Ekuador

Etorkizuna erabakitzear

Bi herri galdeketa egingo dituzte gaur Ekuadorren: bat, nazio mailakoa, Yasuni parke nazionalaren petrolio ustiapenari buruzkoa; bestea, Quitoko meatzaritzaren ingurukoa.

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Herri indigenek eta ingurumenaren aldeko mugimenduek azken hamar urteetan Ekuadorko Estatuarekin izandako borrokak bere fruituak eman ditu: historian lehen aldiz, herri galdeketa batek erabakiko du Yasuni parke nazionalean dagoen ITT-43 blokeko petrolio gordina lurpean geratuko den ala ez. Waorani etniakoek esan dute baiezkoaren alde bozkatuko dutela, argudiatuta petrolio putzuek ez dutela lagundu beren komunitateen garapenean. Petroecuador estatuaren petrolio enpresa 2016an hasi zen petrolioa ustiatzen; hain zuzen,Ishipingo, Tiputini eta Tambocoha barrutietan ari dira lanean.

Ikusi gehiago:Correismoa faborito Ekuadorko presidentetzarako lehen itzulian

Yasuniko Parke Nazionala Amazoniako eskualdean dago, Orellana eta Pastaza probintzien artean, Ekuadorko hiriburutik 250 kilometrora. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak biosfera erreserba izendatu zuen Yasuni parke nazionala, 1989an, eremuak zuen aberastasun natural eta kulturalagatik. Unescoren arabera, munduan metro koadroko bizi aniztasun handiena duten eremuetako bat da Yasunikoa. Gainera, hainbat etnia indigenaren bizilekua ere bada; hain zuzen, haietako batzuk borondatez bakartuta daude.

Correaren ekinaldia

Ekuadorko presidente zen Rafael Correak Yasuni-ITT ekinbidea aurkeztu zuen 2007ko irailaren 24an, Nazio Batuen Erakundearen Batzarraren aurrean. Ekuadorrek 846 milioi petrolio upel ustiatu gabe uzteko konpromisoa hartzea inplikatzen zuen ekinbideak. Horrek, hain justu, 400 milioi tona karbono dioxido isurtzea eragotziko zukeen. Hala eta guztiz ere, nazioarteko komunitateak 3.600 milioi dolarreko konpentsazio ekonomikoa eman beharko zion trukean herrialdeari.

2013an, ordea, Correak ekinbidea ezeztatu zuen. 13 milioi dolar bakarrik bildu ziren, espero zutenaren %0,37 baino ez. Proposamenak porrot egin zuela iragarri ondoren, Correak petrolioa ustiatzea erabaki zuen. Asanblea Nazionalari eskatu zion «interes nazionalekotzat» jo zezala ITT blokea. Horrek protestak eragin zituen, eta, zehazki, horren harira eratu zen Yasunidos kolektiboa: galdeketaren sustatzailea da taldea, eta estraktibismoaren aurka dago.

Quitoko Barruti Metropolitarreko biztanleek —bi milioi hautesle guztira— beste boto paper bat jasoko dute; oraingoan, Choco Andinoren ingurukoa. Herritarrek erabakiko dute meatzaritza ustiapena baimendu ala ez Quitoko kantonamenduaren ipar-mendebaldeko eremu horretan, zeina oso aberatsa baita ingurumen ikuspuntutik. Kontsultak lau galdera izango ditu, meatzaritzaren gaiak hainbat dimentsio biltzen ditu eta, hala nola ekonomikoak, ingurumenekoak eta lurraldekoak. Unescok biosfera erreserba izendatu zuen Choco Andino, 2018an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.