin mantendu da lan jardunaldia Mendebaldeko herrialdeetan. Ez dira bete, beraz, John Maynard Keynes ekonomialariak 1930ean iragarritakoa, hots, handik ehun urtera astean hamabost orduz egingo zela lan, batez ere teknologiaren garapenari esker. Teknologiak aurrera asko egin badu ere, urrun dago gaur egun langile gehienek astean hamabost orduz lan egitea.
Lanaldia murrizteko asmoak izan duen geldialdi horri erremedioa jartzeko lanean hasi dira zenbait elkarte, enpresa eta erakunde, herrialde garatuetan bereziki. Jon Bernat Zubiri EHUko Ekonomia Aplikatuko irakaslearen hitzetan, lanaldia murriztea langile mugimenduaren «aldarrikapen historiko» bat da, «oinarrizkoenetako bat». Hala ere, astean lan egiten den denbora gutxitzeak garrantzia galdu du sindikatuen programetan, eta irakasleak onartu du «bigarren mailako aldarrikapen» bihurtu dela. Hori dela eta, uste du lanaldia murrizteko borroka «beste modu batean» berraktibatu dela: «Mundu anglosaxoian hasi den borroka da, oso bisuala, egun bat gutxiago lan egitea eta hiru eguneko asteburua izatea oso deigarria baita. Pedro Gomes Portugalgo esperientzia pilotuaren zuzendariak Friday is the new Saturday (ostirala larunbat berria da) aldarrikatzen du».
Baina, zertarako lan gutxiago egin? Zer onura ditu? Zubirik uste du lanaldia laburtzeak langileengan dituen onurak «aski ezagunak» direla —kontziliaziorako, zaintzarako eta garapen pertsonalerako denbora gehiago izatea—, baina uste du enpresentzat eta estatuarentzat ere onuragarria izango dela.
Denen onerako
Lanaldia murriztuta geratzen diren lanorduen kudeaketa da enpresen gakoa. Zubirik uste du kasu batzuetan lana modu egoki batean berrantolatu besterik ez litzatekeela egin behar lanordu horiek betetzeko, eta sektore presentzialenetan, industrian esaterako, kontratazio gehiago egin beharko lirateke. Hala ere, Frantziako esperientziaren ikerketak erakutsitako emaitzak argigarriak dira: «Asteko lanaldia 35 ordura murriztuta bete gabe utzitako bost edo hiru lanordutik bat betetzeko soilik behar da langile gehiago». Horrek, bestalde, produktibitatearen igoera ekarriko du, Euskal Herrian «aspalditik» geldirik dagoena.
Ikusi gehiago: «Enpresen %91k lanaldi murriztuari eutsi diote»
Estatua izango litzateke lanaldiaren murrizketaren beste onuradun bat, ogasunak eta Gizarte Segurantza bereziki. Izan ere, bete gabe geratutako lan denboraren zati bat kontratazio berriekin osatu behar bada, itsulapiko publikoek diru gehiago jasoko lukete PFEZagatik eta gizarte kotizazioengatik. Gainera, langabezia sari gutxiago ordaindu beharko luke administrazioak.
Azkenik, Zubirik uste du kontratazioaren areagotzeak eta denbora gehiago izateak kontsumoa handituko lukeela, eta bestelako zergen bilketa igoarazi; efektu biderkatzaile keynestarraren kontzeptua, finean.
Aldaketarako aukerak
Munduko zenbait herrialdetan hasi dira lau eguneko lan astea probatzen: esaterako, Erresuma Batuan, Amerikako Estatu Batuetan, Brasilen, Zeelanda Berrian, Hegoafrikan eta Australian. Orokorrean, antzeko logikarekin egiten ari dira probak: soldatetan ezin da jaitsierarik egon, eta lanaldia %20 inguru murriztu behar da, enpresaren produktibitatea mantenduz. Portugalen eta Espainian hemendik gutxira hasiko dira esperientzia pilotuak bultzatzen administrazio publikoetatik.
Espainiak jada argitaratu zuen esperientziaren plana, eta hilabete honetan irekiko da deialdia. Hamar milioi euro bideratuko ditu Pedro Sanchezen gobernuak, baina industria enpresek eman ahal izango dute izena soilik. Langileen lanaldia gutxienez %10 murriztu beharko dute, eta lanordu horien kostua estatuak finantzatuko du urtebetez. Hala ere, probarako onartzen dituzten enpresek hitzeman beharko dute bigarren urtean lanaldi murrizketa mantenduko dutela diru laguntzarik gabe. Betetzen ez badute, lehen urtean jasotako diru publiko guztia itzuli beharko dute.
Euskal Herrian, zer?
Ipar zein Hego Euskal Herrian, lanaren inguruko eskumen gehienak Frantziako eta Espainiako gobernuen esku daude; beraz, bertako erakundeek ezin dute lanaldia legez murrizteko neurririk hartu. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburua, ordea, saiatu zen martxoan gaia Elkarrizketa Sozialaren Mahaira eramaten, baina Confebasken ezezkoarekin egin zuen topo. Edonola ere, proiektu pilotu bat egiteko asmoari eutsi dio. Zubirik uste du negoziazio kolektiboaren bidea dela Euskal Herrian bertan lanaldia murrizteko benetako aukera: «Negoziazio kolektiboaren bitartez lor daiteke gehienezko lan astea aldatzea, nahiz eta pixka bat utopikoa izan; patronala aurka dago. Baina enpresa batzuetan, Iberdrolan adibidez, lanaldia murriztu dute».
Ikusi gehiago: «Zerbait aldatzeko modua probatzea da»
Horrez gain, Zubiriren esanetan fiskalitatea ere tresna bat da enpresak lan jardunaldia murriztera bultzatzeko. Izan ere, Hego Euskal Herriko lau foru ogasunek aukera dute halako probak egitera ausartzen diren enpresei zerga hobariak aplikatzeko: «Fiskalitatea oso tresna indartsua da, ez bakarrik dirua biltzeko, baita enpresen jarduna baldintzatzeko ere. Hori da lurralde mailan dugun aukera, negoziazio kolektiboarekin batera».
Zubiriren iritziz, enpresak beti daude prest halako hobariak-eta jasotzeko: «Inor ez da kexu enpresei ematen zaizkien laguntzekin. Pobreentzako diru laguntzekin sortzen den mesfidantza ez da sortzen enpresariei ematen zaizkienekin. Bada, kasu honetan, lagundu ditzagun enpresariak langileentzat onak diren politikak egiten».
Lan astearen murrizketa, proban
Munduko zenbait herrialdetan asteko lanordu kopurua jaisteko probak egiten hasi dira. Izan ere, urteak eta urteak dira lanaldia ez dela aldatu, eta mugimendu berriek XXI. mendeko bizimodura egokitu nahi dute lana. Gehienak, baina, hori dira: saioak. Zer aukera dago Euskal Herrian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu