Benito Perez Galdos, idazle handia, 1920. urtean hil zen; beraz, aurten bete dira ehun urte. Duela bi hilabete, bidaiatzea orain baino errazago zegoenean, bere jaiotetxea bisitatzeko mugona izan dut, Kanarietako Las Palmas hirian. Egun, museoa da etxe hori eta joan daiteke bisitan. Egokitu zitzaidan gida, gizon atsegina eta hiztuna, ordubete egon zen nirekin etengabe hizketan eta, museoan ni bakarrik nengoenez, luze jardun zuen presarik gabe. Galdosen bizitza kontatzean ohartu nintzen, ordea, ez zidala aipamenik egiten ez bere euskal abizenaz eta ezta ere bere aitonaren jatorriaz. Nik zerbait galdetu, eta orduan bai, orduan, parrastada batean hasi zitzaidan dena azaltzen. Kontua da gida horrek nahita ezkutatzen zuela Galdosen harremana Euskal Herriarekin.
Benito Perez Galdosen aitona, Domingo Galdos Alkorta, Azpeitian jaio zen, eta XVIII. mende amaieran Las Palmasera joan zen Inkisizioaren idazkari kargua hartuta. Galdos idazleak, bere memoria-liburuan, kontatzen digu Episodios Nacionales proiektu mardula gauzatzean, Zumalacarregui eleberria idazteko materialak prestatzen ari zenean, Euskal Herrira etorri zela, 1898. urtean, hainbat hiri, herriska eta leku bitxi ezagutzearren. Horrela, Zegama, Iruñea, Gares, Lizarra, Viana, Elorrio, Bilbo... bisitatu zituen. Zegaman, on Miguel Zumalacarregui apaiza, jeneralaren iloba, bisitatu zuen. Galdosek kontatzen digu Miguel jaun on eta atseginak bere etxean hartu zuela, xalotasun eta kortesia osoz, eta erakutsi ziola osaba jeneralak zein gelatan eman zituen azken orduak hil aurretik. Bertan bazkaltzeko gonbita ere luzatu zion, Galdosek jendetasunez eskerrak emanda, esan zion presaturik zebilela eta ezin zuela. Apaizak, orduan, kopatxo bat ardo zuri eskaini zion joan aurretik, «herrian ohitura den bezala».
Biharamunean, diligentzia bat hartuta, Beasaindik Azpeitira joan zen zuzenean, bere aitona Domingoren jaioterria ezagutu nahi baitzuen idazleak. Azpeitia «izugarri itsusia iruditu zitzaidan; etxeak, garaiak eta ospelak». Parrokia, hala ere, ederra begitandu zitzaion, eta Ventura Rodriguezen portikoa, zoragarria. Artetxe ostatua, handia eta erosoa, aukeratu zuen geratzeko. Paseoan ibili zen, herria ezagutzen, eta han eta hemen galdezka ea galdostarrik ba ote zen bertan. Ez zen inor geratzen. Azkena, nonbait, moja bat, Ignacia Galdos, baina elizan esan zioten 1890. urtean hil zela. Gainontzeko Galdos guztiak lehendik joanak omen ziren Azpeititik, gehienak «Kubara eta horrelako irla urrunetara».
Hurrengo goizean ostatuan, Galdosek ezin izan zuen lo gehiagorik egin, goizean goizetik emakume zerbitzaria ate joka hasi baitzitzaion.
«Jauna, dagoeneko bi meza galdu dituzu, bat besterik ez da geratzen, ez bazara oraintxe jaikitzen, hori ere galdu egingo duzu». Galdosek idazten du segidan: «Baina kontu hori ez zen niretzat». Hurrengo egunean, etxekoandreari azaldu zionez, Loiolako Santutegira oinez joateko gogoa jarri zitzaion, hango meza entzuteko. Horixe egin zuen eta, azaltzen digunez, Loiolako eliza hartan nagusitzen omen dira gustu artistiko kaxkarra eta marmolez eta jaspez egindako materialen gehiegikeria. «Azkoitian hartu nuen Elorriorantz zihoan diligentzia bat, eta handik beste bat, Bilbora joateko».
Aditu askok diote Galdosek begirunea eta sinpatia handia izan zituela euskal jendearekiko, eta hori bere liburu askotan ikusten dela. Antiklerikala, ideia aurrerakoiekin eta pentsamolde liberala izanik, karlistenganako ezinikusia erakutsi zuen behin eta berriz. Euskaldun askok beste zerbait leporatzen diote, ordea: 1884. urtean, Buenos Airesko egunkari batean idatzi zuen artikuluan euskararen erabilera aipatuz, guztiz kontrako azaldu zen, zehaztuz gainera, euskararen fonetika ez zitzaiola batere atsegin. Benito Madariaga adituak dio Galdosen jarrera hori guztiz ulertezina dela, gauza askotan halako pentsamolde eta jarrera irekia zeukan pertsona baten kasuan bereziki. Kontuan izanda, gainera, euskaldunekiko jarrera aldekoa izan zuela, askotan jarrera hori mirespen bilakatu arte. Baina, dena dela, egia da garai haietan (eta baita gaur ere) modan zegoela hainbeste intelektual eta artistak horrelako eta antzeko adierazpenak egitea euskararen aurka.
Azkenaldian maiz harrotu dira Galdosek Emilia Pardo Bazanekin izandako amodio-kontu eta harreman intimoak. Agian ez da hain ezaguna, ordea, Galdosen azken amodio sutsua emakume bizkaitar bat izan zela, Teodosia Gandarias, Gernikan jaiotako alarguntsa. Hil arte iraun zuen azken maitasun-su horrek, hamabost bat urte guztira. Emakume jakintsua zen oso, asko irakurria eta ingelesa ikasten zuena. Galdosek askotan galdetzen zion iritzia, eta euskal gaietan aholku zuzena ematen zion idazleari. 240 gutun idatzi zizkion Galdosek Teodosiari, bada zerbait. 1920. urtean, urtarrilean eta hiru eguneko tartearekin, hil ziren biak. Galdosen ezagun batek idatzi zuen gutunean hauxe esaten da: «Teodosia izan zen bere su-amodioa. Eta izan zen diot, Galdos hil baino hiru egun lehenago hil zelako Teodosia, idazlea hilzorian zegoela jakin bezain agudo».
Norbaiti halako batean, Galdosen liburuetara inguratzeko gogoa pizten bazaio, badauka, esate baterako, Zumalacarregui deituriko eleberri interesgarriarekin hastea. Bertan, lehen gerra karlistan izandako gorabeherak kontatzen ditu, eta Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko (Bilbo barne) hainbat leku eta herri azaltzen dira.
IRITZIA
Galdos idazlea Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu