Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkide izandakoaren ibilbide politikoa goraipatu zuten atzo sozialistek, Donostian, Mario Onaindia Fundazioarekin batera eginiko omenaldian. Uztailaren 15ean zendu zen Unzalu, eta haren konpromiso politikoa goratu zuen Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak ekitaldian. «Demokraziaren eta askatasunaren langile bat izan zen», adierazi zuen. «Uste demokratiko sendoak zituen, eta sozialista guztiok bezala, legediarekin eta Estatutuarekin engaiatuta zegoen».
Unzaluk «ezkerraren balioak» bere egiten zituela gogoratu zuen Mendiak, hala nola eskubideen alde lan egitea eta «herritar guztien askatasunaren» alde borrokatzea. Mendiaren esanetan, «legediaren» alde ere lan egin zuen Unzaluk, eta hori bera aldarrikatzeko garaia da oraingoa, autogobernuari buruzko eztabaida mahai gainean dagoelako. «Legea ezberdinen arteko itunaren arima eta demokraziaren funtsa da. Hori bera da Estatutua». Sozialistek itun horrekiko konpromiso argia dute, eta hala egiten jarraituko dute aurrerantzean ere, PSEko idazkari nagusiak argi utzi zuenez.
Izan ere, PSEk ez dio «beldurrik» autogobernua garatzeari; kontrara, haren alde lanean ari da aspalditik, Mendiaren arabera: «Hamarkadetan hil gaituzte eta jazarri zaizkigu autogobernuaren alde egoteagatik, eta hura hobetzeko eta modernizatzeko proposamen bat landua dugu». Gogoratu zuen PSEk Eusko Legebiltzarrean erregistratua duela estatutu berri baterako proposamen bat,eta haren bidez lortu nahi dutela autogobernua «sozialagoa eta pluralagoa» egitea eta Espainiarekin «elkarbizitza» bermatzea.
Unzaluren ideiak gogoan hartu, eta «akordioen balioa» aldarrikatu zuen Mendiak. «Akordioak lortzeko konpromiso irmoa zuen Unzaluk, baita egoera zailenetan ere». Halaber, goraipatuzuen PSEko legebiltzarkide izandakoak «politika zerbitzu publiko gisa» eta «iritzi trukerako gune gisa» hartzen zuela.
PSEk «legediaren» balioa goraipatu du
Mikel Unzalu PSEko legebiltzarkide zena oroitu dute. Estatutua goretsi du Mendiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu