Kubako iraultzaren garaian, frantziskotarren komisariotzako probintzia-ordezkari dugu Jose A. Mendizabal. Uharteko bisitari nagusi izendatu zaharra ere ez artean, eta Santiago de Cubako erresidentzian hasi du kargu berriari dagokion bisita kanonigo-erregularra. Angel Villaronga izango du idazkari zintzo, aldi bateko, bederen. Eta idazkari hori bezain leial lotu zaio Mariano Errastiren luma zorrotza, 1961eko apirilaz gero frantziskotarrek sufritu duten infernutarren pertsekuzio eta amorruaren kronika garratzari.
Mariano Errasti kexu ageri da Fidel Castrok Eliza katolikoa gogor pertsegitzeari ekin diolako. Frantziskotarrak, bederatzitik zazpira euskaldunak, ehun baino gehiago dira uhartean eta, Habanatik ekialderaino, barreiaturik ari dira apostolatutzan. Gaitzeko ekintza-eremua hedatua dute eta, ageri denez, inork baino latzago sufritu dute erregimenaren oldarra. 1961eko irailean, ehun eta berrogeita hiru erlijioso erbesteratuko dituzte, Kubako lekua hustu beharko dute betiren beti. Harrezkero, hogei frantziskotar ere ez dira izango uhartean, gero eta prekarioago, segurtamenik batere gabe, dena galtzeko arriskuan.
1961eko apiriletik irailera, uhartetik irtengo diren arte, gorriak ikusiko dituzte Kuban bizi diren fraideek. Gorriak eta beltzak, berriz, komentuetako murruen aterberik gabe herritxoetako parrokietan aski bakarturik direnek.
Frantziskotar arimarik gabe geldituko dira Manzanillo, Ciego de Avila, Remedios, Camajuani, Candelaria, San Cristobal, Santiago de las Vegas, Guaimaro, Habanako San Frantzisko, Guanabacoa, Miramarreko San Antonio, Marianao, Mariel, Union de Reyes, Placetas, Santa Clara eta beste.
Mariano Errastik 1961ean Cantabria Franciscana-n idatzitik ari gara. Bera ari da.
Manzanillotik Habanara
Apirilak 15. Probintzia-ordezkariak goizean goizago Manzanilloko erresidentziara egindako bisita amaitu eta jakin dugu zenbait aireportu bonbardatu dituztela. Raul Castrok egin duen harenga asaldagarriaren berri ere izan dugu. Probintzia-ordezkaria istanteko abiatu da Guaimarora, idazkaria beti ondoan eta Casimiro Carton eta Jose Luis Izpizua aita agurgarriak alboan dituela; Izpizua dute txofer.
Yarara heldu orduko, lehenbiziko aldiz miatu dituzte. Estutasun handirik gabe utzi diete joaten. Guaimarora heldu eta indar armatuek parrokia inguratua dutela ikusi dute. Haatik, gure anaiak behaztoparik gabe sartu dira erresidentziara. Handik laster, maletak autotik ateratzen hasi direnean gertatu da lehenbiziko atxilotzea. Kale gorrian bertan, tximista bezain zorrotz aztertu dituzte gure anaien maletak, bai gure anaiak berak ere. Armatuek ez dute deigarririk aurkitu. Alabaina, gure anaiak etxera sartu eta, inork kontrakorik esan artean, handik ez irteteko agindu diete armatuek. Arrats iluntze irian, bederatziak aldera, irteteko baimena eman diete.
Apirilak 16. Bazkalondoan, probintzia-ordezkariak komunitateari egin beharreko bisita buruturik, ohar interesgarrienak euskarara transkribatu dituzte eta susmagarri edota bitxi gerta daitezkeen idazkiak, aldiz, desegin. Horiek eginik, gure probintzia-ordezkaria eta haren idazkaria Ciego de Avilara joateko prest direnean, hirugarren aldiz miatu dituzte, etxe atarian bertan. Berririk ez, joaten utzi diete. Herritik irten orduko geldiarazi dituzte berriz. Laugarren aldiz miatu dituzte.
Sibanicura heldu direnean, geldiarazi dituzte beste behin, eta inoizko zehatzen miatu dituzte: ibilgailu, maleta, pertsonak. Abituak eranztera behartu dituzte, nahiz, azkeneko, abituak jaso eta etsi duten, arropa guztia ongi miatu eta gero. Errepidean bertan gertatu da dena, eta fraideak beste inor ez dituzte geldiarazi. Gainerako ibilgailuak libre ibili dira joan nahiz etorri.
Apirilak 17. Ciego de Avilan da probintzia-ordezkaria, eta bertakoen zori gaiztoa bizitu du. Hiru aldiz miatu dute etxea, hantxe sarturik egotera behartu dituzte... Telefonista baten bidez komisariotzako etxeetan gertatzen ari denaren berri zuzen jaso du. Apirilaren 28an, mugitzeko libre direla adierazi diete. Orduan, berehala Placetasera jo du probintzia-ordezkariak. Hantxe egon behar izan du maiatzaren 2ra arte, garraio publikorik ez baita izan, autobus guztiak jendea Habanara eramateko baliatu baitituzte Maiatzaren Leheneko kontzentraziora.
Maiatzak 2. Arrats ilunean heldu da probintzia-ordezkaria Habanara, kalekoz jantzia. Senide batzuen etxean lo egin du bart. Hilaren 3ko egunsentian hirian ditugun komentuak zertan diren jakinik, San Frantziskokora sartu da. Haren bihotzeko tristura bere gelara sartu eta hango anabasa, nahaspila gaitzeko hura ikusi duenean! Artxibategiak, objektuak, apalak... pekoz gora ezarriak denak! Gaitz erdi, garrantzizkorik ez da falta. Harrezkero, eta Kubatik irten arte, kezkaz beterik eta handik hona eman ditu egunak gure probintzia-ordezkariak, frantziskotarrak Kubatik ateratzeko hamaika gestio nekezia handian eginez.
Habanako San Frantzisko
Apirilak 17. G-2 Inteligentzia Zuzendaritzako bi kidek egin dute lehenbiziko miatzea. Aski azala, hala ere. Ordu bata eta erdietan hasi eta bostak arte iraun du. Gero, arratsaldeko 6etan, 40 miliziano azaldu dira atean. Komunitatekoak atezaintzara jaitsiarazi gaituzte eta, ondoren, miatzeari lotu zaizkio. Biharamunean goizeko bederatziak arte izan ditugu milizianoak komentu barruan. Haatik, paper zenbait eta garrantzirik ez duten aldizkari batzuk eraman dituzte. Atezaintzako zoru hotz eta gogorrean egin dugu lo, harkaitz zuloan kuxkurturik bezala. Milizianoak joan, eta gu geure gelara. Ohiko elizkizunak egiten hasi gara. Atarian, hogeiren bat milizianok eliza eta komentuko sarrerak zaintzen ari ditugu. Irtetea galarazi digute.
Apirilak 18. Lehengo hogei milizianoak joan, eta beste hainbat etorri zaizkigu. Miliziano emakumezkoak orain. Bertan izan ditugu hilaren 21era arte. Egun horretan, goizeko bederatzietan, 50 miliziano gehiago sartu dira; emakumezkoak, berriz ere. Komunitatekook beheko klaustroan bildu gaituzte, eta ordu arteko miatzerik latzenari ekin diote. Arratsaldeko seiak arte, has eta buru errebolbitu dute etxea beren algara, deiadar eta ibilera ero artean. Ez da ukitu ez duten paperik, ireki ez duten armairurik, arakatu ez duten eliza-komentuetako zoko-mokorik. Arratsaldeko lauretan jantokira igotzen utzi digute, zerbait jatera edo. Seietan, banaka-banaka miatu gaituzte. Irainik ez dugu aditu beharrik izan, hala ere. Milizianoek soldagailu bat hartu eta bi kutxa gotor ireki dituzte. Sagrarioa ere irekiarazi digute. 4.000 peso bildu dituzte, komentuarenak, La Quincena aldizkariarenak, elizaren elkartearenak... Halaber, zenbait objektu pertsonal eta kulturako baliatzen ditugunak ere bahitu dituzte. Hartu eta eraman dute dena, akta jaso gabe. Atarian zaingoan zirenak joanak dira.
Maiatzak 2. Laugarren miaketa. Axala bezain motza, laburra. Arratsaldeko ordu bietan zaingoa ezarri dute, nahiz ilunarekin batera altxatu duten.
Hilabetera, 3.000 peso inguru eta zenbait objektu berreskuratu ditugu.
Komunitateko aita zaindari Pedro Urrutia hamar egun eduki dute preso. Etxe partikular batean harrapatu zuten apirilaren 17an. G-2-ren kuarteletako batera eraman zuten, gezur, ahapaldi itsusi eta mehatxu artean. Blanquita antzokian hetsi zuten zenbait egunez eta, handik, Printzearen Gazteluko zuloetara eraman zuten, hotzak, goseak eta umeltasunaren ere gatibu. Apirilaren 27an liberatu zuten.
Idazten ari den hau, La Quincena-ren zuzendari ere badena, apirilaren 19an preso hartu eta poliziaren lehen estaziora eraman zuten. Bi egun egin zituen hango ziegetan. Handik, G-2-ren bulegoetako batera eraman zuten. Gero, hitzezko tratu txar batzuk jaso ondoren, G-2-ren bulego nagusiaren inguruan kartzela lanak egiten dituen etxe batera eraman zuten, Miramarreko Bosgarren Hiribidean. Apirilaren 29an askatu zuten.
Jose Kruz Agirre eta Donato Garro anaiek zenbait gorabehera bizitu zituzten Habanako kaleetan. Azkenaz beste, espainiar enbaxadan aterbetu ziren. Aita Salbador Mitxelena, berriz, etxe partikular batean gorde zuten.
Ekainak 10. Barne ministerioak gu kanporatzeko agindua eman du. Oraindaino arte hemezortzi erlijioso izan gara San Frantziskoko komentu honetan, baina hemendik atzera erdiak ere ez dira izango. Jose Agustin Mendizabal, Pedro Urrutia, Donato Garro eta Mariano Errasti Espainiara joango dira. Salbador Mitxelena eta Marzelino Olazaran, Kolonbiara. Berardo Kao, Pedro Ma, Francisco Morales eta Antonio Camiñas, AEBetara. Jose Kruz Agirre, Venezuelara. Luis Lizarralde, Guanabacoako parrokiara.
Irailak 17. Aita Timoteo Urrutia atxilotu dute zenbait poliziak. Covadonga itsasontzira sartu dute, Kubatik kanporatzeko. Honenbestez, gure anaia hauek baizik ez dira San Frantziskon geldituko: Serafin Ajuria, Antonio Melo, Ignazio Biain eta Luis Albizu aitak nahiz gero Albizu Miramarreko San Antoniora joanaraziko zuten, eta Angel Argintxona, Simon Larrañaga eta Fernando Ullibarri anaiak.
Habanako Santa Klara
Apirilak 17. Goizean goizago, hamar milizianok monasterioa inguratu eta preso hartu dituzte Eliseo Bengoa kapilaua, Esteban Gastesi sakristaua eta moja guztiak. Hilabete ere bazen zaingo batzordeek mojak zelatatzen zituztela. Arratsaldeko zazpietan, atezaintzara sartu eta bertan kanpatu dute milizianoek. Klausurara bortxaz sartu eta behin eta berriz eta askotan miatu dute. Sei aldiz ere bai. Horretan jardun dute goizeko ordu batak arte.
Apirilak 18. Miaketak berriz. Miliziano gehiago etorri dira. Berrogeita hamarren bat ere badira, gizon-emakumeak. Atezaintza hartu dute, telefonoa, eliza, komentua, kapilautza...
Apirilak 19. Miatzeak ez du etenik. Tunel bila ari dira. Uste dute, nonbait, bateko eta besteko komentu, erresidentzia eta elizak lurpeko tunelez lotuak direla. Errabiatuak dira arma bila, ezkutatuak dituzkegun pertsonen bila... 20 luma, objektu pertsonalak eta 100en bat peso hartu dituzte.
Apirilak 21. Azkeneko miaketa eguna. Pekoz gora utzi dituzte hala komentua nola eliza. Sagrarioa ireki dute.
Apirilak 22. Urkaturik azaldu da komentuko atezaina, komentuko murruen barruan, milizianoek bere kanpamentua ezarria zuten eremuan. Ez diote kapilauari hara hurreratzen ere utzi. Ezta errespontsurik egiteko ere.
Apirilak 28. Alde egin dute, joan dira miliziano guztiak.
Venezuelara agindu diote Eliseo Bengoari, eta Dionisio Ezenarrok hartu du haren lekua Santa Klara monasterioan. Esteban Gastesi Espainiara joan da. Monasterioko klaratarrak, adin handikoak eta eri guztiz gehienak, AEBetara, Mexikora edota Espainiara eraman dituzte. Hastapenean, bertan gelditu ziren lau moja, komentua zaintzen, baina berandu gabe bereganatu ditu Fidelen gobernuak monasterioa eta lokal guzti-guztiak.
Egiaz eta begiaz
Infernuaren zoruan, deabruaren ahoan
1961. Kuba. Iraultza ondoko bigarren urtea. Cochinos badiako inbasioa apirilaren 17an. Egunak lehenago, erlijioso ehizari ekin dio Fidel Castroren erregimenak. Abitu eta sotanak, apaiz, fraide, moja nahiz bestelako, uhartetik aienatu arteko onik ez du izango. Pertsekuzio horren lekuko eta kronikagile bertute apartakoa izan zen Mariano Errasti frantziskotar zendu berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu