Katalunia. Marta Rovira. ERCko idazkari nagusia

«Prest gaude ziklo politiko berriaren erantzukizun osoa hartzeko»

«Herrialdearen gobernagarritasunari uko» egin izana egotzi dio Rovirak duela gutxira arte ERCren gobernukide izan denari, Junts per Catalunyari. Haren esanetan, «aktore batzuek» izandako «jarrera taktikoen» ondorioz piztu da krisia.

ARANTXA ELIZEGI EGILEGOR.
arantxa elizegi egilegor
Geneva
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Etxetik ehunka kilometrora, Genevako bere bulegoan, hartu du Marta Rovirak (Vic, Katalunia, Herrialde Katalanak, 1977) BERRIA. Kataluniako krisiaz eta erreferendumaren osteko giroaz aritu da ERC Esquerra Republicana de Catalunyako idazkari nagusia. Elkarrizketa amaitu eta hurrengo egunean heldu da, ordea, JxC Junts per Catalunyaren azken erabakia, Kataluniako Generalitatea uztearena, eta presazko mezu baten bidez erantzun dio Rovirak horri.

Azkenean gertatu da: Junts per Catalunyak koalizioa uztea erabaki du. Eta orain zer?

Gure erabateko konpromisoa agertu nahi dugu herrialdearekiko, [Generalitateko presidente Pere] Aragonesekiko eta gobernuarekiko. Inoiz baino gehiago, gobernu sendoa, batua eta indarrak herritarren bizitza hobetzen jarriko dituena eskatzen du gaur egungo egoera konplexuak. Gobernuak lanean jarraituko du, noski, gatazka politikoari konponbidea aurkitzeko, emantzipazio nazionala lortzeko eta Errepublika Katalana eraikitzeko. Inoiz bazterrean utziko ez ditugun lehentasunak dira horiek. Prest gaude ziklo politiko berriaren erantzukizun osoa gure gain hartzeko, Juntsek herrialdearen gobernagarritasunarekin konprometituta jarraitzeari uko egin ostean.

Bost urte hauetan igaro zarete erabat batuta egotetik errepresaliatu eta preso ohien aurkako txistuak entzutera. Zer gertatu da?

Ezinbesteko ariketa politiko bat falta izan da. Ez dugu ondorio partekaturik atera gertatu den guztiaz, eta hori da arrazoia aurrera egiteko estrategia bateratu bat adostu ezin izanarena. Guk egin dugu prozesu hori Esquerra Republicanan, eta ondorio batzuk ere atera ditugu gertatu den guztiaz, batzuk baikorrak, esaterako badugula herria mobilizatzeko gaitasuna, adostasuna dagoenean eta helburu amankomun bat dugunean. Halakoetan geldiezinak gara, eta hori ikusi zen urriaren 1eko erreferendumean. Horiek dira gure indarguneak.

Baina ez gatoz bat ahultasun eta mehatxuei aurre egiteko moduetan. Hemen eztabaida handia dago, oso iritzi desberdinak ditugulako. Hausnarketa bateratu bat falta dugu hemen, eta hori oinarri hartuta lan egitea. Uste dut, baita ere, aktore politiko batzuek oso jarrera taktikoa daukatela, eta euren helburua dela boto batzuk gehiago irabaztea datozen hauteskundeetan. Hori ere oztopo da estrategia bateratu bat eraikitzeko.

Jarrera taktikoa?

Ezin bada hitz egin, ezin bada adostu, ezin bada ezer egin, egunaren amaieran ondorioztatzen duzu txistu horiek guztiak, traidore eta autonomista oihu horien guztien helburu bakarra dela botoak alderdi batetik bestera igarotzea, eta horrek ez garamatza inora.

Argitasun akordio bati buruz hitz egin du Generalitateko presidente Aragonesek, bide emango lukeena Espainiarekin erreferendum bat adosteko. Baina Madrilek berak ere ez du hortaz hitz egin nahi; beraz, badu zentzurik halako zerbait proposatzeak?

Argitasun akordioaren helburua da erreferendum batean bozkatu nahi duen %80 hori negoziazio mahaian ordezkatzea, eta erreferenduma egiteko baldintzak Kataluniak jartzea, hau da, guk erabakitzea zer testuingurutan litzatekeen onargarria Espainiako Estatuarekin erreferendum bat hitzartzea.

Bestalde, 2017an ikasi genuen gauzetako bat izan zen zilegitasuna falta izan genuela bai Katalunian, baita nazioartean ere. Zilegitasun horren beharra dugu Espainiako Estatuaren barne arazo soil ez bilakatzeko, hori baita Espainiak munduari esan diona, barne arazo bat dela Kataluniakoa. Demokratikoki egin behar dugu aurrera zilegitasun hori eskuratzeko eta jende gehiago erakartzeko, Kataluniako herritar guztien boto eskubidea defendatzen dugulako.

Zergatik orain eseri hitz egitera? Orain beste gobernu bat dagoelako [Madrilen], esaten duena negoziazio mahaian eseri nahi duela, eta badugulako nahikoa indar politiko Espainiako Gobernua negoziazio mahaian eserarazteko. Modu horretan, jende gehiagok ikusiko du hitz egitera eserita ere ukatu egiten digutela erreferendum bat egiteko eskubidea. Ez gara negoziazio mahaian independentzia eskatzen ari, badakigu hori demokratikoki irabazi behar dugula; nazioartean onartuta dagoen zerbait eskatzen ari gara, erreferendum batean bozkatzeko aukera.

Nazioartean ere ari zarete orduan urratsak egiten?

Badira bi faktore nazioartean interesa piztu dutenak: errepresio politikoa eta mahaia. Izan ere, erreferendumaren eguneko irudiak mundu osoan zabaldu ziren, baita preso eta erbesteratuen irudiak eta epaiketakoak ere... Hori ere baliatu egin dugu, eta ez gara ateak zabaldu zain geratu; babes bila irten gara. Babes horietako batzuk oso baliagarriak dira. Nik beti nabarmentzen dut Europako Kontseiluko errelatore Boriss Cilevicsen txostena. Haren txostenak galdera bati erantzuten zion: Bada preso politikorik Europako espetxeetan? Eta erantzuna baiezkoa da: Turkian eta Espainian [txostena iazko ekainean argitaratu eta onartu zuten]. Dokumentu horretan nabarmentzen da presoek aske behar dutela izan, eta erbesteratuek itzultzeko bide seguru bat behar dutela, baita Espainiak zigor kodea aldatu behar duela ere. 70 eurodiputaturen aldeko botoa jaso zuen dokumentuak. Hori izugarria da. Espainiaren presioa jasan zuten, eta, hala ere, ondorioen alde bozkatu zuten. Horrela lortzen da gatazka nazioartekotzea.

Negoziazio mahaiak zer eragin du honetan guztian?

Haren bitartez gobernuak lehen aldiz aitortu du badela gatazka politiko bat, nahiz eta independentismoaren zenbait alorrek ez zioten nahikoa baliorik eman horri. Horrek nazioarteko mugimendu izugarria sortu du; izan ere, aitortza hori eginda, behartuta daude gatazka konpontzera. Ondorioz, orain arte soilik Espainiako estatuarekin hitz egiten zuten hainbat eragilek guregana jo dute, gatazka horretako beste aldea garelako.

Honek guztiak laguntzen digu estatuak eraikitako irudia desegiten, hark separatista eta terrorista gisa saldu gaituelako. Baina, gurekin hitz egin ostean, jendea ohartzen da aktore demokratikoak garela, legezkoak diren alderdi politikoetako kideak.

Nazioarteaz ari zarenean, gobernuez ari zara, erakundeez...?

Nazioarteko eragileez ari naiz, alor askotakoez. Elkarrizketa horien lehen ondorioak hasiak gara ikusten, eta besteak, oraindik argitara atera ez direnak, etorkizunerako inbertsio bat dira.

Negoziazio mahaia, hala ere, PSOEren gobernuarekin adostutako zerbait da. Horrek esan nahi du gobernua aldatuko balitz mahaia ere desegin litekeela. Orduan zer?

Aukera orain dugu. Horregatik, Esquerra Republicanak aukera horren alde egin du. Etorkizunean mahaian jarraitzeko aukerarik balego, eta Esquerra beste inbestidura baterako beharrezkoa balitz, uste dut urrats batzuk eginak izango ditugula negoziazio prozesuko hurrengo etapa baldintzatu ahal izateko; aldiz, Espainian bestelako gehiengo bat nagusitzen bada, guk ere bestelako bideak bilatu beharko ditugu gure eskubideen eta proiektuaren alde egiteko.

Beraz, ez diezue aterik ixten bestelako bideei?

Ez, beti argi esan dugu hori. Prozesu honek etapak ditu, eta dagoeneko igaro ditugu horietako batzuk, eta argi izan dugu zer egin behar genuen aldi bakoitzean: estatutuaren krisia etorri zen lehenik, eta erabakitzeko eskubidearen alde egitea hurrena. Pauso asko eman ditugu, eta apurka erreferenduma egiteko eskubidea irabazten joan gara. Horrek guztiak bide eman digu gero eta jende gehiagori begiak zabaltzeko, ikus dezaten Kataluniarentzat bide bakarra dela estatu independente bat sortzea, eta ondoren, agian, baita Espainiarekin harremanak hobetzea ere. Orain Madrilekin ditugun harremanak mendekotasunezkoak dira, begira bestela zer gertatzen ari zaigun hizkuntzarekin.

Eta orain? Ez da mobilizazioetarako garaia?

Une honetan ez daukagu herri mobilizazio adosturik. Gu iritsi ginen 1,8 milioi lagun mobilizatzera, eta hori da Aragones presidenteak aipatzen duen bide zabala. Bide zabal eta transbertsal hori berreskuratu nahi dugu guk, non tokia duen bai mugimendu independentistak, baita mugimendu subiranistaren zati handi batek ere. Baina lan asko egin behar dugu adostasun hori berreskuratzeko, orain mobilizazioak interes politikoen araberakoak direlako. Orain Katalunian daukagun barne eztabaida ez da zintzoa, interes taktiko eta alderdikoi asko daudelako tartean. Ikusi bestela ANCrekin [Biltzar Nazional Katalana] zer gertatzen ari den.

Uste duzu badela aukerarik adostasun hori lortzeko?

Sei hilabetez ahalegindu gara nolabaiteko akordio bat lortzen, hau da, gertatutako guztiaren analisi bateratu bat egiten, eta estrategia bat zehazten. Baina ez dugu lortu. Uste dut hor errepresio politikoak zerikusi handia izan duela. Kalte handia eragin du independentismoaren buruzagi nagusiak bakartuta edukitzeak. Errepresio politikoak ukatzen digu aurrez aurre biltzeko aukera eta elkar ulertzekoa. Independentismoa kontzienteago balitz gure artean gertatzen ari denaz, zauri horiek zaildu egiten digutela analisi sakon bat egiteko aukera, orduan, agian, errazagoa izango litzateke guztia. Uste dut, hala ere, errepresio politikoa kudeatzen ikasten ari garela. Oso ondo esan zuen orduan Espainiako Gobernuko presidente zenak, Soraya Saenz de Santamariak, lidergoa kenduko zigutela eta sakabanatu egingo gintuztela, eta horrela arazoa amaituko zela.

Bi bide aipatu dituzu, baina bada hirugarren bat ere: aldebakarreko independentzia deklarazioa (DUI).

Esquerra ez dago DUI baten aurka, eta izan liteke oso baliagarria ere, baina soilik berarekin dakarren guztia egiteko gai garela bermatzen dugunean, hau da, hari eusteko gehiengo sozial eta politiko nahikoa dagoenean. Dena den, bide horietako edozeinek arrakasta izango badu, gehiago izan behar dugu: instituzio demokratiko guztiek hartu behar dute parte prozesuan. 2017ko urri hartan gure hiri handietako udalek ez zuten parte hartu, eta hori ahultasun bat da. Kontuan hartu behar dugu Kataluniako herritarren %70 bizi direla Bartzelonako metropoli eremuan. Horiei azaldu behar diegu independentzia nahi dugula herrialdea herritarren zerbitzura jartzeko, orain dugun egoeran ez baitugu nahikoa eskumen aurrera egiteko.

Kataluniako Errepublikaren Kontseiluak zer toki du prozesu honetan guztian?

Uste dut kontseilua uneotan erabat Juntsen esku dagoela, [Carles] Puigdemont buru duelako. Saiatu gara guztiontzako tokia bilatzen, baina ez da erraza. Uste dut eremu neutralak eraiki behar ditugula, guztiontzako tokia izango dutenak.

Erbestean bizi duzu zuk krisi hau guztia. Nola dago zure aurkako auzia?

2018ko martxoan utzi nuen moduan dago. Orduan erabaki nuen alde egitea. Urte horretako otsailean joan nintzen deklaratzera Gorenera, eta behin-behinean aske utzi ninduten. Hiru aste geroago, ohar bat jaso nuen berriz ere Gorenera joateko esanez, neurriak berrikusi behar zituztela eta. Gauza bakarra esan nahi zuen horrek, behin-behinean espetxera bidaliko nindutela. Horregatik erabaki genuen alde egitea, eta joatearekin batera nire aurkako atxilotze agindua eman zuten. Beraz, orain auzia itxita dago, eta soilik zabalduko dute ni deklaratzera joaten banaiz, baina, noski, itzultzen banaiz atxilotu egingo naute. Oraintxe irtenbide bakarra Estrasburgoren epai bat izango litzateke, baina horretarako ere urteak beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.