Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Benetako etsaia koronabirusa ote duten

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Zer gutxiago, konpai?

Gerrek eta goseteek bezala, pandemia batek ere gizarte baten egitura guztiak gaixotzen ditu, boteretik hasita. Pandemiaren kontra egin behar, eta gobernuek, boterea lanabes, kontrol politiko noranahikoa nahi dute erabakiak hartzeko, burokraziak frenatuko ez duen efikazia bat lortzeko, eskuak eta jokoa libre izango dituen gobernantza bat praktikatzeko. Alegia, demokraziaren alde deserosoenak —oposizioa, debatea, prozedurak— gainetik kentzeko aukera, libreago jokatzeko. Libertatea, ordea, zertarako? Segurtasuna, kontrola, ordena, interbentzionismoa, zentralismoa, arbitrariotasuna nagusitu zaizkio askatasunari. Beharrezkoa al zen pandemia aurre-demokratiko baten prepotentzia kontrajartzea pandemia sanitarioari? Bitartean, konfinatu konfiatuok, otzan-otzan ameto egin, eta kris-kras etxeko maratilari; agur, senideei; pertsiana jaitsi geneuzkan planei. Alarma egoeran zer solidarioagoa, konpai, diziplinatuak izatea baino?

Diktaduragatik ahapeka esaten zigutena etorri zaigu gogora: «Tentuz ibili guzti-guztia berak egin eta berak gobernatzen duenarekin: ez da gure hobebeharragatik ari, dena kontrolatzeko baizik». Eta huraxe egia: lana efikazago egiteko aitzakian, imajinatu ere egingo ez genituenak irentsi ditugu denbora laburrean: mugak itxita; ejertzitoa, gure bizitzako korridoreetan; probintziak, Francoren garaiko mapetan bezala; minimo demokratikorik gabeko erabakiak; polizia kaleen jabe; eskubide zibilen prekaritatea; informazioaren sinesgarritasun bisustua, arbitrariotasuna... Garai bateko salbuespen egoerak gogoratzeko moduko panorama bat, labur esanda. Eta konfinatu konfiatuok, otzan-otzan amore eman, eta kris-kas ahoari, ut-ut susmo txarrei eta mapa zaharrei. Hil ala biziko egoeran zer demokratikoagoa, konpai, eskuzabalak izatea baino?

Alarma egoeran gaudenez, oposizioak, alarmaturik, Venezuela, komunismoa, KGB, independentistak, eta, behar izanez gero, baita juduak eta masoiak, eta baita etorkinak ere, ikusi ditu jenderik gabeko plazetan. Koronabirusaren arriskua salbu, beste guztia ikusten dute. Berek kudeatutako hildakoak izan ezik kontatzen dituzte eta berek jariatutako zorna-birusaren kiratsa ez beste guztia usaintzen. Eta konfinatu konfiatuok, otzan-otzan konformatu, eta ozpina ari gara irensten eta behazunari eransten. Politika da eta zer higienikoagoa, konpai, zaborra ondo kudeatzea baino?

Txibatoz bete zaizkigu hainbat leihotako kortina-atzeak, ateko behatxuloak, kale bazterretako izkinak. Beldurrak eragindako salaketa anonimoak ezagutu ditugu, baita auzo-arteko konponezin agerikoen mendeku isilak ere, edo hurkoa izorratzeko plazer hutsez eginak. Ezagutu dira bizia jokatzen ari diren profesionalen edo etorkinen kontrako jarrera miserableak ere. Eta konfinatu konfiatuok, otzan-otzan, hobe isilik, normaltasuna-edo noiz iritsiko. Pazientziaren garaiotan, zer zuhurragoa, konpai, beste aldera begiratzea baino?

Bitartean, Europa erkindu egin da, txikitu, nanotu, eta zeukan-edo identitate apurtxoa galtzeko bidean, atzerapausoak eman ditu batasuna baino lehenagoko status-erantz. Bitartean, estatu ahulenei eta estaturik gabeko herriei bazterketaren zanga handitu zaie. Bitartean, estatuek —honetan behintzat Espainia garaile da— zentralismoaren sarea zabaldu dute, zer arrantzatuko ur nahasien gorotzetan. Eta konfinatu konfiatuok, otzan-otzan eta hitzik gabe, zer ozenagoa, konpai, isiltasuna baino?

Patriotak omen dira.

Boteretsua bezain isila da, bizkarroia, kriminal asegaitza, heriotzaren txit zerbitzari leiala. Ikusezina da eta itsu da, ez bereizteraino ezkerra eta eskuina, gobernua eta oposizioa, bere triskantzetan. Erraza ateratzen ari zaio: eskuinak eta ezkerrak, gobernuak eta oposizioak erabaki bakarra hartu dute, praktikan, elkarren artean: pandemiaren alde egiten ari dira elkar hartuta.

Nik ez dakit deusik zoro-eldarnio hauetaz, baina esango nuke pandemia bat bezalako kontingentzia madarikatu bat aukera ona izan daitekeela estatu baten zein herri baten, demokrazia baten, konbibentzia baten alde zibikoak lantzeko, minimo sozialak koipeztatzeko, gezurra baztertu eta kritika orekatua sustatzeko. Justu kontrakoa gertatzen ari da. Kohesioa hondatzen, alegia, eta ez dute hori lortu arteko onik izango. Komunitatearen alde egin ordez, suizida da nork bere alternatiba politikoa izatea horizonte bakarra. Disparatea al da eskuineko hainbat politikari imajinatzea que se jodan! eginez gobernuko porrotak eta hildakoen zifrak goraka doazela ikusita? Disparatea al da ezkerreko bat baino gehiago botoak kontatzen imajinatzea Dickensen Eguberri kanta-ko Scrooge zekenak dirua kontatzen zuen bezala behin eta berriro?

Ipuin baterako apunteak.

«Guraso hauek orain hilabete pare bateko haiexek al dira? Gurekin etxean, gurekin ikasten, gurekin jolasean, gurekin kezkatuta. Serio-serio hitz egiten digute gertatzen ari denaz; heriotza eta gaixotzeko arriskua aipatzen dizkigute. Auzoko aitona bat hil dela; osaba lanik gabe geldituko dela seguru asko; dena bukatzen denean, jende askok problema larriak izango dituela. Guk ere bai. Uste dute ez garela enteratzen, baina gertatzen dena da orain bi hilabeteko inozentzia galdu dugula. Mundua aldatu zaigu kolpean. Edo, hobeto esanda, beste modu batean hasi gara begiratzen gurasoei, munduari».

Xehetasun txikiak izan ohi dira aldaketa handien hazi. Prozesu horretan daude. Orain arte ez bezalako xehetasun txikiei erreparatzen. Gurasoei ere erreparatzen diete eta orain bi hilabete ez zeukaten existentzia daukate umeen begietan. Hurkoari erreparatu. Hona zer den, oinarrian, erreparatzea: gaizki zegoena konpontzea, zapatari batek oinetakoak nola. Bizitzen ari garen egoerak asko balio du arreta handiagoz erreparatzeko ondoan ditugunei, ume jendeari bezala zahar jendeari, gure lainezaren biktimei... Erreparatu gaizki-ulertuei, oker txikiei, esan eta burutu gabe gelditutako hitz eta egintza apal baina pizgarriei... Erreparatu gaizki-ulertuak, oker txikiak, esan eta burutu gabe gelditutako hitz eta egintza apal baina pizgarriak.

Magia pixka bat lortzeko aukerak dira, memorian irauten duten horietakoak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.