Apaolazak, Bilbaok eta Mutuberriak irabazi dituzte Euskadi sariak

Uxue Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' ipuin bilduma saritu dute narratiban, Leire Bilbaoren 'Barruko hotsak' poema liburua haur eta gazte literaturan, eta Maite Mutuberriaren 'Irrimola' ilustrazio lanean

Maite Mutuberria, Leire Bilbao eta Uxue Apaolaza, atzo, Gasteizko Artium museoaren atarian, sarien berri emateko agerraldia hasi baino lehen. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Literaturako Euskadi saridun berrien aurreneko izenak dira: Uxue Apaolaza, Bihurguneko nasa ipuin liburuagatik; Leire Bilbao, Barruko hotsak poema liburuagatik; eta Maite Mutuberria, Irrimola liburuko ilustrazio lanagatik. Atzo ezagutarazi zituzten Gasteizen, Artium museoan egindako agerraldian, eta han izan ziren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Andoni Iturbe Kultura sailburuordea ere. Ordezkari gisa baino gehiago, irakurle gisa eskerrak emanez hasi zuen agerraldia Zupiriak, hala ere: «Eskerrik asko irakurle garenoi istorioak, ilustrazioak, pertsonaiak eta sentimenduak eskaintzeagatik, eta horien bitartez gure iruditeria eta imajinazioa lantzen laguntzeagatik». Eta gogorarazi zuen izenak jakinaraztea soilik dagokiola hari, aukeraketa beste idazle eta ordezkari batzuek egiten dutelako.

Hain zuzen ere, Leire Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek erabaki dute Apaolazaren lana saritzea. Epaimahaikideen hitzetan, Bihurguneko nasa (Susa) liburuak «identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa» eskaintzen du.

Apaolazak iazko azaroan argitaratu zuen liburua, Susa argitaletxearekin. Egilearen hirugarren lana bederatzi ipuinek osatzen dute, eta hiria da kontakizun guztiak lotzen dituen haria, Madril; baita Lur narratzaile eta protagonistaren ahotsa ere. Bada, kontakizunen «prosa gihartsua» nabarmendu du epaimahaiak bereziki. «Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian —ustekabean— irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesturetan sakontzen».

Oraindik albistea barneratu ez bazuen ere —«loteria langile auzoetan tokatzen denean bezala nago, kokatu ezinik oraindik»—, esker onez agertu zen Apaolaza liburuari egindako aitorpenagatik. Eta liburuaren formatuan nahiz edukian egin nahi izan zuen azpimarra: «Fikzioa dira, eta irakurtzeko dira; ez dira entzuteko ipuinak, ez ozen irakurtzekoak».

Leire Bilbaoren Barruko hotsak (Pamiela) liburua, aldiz, «belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko modukoa» da, epaimahaiaren iritziz. Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osatu dute kategoria horretako epaimahaia, eta idazleari aitortu diote «poesia bisuala» landu izana, baita «kaligramaren generoa» berritu izana ere, errimak eta erritmoak baliatuta. «Nabarmentzekoa da, orobat, liburuaren konposizio, maketazio eta ilustrazio lan bikaina».

Iazko abenduan aurkeztu zuen liburua. Haurren egunerokoan dauden barneko nahiz kanpoko soinuekin jolas eginez, hotsak poema bihurtu zituen idazleak. Onomatopeiak eta kaligramak erabili zituen bildumaren kontakizuna osatzeko, eta, hala, ume baten egunaren soinu banda izan daitekeena jaso zuen poesia bilduman. Bada, idazleak irakurleei eskatu die, «ume zein heldu izan», liburua irakurtzean nork bere «soinu banda propioa» aurkitzeko.

Bigarrenez jaso du haur eta gazte literaturako Euskadi saria Bilbaok; 2017an Xomorropoemak eta beste piztia batzuk liburua saritu zioten. Maite Mutuberria ilustratzailea izan zuen bidelagun orduan, eta baita orain ere. Bada, idazleak adierazi zuen «poz bikoitza» zuela, Mutuberria ere saritu dutelako aurten.

Mutuberria, baina, ez dute lan horregatik saritu, Irrimola (Ikaselkar) liburuagatik baizik. Iaz argitaratu zuen lana; poza du ardatz, eta berezitasunik handiena zera da: forma borobila duela. Javier de Isusi, Maria Altuna, Jon Mantzisidor, Yolanda Mosquera eta Miren Asiain epaimahaikideen iritziz, Mutuberriaren lanak album ilustratuaren kontzeptua «beste dimentsio batera» eramaten du, hain zuzen ere. «Haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat».

Mutuberriak aitortu zuen baietz, itxura «berezia» duela lanak, baina prozesua ere halakoxea izan zela. «Polita da hitz horiek entzutea, etxean, bakarrik, lanean ari garenean, batzuetan ez baitakigu inork ulertuko duen egiten saiatzen ari garen hori».

Azaroaren 24an, DonostiakoTabakalera Kultura Garaikidearen Zentroan egingo dute sariak banatzeko ekitaldia. Guztira zazpi sari banatuko dira, eta datorren astean iragarriko dituzte falta diren beste lau kategorietakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.