Ion Izagirre. Astanako txirrindularia

«Astanan ez dago sekretu miragarririk, lana baino ez»

Sasoi hasiera paregabea osatu ondotik, Itzuliari begira jarri da Ion Izagirre. Giroan izango ez duen askatasuna edukiko du bertan. Vueltan ere lider izan nahiko luke.

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

Ezina ekinez egin du sasoi honen hastapenean Ion Izagirrek. Bi urte zeramatzan garaipen eztia dastatu gabe, baina idorteari amaiera eman dio Bahrainen maillota erantzi eta Astanarena jantzi orduko. Valentziako Itzulia irabazi zuen lehenik, otsail hasieran, eta hilabete geroago, Paris-Nizako azken etapan gailendu zen. Alta, berak ez du uste talde aldaketa dagoenik dinamika aldaketaren atzean: «Gorengo mailan, antzera egiten dute lan talde guztiek. Denek dakite zer egin behar den ziklisten onena lortzeko. Gero, batzuetan gauzak alde ateratzen dira, eta beste batzuetan, oker».

Ametsetako denboraldi hasiera izan du Astana taldeak. Hemeretzi garaipen lortu dituzue jada, eta horietatik zazpi astebeteko itzuliak dira. Zein da sekretua?

Askotan egiten digute galdera hori, baina ez dago sekreturik. Lana dago atzetik. Prestakuntza zorrotza egin dugu neguan. Batzuetan, gauzak ondo ateratzen dira, eta, beste batzuetan, ez. Agian, hemendik aurrera, irabazi beharrean bigarren eta hirugarren geratuko gara. Batek daki. Orain, ordea, oso bolada onean gaude, eta ahal den gehien aprobetxatu behar dugu.

Taldearen dinamikak kutsatuta zabiltza: Valentziako Itzulia eta Paris-Nizako azken etapa irabazi dituzu. Espero zenuen sasoia horren indartsu hastea?

Beti gustatu izan zait indartsu hastea. Mentalki asko ematen dizu sasoiko egoteak eta lehen lasterketetan aurrean ibiltzeak. Makal zaudenean baino errazago egiten duzu lan. Dena da eramangarriagoa. Gero, irabaztea beti da zaila, baina zorte puntu hori ere izan dut denboraldi hasieran. Dagoeneko bi garaipen ditut, eta, horri esker, ilusioz beteta joango naiz datozen lasterketetara.

Oso lagungarria al da neguan ziklo-krosa egitea?

Bai. Badakit talde askotako nagusiei ez zaiela diziplina hori gustatzen, arriskua duelakoan. Anaiak eta biok gaztetatik egin dugu, asko gustatzen zaigu, eta badakigu oso ondo datorkigula denboraldi hasierari begira. Entrenamendu bezala, oso baliagarria da. Ziur naiz ziklo-krosak emandako sasoi horrek baduela zerikusia orain arte lorturiko emaitzekin.

Marka da gero: bi urte zeneramatzan irabazi gabe, eta Astanan, bi garaipen lortu dituzu hilabete bakarrean.

Berriz ere besoak altxatzea zen sasoi honetako helburua, behin gutxienez. Bahrainen bi urte eman nituen irabazi gabe. Garaipena gertu izan nuen maiz, baina ez zitzaidan iritsi. Beti zegoen ni baino indartsuagoa zen norbait. Bata ez bazen, bestea. Bolada horri buelta eman diot aurten. Urtea hasi eta berehala bete dut helburua, eta, alde horretatik, nolabaiteko zama edo presioa kendu dut gainetik. Hemendik aurrera, bide onetik jarraitzen saiatuko naiz.

Taldez aldatu izanak badu zerikusia emaitza aldetik izandako hobekuntzarekin?

Ez. Gorengo mailan, antzera egiten dute lan talde guztiek. Denek dakite zer egin behar den txirrindularien onena lortzeko. Gero, lehen esan bezala, batzuetan gauzak alde ateratzen dira, eta beste batzuetan, oker. Hori horrela, ez nuke esango alde handia dagoenik Bahrainen eta Astanaren artean. Ez dago sekretu miragarririk, lana baino ez.

Txirrindularien ezaugarriei erreparatuta, zer indargune eta ahulgune ikusten dizkiozu Astanari?

Lider oso indartsua dugu, batez ere hiru asteko itzulietarako: Miguel Angel Lopez. Gaztea izan arren, jada ezagutu ditu Giroko eta Vueltako podiumak. Fuglsang bera ere oso txirrindulari erregularra da. Oso indartsu hasi du denboraldia. Klasikoei begira, berriz, hor ditugu Cort Nielsen eta Lutsenko. Oro har, talde oso orekatua garela esango nuke. Agian ez dugu punta-puntako esprinterrik, baina bai Ballerini edo Cort Nielsen bera bezalako jende azkarra.

Zutaz aparte, beste hiru euskal txirrindulari daude Astanan: Gorka anaia, Pello Bilbao eta Omar Fraile. Zer moduz ikusten dituzu?

Txirrindulari oso indartsuak dira. Eta ez diot euskal herritarrak direlako, ezaugarri oso onak dituztelako baizik. Haien garaipen zerrendari begiratzea besterik ez da behar goi mailako ziklistak direla ikusteko. Omar oso ehiztari fina da, Pellok garaipen handiak lortu ditu, eta anaia ere hor dago beti. Haiek ere ondo hasi dute denboraldia. Omarrek oraindik ez du garaipenik lortu, baina ez dut uste asko itxaron beharko duenik.

Teknikariak, mekanikariak eta masaje-emaileak ere aintzat hartuz gero, guztira zortzi euskal herritar zabiltzate taldean. Gauzak asko errazten al ditu horrek?

Bai, elkarbizitza aldetik batez ere. Lagun talde baten modukoa gara. Horrek presioa edo tentsioa kentzen dizu. Baina, bestela, lana berdin-berdin egin beharra dago.

Gogor ospea du Aleksandr Vinokurovek, taldeko arduradun nagusiak. Baduzu harremanik harekin?

Orain arte, apenas egon naizen harekin. Kontzentrazioetan, egun oso gutxitan bat egin dugu, eta lasterketetan, soilik Paris-Nizako azkeneko etapan. Oraingoz, harreman handiagoa izan dugu zuzendariekin. Bera, agian, gehiago agertuko da itzuli handietan. Hortaz, oraindik ez dugu tratu handirik izan. Nik uste dut gogorra izango dela, txirrindulari gisa ere halakoa izan zelako.

Apiril hasieran itzuliko zara lehiara, Miguel Indurain Sarian. Eta ondoren, Euskal Herriko Itzuliaren txanda iritsiko da. Zer itxura hartzen diozu?

Buru-belarri ari naiz prestatzen. Teiden gora ari naiz egiten azken entrenamenduak. Ea sasoi betean iristeko aukera dudan. Espero dut sailkapen nagusiaren lehian aritzeko gai izatea azken bi urteetan bezala. Ibilbidea, beti bezala, gorabeheratsua eta bihurria izango da. Aurten erlojupekoa izango dugu lehen egunean; beraz, hasieratik ikusiko da nor dagoen lasterketa irabazteko moduan.

Zu izango al zara taldeko liderra?

Ez dakit lider bakarra izango dugun. Talde oso indartsuarekin aurkeztuko gara; nirekin batera, anaia, Pello, Omar, Fuglsang, Luis Leon Sanchez eta Lutsenko ariko dira. Lasterketak bakoitza bere tokian jarriko du, eta orduan ikusiko da nor den taldeko liderra. Aurrez esatea oso zaila da.

Hortik aurrera, zer helburu izango duzu aurten?

Itzuliaren ostean, Ardenetako klasikoetan ariko naiz, eta gero Italiako Giroan hartuko dut parte. Giroan ez dut askatasun handirik izango, eta, horregatik, taldeak nolabait ere exijitu dit sasoi hasieran distira egiteko. Giroan Lopezentzat buru-belarri ariko naiz lanean, eta behin helburu hori duzunean, badakizu norberaren banakako helburuak alde batera gelditzen direla. Hori horrela, hara joan aurreko lasterketak baliatu behar ditut emaitza onak lortzeko.

Gustura zaude horrela, edo itzuli handiren batean ere lider izateko aukera izan nahiko zenuke?

Izango dut aukera, Espainiako Vueltan. Ez dakit lidergoa osorik nire esku egongo den, baina gutxienez beste norbaitekin partekatuko dut. Iaz ondo moldatu nintzen, eta aurten proba egin nahi dut berriro. Iazkoaren egutegi ezberdina dut, eta, behar bezalako prestakuntza eginez gero, gauzak txukun egin ditzaket.

Iaz bederatzigarren izan zinen. Zer ondorio atera zenituen?

Esperientzia berria izan zen niretzat, eta ondorio onak atera nituen. Tourraren ostean joan nintzen, eta lortutako erritmoari esker, aurre-aurrean ibili nintzen lasterketaren lehen zatian. Ordea, hiru asteko itzuli bat da, eta luze egiten da. Freskotasun falta nabaritu nuen, aurrez izandako egutegiaren ondorioz. Hori dela eta, aurten planteamendua aldatu dugu. Tourrean lehiatu beharrean, Giroan lehiatzen banaiz, Vueltara beste haize batekin iritsiko da gorputza.

Helburua berriz ere hamar onenen artean sartzea litzateke, edo anbizioz jokatuko zenuke?

Anbizioa beti izan behar da, baina, hankak lurrean edukita. Orain arte ez dut erakutsi itzuli handi bat irabazteko gai naizenik. Egunez egun joan beharko nuke. 21 etapa dira, beraz, gauza asko pasa daitezke. Zuhur jokatu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.