Osasun larrialdiak gogor jo ditu zahar etxeak. Egoitza batzuetan oso azkar zabaltzen ari da COVID-19 gaitza, eta gero eta gehiago dira birusak kutsatutako pertsonak eta eritasunak jota hiltzen ari diren adinekoak. Erakunde batzuk hasiak dira gaitzari aurre egiteko neurriak hartzen, eta zenbait egoitzatan, bertako langileek hartu dute ekimena. Hala egin dute, esaterako, Lizarrako (Nafarroa) San Jeronimo zahar etxean. Bertako hamabost zaintzaileek joan den martxoaren 23ean erabaki zuten egoitzan gelditzea, eta egunean 24 ordu ematea han bizi diren 62 adinekoekin. Birusari egoitzara sartzeko «zirrikitu denak» ixteko helburuz egin zuten urratsa. Lizarrakoa, baina, ez da itxialdia abiatu duen Euskal Herriko zahar etxe bakarra: gauza bera egin dute Zestoako San Juan-en (Gipuzkoa), Gernikako Calzada zentroan (Bizkaia), Murgiako Purisima Concepcion egoitzan (Araba) eta Tuterako Nuestra Señora de Gracia zahar etxean (Nafarroa).
Lizarrako zahar etxeko zaintzaileek eta egoiliarrek hamahiru egun daramatzate elkarrekin bizitzen, ateak itxita. Kutsaturik ez dute bertan, ez adinekoen artean, ezta zaintzaileen artean, eta aurrera begira ere horrela jarraitzea da asmoa: «Gure helburu nagusia izan da kanpokoak ez kutsatzea, eta gaixotasuna barrukoei ez pasatzea», azaldu du David Cabrero egoitzako zuzendariak. Koronabirusaren gaitza Nafarroako adinekoen egoitzetan sartzen hasi zenean hasi ziren kezkatzen San Jeronimo zahar etxeko zaintzaileak. Egoera larritzen hasi orduko, egoitzan itxialdia egitea erabaki zuten, eta hesiaren bestaldean jarraituko dute konfinamenduak irauten duen bitartean: «Arriskuak gutxitzeko modu bakarra da adinekoekin geratzea».
Zahar egoitza batzuetan gaitza arin hedatzen ari zela ikusita, San Jeronimo zentroan kezkatuta zeuden bertako langileen joan-etorriekin ez ote zuten birusa egoitza barrura eramango. «Gu ginen birusa barrukoei transmititzeko arriskurik handiena, kalera irteten ginelako, eta beldur horrek eraman gintuen itxialdia egitera», adierazi du Cabrerok. Egoitzan geratzeak «lasaitasuna» eta «segurtasuna» eman die egoiliarrei, eta pozik daude. «Hasieran, beldur handia zuten, eta oso kezkatuta zeuden telebistan ikusten zituzten berriekin. Hilko zirela uste zuten. Baina orain erabat aldatu dute jarrera: badakiteitxialdia haiek babesteko egiten ari garela, eta lasai daude».
Esperientzia positiboa izaten ari da guztientzat, baina Cabrerok ez du ezkutatzen langileentzat «gogorra» dela etxekoak luzaro ikusi gabe egotea. Elkartasun mezuek, baina, aurrera jarraitzeko «indarra» ematen diela dio.
Zestoan, astelehenetik
Lizarrako zahar etxean bezala, Zestoako San Juan egoitzan ere itxialdian daude langileak COVID-19 gaitza barrura sar ez dadin. Astelehenean ekin zioten itxialdiari, eta hamabost egun egongo dira horrela. «Gure zaharrei ahal den babes zabalena eman nahi diegu, beraiengandik gertu egon nahi dugu, eta segurtasuna eta alaitasuna eskaini». Koronabirusaren krisia hasi zenetik birusa egoitzara ez sartzeko ahalegin guztiak egiten ari direla azpimarratu du Joseba Illarramendi egoitzako zuzendariak.
Gaur egun, 36 egoiliar bizi dira San Juan egoitzan, baina etxebizitza babestuak ere badituzteeta horietan beste zazpi erabiltzaile bizi dira. Hartutako erabakiarekin gustura daude denak, kutsatzeko arriskua urruntzen dutelako. «Langileok gaitzaegoitzara sartzeko aukera hor zegoen, eta baita etxera eramatekoa ere».
Egoitzan 45 behargin dira, eta itxialdia egiteko aukera mahai gainean jarri zenean, denak agertu ziren prest parte hartzeko. Hala, 11-12 laguneko bi lantalde osatu dituzte, eta astebeteko txanda bana egingo dute. «Hemen gaudenok ez gaude behartuta, aho batez hartutako erabakia izan da, eta lasaiago gaude pauso hau emanda». Talde lana egiten ohituta daude Zestoako egoitzan, eta itxialdian denak daude beharrean, lantalde murritzagoan: sukaldariak, garbitzaileak, zaintzaileak, erizainak... Aldaketa bakarra sukalde zerbitzuan egin dute: orain arte herriko hornitzaileekin lan egiten zuten, baina «arrisku» hori saihesteko, catering bat kontratatu dute. Langileek Eguneko Zentroa atondu dute lo egiteko, eta Zestoako Bainuetxetik hamabi ohe eraman dituzte bertara. Bitartean, egunerokoari eusten diote, eta «gustura» daude, baita adinekoak ere: «Esaten digute seguruago daudela orain».
Koronabirusa
Itxialdian, barrukoak babesteko
Lizarrako San Jeronimo egoitzako eta Zestoako San Juango langileek itxialdia hasi dute, COVID-19 gaitza barrura sar ez dakien. Erabakiak «lasaitasuna» eta «segurtasuna» eman die egoiliarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu