Elebitasunaz mintzatzeko, linguistikaren (sozio- eta psiko-linguistikaren) perspektibatik jarduten dugu; bakanetan literaturaren ikuspuntutik. Komunikazioaren talaiatik mintzatzen gara, ez sormenaren barne-muinetatik. Baina sormen literarioak hizkuntzarekin duen lotura hain da bilatua eta bilbatua, non naturalena den lehen hizkuntza baliatzea harreman afektiboetarako bezala sorkuntzarako ere.
Lurralde elebidunetan, ordea, literatura garatuko hizkuntzak (handiak) literatura urriko hizkuntzetako idazle posibleak asimilatzen ditu, kolonizatu, zurrupaka erakarri. Baina fenomenoa ez da hasten idazleak zein hizkuntzatan idatzi erabakitzeko orduan. Idazle izango denak literatura garatu bateko hizkuntzan egin baditu ikasketa guztiak, hala egin ditu irakurketak ere, bertan topatu ditu eredu literarioak, haiek imitatuz hasi da, ia oharkabean, idazle izaten. Hitza gozatzen irakatsi dion hizkuntzan. Idazle nahi duena elebiduna denez, ezagutzen du beste hizkuntza ere, tradizio urrikoa, kasik analfabetoa. Zer erabaki hartuko du? Zergatik? Kasuistikak askorako ematen du. Agian ez zaio burutik pasatuko erabaki beharra ere.
Euskara eskolan sartu arte eta gero ere bai dilema horri erantzun behar izan diote, gutxi-asko, euskal literatura deitzen duguna posible egin duten idazle gehienek. Atzera jo eta demagun Salbatore Mitxelena, muturreko kasu bat: gazte-gaztetatik idazle nahi, eta euskaraz hasten da, bidaide du gerra aurreko pizkunde-giroko euforia; gerra hasi berritan, faxistek komentutik ateratzen dute, eta soldadu eraman; gerra ostean ere euskaraz idazten segituko du, baina katakonbetako klandestinitatean, guztiz nagusi den logika akademiko-artistikoaz beste eginez, nahiz oso ondo egiten duen gaztelaniaz, idatzi ere, dotore.
Elebidunak gara. Baina zein hizkuntzatatik? Mitxelenak euskaraz idazten segituko du Amerikara bidaltzen dutenean ere misiolari: frantsesek état de besoin deitzen duten premia larrian dago euskara, irakurlerik gabe, baina hizkuntzaren etxetik oso urruti egonagatik ere, Mitxelenak ezin du hizkuntza-kontzientziaren zimikoa barne-muinetatik erauzi.
Gutxirekin asko, premia bertute.
«Nik ez nuen ingelesa aukeratu; berak aukeratu ninduen ni», esan zuen Joseph Conradek. Esaldi egozentrikoegia da serios hartzeko. Bizitzaren bidezidorrek, irakurketek, oihartzunaren sirena-hotsek eraman zuten ingelesera; polonieraren-ingelesaren artean zegoen décalage literarioak; Shakespeareren irakurketa etengabeak; munduari bira asko eman dizkion baten eskarmentu kosmopolitak, garai hartako hitz batekin esateko.
Askatasunak, azken finean.
Ederki, baina bizitzaren zirkunstantzien ugaritik hautatzen du idazleak hizkuntza, ez hizkuntzak idazlea. Hona, labur, Hungariako adibidea iragan mende erdian:
Sándor Máraik 48 urterekin alde egin zuen Hungariatik (1948) ez zetorrelako bat erregimen komunistarekin. Ordurako idatzia zuen ezagutzen diogun obra nagusia. Oso idazle ezaguna zen Hungariatik kanpo ere. Arrakasta zuen, irakurleak zeuzkan nonahi. Erbestean ere, hungarieraz idazten segitu zuen. Idatzitako guztia itzultzen zioten.
Marga Szabó edo Imre Kertészen Hungarian geratu ziren, hungarieraz idatzi zuten, nahiz erregimenak argitaratzen zuten guztia oztopatu, zentsuraren guraizeekin mutilatu, hedabideetan mututu.
Aipatu idazle horiek baino dezentez gazteagoa da Agota Kristof: Varsoviako Itunak Hungariako Iraultza erauzi berritan, hogeita bat urterekin, ihes egin du aberritik, ihes poliziaren giltzarrapoetatik. Suitzako Neuchâtelen jarri da bizitzen, bertako fabrika batean egingo du lan hainbat urtez. Idatzi nahi du, baina irakurleak izateko aukerarik ez, ez liokete ezer argitaratuko Hungarian. Frantsesa ikasten hasten da. Zerotik. Arrotz etorkin da Suitzan, are arrotz etorkinagoa bihurtzen du dakien frantses apurrak. Analfabetoa deklaratuko da frantsesez, ez da inoiz iritsiko frantsesaren muinera. Baina idaztea da inportanteena Kristofentzat: edozein zirkunstantziatan «ziur naiz idatzi egingo nuela, berdin dio non, berdin dio zein hizkuntzatan» aitortzen du Analfabetoa idazle izeneko kontakizun autobiografiko laburrean.
Analfabetoa eta idazle?
Gerta liteke miraria. Artegintzaren muina ez al da ba gutxirekin asko esatea eta premia bertute bihurtzea? Kristofen Koaderno handia da adibide garbi bat.
Nobela bat isiltasunaren orrietan.
Idazle hungariarraren Analfabetoa idazle liburua irakurri berri, kolpeko burutazio bat: Neuchâteletik Agota Kristof bizi den hiritik hamalau bat kilometrora, La Chaux-de-Fonds herrian, beste etorkin bat bizi da. Espainiar etorkinei laguntzea du eginkizun. Idazle klandestinoa izan da Espainiako Gerra osteko euskal katakonbetan, argitalpenik eta ia irakurlerik gabeko hizkuntza batean. Bere herriaren kalbarioa deskribatu du Kristoren kalbarioa ispilutzat hartuta. Mitxelenaren prediku literarioak elizan topatuko ditu etsairik zuri gaiztoenak. Beste destino bat bilatuko du, misiolari ibiliko da Amerikan, tartean Kuban. Dezepzionatuta itzuliko da Kubako Iraultzaren ondoren, eta Suitzara egingo du txango, minduta elizarekin, diktadura frankistatik ihesi, nahiko etsita euskarak ez duela jada ezagutuko gerra aurreko pizkundearen airerik.
Iragan mendeko 60ko hamarkada da. Mitxelenak eta Kristofek bost bat urte daramate geografia berean, baina inoiz kointziditu ote dute, egon ote dira film bera edo arte-erakusketa bera ikusten elkarren berri izan gabe?
Sinesgarritasun literarioarenganako fedeak Kristof eta Mitxelena elkartu dizkit Neuchâteleko gozotegi apal batean, kikara kafe banaren aurrean. Biak dira idazle, biak dira etorkin, biek dute zer kontatua. Oso zirkunstantzia ezberdinak bizi izan dituztela ematen badu ere, bien traiektoria literarioaren kontrapuntuak elkartu ditu batez ere.
Mitxelena etorkin boluntarioa da; Kristof, behartua. Idaztea ez da Mitxelenaren bizitzako helburua, fedea baizik («zein ederra dan olerkaritza, otoitz bihurtzen danean»); Kristofentzat idaztea da bizitzaren ardatza, hartan jarrita dauka fede osoa. Mitxelenak ama hizkuntzan idatzi du bere obra oparoa. Kristofek «etsaitzat» daukan hizkuntza hautatu behar izan du. Mitxelenak giltzatu du idazle-ibilbidea, bere herriaren kalbarioa bizitzaren sentimendu tragikotik kontatu ondoren; Kristof kontatzen hasteko dago bizitzaren sentimendu tragikoa bere kalbario propiotik. Mitxelena alfabetatua da hizkuntza ia analfabeto batean; Kristof analfabetoa da hautatu berri duen hizkuntza txit kultuan. Mitxelena oso gaixo dago, hurbil du bizikinen azkena, artistikoki emana du eman zezakeena; Kristof artean demostratzeko dago berea...
Kristofek artean idatzi ez duen esaldi baten airea dabil bien kafe-kikaretako hondokinetan, elkarri kontatutako historietan: «Atzo dena zen ederrago; oraina besterik ez dago»
Hirurogei urte doi pasatu dira balizko enkontru hartatik. 2019an ehun urte bete ziren Mitxelena jaio zela. Salbuespenak salbu, isiltasun trinkoa, kalbarioko gurutzea bezain astuna, entzun zen haren mendeurrenaren efemeridean. Etxean. Etxeko hizkuntzan. Nobela bat dago isiltasun trinkoaren orrietan.
Agota Kristof 2007an hil zen. Ordutik, gero eta oihartzun handiagoa du haren obrak. Atzerrian eta Hungarian, abandonatu behar izan zuen herrian. Koaderno handia Berlingo harresia erori zenean itzuli zuten hungarierara. Etsaien hizkuntzatik Mitxelenaren euskararaino iritsia zaigu Kristofen obraren parte dezentea.
HIRUKO (H)ITZA
Hitzordua Neuchâtelen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu