Damaris Egurrola. Olympique Lyoneko jokalaria

«Tituluak irabazteaz gain, taldearentzat garrantzitsu sentitu naiz»

Txapeldunen Liga irabazi duen Euskal Herriko lehen emakumezkoa da. Garaikur hori altxatzea zuen amets, eta 22 urterekin lortu du: «Nahiko nuke beste pare bat irabazi». Ezusterik ezean, uztailean Eurokopa jokatuko du Herbehereekin.

LYON.
ainara arratibel gascon
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun

Azken asteak ahaztezinak izan dira Damaris Egurrola Olympique Lyoneko jokalariarentzat (Orlando, AEB, 1999). Hamar egunetan Txapeldunen Liga eta Frantziako Liga irabazi ditu, eta Herbehereetako selekzioaren Eurokoparako behin-behineko zerrendan sartu da. Oinak lurrean ditu, hala ere, eta gauza bakarra du buruan: «hazten eta ikasten segitzea». Ohikoa duen patxadaz, ondorengoa gehitu du: «Lekurik aproposenean nago horretarako».

Athleticen Liga bat irabazi zenuen; orain, Olympique Lyonekin Txapeldunen Liga bat eta Frantziako Liga bat. Oso desberdinak al dira ospakizunak leku batean eta bestean?

Nik oso modu ezberdinean bizi izan ditut. Athleticekin liga irabazi nuenean 16 urte besterik ez nituen. Taldeko gazteena nintzen, eta ia ezin nuen ezer egin. Denak zeuden ni zaintzen. Oraingo honetan, ordea, bete-betean ospatzen ari naiz gauzak. Txapeldunen Liga ez da egunero irabazten. Gainera, nire taldekide, lagun eta erreferenteetako batek, Dzsenifer Marozsanek, lesio larri bat izan zuen duela aste batzuk, eta ilusio handia egin zidan harekin ospatzeak.

Zure taldekide askok garaipen zerrenda luzea dute. Patxada handiagoarekin ospatu zuten haiek?

Ez, berdin ospatu zuten.

Ospakizuneko zein unerekin geratuko zinateke?

Epaileak partidaren amaiera adierazi eta talde osoak elkar hartuta ospatu genuenekoa. Horrek erakusten du zer-nolako taldea garen. Denboraldi oso txar batetik gentozen, baina hasieratik oso batuta egon gara, eta hori gakoa izan da lortu duguna lortzeko. Bestalde, udaletxeko ospakizunetan Athleticekin liga irabazi ostean Bilbon egin genituenak etorri zitzaizkidan burura.

Jabetu zara lortutakoaz?

Ari naiz pixkanaka. Baina egun askotan kostatu egin zait. Pentsa, Txapeldunen Liga irabazteagatik eman ziguten domina etxeko sarrerako mahaian izan dut, irteten nintzen aldiro ikusteko. Sakelakoa alboratuta izan dut egun batzuetan, eta jendearen mezuak ikustean sentipen asko sortzen zaizkit. Emozio handiko egunak izan dira, oso bereziak.

Txapeldunen Ligaren kasuan, aurreko sasoian titulua lortu ostean, askok aipatu zuten Bartzelona faborito zela, eta bigarrena lortuz gero aro aldaketa izan zitekeela. Zuek, ordea, zazpi zenituzten irabazita. Amorrua eman zizuen horrek?

Guk bagenekien Bartzelona sasoi betean heltzen zela finalera. Itxaropen handia zuen, eta zale askoren babesa. Alde horretatik, agian, gu ez ginen faborito. Baina oso lasai heldu genion finalari. Oso jokalari onak eta esperientzia handikoak ditugu, eta lehen minutuetatik nagusi izan ginen buruz buruko guztietan. Hori erabakigarria izan zen finala gure alde jartzeko. Lyonek esperientzia handia du halako partidak jokatzen, eta horrek beti laguntzen du. Bartzelonak gol bat sartu zigun arren, guk berdin jarraitu genuen.

Zein izan ziren finala irabazteko gakoak?

Uste dut partida planteatzeko modua perfektua izan zela. Barrutik eta lerro artean jokatzeko espazioak oso ondo itxi genizkien, eroso egon ez zitezen. Gainera, partida oso fisikoa, intentsoa eta oldarkorra jokatu genuen hasieratik, eta haiek ez daude ohituta horretara. Nik uste dut ez zutela espero hala irtengo ginenik. Lehen gola hain garaiz sartzeak ere eroso eta patxadaz jokatzeko aukera eman zigun.

Txapeldunen Liga irabazi duen Euskal Herriko lehen emakumezkoa zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Egia esan, ez nuen horren berri. Baina harro egoteko moduko zerbait da. Bidea luzea izan da hona heltzeko. Oso une bereziak bizi izan ditut etxekoekin eta lagunekin, eta espero dut gehiago izatea.

Beste euskal jokalari batek ere jokatu zuen finala: Irene Paredesek. Biak elkarrekin aritu zineten Athleticen. Hitz egin zenuen harekin?

Irene finalaren bezperan ikusi nuen, entrenatu aurretik. Denbora neraman hura ikusi gabe. Tarte batez hitz egiteko aukera izan genuen. Partidaren ostean ere elkar agurtu genuen, baina apenas hitz egin genuen. Harekin nagoen aldiro, Athleticen pasatu genituen momentuekin gogoratzen naiz. Asko erakutsi zidan, baita lagundu ere.

Finalean minuturik jokatu ez izanaren arantza geratu zaizu?

Aste osoan egindako entrenamenduetan landu genituen hainbat gauza kontuan hartuta, banuen susmoa ez nuela jokatuko. Baina entrenatzaileak hamaikakoa esan arte, beti duzu jokatzeko itxaropena. Apur bat gogorra izan zen. Are gehiago kontuan hartuta denboraldi osoan dezente jokatu dudala eta garrantzitsu sentitu naizela. Niretzat lehen finala zen, Bartzelonako jokalari asko lagunak ditut, eta banuen ilusioa jokatzeko. Baina konturatzen naiz zer maila handiko taldean nagoen, eta nolako lehia dagoen jokatzeko. Garrantzitsuena da irabazi egin genuela, eta berdin-berdin sentitu naiz txapeldun. Buruan dudan bakarra lanean segitzea da, hurrengoa heltzen denean jokatzeko aukera izateko. Gainera, esan bezala, denboraldi osoan asko jokatu dut, garrantzitsu sentitu naiz taldearentzat, eta horrekin geratzen naiz.

Nola bizi izan zenuen finala?

Oso gaizki pasatu nuen. Ezin nion urduritasunari eutsi, ezta berotzen egon nintzenean ere. Nire taldekideak oso harrituta geratu ziren, ni berez oso lasaia bainaiz zelaian. Epaileak zazpi minutuko luzapena adierazi zuenean, nahi nuen bakarra irtetea zen.

16 urterekin irabazi zenuen lehen titulua goi mailan, eta 22rekin lortu duzu Txapeldunen Liga. Hain gaztea izanda hori guztia lortzea nola daramazu?

Ondo. Pentsa, taldean badira ni baino gazteagoak diren jokalariak hiruzpalau Txapeldunen Liga irabazi dituztenak. Horrek indarra eta ilusioa ematen dit lanean segitzeko. Leku oso onean nago, jende apartaz inguratuta, eta, esan bezala, espero dut hau hasiera besterik ez izatea. Urteak pasatu ahala, beste pare bat lortu nahiko nituzke. Beti izan da nire ametsa Txapeldunen Liga irabaztea, eta kopa jasotzea izugarria izan zen.

Liga ere irabazita, berriro Lyonik onena itzuli da?

Baietz uste dut. Aurreko denboraldia oso txarra izan zen. Sasoi asko zeramatzan taldeak dena irabazten, eta normala da halakoak gertatzea. Oso zaila da etengabe irabazten egotea. Gogorra izan zen. Baina horrek balio izan zigun pentsatzeko, modua aldatu eta denboraldi honi beste gogo eta ilusio batekin heltzeko. Denboraldiaurrean oso ondo egin genuen lan, eta begira zer lortu dugun.

Eta zuk zer balantze egiten duzu denboraldiaz?

Orkatileko ebakuntzagatik hainbat hilabete jokatu gabe egon arren, hona etorri nintzenetik salto handia eman dudala uste dut, batez ere indarrean, erritmo aldaketetan... Indartsuago eta bizkorrago sentitzen naiz, eta horrek lagundu dit jokaldietara aurreratzeko eta jokoa irakurtzeko dudan ahalmenari etekin handiagoa ateratzeko. Tekniko-taktikoki, berriz, beti saiatzen naiz taldeari lasaitasuna ematen. Sonia Bompastor entrenatzaileak ezarritako jokatzeko erarekin oso eroso sentitzen naiz, garrantzi handia ematen diolako baloia izateari. Espazio txikietan konbinazio ugari egiten ditugu, bizkor jokatuz. Gozatzen ari naiz.

Sonia Bompastor aipatu duzu. Lehen emakumezkoa da entrenatzaile eta jokalari gisa Txapeldunen Liga irabazi duena. Zer eman dizue?

Denboraldian dena ez da ona izan. Garai txarrak ere izan ditugu. Baina une horietan ere konfiantza handia eman digu bai taldeari, bai jokalari bakoitzari. Hura gure lekuan ere egon da, eta horrek asko laguntzen dio egunerokoan. Izugarria da lortu duena.

Orain atseden gutxi izango duzu, ezusterik ezean selekzio arteko lehen txapelketa handia jokatuko baituzu Herbehereekin: Eurokopa.

Hala da. Egia esan, beste amets bat beteko dut. Denboraldi hasieran ez nuen halakorik espero. Baina, behin Herbehereekin jokatuko nuela erabaki nuenean, hauxe nahi nuen. Lehen deialdia oso berezia izan zen, amaren herrian egin bainuen debuta. Udan hara joan ohi ginen Herbehereen partidak ikustera. Gainera, selekziokideek, entrenatzaileak eta zaleek oso ondo hartu naute.

Zergatik erabaki duzu azkenean Herbehereekin jokatzea?

Ni, amerikarra bainoago, europarra sentitzen naiz. Txikia nintzenean joan ginen AEBetatik. Gainera, nire amaren herrialdearentzat jokatzea harro egoteko modukoa da. Haiek, gainera, hasieratik egin zuten nire aldeko apustua, eta horri balio handia ematen diot. Proposamena egin zidatenean, ez nuen bitan pentsatu. Herbehereak, gainera, goi mailako selekzioa da: egungo Europako txapelduna eta munduko txapeldunordea da.

Hitz egin duzu hautatzailearekin? Zein izan daiteke zure rola?

Hitz egin dut, eta konfiantza handia eman dit; espero dut minutuak izatea. Nahiz eta badakidan iritsi berria naizela, eta egokitu behar dudala: taldekideak eta jokatzeko era hobeto ezagutu... Horrez gain, Herbehereekin jokatzea erabaki dut haien jokatzeko era oso egokia delako niretzat. Baloia izatea eta lerro artean jokatzea du oinarri, eta ni ondo moldatzen naiz. Martens, Miedema... kalitate handia dugu, eta uste dut haiekin hazten eta ikasten segituko dudala. Lyonen bezala, onenak izango ditut inguruan. Eurokopa beste mugarri bat izatea nahi dut nire kirol ibilbidean.

Fisikoki nola zaude ia beste bi hilabetez lehiatzen segitzeko? Ebakuntza egin zizuten orkatila erabat ondo daukazu?

Argi dago denboraldia luze egingo dela. Baina sasoi betean nago. Fisikoki uste dut sekula ez naizela hain ondo egon. Oraindik gogoan dut denboraldiaurrea. Lehena zen Lyonekin. Asko sufritu nuen lehen egunetan, baina merezi izan du. Horri esker nago orain horren ondo. Sasoiari eusteko dena emango dut. Orkatila, berriz, oso ondo dago. Osatze prozesua bikain joan zen.

Zutaz gain, beste lau euskal jokalarik dute Eurokopa jokatzeko aukera, Espainiaren behinbehineko zerrendan baitaude: Nerea Eizagirrek, Amaiur Sarriegik, Ainhoa Vicente Morazak eta Lucia Garciak. Balio handia eman behar zaio horri, ezta?

Dudarik gabe. Euskal Herrian egiten den lan onaren seinale da. Amaiur eta Nerearekin urte askotan jokatu nuen euskal selekzioan. Nazioartean torneoak jokatzeko aukera izan genuen, eta, iritsi garen lekura iritsi bagara, horri esker ere izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.