Memoria eta bizikidetza. Nafarroa

Aitortzarako bidea Nafarroan

Nafarroako Gobernuak prozedura abiatu du estatu indarkeriaren, Poliziaren eta eskuin muturraren biktimak aitortzeko. 16/2019 legearen abaroan dozenaka kasu ikertuko dituzte

Motibazio politikoko biktimen omenaldia Iruñean, 2017ko otsailean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroan, udalekin batera, gobernuak eraman du memoria historikoaren auziko lema azken bi legealdietan. Duela zortzi urte, Uxue Barkosen laukoak lehentasunen artean jarri zuen bizikidetza sustatzea eta biktimen aitortzaren alorrean aurrerako urratsak egitea. Horretarako propio sortu zuten Bake eta Bizikidetza Zuzendaritza, Ana Ollo buru zuen Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren barruan. Garai hartan sinatu ziren hitzarmenak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Aranzadi zientzia elkartearekin; besteak beste, fusilatuen hobiak topatzeko, biktimen inbentarioa osatzeko eta familiei aitortza eta ordaina eskaintzeko.

Ikusi gehiago:MEMORIA ETA BIZIKIDETZA, TXIKITIK HANDIRA

Hain zuzen, 2015-2019ko legealdiaren bukaeran onartu zuten ildo berri horrek emandako fruituetako bat: estatu indarkeriaren eta eskuin muturraren biktimei aitortza emateko 16/2019 foru legea. Arau horrek xedetzat dauka «eskuin muturrak edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzea eta erreparazioa eskaintzea». Horretarako, batzorde bat eratu du Nafarroako Gobernuak, eta horrek erabaki behar du eskaera aurkezten dutenei biktima izaera aitortu ala ez eta, horren arabera, ea kalte ordaina jasotzea dagokien. 2019ko bozen aurreko egunetan heldu zen lege berria, eta gobernu aldaketak eta, batez ere, eskuinak jarritako helegiteek atzeratu egin zuten bertan jasotako helburuak konplitzea.

Oztopoak oztopo, baina prozesua abiatu da. Nafarroako Gobernuak eginak ditu lehen elkarrizketak, prest ditu indarkeria polizialaren eta faxismoaren biktima izandakoen lehen txostenak, eta testigantza gehiago jasotzen ari dira, horretarako propio sortutako batzordean. Egiari Zor elkartea eta Nafarroako Torturatuen Sarea, besteak beste, prest azaldu dira elkarlanerako, eta hasiak dira beren kideen eskaerak tramitatzen, horretarako legeak eskaintzen dituen bideak erabilita.

«Ezin dugu aukera hau galdu, giza eskubideen urraketak ofizialki aitortuak izan daitezen», esan zuen Eneko Etxeberriak, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia eta Egiari Zor fundazioko kideak, iragan apirilean eginiko agerraldian. Harekin batera, hedabideen aitzinean azaldu ziren Nafarroako Torturatuen Sareko kide ugari eta Poliziaren biktima izandako beste asko, azaltzeko bide instituzionalari ekin diotela, urteetan ukatutako aitortza lortzeko.

50 hildako baino gehiago; 1.068 tortura kasu; 240 bat zauritu; eta erasoren bat sufritutako 174 ondasun dira Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sareak zenbatu dituztenak. Zenbakien atzean, baina, izen-deiturak daude. Mikel Zabalzarenak, kasurako. Haren familia gobernuko lantaldearekin batzartu da jada, elkarrizketa egin dute, eta tramiteak bete dituzte aitortza jasotzeko. Ez da bakarra, ordea. Biktimen elkarteen arabera, hamar bat kasu tramiterako onartu dituzte jada, eta bidean dira beste hogei salaketa.

Horiez gain, bide orriarekin bat egin dute Poliziak edo eskuin muturrak zauritutako biktima ugarik ere: 1976an Montejurran zauritutako Javier Nolasco, 1978ko sanferminetan zauritutako Fermin Ilundain eta Jaime Zalaia, Poliziaren ke pote batek elbarri utzitako Mikel Iribarren, pilotakada baten ondorioz begi baten ikusmena galdutako Aingeru Zudaire, eta Poliziak aldaka hautsitako Nerea Lanz. Apirilean Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sarea elkarteek jakinarazi zutenez, bost torturatuk ere eskatua dute Nafarroako Gobernuaren aitortza: Gloria Bosquek, Sotero Etxandik, Marilo Gorostiagak, Ainara Gorostiagak eta Mikel Sotok.

Ordain ekonomikoa

Aitortza publikoaz harago, 16/2019 legean jasotzen dira estatuaren eta eskuin muturreko taldeen biktimei pagatu beharreko kalte ordainak, ETAren biktimei aitortzen zaizkienen munta bertsukoak: 500.000 euro, zauriek ezintasun handia eragin badiete; 75.000 euro elbarritasun partzialagatik, 100.000 elbarritasun osoagatik, 180.000 elbarritasun absolutuagatik, eta 250.000 euro heriotzagatik.

Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak «muga handiak» ikusten dizkiote oraindik 16/2019 Legeari, baina sinetsita daude aukera eman dezakeela «sufrikarioaren argazkia» azaleratzen hasi eta «itzaletik argira ateratzeko»: «Badakigu eskaera aurkeztea eta testigantza ematea urrats pertsonala dela, banakakoa, baina badakigu, era berean, urrats indibidual horien eta aitorpen ofizialen baturak balio handiko erradiografia eskaintzen duela». Oraingoz, tantaz tanta ari da azaleratzen torturaren eta indarkeria polizialaren errealitatea .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.