Ane Pescador. Arraunlari ohia

«Indarra berreskuratzen badut, baliteke itzultzea»

Hamahiru urterekin hasi zen arraunean, beste hainbeste egin ditu tostetan, eta orain utzi egingo du emakumezko arraunlari loriatsuenetakoak. Ane Pescadorrek bost aldiz irabazi ditu Kontxako Bandera eta Euskotren liga, San Juanekin, eta bostak, segidan.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia<YLG>
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ezina ekinaren bidez egin duena, eta, kolpe bakoitzaren ondotik, azkar jaiki dena. Lehiakorra, langilea, taldekidea, saiatua, egoskorra... Ezaugarri horiekin guztiekin, arraunlari ona izan behar zuen Ane Pescadorrek (Errenteria, Gipuzkoa, 1992), eta, aitak sartu zion jakin-mina pizgarri gisa hartuta, arraunlari handienetako baten gisara utziko du arrauna.

Zergatik utzi duzu?

Nekatuta nagoelako. Beste gauza batzuk probatu nahi ditut, orain arte egin ezin izan ditudanak. Konpromiso handia eskatzen du arraunak, oso lotua da, eta, bueltan asko eman arren, beste mila gauza alde batera utzi behar izaten dira.

Zer probatu nahi duzu?

Lagunekin egon, mendira joan, udan oporrak izan... Niretzako denbora behar dut, eta ez daukat gogorik aurrerantzean leku guztietara nekatuta iristeko.

Bukaera guztiek izaten dute hasiera, eta zergatik joan zinen arraunera duela hamahiru urte?

Txikitatik, gure aitak asko sartu ninduen itsasoaren eta arraunaren munduan. Jakin-mina neukan, eta kuadrillako batekin hasi nintzen Hibaikan. Gaur arte.

Aita arraunlaria izan zen?

Ez, baina asko gustatzen zitzaion. Bi osaba izan genituen arraunlari, eta aitona, arrantzalea.

Zer oroitzapen duzu Hibaikan egin zenuen lehen egun hartaz?

Hiltegia zen Hibaikaren egoitza, eta Matadero jartzen zuen han idatzia. Hura ikusi, eta «non sartu gara?», pentsatu genuen. Erretenean ibili ginen probatzen.

Ezin izan omen zinen lehiatu lehen urte hartan.

Ez. Ez ginen bost arraunlari, eta ezin genuen batela osatu.

Nahiz eta ezin lehiatu ahal izan lehen urtean, segi egin zenuen.

Sekulako gogoa nuen jarraitzeko, eta aurrera egin nuen.

Arraunlari sena izateak eman zizun bultzada, agian?

Horrelako zerbait izango zen, bai [barrezka].

Hurrengo urtean, berriz ere, hiltegira.

Bai, urte sasoi honetan, eta kuadrillako beste bi lagunekin eta eskubaloian zebilen beste batekin boskotea osatuta bateletan lehiatu aldera. Bateletako denboraldia egin genuen, eta lehen estropadako emaitza asko ospatu genuen, azkenak izan ez ginelako. Hankean joan nintzen ni, eta 47 arraun kolpeko erritmoan eraman nituen taldekideak [barrezka], oso urduri bainengoen.

Non izan zen lehen estropada hura?

Pasai Donibanen. Kasualitatea edo...

Zer ikasi zenuen lehen urtean?

Arrauna zer zen, batez ere. Eta oso ondo pasatzen genuen.

Arrauneko zure hirugarren urtean joan zinen San Juanera, kadetea zinela.

Hori da. Hautsi egin zen Errenteriako boskotea, eta ni San Juan aldera joan nintzen.

Zergatik San Juanera?

Gertuen neukalako, eta umetatik arroxa zalea izan naizelako, Kontxako oroitzapengatik.

Zer aurkitu zenuen San Juanen?

Ni baino zaharragoak diren Oihana [Cereijo] eta Josune [Ugarte] arraunlariak, besteak beste. Asko ikasi nuen haiekin, sekulako kasta zeukaten. Jenioa eta entrenatzeko diziplina zer den ere erakutsi zidaten. Estropadaren bat edo beste jokatu nituen haiekin bateletan, lehia ofizialetik kanpokoak. Aulki mugikorrean ere ibili nintzen. Eskubaloian eta atletismoan ere aritzen nintzen orduan, eta eskubaloian jokatzen orkatila bihurritu nuen. Oina mindua nuela jokatu nituen aulki mugikorreko estropadak.

Zu ere kasta gogorrekoa izan.

Txoriburua gehiago [barrezka].

Lehen aldiz traineruan 2009an aritu zinen, Hondarribian.

Negua eta udaberria San Juanekin egin nituen ontzi txikietan lehiatzen, eta gero Hondarribira joan nintzen, trainerua egitera udan. Igone Carrillo, Oihana Etxart, Oihana Cereijo, Josune Ugarte, Inder Paredes eta ni joan ginen San Juandik. Hibaikatik Eli ahizpa eta beste pare bat etorri ziren.

Nolakoa izan zen aurreneko entrenamendua traineruan?

Eromena. Errespetu latza neukan nik, jende helduagoa zegoelako, eta gauza serio zihoalako. Aspaldiko ametsa nuen traineruen ibiltzea, eta betetzera nindoala ikusteak urduri jarri ninduen. Betidanik izan nuen amets hori, baina ez nuen pentsatzen gauzatuko zenik. Hibaikako bigarren urtean esaten nuen gogobeteko nindukeela Orioko traineru jaitsieran parte hartzeak mutilekin nahasian ere. Begira zenbat aldatu den urte gutxian emakumeen traineru estropadena.

Traineruko aurreneko estropada ez duzu ahaztua izango.

Pedreñan [Espainia] izan zen, Euskotren ligakoa, selekzioka jokatzen genuenean. Telebista zuzenean, helikopteroa...Oso urduri nengoen, baina oroitzapen oso onak dauzkat. Urte hartan zortzi bat estropada jokatu genituen liga, txapelketa eta bestelakoen artean.

Urte hartako entrenamendu asko lehorrean egiten omen zenituen.

Hala da. Gazteena nintzen taldean, eta ordezko ibili behar. Asko ikasi nuen neure buruaz, nola entrenatu behar den, eta ikasgai handiak atera nituen.

Zer, adibidez?

Traineruan titular izateko asko entrenatu behar dela, eta uretara aterata dena ematen nuen. Gerora ikasi nuen urduritasuna menderatzen. Presio handiarekin joaten nintzen uretara. Sufritzen ikasi nuen, eta neure burua zaintzen: jana eta loa, adibidez.

Hamasei urterekin horretaz guztiaz jabetzea ez da kontu txikia.

Hasi beharra zegoen.

Ematen du gazte-gaztetatik irudikatzen zenuela gerora bizi izan duzun ibilbide oparoa bazetorrela, eta prestatu egin behar zenuela iristen zenerako.

Oso argi neukan aukera honi ezin niola pasatzen utzi. Gainera, aita gaixotu egin zitzaigun 2008an, emakumezkoen traineru estropadak hasi ziren urtean, eta pena handia zeukan ahizpa eta biok ez ginelako aritu aurreneko Kontxako Bandera hartan. Esan nion aitari lasai egoteko, eta hurrengo urtean ikusiko gintuela Kontxan. Baina hil egin zen, eta Kontxa bat irabaztea aitari zor nion zerbait zen. Oso presente izan dut beti, eta motibatzeko indarra eman dit, hobetzeko eta aurrera segitzeko. 2009an ez nuen sailkatze estropada jokatu, eta neure burua egurtu egin nuen, zigortu, aitari huts egiten ari nintzelako, nolabait esanda. Banekien hurrengo urterako sekulako lan pila egin behar nuela aitarekin zorra kitatzeko.

Hurrengo urtea 2010a izan zen, San Juanen debuta traineruan.

Bai. Barregarri samarra zen nik 17-18 urte izanda esperientzia handiena zutenetako bat nintzela. Baziren helduagoak, baina arraunean inoiz egin gabeak. Asko ikasi genuen denon artean, eta polita izan zen behingoagatik San Juanen izenean trainerua ateratzea. Negutik jakitun geunden hurrengo udan uretan izango ginela, eta makina bat jende ibili zen gurekin entrenatzen: errugbi jokalariak, Zeelanda Berriko bi neska...

Uda hura berezia izango zen.

Egitasmo baten hasiera izan zen, zerbait handia egiteko itxaropenarekin eta freskotasunarekin. Gazteak ginen, eta denak balio zigun. Gero, estropadetan oso urduri jartzen ginen, baina hori dena pasatu beharra zegoen heldu garen lekura heltzeko. Egindako lan guztiari esker balio handiagoa ematen zaio gero lortu dugunari.

Lehen bandera 2011koa duzue.

Allozko urtegian [Nafarroa] izan zen. Zumaia ez zen joan, eta oso indartsu zebilen. Aukera baliatu genuen. Guretzat sekulakoa izan zen, Kontxa irabazi izan bagenu bezala ospatu genuen. Bandera bat irabazteak sekulako itxaropena ematen zizun. Gazteago izatearen gauzak: uste genuen dena erraza eta polita izango zela.

Arrakasta lortzeko zenbat lan dagoen atzetik, ezta?

Bai. 2011n, Kontxan sartzekoak ginen, baina sailkatze estropadan, ziabogan, kateatu egin ginen, eta hiru segundogatik geratu ginen kanpoan. Bigarren kolpea hartu nuen Kontxan, 2009koarekin batera. Asko haserretu nintzen neure buruarekin, eta aste osoa negarrez pasatu nuen. Hurrengo urterako sekulako motibazioa izan zen, eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi genuen 2012an, eta Kontxan lehen aldiz sartu ginen.

Zeure buruarekin bakeak egin zenituen behingoagatik.

Azkenak geratu ginen Kontxan, baina arranplan pozez egin nuen negar, Kontxan arraun egiteagatik. Lehen pausoa eman nuela sentitzen nuen.

Ez omen zen oso erosoa izan 2013a. Zergatik?

Euskotren ligan lehen bandera irabazi genuen, baina, aurreikuspen handiagoak izan arren, ez genituen bete.

Noiz hasi zinen sinesten Kontxa irabaz zenezaketela?

2013ko neguan. Beste seriotasun batekin hasi ginen entrenatzen; talde helduagoa ere baginen. Jende berria ere etorri zen, eta Etxabe jarri ziguten entrenatzaile. Gutako bakoitzak ikasi egin zuen gehiago sufritzen, eta norbere buruarekin borroka izan eta bideratzen: lehendabizi, norbere buruarekin egin borroka, eta, gero, ondokoarekin, postuaren bila.

2014an irabazi zenuten Kontxa aurreneko aldiz, eta baita Euskotren liga ere. Urterik politena?

Denak izan dira politak. Uda osoa ametsetan pasatzea izan zen hura.

Zer izan zen Kontxa lehen aldiz irabaztea?

Izugarria. Gaupasa egin ospatzeko, eta, etxerakoan, egunkari guztiak erosi nituen, gordetzeko.

Gero beste lau garaipenak etorri ziren Kontxan eta Euskotrenen.

Ez naiz jabetzen lorturiko guztiaz, egin beharrekoa balitz bezala da.

Esan duzu egunkariak-eta gordetzekoa zarela.

Makina bat dauzkagu gordeta, ahizparenak eta nireak.

Eli ahizparekin lehia handiak izan dituzu uretan, zu San Juanen eta hura Hibaikan. Eztabaidak izan dituzue etxean?

Bai, baina haserretu gabe. Bagenekien zertaz eta nola hitz egin, eta noiz elkar ikusi eta noiz ez.

Biok batera Kontxa irabazi ezinda geratu zarete... oraingoz.

Bai, baina oraindik urteak dauzkagu aurretik, eta gerta daiteke. Izugarri gustatuko litzaidake.

Estropadak ikusiko dituzu?

Elik segitzen badu arraunean, estropadak ikusiko ditut [barrezka]. Arrauna odolean daramat, eta kostako zait burutik kentzea.

Ez duzu baztertzen itzultzea?

Ez dut baztertzen inola ere. Indartzen banaiz, baliteke itzultzea.

Txiki handia zara zu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.