Amesgaiztoaren atarian

Manifestazioak egin dituzte Bilbon eta Donostian, bihar hasiko den 13/13 auziaren epaiketa salatzeko. «Gurpil zoro honek behingoz gelditu behar du», adierazi dute manifestazioen bukaeran

Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian barrena. RAUL BOGAJO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Amesgaiztoa. Horrela definitu dute bihartik aurrera zortzi euskal herritarrek Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi pairatuko dutena Espainiako Auzitegi Nazionalean: amesgaiztoa, «hein handi batean herri honen amesgaiztoa ere badena». 13/13 sumarioa dela eta epaituko dituzte, eta 77 urteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete. Horren kontra protesta egiteko, manifestazio bana egin zuten atzo eguerdian Bilbon eta Donostian.

Jesusen Bihotza plazatik abiatu zen Bilboko manifestazioa, eta Saguesetik Donostiakoa. Manifestazioen bukaeran agiri bat irakurri zuten: Donostian, Beñat Luxarretak irakurri zuen, eta Bilbon, berriz, Ane Larreak eta Joxe Moralesek. «Nork esan behar zigun orain dela hamar urte, 2021ean oraindik kartzelak betetzen jarraitu behar zutela?», galdetu zuten; «nork esan behar zigun Guardia Zibilak haietako batzuei eragindako tortura basatien bidez lortutako inkulpazioak erabiltzen jarraitu behar zutela?».

Agirian, gogorarazi zuten auziaren iturburuan dagoen polizia operazioa egin zutenean, duela 11 urte, ezker abertzalea «konfrontazio armaturik gabeko agertoki politiko berria lortzeko prozesu betean murgilduta» zegoela, eta orduan atxilotu zituzten pertsonak ere lanean ari zirela «presoak agertoki horretan eragile aktibo» izan zitezen. «Bakearen etsaiek» bazekiten hori, eta «askatasunean oinarritutako etorkizuna» galarazten saiatu ziren atxiloketen bitartez, agiriaren arabera.

Auzipetuen esker ona

«Gurpil zoro honek behingoz gelditu behar du», adierazi zuten; «aurrera egiteko determinazio irmoa dugu. Iraganera kateatuta nahi gaituzte. Bizitza proiektua hondatu nahi diete auzipetuei eta haien ingurune hurbilari».

Bilbon, agiria irakurri ostean, Arantza Zulueta eta Saioa Agirre auzipetuak jendetzaren aurrean agertu ziren, eta, txalo artean, eskerrak eman zizkieten bildutakoei. «Guk ere maite zaituztegu», esan zuen Zuluetak. «Zuek gabe, ezinezkoa izango zen gu Madrilera hain indartsu joatea. Indartsu goaz, baina kezkatuta ere bai, Auzitegi Nazionala ezagutzen dugulako eta badugulako han erabiltzen dituzten trikimailuen berri».

Manifestazioa abiatu aurretik, antzeko mezua eman zuen Alfonso Zenon abokatuak: «Gogotsu goaz, gure ustez auzi honetan egon diren urraketa guztiak salatzera, eta indar guztiarekin borrokatzera auzipetu guztiek absoluzioa lor dezaten, baina badakigu Auzitegi Nazionalera goazela eta han bermeak ez direla oso handiak».

Auzipetuek hasiera-hasieratik esan dute prest daudela fiskaltzarekin akordio bat egiteko. Zenonen arabera, kontaktuak egon dira, baina orain arte ez dute emaitza handirik izan: «Gaur-gaurkoz, ez dugu lortu ezta akordio baten posibilitateaz hitz egiteko haiekin esertzea ere», esan zuen.

Eragileen sostengua

Alderdi politiko, sindikatu eta elkarte zenbaiten ordezkariak egon ziren Bilboko eta Donostiako manifestazioetan, auzipetuei sostengua helarazteko. EH Bilduko Julen Arzuaga Bilbon egon zen, Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta beste zenbait legebiltzarkiderekin batera. «Berriro ere ikusten dugu duela 25 urte sortutako Dena da ETA hark indarrean jarraitzen duela xantaia eta abantaila politikoa lortzeko metodo gisa, ETAk jarduera armatua eten zuenetik hamar urtera», azaldu du.

Arzuagaren ustez, auzia «euskal gizarteak nahi duenaren kontra» doa: «Gizarteak bake, bizikidetza, demokrazia eta askatasun handiagoa nahi du, eta kartzelak hustearen alde egiten du, ez betetzearen alde».

ELAko Leire Txakartegiren aburuz, prozedura «irregulartasunez eta kutsu politikoz beterik» egon da: «Sektore batzuek iraganeko eskemak betikotu nahi dituzte, bake prozesuan urratsik ez egiteko». LABen aldetik, berriz, Garbiñe Aranburu Donostian egon zen, eta Dabid Lizarralde Bilbon. Kataluniako ANCko presidenteorde David Fernandez ere Bilbon egon zen.

Epaiketa bihar hasiko da; uztailean zortzi saio izango ditu, eta abuztuko etenaldiaren ostean, irailean beste zortzi saio egingo dituzte. Irailean, Donostiako estropadekin batera, beste mobilizazio bat egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.