Egiaz eta begiaz

'Basque' jaialdia asmatu zuten

Ekainaren hastapenetan zen gertatu, hilaren 6an eta 7an, 1959an, AEBetako Sparksen, Nevadan. 'Western Basque Festival' izendatu zuten jaialdia. Inoizko euskal biltzerik handiena herrialdean. Ezustean, gaurdaino iraun duen euskal amerikar jaialdiaren eredua asmatu zuten antolatzaileek, bigarren belauneko euskaldunak, denak.

Lehen jaialdiaren 40. urteurrena Renon (Nevada). CBS.
Miel Anjel Elustondo
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Urregorriaren balioa izan zuen galdera zuzen eta artez egiten asmatzeak. «Zer deabru da Basque izatea?». Ez baitzekiten zer esan nahi zuen, nahiz eurak Basque ziren, euskal amerikarrak, net. Bederatzi laguneko batzordea zen bilkuran. Gizonezkoak ziren denak. 1959 zen, emakumea berdintasuna ozen aldarrikatzen hasi aurreko sasoia. Gizartean hein bateko maila irabazia zuten bederatzi gizonezkoek. Oroz gain, bat jarri zuten denetan goren, Peter Echeverria, Nevadako senatuko kide izendatua urte hartan berean. Hiztun etorri handikoa, nortasunez bezainbat, harexek egiten zuen buru. Idazkari zuen Robert Laxalt, idazle aipu eta sona gaitzekoa ordurako. Sweet Promised Land (Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan) argitaratua zuen bi urte lehenago, tolesik gabeko best-seller-a, eta huraxe hautatu zuten Echeverriaren ondoko.

'Basque' izatea

Arrakastaren eztitan bizi ziren biak, eta euren itzalean bildu zituzten Reno inguruko lagunak:Roberten anaia John Laxalt (Lake Tahoe), Peter Supera (Carson City), John Micheo (Gardnerville), Martin Esain (Reno), Paul Parragirre (Reno) eta John Ascuaga (Sparks). Bi buruen distirarik ez zuten, baina hein bateko izen ona bereganatua zuten beren euskal komunitateetan eta, momentu eta toki hartan muntakoena, prest ziren Dick, eta Flora, Gravesen aginduetara lan egiteko. AEBetako mendebaldeko euskal amerikarren lehen jaialdia, Western Basque Festival-a zuten xede eta helburu.

Eta honenbestez, abiapuntua behar baitzuten, galdera zuhurra egin zuten: «Zer esan nahi du Basque izateak?».

Gaurgero ezin jakin liteke seguru nork jo zuen iltzea galdera akasgabearen buruan, galdera sortu zela besterik. Ororen buru, Peter Echeverria zuten balizko jaialdiaren batzorde antolatzaileko presidente, eta harexenak behar du galderak. Oraingo egunean, urtero Sparksen, ekainaren hasieran, senatari euskaldun haren hitzen durundi eta zaparrada berritzen du arratsero beheko haizeak: «Ondo da, lagunok. Euskal amerikar jaialdia asma dezagun deitu gaituzte Gravestarrek. Utzidazue lehenengo galdera egiten... Zer deabru da Basque izatea? Inork badaki?».

Eta batak besteari begiratzea. Eta esamesak. Eta lausoa. Gurasoek euskaraz hitz egiten ziotela elkarri. Baina ez eurei. Are, sekula ez zietela Basque izateaz hitz egin. Amerikar sortu zirela. «Amerikarra naiz, baina euskalduna! Euskaraz ere badakit nik!», Peter Echeverriak. «Ni ez naiz euskaraz hitz egiteko gai, baina dena konprenitzen dut. Gurasoek beren hizkuntzan besterik ez dute hitz egiten. Xiberotarrak dira», Robert Laxaltek. «Nireak, bizkaitarrak», Echeverriak. «Gureak, nafarrak», Esainek. Laster ziren denak beren bizi eskarmentutik ari, hala etxean nola Euskal Herritik migratutako zaharren artean ikusiak elkarri adierazten: «Eta ez dituzue inoiz jota dantzan ikusi?». «Eta aizkoran eta harri altzetan?». «Eta ez botila ez edontzi, zahatotik ardoa edaten?»... Peter Echeverriaren txanda, berriz: «Hori baino gehiago beharko dugu mendebalde honetako euskaldunok festibal handi batean bildu nahi baditugu». Robert Laxalten sententzia bortitza: «Entziklopedia Britanikoa begiratu beharko genuke... Eta, bestalde, gogoan hartu erlijioa. Gure aita hor nonbait, baina ama sinestun gogorra da oso». Hortik abiaturik osatu zuten programa. Oraingo egunean ere bere horretan irauten duena. Azala berriturik ere, mamian, bederen.

Flora Agirre

Dick Gravesen mandatuz osatu zen batzordea. Gravesek Flora zuen emazte, Flora Graves, baina Agirre ezkonaurreko izenez. Aita zuen Frantzisko Agirre; gipuzkoarra, omen. AEBetan zen hura 1905ean. Heldu eta egunetara Idahoko mendietan zebilen, mila buruko artaldea begira, ibarretik ibarrera, larre gozoenaren bila beti, ardien atzetik, txakur txiki bat lagun, onenean.

Pausatzeko aldiarekin dena delako herrira jaitsi, ardiak arrantxora eraman eta deskantsu garaia zuen artzainak. Euskal ostaturik ez zen falta artzain euskalduna baizik ez zen Idahon, eta haietako batean ezagutu zuen Frantziskok Gabina, emazte izango zuena. «Ni zurekin ezkondu? Ni zurekin bai, bai... baina denbora gehiago eman behar duzu nirekin, ardiekin baino», jarri omen zion baldintza Gabinak. Eta Frantziskok airean asmatu omen zuen soluzioa, bazekien nondik askatuko zuen korapilo bihurria, artzainen mundutik lekora gabe: zapatari egingo zen. Jakinik artzainek neurriz gain higatzen zituztela oinetakoak, haiexek, bere lagunak, izango zituen bezerorik behinenak. Diote Frantzisko Agirre izan zela, etxetik irten beharrik gabe ere, ardigintzan jarduten lehena.

Gabina eta Frantziskoren alaba izan zen Flora Agirre, baina Graves, amerikarrarekin ezkondu ondotik.

Flora bera bezala, Dick Graves ere Idahon jaioa zen, txanponjale ibilbidea osatua zuen hainbat jatetxe eta tabernatan Flora andretzat hartu aurretik ere. Estatuak jokoa galarazi zuelarik, Graves familiak Renora jo zuen 1955ean, The Nugget kasinoan partizipazioa erosirik. Bestalde, Gravesek kafetegi bat ere ireki zuen Sparksen, Reno ondo-ondoan. 50 makina txanponjale zituen kafe hartan. John Ascuaga izendatu zuen arduradun, Idahotik berarekin ekarritako langile zorrotza.

1958an Dick Graves' Nugget kasinoa ireki zuten Sparksen. «Burutik daude! Kasinoa Sparksen! Mundua sortu zenetik herri eskasagorik ez da ezagutu!», jendearen marmarra orduan ere. Negozio irekiberri hura jatetxe bat zen, finean, baina txanponjaleak ere bazituena. Gravesen hura izan zen jateko ona merke-zurrean eskaintzen lehena. Bezeroak kasinora biltzeko erakargarri.

Diote Dick Gravesek marketin abildade harrigarriki aparta zuela.

Janaria amu eta beita boteretsu gertatu zitzaion jendearen bihotzak erakartzeko.

Bertha elefantea bezainbat. Elefante bat kasinoko zirku aretoan lanean. Arrakasta itzela.

Hurrena, jangela berezia asmatu zuen jatetxearen barruan: Urrezko Oilarra. Eta, hantxe, buru, urre trinkozko 7 kiloko oilar gorri harrotsua.

Jendea are gehiago erakartzeko lanean zen beti. Gravesen marketin operazioek ez zuten aterrunerik, atseden zedin inork ez zion agintzen eta, 1959an, lehen euskal amerikar jaialdira zihoazen errekak, iturriak eta ibaiak. «Euskalduna nuen emazte, euskalduna abokatu [Peter Echeverria], euskalduna nire eskuin esku John Ascuaga... Zer egin behar nuen, bada, euskal festibala ez eta?».

5.000 lagun

Batzorde antolatzailea osatu zuten, honetaz eta hartaz arduraturik batzuk eta besteak, eta jende uholde handia biltzea baitzen helburu, Art Blum etxearekin kontaktatu zuten, publizitate-agentzia indartsua Kalifornian. Oroz lehen, garaiko kazetari izarra kontratatu zuten, Donald Canter, balizko euskal jaialdiaz idatz zezan. Nazio mailako sariak irabazi berri zen Canter, eta San Francisco News-en argitaratzekoak zituen euskal jaialdiari buruzko artikuluak. Bi publikatu zituen. Sua piztu zuen, eta garrak haize alde hedatu ziren San Frantziskoko kazetatik Sacramento, Stockton, Modesto, Fresno eta beste hainbat hiritako hedabideetara. Jakinaren gainean jarri zuten Kalifornia eta mendebalde osoa.

Urte hartako maiatzaren 7an, Donald Canterrek San Francisco News-en publikatu zuen artikuluan Flora Agirreri eman zion jaialdiaren ideiaren kreditua: «...lehenengo, berak izan zuen euskal jaialdia egiteko ideia; ekainaren 6 eta 7an da izatekoa». Gizonezkoak nagusi ziren giroan, bestelako mundua abiarazi zuen Flora Gravesek. Agirrek.

Hura ezagutzeko zoria izan zuen Itziar Uriartek, jaialdira Euskaltzaindiaren ordezkari joandako Castor Uriarteren alabak. Aitari itzultzaile lanak egitera joan zen, eta harixe jaso genion, noizbait, Flora Agirreren gaineko lekukotasuna: «Emakume atsegina zen, jatorra... eta oso alaia! Hoteleko eta kasinoko nagusia zen. Lekeitiokoa, uste dut. Larunbata iluntzean afari ofiziala eskaini ziguten eta hantxe zen andrea [Flora Agirre], eder eta maitagarri. Afarian bertan ziren Espainiaren eta Frantziaren AEBetako enbaxadoreak, hainbat politikari-edo, eta Peter Echeverria, eta Robert Laxalt... Gaztea iruditu zitzaidan Laxalt, lotsatia, esango nuke. Echeverria guztiz bestelakoa zen, askoz irekiagoa. Eta jendea, jende asko toki guztietan». Horixe baitzen asmoa, jendea erakartzea.

Bai erakarri ere. 5.000 bazkari zerbitzatu zituztela esan zuten. Euskaldunek leizetik argira egin zuten, beren buruak erakutsi zituzten. Harro ziren.

Harrezkero, euskaldunik zen mendebaldeko estatuetan euskal klubak irekitzen hasi ziren, dantza-taldeak osatzen, jaialdi ordu arte ez bezalako irekiak egiten. Hasteko, Elkon (Nevada) kopiatu zuten formula, 1964an, Nevadaren mendeurrenaren karietara. Peter Echeverriak eta Robert Laxaltek jardun zuten Elkon ere argi-emaile eta gidari. Sparksekoaren moldera egokitu zuten Elkoko euskal jaialdia, oraingo eguneko euskal amerikar jaialdien eredua ezarriz burdina gorian. Western Basque Festival. Gaitz erdi, ordurako euskal amerikarrek bazekiten zer zen Basque izatea. Entziklopedia Britanikoan irakurririk jakin zuten. Irakurriari gurasoen praktika erantsi eta ulertu uste izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.