urtzi urkizu
KURSAALEKO ZUBITIK

Soinuak eta zaratak

2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hiru kaio art déco estiloko hiru faroletan jarriak, atsedenean. Zubian jende gutxi dagoenean, ondo entzuten da itsasoaren soinua. Errumaniako Blue moon filmeko txalaparta, berriz, iltzatuta daukat oraindik.

Zurriolako zubirik ez zen Victor Hugo idazlea umetan Donostiara etorri zenean. XIX. mendearen hasiera zen, eta oso bestelakoa zen orduan Zurriola parean zegoen eremua, Gros auzoa. Umetan entzun zuen idazleak lehen aldiz hirian idi-gurdiaren zarata. Hamarkada batzuk geroago, «seko hunkitu» zen soinuarekin. Horregatik, Voyage vers les Pyrénées liburuak Koldo Izagirreren itzulpenean hartu zuen Idi orgaren karranka izena. Hala kontatu zuen aurrekoan Xabier Erkiziak 25. fotograma podcastean, O gemer dokumental hipnotikoaren estreinaldiaren harira. «Denak badu arrazoi bat filmean», erran zuen Erkiziak podcastean. Eta Irizar sarirako dauden hautagaien artean, ez litzateke harritzekoa izango O gemer-ek garaikurra eramatea. Merezia du.

Victor Hugorengana itzulita, 2021. urtean biziko balitz, interes biziz jarraituko luke Enquête sur un scandale d'état filmean Thierry de Peretti zinemagileak kontatzen duena. Boterez betetako polizia frantses batek zuzendutako narkotrafiko-sare bat azaleratzen du Liberatión egunkariak, espioi ohi baten kontakizunari esker. 1980ko hamarkadan GALek egiten zituen atentatuak eta talde horren jardunaren ondorioak zein izan ziren ere aipatzen dira une batean, droga trafikatzaileen eta Errepublikako gobernuaren akordioak tarteko. Irudikatzen dut Victor Hugo, egun, Liberatión-enaren moduko ikerketa kazetaritza egiten, eta podcast bat aurkezten, zubiaren ertz batean, bertako zaratak tartean. Literatur soinuz bustita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.