Carlota Ziganda. Golfaria

«Pena ematen du AEBek Trumpen gisako presidente bat izateak»

Carlota Ziganda bere bizilekuan dago, Arizonan. «Luze» ari zaio egiten etena, duela hiru hilabete lehiatu baitzen azken aldiz. Golfean joka dezake, AEBek funtsezko jardueratzat jo baitute, baina horrek ez du asetzen: «Ez du betetzen lehiaren falta».

CARLOTA ZIGANDA.
Julen Etxeberria.
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Goizeko hamarrak dira Scottsdalen (AEB), eta Carlota Ziganda aspaldi dago jaikita. Egina du eguneko aurreneko saio fisikoa. Aukera izan arren, gaur ez da joango golf zelaira, eta, beraz, «lasaiago» dabil. Aurki hitz egingo du etxekoekin, nola dauden jakiteko. «Ondo daude guztiak, baina kosta egiten da orain etxetik urrun egotea».

Lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Ondo nago. Ezin naiz kexatu. Arizonan bizi naiz, eta hemen egoera ez da AEBetako beste toki batzuetan bezain txarra; askoz okerrago daude, adibidez, New Yorken eta New Jerseyn. Scottsdalen bizi naiz, eta hemen jendea nahiko sakabanatuta bizi da. Ez dago biztanle kontzentrazio handirik.

Beste toki batzuekin konparatuta, konfinamendua ere leunagoa da.

Hala da. Hemen, kalera irten gaitezke, parke batera joan, paseo bat eman, kirola egin, golfean jokatu... Beste toki batzuen aldean, eramangarriagoa da egoera.

Maskara jartzen du jendeak?

Denetarik dago. Baina ezinegona dago, birusa ikusezina baita, eta ez baitakizu kutsatuta zauden edo ez. Eta hala izango da txerto bat topatu arte.

Mesfidati dago jendea?

Bai. Ni egunero joaten naiz parkera, paseo bat ematera edo korrika egitera, eta, norbait aurrez aurre dudanean, segituan joaten da bazter batera. Sentipen bitxia da.

Zu zer neurri hartzen ari zara?

Oinarrizko neurriak hartzen ari naiz: makina bat aldiz garbitzen ditut eskuak, eta maskara jartzen dut, bai erosketak egiteko, bai jendearekin egoteko. Saiatzen ari naiz jende gutxirekin egoten, eta, egonez gero, gutxieneko distantzia gordetzen dut.

Ondo daramazu konfinamendua?

Nahiko ondo daramat, lasaitasunez eta pazientziaz. Bikotekidearekin bizi naiz, eta horrek eramangarriagoa egiten du. Askoz okerrago litzateke bakarrik egonda.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Esnatu, eta ariketa fisikoa egiten dut. Gero, gosaldu egiten dut. Golf zelaira joaten ez naizen egunetan, patxada ederrean egoten naiz etxean. Irakurri egiten dut, kirolariek egiten dituzten zuzenekoak ikusten ditut, trebatzaileen gomendioak entzun, dokumentalak eta telesailak ikusi... Oso lasai bizi naiz. Alde handia dago nire ohiko bizimoduarekin konparatuta. Aldaketa handia eragin dit honek guztiak. Bitxia da: asko jokatzen eta bidaiatzen duzunean, lasai egon nahi duzu etxean, eta, orain, etxean lasai, gustura jokatuko eta bidaiatuko nuke gehiago. Halakoak gara: beti nahi dugu ez daukaguna. Oreka bilatu behar da, eta bietatik izan.

Euskal Herrian daukazu familia, Larraintzarren (Nafarroa). Asko ari zara hitz egiten haiekin?

Etengabe. Lehen jada dezente hitz egiten nuen haiekin, eta, orain, are gehiago, egunero. Horri esker, nahiz eta urruti egon, gertu sentitzen ditut. Baina gogorra da, noski. Kosta egiten da. Gainera, gustatzen zait bisitan joatea. Gustura joango nintzake, baina, gaur-gaurkoz, ez da komenigarria bidaiatzea. Atera, atera naiteke AEBetatik, baina ez dakidana da gero bueltan sartzen utziko lidaketen. Gogor egin behar diot neure buruari, eta eutsi. Laster egongo naiz haiekin.

Zer esaten dizute?

Zaintzeko, eta lasai egoteko, haiek ondo daudela. Herri txiki batean bizi dira, ia bakartuta, eta, ustez, ez dago horrenbesteko arriskurik. Hala ere, zorrotz ari dira betetzen neurri guztiak. Apenas ateratzen diren etxetik, beharrezko erosketak egiteko besterik ez. Ondo egon arren, beldur pixka bat dute.

Zerbait ikasten ari zara egoera honetaz?

Daukadana gehiago baloratzen dut orain. Lehen banekien, baina argiago geratu zait zenbat maite dudan daukadan bizitza, egiten dudana: golfean jokatu, lehiatu...

Zer sentipen duzu inguruan gertatzen ari dena ikustean?

Tristura handia ematen dit, batez ere Espainian pasatzen ari denak, nola ari den sufritzen jendea. Pena handia ematen dit zergatik ez diren lehenago hartu neurriak hau guztia gerta ez zedin.

Lehen aipatu duzu: golfean joka dezakezu, funtsezkotzat jo baitute jarduera hori AEBetan. Bitxia da.

Oso. Golf zelaiak irekiak daude, eta nahi duenak joka dezake. Horretarako, zenbait neurri hartu behar dira: gehienez, binaka joka daiteke; ezin da ukitu banderaren makila; bunkerretako arrasteluak kendu dituzte... Zelaiak oso handiak dira, ia bakarrik zaude, eta oinez joaten zara. Beraz, ez dirudi arriskutsua izan daitekeenik. Baina bai, pixka bat erokeria da golf zelaiak irekita egotea. Baina,AEBetan, turismoa erakartzeko amu handia da golfa.

Beraz, negozioa dago erabaki horren atzean?

Bai. AEBetan oso inportantea da ekonomia, eta direnak eta ez direnak ari dira egiten ekonomia geldi ez dadin.

Erabaki horretan zerikusia izan dezake Donald Trump AEBetako presidentea golfzale amorratua izateak?

Agian, bai. Izugarri gustatzen zaio golfean jokatzea. Hala ere, AEBek 50 estatu dituzte, eta estatu bakoitzak gobernadore bat du. Hark erabakitzen du zer egin eta zer ez. Trumpek zerbait esan dezake, baina, gobernadoreak beste gauza bat egin nahi badu, egin egingo du.

Agintea hartu zuenetik, eskandaluz eskandalu ibili da Trump, eta orain ere hala dabil, koronabirusari aurre egiteko neurri zentzugabeak gomendatuz. Han ere hala ikusten da?

Denetik dago. Ez zait interesatzen politika, baina agerikoa da Trumpek aldekoak eta kontrakoak dituela: batzuei gustatzen zaie, eta beste batzuek ezin dute ikusi ere egin. Pena ematen du AEBek halako presidente bat izateak, halako itxura emanez... Pena da ez egotea hobeto eta edukazio handiagoz hitz egin dezakeen norbait. Baina bera dago hor, eta jendeak erabaki du hor egotea. Ez dago besterik.

Koronabirusaren aitzakian, are gehiago gogortu du bere immigrazio politika. Gero eta zailagoa da bisak lortzea. Zuri horrek eragin diezazuke?

Uste dut ezetz. 2023ra arteko bisa dut, golf jokalari profesionala naizelako. Baina auskalo.

Abantaila handia da zuretzat golfean jokatzen jarraitzeko aukera izatea, ezta?

Bai, noski. Hala ere, ez naiz asko jokatzen ari. Astean hiru aldiz besterik ez naiz joaten golf zelaira. Gutxienekoa egiten ari naiz, kontaktua ez galtzeko.

Zure entrenatzailea, Jorge Parada, New Yorken bizi da. Nola egiten duzue lan egiteko?

Asko hitz egiten dugu. Nik bideoak bidaltzen dizkiot, eta berak gomendioak ematen dizkit.

Horren gutxi jokatuta, eskua galtzen al da?

Bai, baina bereziki motibazioa galtzen da, are gehiago egoera honetan, ez baitakigu noiz hasiko garen berriro lehiatzen. Zaila da gogor entrenatzea zehazki noiz itzuliko garen jakin gabe.

Zuk, gainera, jada aste batzuk zeneramatzan lehiatu gabe hau guztia pasatu aurretik. Horrek are nekezagoa egiten du?

Bai. Urtarril amaieran lehiatu nintzen azkenekoz. Beraz, hiru hilabete daramatzat torneo bat jokatu gabe. Ez naiz gogoratzen noiz egon naizen horrenbeste denbora geldi, lehiatu gabe; agian, 12 urte nituenean. Asko sumatzen dut lehiaketaren falta, ostegunetik igandera bitarte beste golfariekin nor baino nor gehiago aritzea.

Zer berri eman dizuete Nazioarteko Golf Elkartekoek? Badakizue noiz has zaitezketen berriro lehiatzen?

Inork ez dakit zehatz-mehatz noiz itzul gaitezkeen lehiara. Bi asteren bueltan agian jakingo dugu zerbait. Hainbat aukera daude: ekainean hasi, uztailean hasi, edo beranduago. Estatuek hartzen dituzten erabakien arabera egingo dugu gauza bat edo bestea.

Zer gerta ere, kosta egingo zaizue lehiari ekitea, ezta?

Bai, eta, horregatik, uste dut bizpahiru aste emango dizkigutela, sasoia hartzeko. Txarrenean, hemen, AEBetan, golfari guztiok gaude egoera berberean. Gure lehentasuna da sasoi betean egotea aukera dagoenerako.

Ikuslerik gabe jokatzeko aukera aipatu da. Zer iritzi duzu?

Lehiatzeko dugun aukera bakarra baldin bada, aurrera egingo nuke. Nahiago nuke ikusleekin jokatzea, baina zail ikusten dut laster hala izatea.

Egoerak ondorioak izan ditzake golfean?

Ondorioak, egon, egongo dira, ziur. Ekonomia gelditzen denean, alor guztietan izan ohi dira ondorioak. Hala, gaizki dabiltzan enpresek zail izango dute golf torneo bat ordaintzea, ezin badiete euren langileei soldata pagatu. Arlo guztietan egongo dira ondorioak, eta denbora beharko da lehengo egoerara bueltatzeko. Gustatuko litzaidake bi urteren buruan berriro lehengora itzultzea.

Koronabirusaren ondorioz, atzeratu egin dituzte Tokioko Olinpiar Jokoak. Zu, ezusterik ezean, han aritzekoa zinen. Kolpea izan da?

Bai, denboraldi honetako helburu nagusietako bat baitzen. Kirolari batentzat handia da Olinpiar Jokoetan aritzea. Rio de Janeirokoen oroitzapen ederra dut: mundu osoko kirolariak ezagutu nituen; beste diziplinetako partidak ikusi nituen... Ingurua oso polita da, eta gozamena da hor egotea. Baina ados nago hartu duten erabakiarekin. Egoera nola dagoen kontuan hartuta, nahi duzun azken gauza da mundu osoko milaka lagunekin egon. Oso arriskutsua da.

Zeintzuk ziren sasoiko beste helburuak?

Iaz bezain ondo aritzea eta, ahal izanez gero, koska bat gora egitea.

Iaz Mediterraneoko Irekia irabazi zenuen, Europako zirkuituan, eta denboraldian erregular aritu zinen: Grand Slameko bost torneoetatik hirutan aurreneko hamarren artean sailkatu zinen. Horrek esan nahi du jada sendotuta zaudela?

Bai. Azken urteetan sendoago ari naiz, eta emaitza onak lortu ditut torneo handietan. Horrek, noski, konfiantza eman dit. Gogotsu nago berriro lehia hasten denean bide horri eusteko.

Bi torneo irabaziak dituzu zirkuitu nagusian: bata, Mexikon, eta bestea, Hego Korean. Aspalditik AEBetan bizi zarela kontuan hartuta, gogo berezia duzu han bat irabazteko?

Bada, egia esan, bai. Izugarri gustatuko litzaidake hemen irabaztea, hemen ari baitira munduko golfaririk onenak. Erakutsi nahiko nuke ni ere hor nagoela. Bost urte daramatzat nire entrenatzailearekin lanean, eta nabari dut gero eta hobeto ari naizela. Swinga hobetu dut [bola ahal den urrutien bidaltzea], teknika ere bai, eta, eskarmentuari esker, emaitza onak ari naiz lortzen. Bide onean nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.