Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Gizalegea dirulege bihurtu genuenekoa

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Idiota moralak.

Ikusten ari ginenaren harridurak aspaldi bihurtu gintuen harri, erreakzionatzeko gai ez ginela, sinetsi ezinik posible izan daitekeen hainbeste traizio, eskrupulufalta, gezur gaizto, enpatia eza sideral eta behazun moral dirua tarteko. Eta daramagun martxan, ikusiko ditugunak. Hona joan zen asteko hiru albiste Espainiakoak, Madrilekoak zuzen esateko, Madrileko plutokraziarenak hobeto esanda. Bat:bertako bi banku handienen milaka lagun bizitzaren kontainerretara botatzeko erabakia, Caixabankeko Goirigolzarri presidentearen soldata-igoera lizunaren ostean. Bi: futbolaren eskandalua, konbentzituta eskandalu betikoa ez zegoela gainditzerik. Eta hiru, pastelari mistela eransteko: Madril autonomikoko presidentegai Ayusoren dirudunenganako amen-amen miserablea, gosearen ilaretan dauden milaka pertsonei agerikoei eta anonimoei subentzionatuak eta mantenituak deitzen dien bitartean (hozkia ematen du gaur bertan jakingo dugun emaitzan pentsatzeak).

Hori guztia, pandemia ostera ere gorenean dagoenean: izurriteak ekarritako beldurtearen erdian, lizunkeria diruzalea nagusi eta bihotza izozkailuan. Ez dakit pandemiak zerbait irakatsi digun: agian, ez dagoela zertan estresatu, lanak eta itomenak eta diruak ez dutela bizitza oso bat merezi. Zoaz, ordea, hitz goxo horiekin are aberatsagoak izatea beste helbururik ez duten aberatsei.

Norbert Bilbenyk, etikako katedratiko katalanak,El idiota moral izenburua eman zion Hannah Arendten gaizkiaren banalitatea kontzeptuaz idatzi zuen saiakerari. Gaizkiaren eta ongiaren artean bereizten ez dakienari deitzen dio Bilbenyk idiota morala, eta saiakerak totalitarismoaren portaera moralaz badihardu ere, kontzeptua aplikagarria da beste hainbat testuingurutan. Hara nola dirua beste etikarik ez duen neoliberalismoaren saloietan. Balbenyk dio idiota moral asko oso argiak direla. Halatsu dirua egitea beste helbururik ez dutenak: argiak direlako dakite, senez jakin ere, hobe dutela denborarik ez galtzea gaizkiaren eta ongiaren arteko lerdokerietan.

Laissez faire, laissez passer, l´argentva de lui même (utzi egiten, utzi pasatzen, dirua bere bidetik doa) zioten fisiokratek XVIII. mendean. Atzo, kontrolerako aukera guztiak estatuaren esku zeudenean, estatuaren kontrolik gabeko merkatu bat nahi zuten fisiokratek. Gaur, aldiz, estatuek kontrola nahiko balute ere, ez dute jada dirua kontrolatzeko gaitasunik, ez dakidalarik gaitasun falta hori ez ote den bihurtu diruari nahi duena egiten uzteko aitzakia perfektua.

Dirua bere bidetik doa. Erruz konplitzen ari da fisiokraten amets zaharra. Merkatua autonomoa dela sinetsarazi nahi digute. Autonomoa eta anonimoa. Urak errekan behera bezain natural bilatzen du diruak bere bidea. Nork dauka aginpiderik eurian, urte-sasoien erritmoan, naturaren edertasunean?

Behar izanez gero, aginpide hori ere lortuko du. Zein da, ez bada dirua, klima aldaketaren, pandemiaren kontrako txerto-banaketa diskriminatuaren edo basoen hondamendiaren erantzulea?

Merkatuak izen-abizenak ditu. Erantzukizunak ere, horixe: izen-abizenak ditu. Aurpegi jakinak. Baina hasi zaitez haien atzetik...

Hitzek badute txanponen antzik.

Eskuz esku dabiltza sosak, ahoz aho hitzak. Biak dira distiratsuak berritan; erabilerak, ordea, gastatu egiten ditu eta debaluatu. Espekulatu egiten dugu biekin,inflazioa ekarri, aberastu eta pobretu,zigortu eta saritu, maitasuna suspertu eta gorrotoa eragin... Harremanetarako balio dute biek, lagunak egiteko balio dute, baina baita elkar traizionatzeko ere. Saltzeko eta erosteko balio dute biek (jendea, ideiak, botoak...). Hitzek ere, sosek bezala, badakite zikinak izaten. Diruagatik esan ohi da ez duela usainik. Hitzek ere, halaxe. Biek hotsa ateratzen dute, biak entzuten ditugu: bakoitzak bere komunikazio-kodea du. Errespetua omen diogu hitzari (emandako hitzak sakratu fama du behintzat), baina erreberentzia diruari...

Luzaz jardun gaitezke antzekotasunak bilatzen, baina hobe tentuz, zeren hitza eta dirua, elkar hartzen dutenean, bikote maltzurra bihurtzen baitira: hitzaren manipulazioak eta diruaren lilurak bat egin dutenean etorri zaizkio hondamen handienak gizakiari.

Pecunia non olet esaten zuten klasikoek, diruak ez du usainik. Estolderiek usain txarra dute, baina han oretutako diruak, ez. Kristo osteko lehen mendeko Erroman, bainutegietako pixatokietan pixa ikaragarri pilatzen zen bertako asketan, eta larruginak huraxe baliatzen hasi ziren gernua ona delako abereen larrua zurratu eta ontzeko. Vespasiano enperadoreak zerga jarri zion arte bainutegietako pixari. Enperadorearen semeak, mizkina izan nonbait, nazkaz hartu zuen aitaren erabakia. Aitak urrezko moneta bat jarri zion sudurraren parean eta usaintzeko agindu. Semeak «non olet» esan zion. Aitak «pixatik zetorrek» erantzun.

Tximuak gara.

«Diruaren aurrean, denok gara dantza egiten dugun tximu», entzun nion behin arraun-kirolaren inguruko gizon bati telebistan, arraunlari bat traineru-klub batetik beste batera pasatu zelako. Iraindua sentitu nintzen. Pentsatu nahi dut irainduak sentituko zirela entzule arraunlari eta ez arraunlari asko ere. Gizonak eskubide osoa zuen eta du diren eta ez diren tximukeria guztiak egiteko diruaren aurrean, baina ez, inondik ere, tximu deitzeko kameren beste aldean geunden guztioi.

Irakurle, agian, nire erruz, telebistako tximu hura hasi zaizu xuxurlaka zure baitako telebistatik: hik ez al dionk inoiz gezurrik esan Ogasunari, uko egingo al dionk arotzak eskainitako zergarik gabeko ordainketari, ziurta dezakenk ez duala hire interesen alde jokatuko botere-klaseren bat lortzen badunk?

Ustel denak gainerakoak ere ustel direla uste, horra adagio ezagunaren txilin-buelta bat. Ez da inozoa, zera izango da, gizarte oso bat hondoratzen duen pozoia darama-eta miztoan! «Gutxi-askoan denok gara ustelak!», esan ohi dugu. Egia ez bada ere, egiatzat hartzen dugulako edo gezurra izanagatik ere hitzetik hortzera darabilgulako, azkenean irentsi egin dugu ustelkeria simaurra bezala dela ongarri: usteltzen gara, hartzitzen gara, etortzen da udaberria eta usteldutako eta hartzitutako oro berritzen du. Dirua,ordea, nahiz udaberrian zein negu gordinenean, va de lui même pixa-usainik gabe...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.