Bigarren pista hori egiteko lanak irailaren 7an hasi ziren, eta, lehen pistarekin egin zuten bezala, talde ekologistek ohartarazi dute legez kanpokoa dela; epaitegietan salaketa bat jartzea aztertzen ari dira, bigarren pista hori egiteko erabakiaren kontra. Salaketaren oinarrian Aralarreko Natur Baliabideen Ordenantza Plana dago. Horren arabera, ezin da pista berririk egin natur parkean: lurra mugitzea debekatuta dago, eta zuhaitzak landatzeko eta lehendik eginda dauden bideak egokitzeko soilik mugi daiteke. Enirio-Aralar mankomunitateak argudiatu du lehendik dagoen bide bat egokitzen ari dela. Landarlan, Eguzki eta Aralar Bizirik plataforman bat egiten duten beste eragileek, ordea, salatu dute egiten ari direna ez dela egokitzapen bat, baizik eta pista berri bat, lehen bidezidor bat zegoen lekuan. «Hori bidezidor baten egokitzapena bada, Txindokira arteko bidea baliatuz tontorrerako pista bat egitea ere posible izango litzateke. Onartuko genuke?», galdetzen du Koro Irazustabarrena Landarlaneko kideak (Beasain, 1973).
Hondeamakinak Enirio eta Doniturrieta arteko bidean lanean, duela bi aste. / LANDARLAN
Doniturrietara arteko pista egiteko, hondeamakinak hasiak dira aspalditik Goierritik (Gipuzkoa) Igaratzara joateko erabili den oinezkoen bidezigorra zabaltzen; tartea batzuetan hiru metrokoa baino gehiagokoa da, bi 4x4 autok elkar gurutzatu ahal izan dezaten. Talde kontserbazionistek bide horren balioa defendatu dute, dagoen bezala utz dezaten; balio historiko eta kultural handikoa dela azaldu dute, eta trashumantziaren adierazle bat dela, artaldeak Aralarrera igotzeko geratzen den abelbide bakarrenetako bat delako. Zenbait mapetan dantzarien bidea izenarekin ere agertzen da bide hori, 1856an Jose Antonio Olano dantza maisuak (Iztuetaren oinordekoa) eta bere dantzariek Zaldibiatik Iruñera ezpata-dantza dantzatzera joateko erabili zuten bidearen zati bat delako.
Beste aukerak aztertu gabe
Talde ekologistek berretsi nahi dute ez daudela artzaintzaren aurka, baina suminduta daude mankomunitateak ez dituelako beste aukerak aintzat hartu. Irazustabarrenak zehaztu du horien artean dagoela, adibidez, lan taldeak eratzea pistak egiteko baliatzen ari diren diruarekin, «artzainen kopurua eta adina aintzat hartuta», artzain horiei behar dutenean gauzak igotzen laguntzeko —izan ere, Doniturrietako bost artzainetatik hiruk 60 urte inguru dituzte—. Horiez gain, salatu du aztertu ere ez dela egin beste mendi batzuetan erabiltzen diren ibilgailu beldardunak erabiltzea: txikiagoak dira, eta, beldar kateak pisua banatzen duenez, ez dute lurzorua 4x4 autoetako gurpilek bezainbeste higatzen.
Eniriotik Igaratzara zihoan bidezidorra, lanak hasi aurretik. / Iñaki Gurrutxaga, Goierriko Hitza
Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkate eta mankomunitateko presidenteak irailaren 7an sinatu zuen lanak hasteko akta. BERRIA saiatu da haren iritzia biltzen artikulu honetarako, baina ezin izan du eman, agenda arazoengatik. Uztailaren 30eko mankomunitatearen batzarrean, Santamariak nabarmendu zuen mankomunitateak «demokratikoki» onartu dituela bigarren pista egiteko lanak, «dagokion ordezkaritza mahaian kontrako botorik gabe», eta erabakia errespetatzeko eta «lanak bakean burutzen uzteko» eskatu zuen.
Irazustabarrenak auzitan jartzen du, ordea, pista egitea demokratikoki erabaki delako argudioa, «batik bat Santamariarengandik etorrita». Gogoratu du lehen pista egitera zihoazenean bi mozio aurkeztu zituztela Ordiziako Udalean, eta udalbatza kontra agertu zela, EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren botoekin. Santamariak, berriz, udal ordezkari gisara bozkatu beharrean, pisten alde bozkatu zuen orduan.
Unai Beloki (Zaldibia, 1983) Zaldibiako EH Bilduko ordezkariak ere auzitan jarri du nola bideratu den bigarren pista hartzeko erabakia. Haren hitzetan, mankomunitatearen bilera uztailaren 30ean egitea ez zen kasualitatea izan: zubi eguna zen Gipuzkoan, eta jende asko oporretara joana zen. «Baina botoak ondo zenbatuta etorri ziren pisten aldekoak, eta, legegintzaldi honetan lehen aldiz, Santamariak bi deialdi egin zituen; lehenengoan nahikoa quorum ez bazegoen, erabakia bigarrengoan hartzeko». Gaineratu du informazioa ezkutatu zietela EH Bilduko ordezkariei, eta salatu du alegazioak erantzun gabe hasi dituztela lanak. Horregatik guztiagatik, Zaldibiako Udalak batzar horretako espedientea eskatu du, eta ez du baztertzen baliogabetzeko eskatzea.
Pista egiteko lanak, lehen bidezidor bat zegoen lekuan. / LANDARLAN
EH Bilduren erantzukizuna
Intzesaotik Goroskintxura doan lehen pistarekin ez bezala, ordea, oraingoan talde ekologistek EH Bilduri ere leporato diote bigarren pistaren erantzukizuna. Eguzkik irailaren 13an atera zuen ohar batean gogor salatu zuen koalizioa pisten auzian izaten ari den jokabidea. Izan ere, mankomunitatearen batzarretan erabakigarriak izaten ari dira EH Bilduko zenbait ordezkariren pisten aldeko jarrerak. Amezketakoak behin eta berriz bozkatu du EAJrekin eta independenteekin batera; Ataungoak ere eman izan du aldeko botoa, eta Orendaingoa agertu ere ez da egiten batzarretara. Eguzkik agerian utzi nahi izan du EH Bilduk batzarrean dituen zazpi ordezkariei (Zaldibia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Amezketa, Ataun eta Orendain) Baliarraingoa gehituta (gertukoa dute), gehiengoa izango luketela. «EH Bilduk jauzi kualitatibo bat eman du», salatu zuen uztailaren 30eko batzarraz. Aralar Bizirik eta Landarlan ere zuzendu zaizkio EH Bilduri, galdetuz nola den posible neurririk ez hartzea Amezketako ordezkariaren kontra.
Belokik aitortu du saiatu direla, baina ez direla gai izan eskualdean EH Bilduren ordezkari guztien jarrera bateratu bat adosteko, eta kritikatu egin ditu interes pertsonalei jarraituz bozkatu duten ordezkariak. Belokik bat egiten du ekologistekin dioenean mankomunitatean soilik abeltzainen iritzia hartzen dela aintzat pisten auzian, eta ezinbestekotzat jotzen du aintzat hartzea Aralar osatzen duten beste talde batzuen iritziak: besteak beste, mendizaleak, ekologistak, arkeologoak eta urarekin lan egiten dutenak.