Zerutik jakina da Jon Mirandek adiskide handi izan zuela Txomin Peillen Parisen. Poetak berak behin eta berriz eta askotan idatzia da gutunetan, eta, azkenaz beste, 1957an Koldo Mitxelenari zuzendutako eskutitzean garbiki adierazia. «Bozten naiz Peillen ikusi duzulakotz. Adiskide ona dut —hura da Parisen ikusten dudan euskaldun bakarra, salbu eta ene askaziak—, eta irizkide gara gauza askori buruz. Ez dakit Pariserat itzuli den, ez dut oraindik ikusi. Ikusten dukedanean zure mandatua eginen diot, hots, Egan-en izkiria lezan nahi zenukeela».
Miranderen adiskide on eta irizkide Txomin Peillen, beraz, eta, besteak beste, Miranderen poema askoren gordegi, poetak olerkiak idatzi eta batari edo besteari igortzen baitzizkion —Isidoro Fagoagari, kasu, Gernika-ra; Andima Ibiñagabeitiari, Euzko Gogoa-n argitaratzeko; Koldo Mitxelenari, Egan-en publikatzeko...—, frankotan Mirande bera kopiarik gabe zelarik. Halako bide meharrak ibiliz heldu bide da oraingo «Gudarako dei» poema galdua Txomin Peillenen eskuetara.
Jean Loustauri
Patri Urkizuren Jon Miranderen gutunak (1948-1972) liburuan (Susa, 1995), Jean Loustauri zuzendu hiru gutun ditugu atarikoak. Hiruretan guztiz lehenak 1948ko otsailaren 19a du data. Loustau-Daudine euskaltzale eta abertzale zen, Donapaleun sortua, ontziola bateko zuzendari komertzial Saint-Nazairen (Frantzia). Idazle izan nahiak eraman zukeen Mirandegana.
Iraganera bidaiaren hasmenta dugu... (hein bat ukiturik ortografia).
«Ene lagun eta aberkide maitea. Atzo goizean zait heldu 16an igorri zinautan letra. Poz-pozik irakurri dut: ez dut zure ausartziaren barkatzerik, aitzitik atsegin handia dut elgarri idazteaz. Aspaldi huntan muga hunaindiko, zinezko eusko abertzale bat ezagutu nahi nuen eta egia erraiteko etsitzen hasia nintzan. Gipuzkoar eta bizkaitar zintzo kartsu horien eretzea, guk beti arrotzen uztarrian onartuko ginuenetz geure aberrian!
Pentsa zer atsegina zaitan ikustea zu ere ene iritzikoa zarela, ber asmoetan zabiltzala.
Gudarostean zara, beraz, mementoan? Segur bihotz-bihotzetik deitoratzen zaitut! Nik hogeita bi urte ditudalakoz ez dut gudari joaiterik eta eskerrak diozkat zeruari. Diozu ez duzula frantses armada maite: nik higuin dut. Herra sentimendu ahalgegarri bat diteke, ba, baina ikusten delarik arrotz guziak —frantses izan ditezen ala español— nola erabili duten geure aberri gaixoa, bere ohidurak eta hizkera hiltzerainokoan, nola ez gaitzes debru beharri-motzak?
Monzon-Olaso jaunak erran izan daukezun bezala ni euskaldun berri bat naiz. Orai duela bi urte arteo, euskera fitsik ez nakien, zuberoera poxiño bat baizik. Ordutik lotu natzaio euskeraren ikasteari. Oraino ez naiz trebe-trebea eta huts asko egiten ditut, haatik ikasi nahi gorria naiz.
Ni lanean ari naiz Ministère des Finances delakoan. Ez dut ene lana arras maite, zerbait egin behar halere. Haatik ikaskintzeri jarraikitzen natzaiote: bereziki hizkuntz ikasteari eta filosofiari. Olertia maite dut, nik ere (ingles ta euskal olerkariak ororen gainetik). Galdatzen dautazu Monzonen neurtitzetan zoin ditudan maiteenak; horra atseginenak zaizkidanak: 'Ostoak bidean', 'Katalin', 'Erreka alboko zurgiñola', 'Tropikotik' (oso pollita), 'Txoria ta belatza', 'Bergara', 'Pizkunde', 'Adixkide bi'.
Ni ere nahi nintzateke bertsolari izan. Bertze letra batean igorriko dauzkitzut menturaz euskeraz idatzi nituen bertso batzuk. Eresia ere maite dut. Ezagutzen al duzu Guridi euskotar ereslari aipatua? Duela denbora zonbait, Parisko antzerki batean ikusi nituen Amaya haren operako zati batzu eta xoratua utzi ninduten».
Bigarren gutuna
1948ko martxoaren 9koa da Mirandek Loustauri idatzi bigarren gutuna.
«Joan den astean hartu nuen zure bigarren eskutitza eta, lehenbizikoa bezala, oso pozik irakurri ere.
Nahi baduzu, aldi huntan emanen dauzkitzut xehetasun gehixeago, nundik naizen, zer asmoak ditudan, zer egin nahi nukeen, eta abar.
Jadanik erran nauzun bezala, Xuberotarra naiz etorkiz, bainan Parisen sortu ta hazia. Aitaren sor-lekua, Garindaiñe, Mauletik Baxe-Nabarrerako bidean dagon herrixka txipi bat. Ama, Sohütarra dut. Ezagutzen dukezu Sohüta; lehengo koblari ta dantzari askoren kabia izan da. Orain, aldiz, kaskointzen hasi da.
Badut arreba bat, bi urtez ni baino zaharragoa. Ezkontzekotan da, bainan, damurik, ez euskotar batekin!
Burasoak eskualdunak ditut, erran gabe doa —bainan ez dezaket erran abertzale direla funtsean—. Xuberozale, ba, zuk zinion bezala.
Hortan baigare, bortxatu naiz aitortzera guti direla muga hunaindiko eskualdunetan ezagutzen ditudan egiazko abertzaleak. Eusko gaiez axola poxi bat dutenetan ere, gehienek ikusten dute Euzkadi folklore museum bat bezala. Heientzat gure gizonik haundienak André Dassary, Luis Mariano, Rudy Hirigoyen dira!
Nik maite dut neure herria angles edo frantses batek berea maite duen bezala. Euskal-Herriko dantza ta abesti herkoiak laket zaizkit, naski; eusko edestia ikasten ari naiz, bainan geroari beha bizi beharko ginukela deritzait. Nere ametsa hauxe da: egun batez, Euzkadi izan dadien ludiko herrialde argituenetarik bat —Ipar-Europako erresuma ttipi zenbait diren bezala (gogoan ditut Holanda, Dinamarka, Finlandia...).
Ni ere kristotarra naiz —bai eta demokrata ere. Bainan izena baino nahiago dut izana (erraiten ohi den bezala) eta ezin ahantz dezaket gehiegi aldiz arrotzek atzipetuak izan garela iragan denboran, Eliza edo Demokratagoa zaintzeko aitzakian—. 1789ko erkaldarrak demokratak ote ziren geure lege zaharra kendu zaukutenean? Demokratak ordutik hunat, ikusi ditugun frantses jaurlaritzak, nahiz beren buruak hola deitzen?
Ororen gainetik maite dut askatasuna. Sekulan emaitze eder hori jin balekio geure aberriari, oi nere poza! Bañan gogoa ilun ta apal daukat, dakuskidanean gure herritarren zabarkeria ta nagikeriak.
Hemen Parisen bretoin abertzale gazteekin ibiltzen naiz. Ezagutzen al dituzu, izenez bederen 'Breizh atao' (Bretaina bethi) eta P-N-Ba (Bretoin abertzale alderdia)? Nahi nuke ikus bazineza gazte horien karra! Askok ez zakiten haurretik beren abendako hizkuntza, berriz ikasi dute, eta beren artean, bretoineraz ari dira beti. Guk, aldiz, ez dituguia maizegi ahanzten Arana-Goiritar Sabinen hitz horiek: Euzkadi da Euzkotarren aberria eta euskera euzkotarren hizkuntza?
Ene ustez, frantsesek ez dute sekulan onartuko Euzkadiren askatasuna: zer egin dezakegu, beraz? Ene iritziz indarrez beharko dugu berjabetzea lortu! Zer deritzaizu, adixkidea? Soldadogoatik askatua ziratekenean, biek elgarrekin zerbait egiten ahalko dugulakoan nago, nahi onezko euskotar guziak gureganatuaz.
Gauzak nola doatzi Alemanian? Oraino ez dautazu erran noiz libratuko zaituzten soldadogoatik. Parisen iragan bazinte, jin zakizkit ikustera. bainan behar bada heldu den udan Euzkadin elgar ikusiko dugu, Maulera balin banoa opor denboran. Atsegin bizia banuke zurekin ahomihiz mintzatzeaz. Bazko-egunean gertatu naiz Parisko Euzko Jaurlaritzak eratutako jaietan. Aberri eguna zala-ta. Goizean meza ixila. St. Pierre de Chailloteko elizan eguarditsutan. Ordezkaritzako aretoan Agirre lehendakariak hitza hartu du, ez genuela itxaropena galdu behar, eta askatasuna hurbiltzen ari zitzaigula».
'Gudarako dei'
Haatik, lehendakariak ez bezala pentsatzen zuen Jon Mirandek. Garaitsuan argitaraturiko Gudu abestia izeneko poema ez da askoren arteko adibide baizik:
Ixkiludun, ikurriñak goitituz,
gudariak lerrokatu dira.
Etsai odolgorri danak garbituz
goazen oro indarrez aurrera.
Nausien aginduen aiduru,
gudarako danok gaude prestik.
Lau-buru dala gure goiburu,
goazen ikur deunaren atzetik.
Gogoratuz anai illen egiñak
gaitezen sar azken gudaketan.
Laster gurutz beltzezko ikurriñak
eraikiko ditugu orotan.
Gudu, gerla nahiz borroka sineste sendo horretan zen Mirande hogeita bi urtetsuko gaztea.
Artean 1951an, hauxe ziotson poetak Sohütatik Parisera bere lagun handi Andima Ibiñagabeitiari: «Ni hemen [Sohüta] ondo naiz osasunez baina bazterrik gabe aspertzen naiz asmokiderik batere ez izaki. Basque horiek hurbiletik ikusten ditudala, iruditzen zait alferretan dela euskararen alde egin nahi dugun lana, eta Euzkadiren aldekoa ere. Damu dut, ez bainaiz judu jaio; horiek behintzat gai izan dira beren endarentzat gudukatzeko. Behar genuke, laster, terrorist higikun bat eraldu —galiziar, katalandar, breiztar, flamendar, frystar eta beste minoritateekin batean—, eta haundi-maundi zenbait garbitu, laterri haundi guzietan».
Eta halaxe dator, gogoeta horrekin bat, Jon Miranderen adiskide eta irizkide Txomin Peillenek oraindik orain papertzarren artean berreskuratu digun poema: 'Gudarako dei' (eguneraturik ortografia).
Noiz arte, Aitorren abenda
jopu zaitut ikusiko?
Gizon makala bizi bedi
maketoen eskupeko...
Nik eskatzen diot Jainkoari
lapurrak ezerezteko!
Iparraldetik frantsestarra
hegotikan espainiarra
Euskadi beretu beharrez
ahalegintzen ari dira:
Euskaldungoa zapaltzea da
betidanik horien gura.
Bizkai itsasoko ertzean
bakean gizi ginela,
Arerioak ziren etorri
bele goseak bezala.
Mendeak zituen lege zaharra
kendu ziguten berehala.
Askatasuna galduz gero
zer balio du bizitzak?
Anaiak, zutitu gaitezen
hasarrez bete bihotzak,
Aberri laztanetik kanpo
bota ditzagun arrotzak!
Esnai zaudete, gudariak,
elurrez dauden goietan
Aiten lur deuna askatzeko
suizkilua eskutan
Entzun! Otsoak gauan dabiltza
gure eusko bazterretan.
Odol gazteak gizenduko
ditu bihar gure soroak.
Ihes badihoazkigu, ihes
lehengo nagusi harroak!
Odol gorri, su ta garrasi
entzun otsoen orroak!
Haatik, sukarraldiak zenbait urtez baizik ez zion iraun Mirande Aiphasorhori. Bost urte geroago honelaxe idatzi zion Ibiñagabeitiari: «Ergelkeria izan da euskaldunei indarraren Berri Ona aldarrikatzea, Eliza Amaren aurka joaitea seme desleial antzo, gure herritar bihotz samurrekoak Germaniako basatien bizi-kontzeptuetara eraman nahi izaitea. Ergelkeria horien bekatuak damutzen nau txit —mea maxima culpa— eta ez dut gehiago egin nahi». Mirandek ez, baina laster hartu zion beste zenbait lagunek ergelkeriari lekukoa, eta sukarraldia urte luzazago iraunarazi. Hurrengo batean Mirandek berak «mortuan oihuz dagienaren mintzoa izan da nirea» idatziagatik ere, ez zen, nonbait ere, mortuan ari izan oihuz.
(P.S. Inondik ere, Jean Loustauk eta Mirandek ez zioten gutun gehiagorik idatzi batak besteari...).
Egiaz eta begiaz
Mirande beti berri: poema bi
Jon Mirande Aiphasorhok ez zuen erreusitu bere poemak liburuan argitaraturik ikustea. 1972an hila, haren heriotzatik bost urtera argitaratu zuen Andolin Eguzkitzak 'Orhoituz' bilduma. Harrezkero bestelako lanik egin bada ere, inon ez da ageri oraindik orain Txomin Peillenek eskura jarri digun 'Gudarako dei' izenekoa. Are gutiago, iloba jaioberriaren karietara ondua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu