Unai Laso. Pilotaria

«Baiko diktadura bat da»

Astebete joan da Baikok jakinarazi zuenetik Unai Lasok ez zuela enpresan jarraituko. «Pixkanaka-pixkanaka» ari da kolpea onartzen, baina aitortu du «sekulako etsipena» duela barruan. Oso gogor kritikatu du bere enpresa izandakoaren jarrera.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu berri du Unai Lasok (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997). Izan ere, nahiz eta Baiko enpresak kontratua ez dion luzatu, eta profesionaletan jokatzeari utziko dion, ez du pilotan aritzeari uzteko «inolako asmorik». «Gogoa eta ilusioa kendu dizkidate apur bat, baina pilotan jokatzea da bizitzan gehien gustatzen zaidana. Afizionatuetan jokatzen segitzeko asmoa dut», aitortu du.

Astebete joan da Baikok jakinarazi zuenetik ez zenuela enpresan jarraituko. Nola zaude?

Poliki-poliki ari naiz onartzen gertatu zaidana. Lehen egunean baino hobeto nago, baina oraindik denbora beharko dut buelta emateko. Kolpe handia izan da, eta oso minduta nago. Sekulako etsipena dut barruan.

Ezustean harrapatu zintuen?

Zoritxarrez, ez. Ikusten nuen nola ari zen jokatzen azkenaldian enpresa. Edozer egiteko gai ikusten nuen.

Adibidez, ez zintuen aukeratu Mastersa jokatzeko, nahiz eta binakakoan bikain aritu eta finalerdietarako sailkatu. Susmo txarra hartu zenion erabakiari?

Erabat. Oso argi zegoen zergatik ez ninduen enpresak aukeratu Mastersa jokatzeko: ni presionatzeko, beldurtzeko eta, hori eginez, kontratuan jartzen zidan guztia onar nezan.

Nolakoak izan ziren kontratua berritzeko negoziazioak?

Abuztuan deitu ninduen lehen aldiz enpresak. Joserrak deitu ninduen [Jose Ramon Garai, Baikoko zuzendari nagusia], eta esan zidan ea Bilbora joan nintekeen, nire kontratuaz hitz egiteko. Abuztuaren 12an joan nintzen enpresaren bulegora, eta han eman zidaten kontratua, sina nezan. Nik esan nien, lehenbizi, ondo begiratu nahi nuela kontratua. Begiratu nuen, eta ez zitzaidan onargarria iruditu.

Zergatik ez zitzaizun onargarria iruditu?

Ez zelako duina. Ez zen diru kontua, duintasun kontua baizik. Ez nengoen prest, nire urterik onena egin ondoren, duela hiru urte debuta egin nuenekoa baino kontratu okerragoa sinatzeko. Nik asko baloratzen dut bizitzan duintasuna, eta kontratu hori ez zen duina, inondik inora ere. Horregatik, beste proposamen bat egin nien.

Zer esan zizuten?

Diru asko eskatzen nuela, eta egoera honetan ezinezkoa zela halakorik ematea. Eta kito. Hortxe bukatu zen negoziazioa. Nik espero nuen hitz egiten jarraituko genuela eta, agian, akordio bat lortuko genuela. Baina ez, ez zidaten besterik esan. Ez zidaten deitu ere egin esateko ez nuela jarraituko. Internetez izan nuen horren berri, enpresak webgunean jarritako oharra irakurrita. Horrek agerian uzten du nolakoa den enpresaren jarrera eta jokabidea: edo hark eskainitakoa sinatzen duzu, edo kalera zoaz. Kito. Horrela funtzionatzen du enpresak.

«Duintasun» hitza darabilzu etengabe.

Lehen esan dudan moduan, bizitzan asko baloratzen baitut duintasuna. Duintasunik ez baduzu, edozer sina dezakezu, baita buruz buruko txapeldun izan eta aurrekoa baino kontratu okerragoa sinatzea ere. Ez, hori ezin da horrela izan. Gutxienekoa da kirol emaitza askoz hobeak lortu ondoren kontratu hobeago bat izatea.

Zuk inoizko emaitzarik onenak lortu dituzu azken urtean.

Hala da. Azken urtean, enpresako aurrelaririk onena izan naiz emaitzei erreparatuta: hirugarren sailkatu nintzen lau eta erdikoan; finalerdietako ligaxkarako sailkatu nintzen binakakoan, Jon Anderrekin [Albisu]; eta lehena naiz enpresaren sailkapenean. Baina bost axola hori enpresakoei. Ez dute inondik inora aintzat hartu. Are gehiago, ni izorratzen pasatu dute uda guztia, beti oporrak emanda, joka ez nezan. Eta horrek edonor erretzen du. Oso gaizki pasatu dut.

Baikon jarraituko ez zenuela jakinarazteko berrian, enpresak zioen «ateak zabalik» uzten dizkizula«etorkizunean berriz elkartzeko».

Bai, hark eskainitakoa onartzen badut. Oso argi geratu zait ez zutela inolako interesik nik enpresan jarrai nezan: ez dut dei bakar bat ere jaso. Giza tratua ere oso txarra izan da.

COVID-19aren pandemiak «egoera ekonomiko txarra» eragin duela: horixe da Baikok argudiatu duen arrazoi bakarra.

Hori dio enpresak, baina horrek ez dit balio. Batetik, aldi baterako erregulazioan sartu gintuztenean, talde moduan eskatu genion enpresaren kontuak erakusteko, eta ez zizkiguten erakutsi nahi izan. Ez lehen, ez orain. Horrek erakusten du kontuak erakusteko beldurra dutela. Bestetik, nahiz eta, ustez, egoera ekonomikoa oso txarra izan, enpresak lau pilotariri berritu die kontratua, eta horietatik hiruk kontratu handiak sinatu dituzte. Pilotari batzuei lagundu egiten die enpresak, eta beste batzuk, izorratu; adibidez, Mariezkurrena eta biok. Binakakoan aritu ginen biak, eta logikoena litzateke Mastersa ere jokatzea. Baina, kontratu berria sinatu behar genuenez, gu izorratzen aritu dira, partidak ez emanda. Gazteak gara biak, eta logikoena litzateke enpresak gaztetasunaren alde egitea. Baina Baikok ez ditu gauza logikoak egiten, eta ez ditu aintzat hartzen kirol lorpenak. Begira nola jokatu duen Eskirozekin: bigarren mailako binakakoa irabazi berritan bota du kalera. 22 urte ditu, eta etorkizun bikaina. Baina bost axola hori enpresari. Eta Eskirozek gutxieneko soldata jasotzen zuen. Hori ez da ezer enpresarentzat!

Besteak beste, Eskirozi eta beste zenbait pilotariri kontratua ez berritzeak eragin zuen joan den astean Baikoko pilotari gehien-gehienek prentsaurrekoa ematea. «Egoera jasanezina» dela salatu zenuten.

Hala delako. Uste genuen prentsaurrekoa emanda enpresak aldatu egingo zuela jarrera, baina haren erantzuna izan da, lehenbizi, niri kontratua ez berritzea, eta, gero, Mariezkurrenari beste horrenbeste egitea. Enpresa oso gaizki kudeatzen ari da dena.

Enpresa diozuenean, Garairen izena aipatzen duzue jarraian. Zergatik?

Garai etorri zenetik aldaketa asko izan direlako, eta, agerikoa denez, okerrera egin delako. Orain, nahi eta nahi ez egin behar da enpresak nahi duena. Diktadura bat da. Tratu oso txarra jasotzen dugu enpresarengandik.

Erakunde publikoei ere laguntza eskatu diezue. Zergatik?

Erakunde publikoek pilotariok baino indar gehiago egin dezaketelako. Auzi honi irtenbide bat ematen lagundu ahal badigute, eskertuko genuke.

Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imaz ez beste, Baikoko pilotari guztiak bat eginda daude. Sendoa da batasun hori?

Bai, eta batasun hori oso garrantzitsua da, enpresak ez baitu ezer egingo pilotaririk gabe. Berri oso ona da horrenbeste pilotari bat eginda egotea.

Zer iritzi duzu bat egin ez duten hiru pilotarien jarreraren inguruan?

Beraiek jakingo dute zergatik erabaki duten kanpoan egotea. Nik badakit zergatik egin duten, baina ez naiz horretan sartuko.

Zer egiteko asmoa duzu orain?

Nire kasa entrenatzen jarraituko dut. Gertatu zaidanarekin ilusio pixka bat galdu dut, baina izugarri maite dut pilota, eta jokatzen segitu nahi dut, afizionatuetan edo nire kabuz. Hasteko, federatu egingo naiz, asegurua izateko, eta gero, ikusiko dut zer egin. Agian, Huarte taldean [Nafarroa] hasiko naiz, baina lehenbizi, ilusioa berreskuratu nahi dut. Berriro gozatu nahi dut pilotan jokatzen.

23 urte baino ez dituzu, eta emaitza bikainak lortu dituzu azkenaldian. Pilotari interesgarria izan zaitezke, adibidez, Asperentzat. Aukera ederra litzateke profesionaletan jarraitzeko, ezta?

Niri inork ez dit deitu. Interesa baldin badute, deituko didate. Ez dut horretan pentsatu.

Baikok Asier Agirre aukeratu du zu ordezkatzeko binakakoaren azken txanpan. Harentzat ere ez da egoera samurra, ezta?

Asierrentzat ez da egoera batere samurra, oso lagun onak baikara. Berak badaki niri eskuetatik kendu didatela aukera hau, eta, horregatik, ez zaio gustatzen egoera honetan iritsi izana berari aukera jokatzeko.

Hitz egin duzu harekin?

Bai, eta aitortu dit berarentzat oso fardel handia dela egoera honetan ni ordezkatzea. Lasai egoteko esan diot. Halere, ezin dut burutik kendu zein erraz eta zein era injustuan kendu didaten eskuetatik horren aukera eder hau. Sekulako etsipena dut barruan.

Binakakoa ikusteko asmorik duzu?

Ez dakit. Joango nintzateke frontoira, lagunak ikusteko, baina hori eginez enpresari emango nioke dirua. Eta ez dut nahi. Ikusiko dut zer egingo dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.