Egunak hauek euri-elurrenak, haizetearenak, hotzarenak; egunak hauek pandemiarenak. Egunak hauek liburuenak, irakurketarenak ere: bisutsak bisuts, sasoiko dator Durango. Bertan izango diren genero, testura eta natura desberdineko hiru pieza ditut anuntzio, hirurek euskara eta literatura dituzte biska: itzulpen eredugarri bat, begien gozamen; nobela hibrido bat, autofikzioarekin 'konspirazio perfektuan'; eta, hirugarrenik, inor indiferente utziko ez duen saiakera literario bat.
Infinitua ihi bitan.
Pasioz hasi nintzen irakurtzen gaztelaniazko originala, aspaldi abandonatu genuen jardin eder batetik bestera ninderamaten orriek. Ezagunak egiten zitzaizkidan pasarte askotako pasioen, labirintoen eta dilemen usain eta oihartzunak. Irakurtzen ari nintzenak Peneloperen tapizeko albainuaren finezia zuen, baztertzen eta baztertzen joan garen giro klasikoaren unibertsoa ari nintzen sentitzen, eder-minez berritzen. Pasioz segituko nuen irakurtzen, baina berrehungarren orritik pasatu berri (liburuak 449 orrialde ditu), baztertu ezin nuen lan bat neukan eskutik tiraka. Beste baterako utzitako liburu-metaren gainean utzi behar izan nuen. Etsita nengoen. 'Gabonetan, agian. Edo asteburu oso bat hartuta...', ari nintzen neure buruarekin gezurretan.
Euskarara ekarri dutela jakin nuen arte. Egun berean erosi nuen Infinitua ihi batean, Irene Vallejoren liburu apartaren Fernando Reyk egindako itzulpena, eta berriro ekin nion irakurketari, oraingoan euskaraz, utzi nuen orritik aurrera. Murgil egin izan banu bezala sartu nintzen bertan, berehala ahazteraino itzulpen bat neukala eskuetan.
Vallejoren gaztelaniazko prosaren araztasun eta dotorezia bera gozatu ditut Reyren itzulpenean. Hizkerak eskutik narama, Vallejorenak ere eramaten ninduen bezala: euskarazko bertsioaren araztasunak sorpresa atsegina ekarri dit, nahiz aspalditik ezagutzen ditudan Reyren eskarmentua eta lana. Vallejoren tonuari eusteko maisutasunak seguru sentiarazi nau. Ez zitzaidan dudarik sortzen, edo, sortzen bazitzaidan, ez zen sintaxiak, lexikoak eta halakoek eragina, baizik nire formazio kulturalaren defizitak eta herdoilak, autore edo pertsonaia edo mitoren baten ignorantziak. Baina, halakoetan ere, autoreak zein itzultzaileak, beti baitute kontuan irakurlea, talentu artistikoarekin leuntzen dituzte takar edo aldapatsu izan zitezkeen pasarteak.
Euskarak ninderaman, bada, eskutik. Burua libre, ez ninduen ezerk uxatzen irakurketatik, ez nion erreparatzen testuak kontatzen didanari baino. Eragin didan gozamenak –ibilaldiko haize leunak, iturrietako ur freskoak, irakurri berriaren zaporeak– aisia eskatzen zuen eta du, irakurketa benetan literarioa. Originalean dago, badakit, esaten ari naizena, baina Vallejok gaztelaniari ateratako etekina atera dio Reyk euskarari. Esperientzia fisiko bat bizi izan banu bezain biluzki sentitu dut euskaratik naizela elebidun.
Hiztun guztiok gara totelak.
Euskaltzaindiak honela definitzen du totel hitza: «Mintzatzeko debekua duena; zenbait silaba errepikatuz hitz egiten duena». Definizioan ageri den debekua har bedi eragozpen edo zailtasun adieretan: euskaldunok totelak gara euskara egiteko ditugun zailtasunengatik (propioak zein exogenoak). Baina har bedi berebat totelak garela mendeetan izan ditugun debekuengatik ere, nahiz ez jakin lexikologoak asmo hori ote zuen.
Totelak du izenburua Fermin Etxegoienen azken nobela askotarikoak. Autokarabana arrakastatsuko autofikzioaren bidetik, narrazioa eta saiakera batu ditu digresio harmonikoekin berriro. Minbizidun baten istorioa eta kale-musikari baten ezusteko aukera kontatzen dizkigu fikzioak, eta Pío Barojak nobelari emandako definizioaren bidetik ('denetik kabitzen da nobelaren zakuan') euskal kulturaren egoerari buruzko apunte eta hausnarketa ezohikoak ematen ditu liburuak, batez ere musikaz (zenbat iradokizun musikaz eta herri musikaz, Ordorika(tedra) nobelaren parte luze bateko protagonista delarik!). Etxegoien ari da euskararen gainean eta euskaldunon trauma linguistikoaz ere, hizkuntzak eragiten digun agonismoaz, lotsaz, beldurra sentitzerainoko segurtasun faltaz, euskal kulturako edozein «sorkuntza esperientzia partikularrek, ejem, izaera politiko-poetikoa har dezakeelako edo ematen ahal zaiolako, modu erraz bezain behartuan».
Batzuetan gordin, sarri autoironia baliatuz, inoiz ia etsipen kosmikoz, Etxegoienen lanak beti ematen du zer pentsatua: «Patuak, neurri handi batean jaiotzez egiten gaitu eder edo itsusi, erakargarri edo nardagarri, berbalapiko edo hitz-totel».
Kixoteak azpeitiarrarekin topo egin zuenekoa.
«Euskaldunak garela badakigu, bai, baina ba ote dakigu euskaldunok zer mailetaraino garen euskaldunak? Ze neurritaraino agertzen garen gure literaturan zurrun?». Irati Jimenezek in Begiak zabalduko dizkizue.
Euskal literaturari buruzko saiakera ez arrunt, desberdin, fresko eta ugari bat da liburua. Guztiz pertsonala. Euskal literaturaz ari delarik, literaturaz ari da, Babelgo liburutegiaz, hizkuntza jakin batean eta hizkera berezi –artistiko– batekin antolatzen den munduaz. Eta mundua aipatu dudalarik, mundiala da –ez da hona ekar nezakeen adibide bakarra– Kixoteren eta Azpeitiarraren enkontruari ateratzen dion zukua. Irakurtzekoa.
Liburuko narradorea –Irati Jimenez– irakurlearekin ari da liburu osoan kalaka betean. Irakurlea interpelatuz; irakurlearen bidelagun bihurtuz eta ez gidari; irakurlearekin komentatuz dauzkan dudak, maniak eta fetitxeak. Gurekin konpartitzen ditu euskal literaturari ikusten dizkion hutsuneak eta arazoak; gure eskura jartzen ditu bere jokabideak eta estrategia komunikatzaileak, konplexurik gabe kontatzen dizkigu bere esperientziak. Beti trenpu on eta freskoz, irribarretik ironiara eta ironiatik konplizitatera bitarteko terrenotik interpelatzen gaitu, motibatzen gaitu.
Saiakera ausarta, ez dogmatikoa, iradokitzailea. Aproposa –arretarik jarriko balitzaio– hainbat hauts, naftalina, sits eta zolda astintzeko ez soilik aristokrazia akademikoan. Saiakerak sorkuntza literarioa du, bereziki, hausnarketarako gai, eta idatzi duen saiakeraren nolakoak erakusten du garbi zer pentsatzen duen saiakeraren generoari izaera artistikoa ukatzeaz, generoa inertzia gris handiuste batean hondoratuta ikusteaz.