Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketarako eskumena hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak helburutzat jarri zuen hiru lurralde horietako presoen %40 inguru hirugarren graduan egotea. Lehen kudeaketa urteak utzitako kopuruak ere eman zituen irailaren amaieran: 457 progresio onartu zituzten, eta presoen laurdenak zeuden hirugarren graduan. Kasu bakoitzak prozesu propio bat du atzean, eta progresioaren aldeko ebaluazio bat kartzeletako tratamendu batzordeen partetik.
Arabako espetxeko zuzendari Benito Agirrek azaldu du hirugarren gradua dela espetxe zigorrak betetzeko «modurik onena»: «Onuragarria da presoentzat eta gizartearentzat; betiere, posible denean». Haren aburuz, espetxealdia ez da presoen bizitzan «parentesi bat», «etapa bat» baizik. Beraz, ezin da utzi gizartearekiko lotura zigorra bete osterako, eta zentroan «garatu» behar da kanpoan jarraipena izango duen prozesua: «Kanpoan jarraitzeko prest ikusten bada, ez dago arrazoirik pertsona batek lan hori itzuliko den lekuan egiteko».
Ikusi gehiago:Birgizarteratzeko beste eredu baten alde
Prozesua, ordea, lehenago hasten da; zigorra ezartzen den unean. Ebazpena iristearekin batera, kartzelek bi hilabeteko epea dute zigortua klasifikatzeko: zentroa eta gradua zehaztu behar dituzte. Euskal Herriarekin loturaren bat duten kasuetan zigorra Zaballan (Araba) betetzea aurreikusi ohi dutela azaldu du Arabako espetxeko psikologo Mercedes Iruarrizagak; kontrara, beste erkidego batekoak badira, euren lurraldeetan betetzeko eskatzen diete: «Ulertzen dugu euren familia eta lagunak dauden lekuan egin behar dutela prozesua; lan egingo duten eta birgizarteratuko diren lekuan».
Presoek lehen, bigarren edo hirugarren graduan ekiten diote zigorra betetzeari. «Hasierako sailkapenean kontuan hartzen dugu ea zein behar eta gabezia dituen, eta, horren arabera, tratamendurako programa indibidual bat prestatzen da», azaldu du psikologoak. Agirrek gehitu du arrazoia: «Delitu batek inoiz ez du justifikaziorik, baina ia beti du azalpen bat; gabezia batzuei lotuta dago. Gabezia kognitiboak, emozionalak...».
Kasuan kasu, tratamendu programek alfabetatze, formazio zein desintoxikazio programak hartu ditzakete barruan; baita afera zehatzagoak ere, besteak beste, indarkeria matxistagatik zigortutakoen kasuan. Iruarrizagak esan duenez, ordea, programan parte hartzea boluntarioa da: «Ezin da inor behartu, baina ez du ezertarako balio baiezkoa eman eta ez gauzatzeak. Askok badakite zer egin behar duten, baina ez dute lortzen barneratzea».
Lehen unean bigarren graduan sailkatzea da ohikoena, baina gehienez ere sei hilabetean behin berrikusten da. Izan ere, Espetxeetako Lege Organiko Orokorreko 72.4 artikuluaren arabera, preso bat ezin da egon «bere tratamenduaren eboluzioak» zehaztutako graduaren azpitik.
Tratamendu batzordeari dagokio berrikuspen hori egitea. Bertan elkartzen dira prozesuan parte hartzen duten psikologo, jurista, hezitzaile eta gizarte langileak, tratamendu zuzendariordearekin batera. Denek parte hartzen dute presoen egoeraren jarraipen lanetan, eta kasu bakoitza hilean behin aztertu ohi dute. Egoera prozesala, gizarte loturak, espetxean duen jarrera, delituaren gain hartzea... Bakoitzak bere ikuspegitik lantzen du afera.
Iruarrizagak azaldu duenez, buru osasunak ere garrantzi handia hartu du azken urteetan prozesuan: «Presoek zenbait patologia izaten dituzte, eta jarraipen horrek laguntzen digu ibilbide bat baloratzen. Lehen urratsa da gaixotasunaz jabetzea; eta, hortik aurrera, lan egin dezakegu».
Tratamendu batzordea organo kolegiatua da. Beraz, profesional bakoitzak boto bat ematen du, bere irizpidearen eta gainerako partaideek egindako balorazioen arabera. Horrek zehazten du balizko gradu aldaketa.
Zigorraren parte
Kartzelatik atera arren, hirugarren graduak zigorra betetzeko modu bat direla gogoratu du Agirrek: «Zigorrak osorik betetzen dira beti; aldatzen dena da hura betetzeko modua». Hala, azaldu du hirugarren graduak behar batzuei lotutako helburuei erantzuteko ematen direla: lan egin, ikasi, beharrezko zerbitzuetara sarbidea izan... «Drogaren menpe dagoen norbaiten kasuan, izan daiteke iritsi delako komunitate terapeutiko batera eramateko unea. Hori delako duen arazo nagusia», jarri du adibidetzat Iruarrizagak.
Era berean, presoa espetxetik ateratzeak badu eragina haren eta harekin lan egiten duten profesionalen arteko harremanean. Presoa espetxe erakundearen tutoretzapean dago oraindik ere, eta, kasuaren arabera, aurrez aurre edo telefonoz egiten da jarraipena; «ahal dela, hilabetean bi aldiz gutxienez», zehaztu du psikologoak. Gizarte langileek hartzen dute rol zentrala, eta haiei adierazi behar dizkiete balizko aldaketak. Halere, egoeraren arabera, hezitzaileek eta psikologoek ere esku hartzen dute.
Zenbait kasutan, posible da hirugarren gradutik bigarrenera itzultzea ere. «Guk autobiatik eta auto garestiekin arituko bagina bezala kudeatzen ditugu gure bizitzak, baina presoak zuloz betetako errepideetatik eta IATrik gabeko autoekin egiten dute. Posible da bihurgune batean errepidetik ateratzea, baina saiatzen gara istripuaren ondorioa ez dadin erabateko hondamena izan», esan du Agirrek. Hau da, ezarritako helburuak betetzen ez badituzte, presoak bigarren gradura itzul daitezke.
Gauza bera gertatu daiteke auzitegi batek gradu progresioaren aurka eginez gero ere; fiskaltzaren helegite bat tarteko. Agirrek, ordea, azaldu du araudiaren parte dela hori, eta presoak prozesuaren aukeren eta oztopoen jakitun direla: «Badakite ate bat ixtean beste bat irekitzen dela. Ados egon daitezke edo ez, baina hori da dagoena».
Aurrez eta gero
Hirugarren graduak ez dira presoek kalearekin kontaktua egiteko modu bakarra. Legeak ezinbestekotzat jotzen ez duen arren, ohikoa izaten da espetxe baimenak izatea lehen urratsa. Horiek eskuratzeko, presoak zigorraren laurdena egina izan behar du, eta «jarrera ona» erakutsi. Halere, Agirrek uste du konpondu gabeko elementuak dituztela tresna horiek: «Esan nahi du sei egunez kalean egotea, inolako kontrolik gabe, eta jakin gabe presoari nola eragingo dioten bizi dugun errealitate konplexu honetako estimuluek». Hala, azaldu du bestelako aukerak indartzen ari direla, «kontrolatuagoak». Irteera programatuak lirateke horiek, zeregin batzuei lotuak eta tutoretzapean eginak.
Hirugarren graduen ostean, berriz, baldintzapeko askatasuna da hurrengo fasea. Lehen«laugarren gradu» gisa ezagutzen zirela adierazi du Arabako espetxeko zuzendariak, baina gehitu du 2015ean Zigor Kodean egindako aldaketak egoera baldintzatu duela. Izan ere, baldintzapean aske egon arren, lehen presoek zigorra betetzen jarraitzen zuten, eta harreman estuagoa zuten espetxeekin. Orain, berriz, zigorra eten egiten da; eta, beraz, baldintzen hausturaren bat balego, epe hori ez litzateke kontuan hartuko. «Kontuak egiten dituzte, eta askok nahiago dute hirugarren graduan jarraitu eta ez arriskatu. Zergatik? Haien bizitzak korapilatsuak direlako», adierazi du Agirrek.
Horiek hala, Arabako espetxeko zuzendariak nabarmendu du egun preso gutxi dituztela baldintzapeko askatasunean, eta asko hirugarren graduan. Halere, azaldu du Arabako espetxeko kopuruek ez dutela Jaurlaritzaren menpeko espetxeetako errealitatea erakusten: egun, 90 preso inguru daude han hirugarren graduan. Izan ere, Zaballan preso dauden asko bizkaitarrak dira, eta hirugarren graduarekin batera Basauriko espetxera (Bizkaia) mugitzen dituzte. «Birgizarteratuko diren lekua Bizkaia da; familia duten lekua, lan egiteko eta euren bizitzak aurrera eramateko lekua», zehaztu du Agirrek.
Espetxea. Hirugarren gradua
Etxera itzultzeko lehen urratsa
Espetxe eskumena eskuratuta, Eusko Jaurlaritzak helburu gisa jarri zuen presoen %40 inguruk zigorra hirugarren graduan betetzea. Arabako espetxea da haren menpe dagoen presondegirik handiena, eta hango arduradunek prozesuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu