Erori gabe, goian eutsi dio saioari

Alaia Martin, aise irabazita, zuzenean sailkatu da Elizondoko finalaurrekorako. Ale politak utzi zituzten sei bertsolariek atzoko saioan. Seiehun entzulek bete zuten Muxikebarriko aretoa

Alaia Martin, atzoko bertso saioko irabazlea, Getxoko (Bizkai) Muxikebarri antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Getxo
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun

Saio osoa jausi gabe egin ostean, finalaurrekoetarako sailkatzea lortu du zuzenean Alaia Martinek, 738 puntu bilduta. Eneko Lazkozen ordezko izango zela jakinarazi zion Bertsozale Elkarteak ostegunean, eta aurreneko egin zuen atzoko saioan. Elizondon (Nafarroa) arituko da urriaren 22an. Haren atzetik geratu ziren, hurrenez hurren, Nerea Elustondo (695), Agin Laburu (685), Oihana Bartra (653,5), Unai Mendizabal (635) eta Peru Abarrategi (627). Hurrengo saioen zain egon beharko dute finalaurrekoetarako sailkatu diren edo ez jakiteko.

Itxura polita hartu zuen Getxoko Muxikebarri aretoak (Bizkaia). Seiehun ikus-entzulerekin bete ziren harmailak, goi eta behe. Bertan izan ziren hurrengo saioetan ariko diren hainbat bertsolari ere, txapelketari traza hartzeko asmotan. Giroa guztiz lehertzerik ez zuten lortu, ordea, bertsolariek, txapelketako lehen saioan.

Zortziko txikian, Martinen eta Mendizabalen bertsoaldiak jaso zuen txalo gehien. Hau zuten gaia: «Lagunak zarete. Badira urte batzuk arropak eskuz egiten ari zaretela. Ondoren, baita ingurukoentzat ere. Unaik beren sorkuntzak salgai jartzeko gogoa dauka. Alaiak, berriz, ez». Bideratuta eman zien gaia Imanol Artola Felix gai emaileak. Eta bertso sorta ederrarekin erantzun zioten horri. Mendizabalek eman zuen lehen erantzuna: «Ta gure lana besteei salgai/ gaur zertan ez jarri, ño!/ Hobe dirua gugana etorri/ Amantziorenera baino». Honela erantzun zion Martinek: «Hirurehun euron dago kuota/juxtu lentejak jateko/egun aberats izan behar da/autonomo izateko».

Bartraren eta Elustondoren zortziko txikiko saioan ere izan ziren ateraldi politak.

Sorta biribila osatu zuten Abarrategik eta Martinek hamarreko txikian. Elkarri erantzunez, saio bizia osatu zuten. Hauxe zuten gaia: «Bikotea zarete. Urteak dira lan egonkorra lortu, etxea erosi eta elkarrekin bizi zaretela. Peru, gaur Alaiak proposatu dizu lana uztea, etxea saltzea eta munduko beste txoko batean hutsetik hastea».

Nahi zuten doinu eta neurrian ganbarako lana osatzeko gaia, berriz, hau izan zuten bertsolariek: «Epaileen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo». Saio hasieratik, erori gabe eta oinak lurrean eutsi zioten sei bertsolariek ganbarako lanari. Bide bertsutik jo zuten Bartrak eta Elustondok, eta bi euskal presoren gorputzean jarri ziren. Lapurreta bat irudikatu zuen, bestalde, Abarrategik, eta lekukoaren rolean kantatu. Mendizabalek, berriz, jai giroan, lagun batekin autoan laguntzaile joan eta txirrindulari bat harrapatu eta bertan hil izana kantatu zuen. Laguna eta biak epailearen aurrean kokatu zituen. Honela amaitu zuen bigarren bertsoa: «Berak kartzelaz ta nik kontzientziz/ ordaindu beharko dugu».

Sei bertsolariak ederki aritu baziren ere, entzuleen txalo zaparradak salatu zuen Martin aritu zela finen. Izan ere, bestelako bide batetik jo zuen oiartzuarrak. Aitaren bortizkeriaren ondorioz etxeko giroa ilundu zaion haur baten larrutik aritu zen kantari, eta epailearen galdera irmo batekin amaitu zuen lehen bertsoa:

Lehen borroka bakarra zen:
jantzi edo ez pijama
baina iluntzen joan zen
gure etxeko panorama
eta apurtu haurtzaro
zoriontsu baten plana.
Orain negarrari eusten
eduki behar dut lana
haur bat nola joaten da
epailetzar batengana?
Galdera klasiko batek
sortzen du niregan zama: (bis)
Nor maite duzu gehiago
zure aita edo ama?

Bertso horretan bai, bertso horretan lehertu zen aretoa. Berehala ase zuten hurrengo bi bertsoak entzuteko gosea, ez baitzen denbora asko pasatu bertso batetik bestera. Bertsoz bertso eta puntuz puntu egin zuen egoeraren argazkia. Bigarren bertsoan, jarraipena eman zion galdera horrek haurrarengan eragin zuenari: «Galdera bat egingo dit/eta niregan glamourra/ puskatzen da dardar baten/ baitut oin azpiko lurra/ ama ta nik baitiogu/ nire aitari beldurra». Eta hirugarren bertsoan borobildu zuen Martinen ganbarako lana: «Baina amak ezin du izan/ beti mamu bat jarraika/ nahiz ta bihotz-bihotzetik/ kontraesanekin maita/ aitari esango diot/ jada ez dela nire aita». Bertsoaldi horrekin amaitu ziren saioko bertso puntuagarriak. Martin irabazle izendatu zuten. Hark, amaierako agurrean, entzuleei eskertu zien bertan egon izana.

Gaur, Arrasaten

Gaur Arrasateko Amaia antzokian (Gipuzkoa) izango da saioa, eta bertsolari hauek izango dira kantuan: Gorka Pagonabarraga, Iñaki Apalategi, Joanes lllarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Xabier Silveira. Datorren larunbatean, berriz, Gotaine-Iribarnen (Zuberoa) izango da final-laurdena, eta bertsolari hauek arituko dira han: Eneko Lazkoz, Ane Labaka, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Patxi Iriart.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.