Aramako (Gipuzkoa) udalean zinegotzia da Iker Irribarria (Arama, 1996), eta zeregin horretako zenbait izapide egiten eman du goiza. «Oraingoz, udaleko lanak ez dizkit buruhauste asko eragin. Gainera, aurretik lan horiek egindako pertsona baten laguntza dut. Eskerrak. Buruhauste gehiago eragiten ari zait binakakoan egiten ari garen lan apalak».
Zer pentsatzen duzu sailkapena ikusita?
Argi dagoela ez garela ari lan ona egiten. Hala ere, gure mailarik onenean aritu ez arren, lehian sartuta gaude. Beraz, baikor izan behar dugu, eta pentsatu gure maila erakustean gora egingo dugula.
Beñat Rezustak eta zuk ez duzue ondo hasi urtea: hiru partida jokatu eta hirurak galdu dituzue. Zer-nolako gorputza duzue?
Bada, oso ona ez, noski. Ez dugu ondo hasi urtea, baina ari gara lanean bolada txar hori eteteko. Badakigu lanean jarraituz gero goiz edo berandu harrapatuko dugula bolada on bat.
Irabazi egin zenituzten iazko azkeneko bi partidak, eta bazirudien gorantz ari zinetela. Baina alferrik. Erregulartasunez aritu ezinik zabiltzate.
Erregularrak izatea, gorabeherarik ez izatea da garrantzitsuena halako txapelketa batean, eta gu, oraingoz, ez gara erregularrak. Jendeak uste du orain hiru urte bezala jokatu behar dugula, eta neurketa guztiak erraz irabazi behar ditugula. Baina ez da erraza. Orduko hura ezohikoa izan zen. Oraingoa da ohikoa: egun txarrak eta onak izatea. Guk ere huts egin dezakegu.
Zertan ari zarete huts egiten?
Partidetan, ondo ari garenean, ez dugu nagusitasun hori aprobetxatzen. Gainera, gaizki ari garenean, gauzak okertzen ari direnean, kosta egiten zaigu aurrera egitea, eta aurkariek txikitu egiten gaituzte. Une erabakigarrietan asmatu behar dugu. Ez dugu egin orain arte, eta horregatik galdu ditugu hainbat norgehiagoka.
Ez du asko lagunduko lehen partidan 22-5 galtzeak, ezta?
Ez, baina bi hilabete pasatu dira lehen partida horretatik, eta jada ahaztuta dago. Haiek [Jaka-Zabaletak] neurketa borobila egin zuten, eta guk, txarra. Kito. Nahiko buruhauste ditugu orain, horri bueltak ematen aritzeko.
Azkeneko partidan, Jaka-Zabaletaren aurkakoan, goitik behera egin zenuten. Partidak luze egiten zaizkizue?
Ez. Aitzitik, nire ustez, okerrago ari gara hasieran. Gero, deskonexio une batzuk ditugu, eta aurkariek lauzpabost tanto egiten dizkigute jarraian. Garesti ari gara ordaintzen partidatik joaten garen momentu horiek.
Sasoiko zaudete?
Beti egoten da arazo txikiren bat, baina ezer larririk ez. Eskuetatik ondo gaude, txispa dugu, baina dena ez da hori, badaude beste aldagai batzuk zailagoak direnak kontrolatzen: konfiantza, animoa, beldurra, presioa... Eta horietan bai, egin behar dugu lan.
Argi duzue, beraz, zertan hobetu behar duzuen gora egin ahal izateko?
Bai. Hasieran agian ez genuen elkar ondo ulertu, baina orain hobeto ari gara, bai jokoan, baita neurketak aztertzean ere. Orain, aurkariei gehiago kostatzen zaie guri irabaztea. Halere, oraindik ez da nahikoa; badugu zer hobetua.
Faborito izatearen presioak kalte egin dizue?
Bai, eta batez ere niri, ez naizelako asmatzen ari aurrean.
«Faborito izateak ez du punturik ematen». Zuk esana da. Argi geratu da hori.
Txapelketa aurkeztu zutenean, bi bikote jo zituzten faboritotzat, gurea eta Aimarrek [Olaizolak] eta Urruti-k [Mikel Urrutikoetxeak] osatutakoa, eta azken postuetan gaude biak ala biak. Horrek agerian uzten du faborito izateak ez duela punturik ematen. Hemen, kantxan erakutsi behar dago bakoitzaren balioa.
Pilotekin ere kexu azaldu zarete. Esan duzue pilotak «azkar gastatzen» direla, eta horrek «kalte» egiten dizuela.
Guk hala pentsatzen dugu. Partida askotan ez dugu izan nahi genuen materiala, eta hori antzeman egiten da. Kolpea da gure dohain nagusia, eta halako pilotekin ezin diogu horri etekina atera. Pilotak gutxi jaisten dira azken urteetatik hona. Ez naiz ni bakarra dioena pilotak azkar gastatzen direla, eta segituan geratzen direla ezertan.
Ostiralean, erronka zaila duzue: Ezkurdia-Martijaren aurka ariko zarete. Zuen kontrako bolada daramate: behetik gora doaz, irabazi egin baitituzte azken hiru partidak. Zer itxura hartzen diozu lehiari?
Partida zaila izango da. Ondo ari dira Joseba [Ezkurdia] eta Martija, eta, batez ere: oso pilota gutxi ari dira galtzen, eta hori oso garrantzitsua da irabazteko. Martija oso txapelketa ona egiten ari da, eta Joseba, beste horrenbeste: abiadura handia ematen ari zaio pilotari boleaz, eta oso ondo ari da defentsako lanean. Lehen partida irabazi genien [22-21], baina badakigu orain ari garen baino hobeto jokatu beharko dugula berriro irabazi nahi badiegu.
Zer moduz ari zara zu?
Ez nuke esango lan txarra egiten ari naizenik, baina oso argi dut gauza asko ditudala hobetzeko. Konfiantza aldetik, irregular nabil; une onak eta txarrak izan ditut. Defentsako lanean, ordea, uste dut aurrerapausoa eman dudala. Hala ere, azkenaldian pilota dezente galtzen ari naiz, eta horrek ez du batere laguntzen, galdutako pilotak kontrarioentzako tantoak baitira.
Zure jardunean eragina izan ote du azkenera arte ez jakiteak tokia izango zenuen ala ez?
Ez dakit, baina argi dago horrek ez duela batere lagundu. Gainera, ni estu eta larri sartu izanagatik ere, segituan jo gintuzten faboritotzat. Ez da batere samurra hori dena eramatea.
Gaizki pasatu zenuen?
Bai, loa kendu zidan, handia izan zelako ezinegona, eta halakoetan makina bat buelta ematen dizkiozulako buruari. Saiatuko naiz lan ona egiten, datorren urtean halako egoeran berriro ez egoteko.
Uste duzu zure balioa zalantzan jarri zela?
Bai, eta horrek min egin dit. Azken denboraldian, binakako ona egin nuen; txapeldun izan nintzen buruz burukoan, eta nire balioa auzitan jartzeak min egin dit. Beste batzuek ere merezi zuten jokatzea, baina min egiten du urte ona eginagatik ere zurekin zalantzak izateak.
Kritikatu izan duzu, binakakoari begira, uda amaieran eta lau eta erdikoan egindakoari urte osoan egindakoari baino garrantzi gehiago ematen zaiola.
Hori uste dut nik. Egia da lau eta erdikoa ez zitzaidala nahi bezala atera, eta uda amaiera ez zela bikaina izan, baina urte osoa kontuan hartuta, hor daude nire lorpenak: bi final eta txapel bat.
Egia da udan eta lau eta erdikoan eskas aritu zinela, eta ez dela lehen aldia. Arrazoirik topatu diozu horri?
Ez, baina ari gara zenbait gauza probatzen, agerikoa baita ez naizela ondo aritzen udan. Aurreko sasoian, adibidez, ia ez nuen izan opor luzerik, eta apur bat saturatuta ibili nintzen. 2018ko azarotik 2019ko ekainera arte ez nuen izan oporrik, eta bete-betean aritu nintzen lehiatzen, presiopean beti. Horrek guztiak faktura pasatzen du, eta niri, pasatu dit.
Zaila da gorabehera handirik gabe jardutea?
Zaila ez, ezinezkoa da. Nire kasuan, nabarmena da udan pasatzen dudala okerren, eta horri irtenbide bat eman behar diodala. Nola? Ez dakit. Gehiago atseden hartuz? Beste modu batera entrenatuz? Ez dakit. Baina kontziente naiz arazo bat dudala, eta saiatzen ari naiz horri buelta ematen. Baina ez dago formula magikorik. Ea topatzen dudan, lehenbailehen.
Sentipena duzu 2016an lehen txapela irabazi zenuenetik luparekin begiratzen zaituztela, eta horregatik, etengabe zure burua aldarrikatu beharrean zaudela?
Bai. Hori hala da, eta seinale ona da, zerbait handia egin duzun seinale baita. Baina askotan jendea ez da konturatzen 23 urte besterik ez ditudala eta jada hiru txapel irabazi ditudala. Batzuetan, seinale ona da jendeak asko eskatzea, horrek esan nahi duelako baduzula ahalmena gauza handiak egiteko. Baina beste batzuetan jendeari ahaztu egiten zaio oraindik gaztea naizela, eta gorabeherak izan behar baditut orain izatea dela ohikoena.
Eramaten zaila da presio hori?
Ez da erraza, eta are gutxiago lehen txapela, buruz burukoa, 19 urterekin irabazita. Ume bat besterik ez nintzen. Kaskarrekoak hartzen egiten zara pilotari. Bakoitzak bere denbora behar izaten du pilota profesionalera egokitzeko. Txapel bat irabazteagatik jada ez zara onena. Nik gabezia asko nituen, eta pixkanaka-pixkanaka ari naiz saiatzen haiek estaltzen, defentsako lana, eskuin eskua eta errematea hobetuz. Gabezia horiek nituelako eman izan didate egurra, baina gogor ari naiz lanean horiek hobetzeko. Ni lasai nago, badakidalako lanean ari naizela, nahiz eta gero lan horrek beti emaitzetan islarik ez izan.
Lehen txapel horren ostean etorri zenak gainezka egin zizun?
Bai, ez zelako normala izan. Egin nuenak oihartzun handia izan zuen, eta ez da erraza 19 urterekin hori guztia kudeatzea, are gehiago bakarkako kirol batean.
Profesionalen beharra izan duzu noizbait, izan psikologo, aholkulari edo trebatzaile batena?
Bai, eta horregatik uste dut egun, oso garrantzitsua dela psikologo, aholkulari edo trebatzailearen figura. Pilotan, ematen du beti atzetik gabiltzala. Berandu hasi ginen alor fisikoa lantzen, eta trebatzailearen lana oraindik ez dago barneratuta. Nik, behintzat, landu egiten dut arlo psikologikoa; niretzat, fisikoak eta teknikoak adinako garrantzia du.
Bi hilabete barru beteko dira bost urte debuta egin zenuela. Bazenekien hori?
Ez, baina ziur data iristerakoan gogoratuko nintzela.
Zer-nolako balorazioa egingo zenuke bost urte horietaz?
Nahiko lan txukuna egin dudala uste dut. Hobeto egin ahalko nuen, noski, baina hor dago lortu dudana, eta uste dut askotan ez dela behar bezala baloratzen.
2016an era ikusgarrian irabazi zuen pilotari horrek zer egin du, gora, behera ala berdin geratu?
[Hasperen egin du]. A zer galdera! Harrigarria izan zen 2016an egin nuena, baina, pilotari bezala, uste dut gora egin dudala, eta dezente. Uste dut buruz buru, binaka eta lau eta erdian, oraingo Ikerrek agian irabazi egingo ziola ordukoari.
Zerbait aldatuko zenuke?
Gauza asko. Beti ez dugu asmatu txapelketak prestatzeko orduan, eta urte txar bat ere pasatu dut. Arlo psikologikoa gehiago landu izan bagenu, agian bestelakoak izango lirateke kontuak. Baina ni konforme nago egin dudanarekin, beti saiatu naizelako izan ditudan arazo guztiei irtenbidea ematen. Batzuetan, asmatu egiten duzu, eta beste batzuetan, aldiz, ez. Bizitza ere halakoa da. Beti ezin da asmatu. Baina garaiz nago hobetzeko, eta horretan ari naiz.
Iker Irribarria. Aspeko pilotaria
«Min egin dit nire balioa zalantzan jartzeak»
Binakakoa irabazteko bikote faboritoetako bat da Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak osatutakoa, baina eskas ari dira. Irribarriak aitortu du presioak «kalte» egin diela, batez ere berari. «Lanean» ari dira «gorantz egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu