URRUTIKO HOTSAK, oso urrutikoak, hasi zitzaizkigun iristen, eta urrutitik, oso urrutitik entzuten genituen, indiferentziaren distantziatik, nagusitasun-usteak ematen duen laineza inozotik. Hamar egunetan ospitale erraldoi bat eraiki zutenean, harritu egin ginen, baina harridurak ez zizkigun indiferentzia eta handiki-ustea gainetik kendu. Bo, txinatarrak! Tragedia, auskalerrietako urrutian. Eta txisteak egiten genituen. Pixkanaka, urrutiko hotsa hurbiltzen hasi zen, eta aurki ikusi genuen han urrutian bazekitela hemen hurbilean baino efikazagoak izaten.
—Apaltasun pixka bat, konpai!, entzun genuen han urrutiko balkoiren batetik.
Ukabilkada lehorra sentitu genuen gure sabel-zulo hantustez asean, eta Mendebaleko harro-hatsa galtzen hasi ginen globo puztuari korapiloa askatzen zaionean bezala.
PANDEMIA HITZAK (pan eta demos) herri osoa esan nahi du. Hitza ulertzen eta erabiltzen dugun eran, pandemiak osasunarekin du zerikusia, baina, praktikan, herri osoaren egituraketa osoa harrapatzen du: herritar asko kutsatzeaz eta hiltzeaz gainera, herriaren bizimodu osoa iraultzen du, bizitza publikotik hasi eta etxe barruko intimitateetaraino; ekonomiari eta etikari eragiten die; izuari zein solidaritateari; eskolari bezala aisiari: ez dago giza bizitzaren geruzarik pandemiak afektatzen ez dionik. Pandemia batek giza aktibitate guztien sare trinkoari eragiten dio, arrisku bizian jarriz gizartearen oinarri zibilak berak ere.
Lekukoak gara, bete-betean harrapatu gaitu.
Planeta osoa hondatzen eta hondatzen jarduteraino gara handi, itsu eta harro. Pandemia batek etorri behar izan du zein txikiak garen esatera.
ORGATXO BATEN GIDAN atseden hartuta, agureari otu zaio egunetik egunera ilara ez ote den laburragoa. Dardara hotza sentitu du bizkarrezurrean behera. Dendan sartzeko txanda. Orgari bultzaka, hartu du hau eta hartu du bestea, bete du orgatxoa, eta, txirriki-txarraka, etxera itzuli da. Hozkailua betetzen hasi da. Kolpean, giltza sentitu du sarrailan. Norbait kanpotik etxeko atea ixten! Ahal duen lasterren joan da ateraino. Behatxulotik begiratu du.
—Ni naiz, aita, dena ondo?
BIRUSA EZ DA SOZIALA, politikoa, humanoa, baizik natura baino ez. Ez dauka diskurtsorik, sentimendurik, etikarik: bere eremua ez dago gaizkiaren eta ongiaren terrenoan. Etorri da, jo gaitu. Inolako motiborik gabe, oraindik ezagutzen ez dugun mekanismo batek aktibatuta. Guk, sozialak, politikoak, humanoak baikara, gure ideietara eta komenientziara ekarri nahi dugu. Merezi genuen zigorra!, dio masokistak. Jauna, zer egin dugu gaizki?, moralistak. Asko ikasten ari gara, optimistak. Galdu gara!, pesimistak.
Gaixo, erizain eta medikuek ez dute ondoriorik ateratzeko ez astirik, ez kemenik. Askitik gora lan dute aurrean daukaten gaixoa zaindu eta animatzen.
Zer-nolako zilegitasuna dugu guk, naturarekin zer egiten ari garen jakinda, naturari eskatzeko errukitzeko gurekin?
ISOLATU GAITUZTENEAN ikusi dugu garbien taldean garela: gizartea guk egiten dugu, gizarteak gu egiten. Gogoan gordetzekoa da orain bi igandeko berripaper honek oparitu zigun Xabier Gantzarainen Atzeko balkoian artikulua. Honela dio, besteak beste:
«Margaret Mead antropologoari ikasle batek galdetu omen zion: zein da humanitate zantzurik zaharrena? Ikasleak espero zuen gezi baten punta [...] baina erantzuna beste hau izan zen: femur hautsia eta lotua».
«Femur hautsiak, naturan, heriotza esan nahi du. Ezin du ihes egin, ezin da ur bila eta janari bila joan. Harraparien bazka bihurtzen da. [...] Femur hautsi gero lotuak esan nahi du beste pertsona batek zauritua artatu zuela, zauria garbitu ziola, zaindu egin zuela [...]».
«DENA BERTAN BEHERA, dena etenda, dena ez: langileek lanera joan behar dute. Ez dakit kapitalismoaren argazki zehatzagorik ikusi dudan aspaldian». Gantzarainek artikulu berean.
GAURKO UMEEK inork aurreikusi gabeko oroitzapenak gordeko dituzte memorian. Isolamenduan oinarritutako oroitzapenen hitz eta hotsen bilduma halako bat. Umeek gurasoei ahapeka entzundakoak, gurasoek umeei sekula esango ez zizkietenak pandemia izan ez balitz, inoiz egin gabeko konfidentziak...
Izuaren lanbro zerratu bezain ikusezin bat Hondamendi Handiaren garaiko argazkietan.
AGURE EZAGUN BATEK lagun bati whatsappez: gazteak gugatik apartatzen omen dituk gugandik!
Pandemiaren segari edadetuon lepoak zaizkio nonbait atseginen. Naturaren beste kapritxo bat. Zertarako atsekabetu erremediorik ez duenarekin? Henning Mankell idazleak minbizi erremediorik gabea diagnostikatu ziotenean: «Duintasunari eutsi eta lasai egoteko argumentua da nik ez ditudala hamazazpi urte, ez naizela hilko benetan bizitzen hasi baino lehen. Hirurogeita sei urte ditut, planetako gehienek amestu ere ezin duten baino gehiago bizi izan naiz».
EUROPA INDARTUKO ZELA uste zuen ilusioaren mapak. Europa, ordea, erkindu egin da, nanotu. Estaturik gabeko nazioak, ahuldu. Gizendu den bakarra, estatu zentralisten gose aseezina.
BIZARRA EGIN eta harrikoa, lixiba egin eta arropa eseki, erratza pasa eta loreak zaindu... Bakarrik nagoen arren, birusa engainatzen saiatu...
DANIEL DEFOEREN Izurriaren urteko egunkaria, Thomas Mannen Mendi magikoa, Albert Camusen Izurria...
Egunotako zerrendetan ikusi ez dudana Cormac McCarthyren Errepidea (The Road). Nobela distopiko bat: aita-semeak autopista batean, katastrofe kimiko baten ostean. Irakurle, izuak barrua hartzen dizu estu-estu; galderek, burua. Istorioak ez zaitu uzten nobela irakurri eta handik urte dezentera ere. Adibidez, pandemia baten erdian.
BALKOITIK BEGIRA. Oso antena luzea jarri dute pareko etxean. Estilizatua da. Gezi bat auskalorantz. Zer jasotzeko, norekin komunikatzeko? Ez da kaioen kurrixkak beste hotsik entzuten. Zeru-sapa, izu koloreko.
Katu bat igo da teilatura eta, nagikeria aristokratiko batez, antenaren ondotik pasatu da haren distirei erreparatu gabe. Teila beroen gainean etzan da. Han segitzen du.
HIRUKO (H)ITZA
Apunte solte batzuk pandemiaren gainean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu