Sosegu bila.
Paseatzen. Parean egokitzen zaizkidan pertsona gehienak ni baino gazteagoak dira, eta zenbat eta gazteagoak izan, are ezezagunagoak. Normala, noski. Bestalde, egunero ikusten nuen zahar jendea murrizten ari da, batek etxetik irteteari utzi behar izan ziolako; halakok munduari agur esan diolako. Normala, baita ere, bata zein bestea, baina sastakotxoak eragiten dituzten burutazioak guztiak ere. Pentsatzen hasia nago honezkero ez ote dudan hildako jende gehiago ezagutzen bizirik dagoena baino. Sentsazio arraroa da. Eta anbiguoa: irriñoa eragiten dit, baina, aldi berean, barne-zimikoa.
Iritsia naiz zahartzarora, eta Mari Luz Estebanen hitzekin esateko, «ez diot uko egiten zaharra naizela aitortzeari. Za-ha-rra». Zahartzen eta baldartzen segituko baitut, bizi-programa baten eskema darabilt bueltaka burmuinetan, patetismoari iskin egitea helburu: edadea erlatibizatu ahal dudan neurrian, ahal dudan moduan eraman ajeak. Aitzakiarik gabe, nahiz atxakiak ugaritzen doazen: horra non jatorri bereko bi adierekin euskarak programaren leloa oparitu zidan: atxakiak ez dira aitzakia.
Aro guztiek beren erantzukizunak dituzten bezala, «zahartzaroak ez gaitu garbitzen» Isaac Bashevis Singerren Zortzi kontakizun ipuin-liburuko pertsonaia batek dioen bezala. Zahartzaroa ez da izatez bizitzaren beste etapa bat baino. Azkenekoa, bai, baina etapa. Bizitza zer den galdetzen segitzeko beste aukera bat.
Ez nintzela zahartzarora iritsiko, horixe zen gaztetan segurtzat jotzen nuen adin-kontu bakarra: zein gazteri bururatzen zaio bere zahartzaroko potreta nolakoa izango den imajinatzen hastea? Baina behin zahartzaroan, txukunduegiak ateratzen zaizkit iraganeko irudiak, komenientziak ateratako argazki mentalak dira asko. Ez naiz, ordea, bakarra, paseatzera irten aurretik irakurri dudan erreportaje batek egia baldin badio behintzat: helduarotik aurrera, hala dio ikerketa batek, garen baino gazteagotzat omen daukagu geure burua. Zuk, nik, berrogei urtetik gorako den-denok. Autodefentsa psikologiko bat aktibatzen omen dugu zahartzen ari garela onartzeko; edo, gutxienez, eramangarriagoa egiteko. «Zahardadeari egozten diogun estigmatik urruntzeko» mekanismo psikologiko bat omen da garen baino gazteagoak garela pentsatzea. Orain gutxi kontatu zidaten anekdota bat gogorarazi dit erreportajeak. Bi emakume lanera bidean. Urrutira, unibertsitatean ikaskide izandako gizaseme bat; ez dute elkar ikusi karrera bukatu zutenetik. Emakumeetako batek diotso besteari: «Hori lehen nire adinekoa zunan».
Baina bai ikerketak bai anekdotak koska dute: nire belaunaldikoak ni baino zaharragoak ikusten baditut, haiek ere halaxe ikusiko naute ni; berak baino zaharrago. Batere kalterik ez egoa bezatzeko.
Albo-kalteak, kalte beteak.
Umeak gaztea izan nahi luke; zahartzen hasi denak, gazte. Zahartzaroaren auzia ez da soilik adina, baizik aurreko aro guztiak daramatzala bizkar gainean: konkortuta ibiltzeak badu, ezinbeste fisikoaz gainera, iraganean eragindako kalte sozial eta izandako flakia moralen karga ere.
Zahartzaroa ez da, zahartzarora iristen denarentzat, bizitzaren azken aroa baino. Bizitzak emandako azken aukera, beraz. Bizitzaren misterioa ulertu nahian segitzeko pagotxa. Tamalena, ordea, zahartzaroak ugari ekarri ohi dituen albo-kalteak edo kalte beteak, bizitza guztiz baldintzatzeraino. Zahardadearen alde fisikoa, zahardadearen alde psikologikoa. Gaixoaldiak. Besteen beharra.
Eta, oroz gain, memoriaren gainbehera. Urteak aurrera azken lanbrotako erromesak bihurtzen omen gara, zioen apaiz batek. Metafora triste krudelagorik...
Jaiotzen garenetik hasten gara zahartzarora bidean. Hasieran ez dugu memoriarik. Iraganaren kontzientzia —atzo kontzeptua— laster pizten da ume baten buruan, eta orain arte uste bagenuen ere berrogeita hamar urtetik aurrera hasten garela gauzak ahanzten, azken ikerketek diote memoria hogei urterekin hasten zaigula ahultzen, gure oroimenaren motorra ordutik hasten dela, pitinka-pitinka, olioa galtzen eta herdoiltzen. Xalbadorrek Mattini kantatu zion bertso puska bat etortzen zait gero eta sarriago burura: «Aunitz engainamendu bada mundu huntan, erran nahia daukat mihiaren puntan». Hitz bat mihi puntara etorri eta gogoratzen ez. Xalbadorrek ez zituen berrogei urte bertso hori kantatu zuenean.
Bizitza izanik ere momentu eta pasarte etengabeen mataza, ikaragarria da zein oroitzapen gutxi gordetzen dugun ganbaran eta zein aise ahanzten zaizkigun hitzak, izenak, bizi izandakoak. Memoria urri, ahanztura jori. Memoria ttanttaka eta amnesia dosi handitan. Ez, edadeak ez du barkatzen. Baina zahartzaroa ere bizitza baita, hori dugu bizitzaz esateko daukagun guztia?
Zahartzaroa beti da tristea, esan ohi dugu. Prestatu ez denarentzat, erantzungo liguke Luzilio klasikoak.
Zahartzaroa kartografian.
Prestatu ez denarentzat. Orain hamasei bat urte, Arantxa Urretabizkaiak zioen Ana Urkizaren Zortzi unibertso, zortzi idazle elkarrizketa liburuan: «Kartografiarik gabeko mundu batean ari gara sartzen. Segur aski, guri tokatuko zaigu zahartzaroari buruzko teoria berri bat eraikitzea».
Urretabizkaiak arrazoi zuen, eta feminismoaren bidetik —zahartzaroaren bazterketa guztiz gehien sufritu duen sexutik— datozkigu gure buruak azken etaparen kartografia berri batean kokatzeko iniziatiba interesgarrienak: «Andrezaharra naiz, hezur-haragizko gizakia, baina aldi berean metafora, figura poetiko-politikoa», dio Mari Luz Estebanek Andrezaharraren manifestua liburuan. Manifestu batek beti izan ohi du helburu «leiho bat zabaltzea etorkizunera», eta Estebanek eransten du: «Zenbat eta zaharrago libreago. Libreago nahi dudana esateko, libreago nahi dudana egiteko».
Nobela famatuko koronelak ez bezala, zahartzaroak badu idatziko dionik: zahartzaroak gu gaitu idazle, zaharrok gaitu figura poetiko-politikoak.
HIRUKO (H)ITZA
Zahartzaroak badu idazten dionik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu