Zergatik da jasangaitza igeltsuak arbelean egiten duen kirrinka? Edo azazkalek arbelean egiten dutena? Edo hegazkin batek lur hartzean edo aireratzean egiten duen burrunba?
Edo haur baten negarra? Edo sardexka bat igurtziz metalezko plateraren kontra ateratzen den soinua?
Badirudi soinubistakoa dela haiek eragiten duten sentsazio desatsegina, denek berdin bizitzen dutela, eta soinuen eragin hori unibertsala dela. Alta, usteak erdi ustel.
Izan ere, berez, soinuak jasangaitzak edo atseginak izanen bide dira norberaren arabera. Marta Urdanpilleta Landaribar EHUko Donostiako ingeniaritza eskolako fisikariak argitu du soinuen izenondoen auzia: «Soinua zarata den edo ez irizpide subjektiboaren menpe dago, gure estimuluaren araberakoa da. Gure jarduerarekiko interferentzian sartzen denean deitzen diogu zarata, baina ez dago gailurik hori neurtzen duenik».
Alta, zientziak bai neur dezakeela dezibel (dB) maila zein den eta belarrientzako noiz den bilakatzen kaltegarri: «140 dB segundo erdi batez baino gutiago entzutea oso kaltegarria izan daiteke. Zortzi ordutan 80 dB entzuteak bezain beste: energia akustiko kopuru bera baitaukate biek», zehaztu du Urdanpilletak.
Baina, dezibelek ez dute dena deliberatzen, alde subjektiboak ere manatzen baitu pertzepzioaren orkestra.
Bi adibiderekin ilustratu du baieztapena. Alde batetik, oroitarazi du Ludwig van Beethoven musikariak sinfoniak estreinatu zituelarik jendea kexatu zela musik berri horrek «aztoratzen» baitzituen; erritmo eta bolumen aldaketen ondorioz. «Batzuentzat heavy metala musika da, beste batzuentzat zarata», gaineratu du.
Beste adibide bat gehitu du: 2014an 1 Formula auto lasterketetan motor hibridoak ezarri zituzten zarata gutxiagotzeko: «145 dB-tik 134 dB-ra apaldu zuten zarata. Biak ala biak kaltegarriak dira entzumenarentzako. Jendea eta pilotuak kexatu egin ziren: zarata maila txikitzeak espektakulu maila txikitzen zuelako! Niretzat zarata dena, haientzat probetxugarri zen; musika zerutarra izango zen!, kur-kur-kur».
Horiek hola, fisikariak ohartarazi du isiltasuna ere jasangaitza gerta dakiokeela gizakiari. Funtsean, isiltasuna eta harrabotsaren artekan kokatu du giza entzumenaren habitata: «Soinu maila gehiegizkoak kalte egiten du, baina soinu maila minimo bat behar dugu entzuten hasteko eta baita ere eroso egoteko. Bi muga horien artean, soinuak plazera sortu dezake gugan. Hor, musikarekin topo egiten dugu».
Soinuaren soinekopekoak
Soinuak zergatik atseginak edo ez diren diren jakiteko, soinua bera zer den argitzeko beharra ikusi du Erica Macho EHUko Bilboko ingeniari eskolako fisikariak: «Soinu-iturri bateko bibrazioak sortzen duen uhina da soinua, eta bitarteko material baten bidez transmititzen da (gasa, likidoa edo solidoa) errezeptore bateraino iritsiz. Frekuentziek [Hz], intentsitateak [dB], tinbreak nola uhinek ezaugarritzen dute soinua».
Giza entzumenak 20 eta 20.000 Hz arteko frekuentziak entzun ditzake. Eta entzun ezin dituen batzuk entzun ditzakete bertze espezieek; elefanteek, adibidez, 20 Hz-z peko infrasoinuak, edo zakurrek, 40.000 Hz baino goragoko ultrasoinuak.
Soinua belarriraino heltzen delarik, zer gertatzen da? Soinu-uhinak belarri barnera sartzen dira bibrazioak tinpanotik koklearaino lekuz aldatzen dira. Informazio hori burumuinera igorri, eta azken horrek soinu gisa interpretatzen du. «Harrabots gisa hartuko du nahi ez den, eragozpen eragile den edota intentsitate gehiegiko soinu gisa baloratzen badu. Eta balorazioa eginen du parametro batzuen arabera. Soinua bera kuantifikagarria da eta objektiboa, baina badu subjektiboa den beste aldea: jenagarritasunarena», xehatu du Machok.
Pascal Gaillard Tolosako (Okzitania) psikoakustika irakasleak bat egiten du definizio horrekin. Azpimarratu du testuingurua dela oso garrantzitsua; burmuinak horren arabera interpretatuko baitu soinua gisa batez edo bertzez. Bitan zatitu du soinuen interpretazioa: «Batetik, alde fisiologikoa dugu; mekanismoa bera, ez da unibertsala ez baitugu denok berdin entzuten: norberaren adinak eta bizipenek eragina baitute. Eta bestaldetik, alde psikologikoa dugu, hori are pluralagoa da, entzuten ditugun soinu guziak objektu batez islatzen baititugu. Pertsonen historiaren araberakoa da soinu pertzepzioa».
Adibide franko eman du. Haur baten negarra, konparazione. Ez da berdin ikusia izanen haur helduago batengandik, gurasoengandik edo guraso ez diren helduengandik. Landetako esperientziaz oroitu da Gaillard. Etxe bakartu bateko bizilagunak auzo bakarra zuen, eta kamioiekin egiten zuen lan. Auzoaren harrabotsa gehiegizkoa zitzaionez soinu ingeniari bati dei egin zion, aterabide eske. Hala, honek bi etxeen artean zuhaitzak landatzea proposatu zion. Erran eta egin. Ingeniariak soinuaren intentsitatea neurtu zuen aitzin eta ondotik: zuhaitzekin intentsitatea azkarragoa zen lehen baino. Haatik, bizilaguna ez zen gehiago jenatua: «Efektu psikologia dela medio. Beraz desatsegintasun hori ez dago soinuan, baizik eta hartaz dugun pertzepzioan. Gainera, uste izaten dugu denek gu bezala hautematen dutela».
Pertzepzioa orkestra buru
Onartu du, hala ere, bakanak badira ere, badirela hautematean bereziki trabagarriak diren soinuak.
Gogora jin zaio etxeak haizeztatzeko sistemarekin gertatu zenaz. Oso harrabots guti egiten zuten, baina guti horrek jendea asko jenatzen zuen: «Etxeko testuinguru hartan, bertze deus entzuten ez denean, soinu horren osagai batzuk jenagarriak ziren. Hala, soinuak arras gutitan dira jenagarri, non ez diren fisiologikoak, erran nahi baita, frekuentzia edo intentsitateari lotuak. Eguzki soberakinak begietan min ematen duen bezala, belarrietako mina eman dezakete. Baina gehienetan, soinuak beraiek ez dira trabagarriak, baizik eta psikologikoki soinu haiei lotzen dizkiegun gauzak zaizkigu egiten jenagarri edo atsegin. Hegazkinzale errabiatua ez du jenatuko hegazkin paseak, adibidez».
Arbeleko igeltsu kirrinkaren kasuan, aitortu du: «Frekuentziak oso gora direnez belarriak sentsibleak dira. Baina gaineratu behar zaio zer irudiri lotzen dugun soinu hori: eskolarekin. Baliteke soinu hori niri jasangaitza izatea, eta nire arra haurrari ez. Ez baitu eskolan halako arbelik sekula ukan eta beraz ez duelako soinu hori eskolaren testuinguruarekin lotzen».
Espezie ezberdinen arteko entzumen aldeez gain, gizaki orok ere ez du berdin aditzen. Gaillardek azpimarratu duen bezala, gizaki bakoitzaren bizipenek badutelako zer erran, bai ere adinari lotutako higadura arruntak.
Preseski, TikTok sare sozialetan arrakasta bildu du zabaldu duten entzumen testak: 25 urte baino haboro dutenek, oro har, ezin entzun dutena. Azalpena eman du psikoakustikariak: «Gazte batek potentzialki 18.000 Hz arte entzun dezake, hori baita gizakiaren entzumen muga. Alta, zahartzearekin begiak lausotzen diren bezala, belarriek ere gaitasuna galtzen dute. Pentsatzen dut nik 10.000 Hz arte entzun dezakedala orain. Horrek azaltzen du gazteek entzun ditzaketela helduek ezin entzun ditzaketen soinu batzuk».
Horretaz baliatzen dira batzuk: bildu ohi diren tokietatik gazteak uxatzeko, adibidez. Haiek baizik entzun ezin dituzten alarmak ezartzen dituzte. Edo, kontrara, telefonoko soinua frekuentzia horietara egokitzen dute; ikasgelan irakasleek ez entzuteko gisan.
Erreflexu akustikoa
Intentsitate handiko soinuei aitzi egiteko, giza entzumen sistemak badu erreflexu akustikoa. Petardoa pizturik ikusten badugu, erreflexua abiatuko da: «Ez da kontrolatzen dugun zerbait, baizik eta automatikoa da. Nehor ikusiz gero puxika bat lasterkatzen zartarazteko asmorekin, gure erreflexu akustikoa martxan ezarriko da; 150 milisegundo bihar ditugu gure entzumen sistema babesteko. Min gutxiago hartuko dugu. Alta, erreflexu hori martxan ezartzeko, beharrezkoa da abisua pasatzea. Ezustean harrapatuz gero, ez baitio denborarik ematen, eta kaltegarriagoa da».
Zergatik dira soinuak atseginak edo jasangaitzak?
Begiak hertsiki hetsirik eta hortzak tinko tinkaturik dituenak, berdin, bortitza zaion soinua entzuten ari da. Bi arrazoik eragin dezakete sentsazio desatsegin hori: fisiologikoak edota psikologikoak. Izan ere, soinuen hautemateak sailkatzen du soinu bat atsegina den edo ez. Adituen arabera, ez dago soinu atsegin edo desatsegin unibertsalik, gizaki bakoitzaren bizipenek baldintzatzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu