Hezkuntza dualaren ernamuina

Eskola publikoa ala itunpekoa; tartean, ikastolak. Beste zenbaiten artean, eztabaida hori hauspotu du Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea ontzeko prozesuak. Nondik dator bakoitza? Bi sareen jatorria eta bilakaera aztertu dute lau adituk, eta sistema dual horrek zer ondorio eragin dituen.

2. Ikasleak. IAren manifestazioa, Gasteizen, 1993an Hezkuntza Legea onartu zuten egunean. OLALDE / EUSKALDUNON EGUNKARIA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearena da datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2020-2021eko ikasturtean, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko —Lanbide Heziketa kontatu gabe— ikasleen %50,3k sare publikoan ikasten zuten; %49,7k, itunpekoan edo pribatuan —azken hori bazterrekoa da—. Beste bi sareen pisua bihurtu da Hezkuntza Legea ontzeko prozesuan eztabaida nagusienetarikoa. Ika-mika Eustaten azken datuek hauspotu dute: jabetza pribatuko zentroek —unibertsitateak barne— ia 790 milioi euro jasotzen dituzte laguntza publikoetatik eta ia 400 milioi familiaren kuotetatik.

Erabaki eta egoera multzo baten ondorioa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi sare egotea, eta hainbat aditurekin aztertu du afera BERRIAk. Arrazoiak eta bilakaera azaltzeko, XIX. mendera egin du salto Gonzalo Larruzea hezkuntza ikuskari ohi eta eskola antolakuntzako doktoreak. Ilustrazioaren ostean, proiektu publiko «sendoa» ondu zuten zenbait lurraldek; «ez horrenbeste» Espainiako Estatuak, «ahula» baitzen. II. Errepulika garaian sumatzen ditu eskola publikoa indartzeko saiakerak. Baina frankismoa iritsi zen: «[diktadore Francisco] Francoren garaian ez zen garatu proiektu publiko indartsu bat». Bitartean, zenbait herritarrek euskarazko irakaskuntza sustatu zuten, ikastolen bidez. Gurutze Ezkurdia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak azaldu du horien historia: Errepublikaren bueltan ireki zituzten, baina, 36ko gerra zela medio, bertan behera geratu ziren. Gero, etxe eskolak sortu zituzten, eta zenbait andereñok euskaraz eman zituzten eskolak. Horiek garatu ahala, guraso kooperatibak sortu zituzten. Ezkurdiaren esanetan, 1970ean Francok onartutako Hezkuntza Legeak bide eman zion eskolak euskaraz ere emateko aukerari: «Hor dago lehenengo pausoa ikastolak legeztatzen hasteko».

Ondorioz, hiru sare geratu ziren frankismo ostean: publikoa, ikastolak eta erlijiosoa. Ezkurdiak definitu ditu zituzten ezaugarriak. Publikoa: «Arrotz sentitzen zen —geroztik gauzak asko aldatu dira—». Eta ikastolak: «[Frankismoan] erreakzio bat sortu zen herrian, irakaskuntza euskaldun bat lortzeko, euskal kulturaren transmisioa gordeko zuena».

1993ko legea

Ikastolekin elkarlanean aritzeko saiakeraren baten ostean iritsi zen 1993a, eta, horrekin batera, Euskal Eskola Publikoaren Legea. EAJk, PSE-PSOEk eta EEk onartu zuten, Fernando Buesa (PSE) Hezkuntza sailburua buru. Ez eztabaidarik gabe. Laura Mintegi EHUko irakasleak legearen ajeak nabarmendu ditu: «Oso traumatikoa izan zen, itzelezko kaltea egin zuen, eta, gainera, badakigu nola amaitu zen saiakera: ikastola txikiak eta ekonomikoki ahulak zirenak publifikatu ziren, ez zitzaielako beste erremediorik gelditu». Larruzeak uste du «zauri bat» sortu zuela auziak, eta, eskola publikoari dagokionez, legea asko garatu gabe geratu dela: «[Legeak] Autonomiaren gaiari tartea eskaintzen dio, eskola publikoa ikastolen eredura hurbiltzeko. Hau da, eskola publikoan ere izatea parte hartze handia, autonomia pedagogikoa, antolakuntza autonomia... Gero, ez da gertatu». Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakasle ohi Mariam Bilbatua ere ezkor mintzo da garaiaz: «Eten bat sortu zen, oso gogorra. Sareen arteko talka gainditu beharrean, handitu egin zuen. Egungo hainbat auzi hortik datoz». Eztabaidak eztabaida, publifikazio prozesu baten ostean, bi sare geratu ziren: publikoa eta itunpekoa —batez ere, zentro erlijiosoek eta ikastolek osatua—.

Zer gertatu da geroztik? Batetik, euskalduntzearen inguruko pausoak daude. Bi sareen lana goraipatu du Bilbatuak: «Aitortu behar da bai sare publikoak eta bai ikastolek egindako ekarpena. Aipatuko nuke sare publikoan D eredua bultzatzeko, euskara bultzatzeko, egin den ahalegin izugarria. Ikastolek ere eredu propioa garatzen jarraitzeko ahalegina egin dute». Baina lanean jarraitu behar: «Ikusten dugu ahalegin hauek ez direla nahikoa gure hizkuntza eta kultura bermatzeko». Mintegik, berriz, uste du administrazioa atzetik ibili zela euskalduntzean, ikastolei jarraika D eredua eskola publikoan sartuz: «Ekimen pribatua egon izan ez balitz, euskalduna eta euskaltzalea, eta presio hori sentitu izan ez balute, ez zen existituko egun ezagutzen dugunaren moduko euskal eskola publikoa». Bilakaera nabarmendu du Larruzeak: «Euskal eskola publikoa gaur ez da sentitzen arrotz moduan; propio sentitzen da, eta zeharo integratuta dago. Ikasle euskaldunek osatuta dago, eta euskal kultura ere transmititzen da».

Ordea, euskaldun izaeraren inguruko zalantza egin du Ezkurdiak: «Begoña Bilbao eta Karmele Perez Urrazarekin batera egin genuen ikerketan argi ikusten dena da euskaraz irakasten dugula, ikasleria euskalduntzen dugula D ereduaren bidez. Hori ez dugu ukatuko. Baina galdetzen dut: euskotartzen ditugu? Euskaldun izatea ez da bakarrik euskaraz jakitea; euskaldun izatea kultura baten jabe izatea da». Kezkak testuliburuei buruz egindako ikerketan du jatorria: «Testuliburu gehienak Euskal Herritik kanpo idatziak dira. Zer da erreproduzitzen duguna? Erdal identitateak euskaraz. Eta berdin da itunpekoak edo itundugabeak izan». Gehienak dio, ez baitira denak: «Elkar ere badago, Erein, Ibaizabal ere ibili da... Euskal ikuspegitik materialak behar dira, proiektuak behar dira, irakasleen formakuntza sistematikoa behar da bertako ezagutzetan».

Bestetik, publiko-pribatu auzia dago. Jaurlaritzak egindakoari—eta egiteke utzitakoari— erreparatu dio Larruzeak. Eskola publikorako baliabideak jarri dituela uste du: «Ez dut esaten baliabide gehiago behar ez dituenik: batez ere eraikuntzetan eta azpiegituretan hobekuntza handiak behar dira». Baita itunpekoan ere: «Sustatu da eta eutsi zaio itunduari, eta, orokorrean, ondo finantzatuta». Izan ere, hezkuntza ikuskari ohiak uste du bien artean oreka mantentzen saiatu dela administrazioa, «nolabait pozik mantentzen sektore guztiak». Baina «ez dute garatu eskola publikorako plan estrategiko bat; ez dute garatu proiektu hegemoniko bat».

Sistemaren isla

Ia 30 urte geroago, pil-pilean dago berriz ere gaia. Hezkuntza akordioa izenpetu zuten, eta hura oinarri idatziko dute Hezkuntza Legea. Gai bertsuak daude eztabaidan: euskarak izan beharreko garrantzia, publikoen eta itunpekoen pisua... Baina baita berriak ere: nagusiki, segregazioa. Hauek eztabaidaren muina ulertzen lagun dezaketen datuak: DBH2n, itunpeko D ereduan %42,2k maila baxua dute euskaraz, eta sare publikoan, %50,4k;berariazko laguntza premia bereziak dituzten ikasleen—komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasteak, arreta faltagatiko nahastea...— %59,6k sare publikoan ikasten dute; eta LH4n, sare publikoan,%15,2 dira atzerritarrak, eta itunpekoan, berriz, %4,9.

Zer egin horren inguruan? Mintegik uste du etorkinen matrikulazioa orekatu behar dela, baina ikastolen izaerari muzin egin gabe: «Ikastolen jabegoa pribatua da, ze gurasoak baitira jabeak; beraiek erosi dituzte orubeak edo lurrak, eraiki dituzte, eta mantentzeari ekin diote, ekonomia kooperatibo bati esker. Ez daukate ikastetxe pribatu baten filosofia elitista; filosofia publikoa da: edonori irekia da, edonor joan daiteke, berdinzalea da, herritarra eta euskalduna». Izan ere: «Nire tesi nagusia da estatu propio bat eduki arte euskal hezkuntza sistema publikoa estatukoa dela». Burujabetza defendatu du Ezkurdiak ere: «Ezin daiteke egon hezkuntza nazional euskaldun bat estatu independente edo behintzat burujabea ez baldin badago».

Bi ildotan mugitu beharra ikusten du, berriz, Larruzeak. Batetik, ituntzea mugatu: «Uste dut beti egon behar dela diru publikoz hornitutako eskaintza publiko bat, betiere parametro publikoetan mugitzen badira, interes soziala erakusten badute eta onartzen badituzte zama sozialak». Bestetik, publikoa sustatu: «Autonomia handiagoa eman behar zaio, komunitatearen parte hartzea indartu, deszentralizatu, tokian tokiko mugimenduak bultzatu, udalekotu...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.