Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Ezpala eta mundua

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Nork nor jango.

«Gurasoak kezkatuta daude semea (edo alaba) erdaldun batekin ezkontzera doalako». Orain baino usuago entzuten genuen esaldi bat da, askotan oso tentsio-gune deserosoak eragiten zituena familietan. Arazoa ez zen eta ez da hainbesterainokoa familiara datorrenaren hizkuntza etxekoa baino apalagoa denean. Edo nahiko urrutikoa. Etxeko hizkuntzaren konpetentzia zuzenak eragiten du problema: alegia, kalkulu ia instintiboa egiten denean zein hizkuntzak jango duen bestea. Familia euskaldunetan sarri gertatzen ziren halako eszenak joan zen mende erdiko emigrazio espainiarraren eraginez.

Fenomenoa bortitz eragiten ari zen herri txikietan eta herri industrializatuetan. Hortik kezka, hortik identitatea ez galtzeko ahalegina, askotan arrazistatzat jotzen zena eta ez herri eta hizkuntza baten superbibentziaz. Konkistan eta espantsioan oinarritutako komunitate supranazional tzarretan, ordea, pertenentziaren handia—hirurogeiko hamarkadan frankismoaren nazio bakarra eta eskola elebakarra— modu naturalean bihurtzen da diferentearen kontrako gurutzada.

Claudio Magrisek dio Utopia e disincanto liburuan: «Endogamia oro —identitate aratzaren pretentsio totala— itogarria da eta intzestu-bidea». Eta dioena indartzeko ipartzat hartzekoa iruditzen zaidan metafora konparatzaile bat baliatzen du: «Ezpal batean mundua kabitu liteke; baina ezpala zerbait da ez ezpala soilik delako, mundua ere badelako baizik». Baina espainiar batek ez ditu Magrisen hitz horiek beretzat hartuko. Ezpala, ni? Ezpala hizkuntza endogamiko egoistak dira. Ez dakite ba gaztelania? Espainian gaude, zertarako hainbeste komeria?

Trajea eta txandala.

«D ereduak arrakasta itzela izan du, baina hazkunde krisian dagoela esan didate», adierazi zuen orain zortzi egun Joaquim Dolz-ek, Genevako Unibertsitateko irakasle prestakuntzako eta hizkuntzen didaktikako katedradunak. Izen esanguratsua zeraman jardunaldiak: 'Eskola Hiztun Bila'.

D ereduko patio gehienak gaur ez omen dira euskararenak. Eta euskara ez dakiten ikasleak ez dira guztiak gaztelaniadunak. Ugariak dira hizkuntz aniztasunaren ezpalak, munduak.

Kutsatzeko beldurrez, endogamikoak izan gara maiz (ahuleziak behartuta zein ahuleziaren aitzakian) euskararen zaintzan. Endogamiaren itzal luzea ibili du errondan euskararen gaurkotze eta indartzeak ere euskara batuaren bidetik, beldurra izan diogu —eta diogu— leihoak zabaltzeari lexikoari eta sintaxiari, ausardia espresiboari, experimentazioari. Gramatika asko eta bixigarri gutxi. Hala ere, euskalgintzako maila guztietako eragile gehienen diziplinari esker, ez zaigu batere gaizki joan. Eskolan salbu? Agian, ikasleek txandalarekin ere ikusi nahi dute guk batuari jantzi diogun traje serio formal zurruna. Ulertzekoa da, zeren hizkuntzak bietarako —denerako— ematen du: diziplinarako eta malgutasunerako, eusteko eta askatzeko, betikoan jarduteko eta modu berriak probatzeko. Ez dago hizkuntzaren barne-muina zertan traizionatu. Hori nola lortzen den? Hizkuntzaren baliabideak aktibatuz, probatuz, jokoan jarriz, konparatuz, trukatuz, erlazionatuz, ezkonduz eta dibortziatuz, musukatuz bezala ostikatuz.

Ikasleek malgutasuna behar dute komunikatzeko, eta euskaran aurkitzen ez badute, badakigu non egiten diguten pupa, non botatzen gaituzten popatik putzura: patioan; kalean. Heldurik presente ez dagoen beren harremanetan. Eskolatik unibertsitatera bitarteko ibilbide formatiboan askok eta askok klaseak euskaraz dituzten arren, familia txit euskaldunetako seme-alaba ugarik ere txandala janzten du patioan. Baina gaztelaniarena.

Arbuiatzen segitzen dut, noski, jatorketa eta jatorkerixe bazter-zaleak. Gazteen bere errealitatea bizitzeko espektatiba eta modu berriei etekina euskaraz ateratzeko premia larriaz ari naiz. Hizkuntzaren bizipen jostariaz, dibertigarriaz, gozamenezkoaz, erabilera desinhibitua arauekin ez itotzeaz; debekuen eta debekuen eta debekuen erresuma matrakarik gabe batez; jarioaren aberastasuna txalotzeaz, jarioari isuritako akats txatxu kakatsu bakoitza anatematizatzen ibili ordez.

Paper literarioak,Paper akademikoa.

Biak dira paper, eta ez ahozko jardun. Ahozko jardun sendotik dator papera, ahotsetik letra. Ahozkoa da hitzezko gure lehendabiziko harremana —eta lehen urtetan bakarra— munduarekin. Ikaslea adinean aurrera, hizkuntza-irakaslea al da ahozkotasunaz arduratzen zaion bakarra? Nolako arreta eskaintzen zaio ahozkotasunari, mingaina askatzeari, esaldiak josteari matematika edo gizarte-gaien orduetan? Ez al dugu ahoz arrazoitzen, edo esplikatzen edo deskribatzen? Ez al gara ahozkoaz baliatzen egoera, trantze, testuinguru, ezuste, poz eta porrotetan? Idatziaren ahaide pobrea al da ahozkotasuna? Ikasleak ahozkoa izango du hitzezko baliabide nagusia bizitza osoan. Orduan, zertan gabiltza?

Hizkuntza idatzia —trajea— lehenesten dugu, eta nago euskal eskolak eta mundu akademikoa ez ote diren letren linboan bizi; komunikazioaren premiekin (gizartearekin) harreman ahalik gutxien izateko errazkerian bertan goxo eginda; erantzukizunik ez balute bezala lan akademikoaren lehendabiziko betebeharrekin, zeina den jakintza, zeina lortzen den hizkuntzaren bidez, zeinaren oinarria den ahozkoa, zeina den letren sostengu.

Formazioak, pentsamenduak, ezeren izaera intelektualak garai bateko sona galdu du. Ez legoke batere gaizki, baldin galdutako sona ez balitz euskararen traje gaineko zahia eta kanforra baino. Unibertsitatea kexu da matrikulatzen zaizkion ikasleen euskara mailaz, baina ez al da Unibertsitatea irakasleak prestatzen dituen eskolen arduraduna eta, aldi berean, eskoletan dabiltzan irakasleen formazioaren erantzule?

Euskarak irakaskuntza sendo baten premia dauka. Irakaskuntzak euskara sendo batena, 'jakite hegoek igoa' Lizardik ondo zioen bezala. Ez batak ez besteak egiten dute, ordea, bat. Bitartean, Unibertsitateak bideratzen dituen milaka paper eta tesi doktoralek ez dute eragin handirik, ez behintzat gazteen patioetan gertatzen den fenomenoari buruzko hausnarketari dagokionean. Unibertsitateak zerbitzu publikoak dira, ez (soilik) merituen eskailera akademikoan gora egiteko garabi endogamikoak.

Handik urruti, patio batean, ume batzuk hatzekin jolasean. Kantatzen ari zirenaren bukaera ekarri du haizeak: ...y este pícaro gordo todo se lo tragó.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.