Egunen batean, X pandemia etorriko da»: adituek urteak zeramatzaten aukera horri buruz ohartarazten. Eta etorri zen, jakina denez. Orain, egoera ikusita, are handiagoa da antzeko arriskuekiko alerta maila, bereziki osasunari lotutako arriskuei dagokienez. X pandemiaren gaineko iragarpenei kasu handirik egiten ez zitzaien modu berean, gutxitan erreparatzen zaie X meteoritoari, X eguzki ekaitzari edo X sumendiari. Gizateria atakan jarri edo, behintzat, milioika pertsona kinka larrian jarri ahal dituzten arrisku existentzialetan pentsatzea ez da udarako planik onena.
Animalietatik gizakietara igarotzeko aukera duten gaitzei zoonosi deitzen zaie, eta horiek pandemia berrien abiapuntu izan daitezke. Guillermo Quindos EHUko mikrobiologoak azaldu duenez, zoonosia abiatu dezaketen patogenoak animalia jakin batzuei lotuta egon ohi dira: «Normalean, gu ez gara garrantzitsuak patogeno horien ugalketan, beste animalia batzuei egokituta daudelako», argitu du. Baina, bizitzan, txiripa ohiko bidaia laguna da, bai onerako eta bai txarrerako. «Animalia hori jaten dugu; hark kosk egiten digu; manipulatzen dugu edo haren txoko ekologikoan sartzen gara. Orduan, gizaki batengana igaro daitezke patogenoak». Hor has daitezke arazoak.
Gehienetan, patogenoa jaso duen gizakiak baino ez ditu nozitzen arazo horiek. Ondorio leunak izan daitezke: kasurako, salmonellosi arin bat. Baita hilgarriak ere: zoonosi larrien katalogo oparoan badira beldurrezko eleberri bati oina emateko moduko gaitzak. Alabaina, espezie gisa, Homo sapiens ahalguztidunari gauzak benetan konplika dakizkioke baldin eta patogenoak beste aurrerapauso bat ematen badu, pertsonatik pertsonara. COVID-19 gaitzak agerian utzi du hori.
Koronabirus honen aldaerez gain, eta etor daitezkeen ezustekoen artean, hegazti gripearena da ardurarik handiena ematen dutenetako bat. Ez da, inondik inora, animalietatik gizakietara igaro daitekeen gaixotasun bakarra, baina bai, aditu askoren iritziz, mundu osoko pandemia bihurtzeko arriskurik handiena duena.
H5N8 aldaera
Joan den maiatzean, Weifeng Shi eta George Gao zientzialariek arrisku horretaz ohartarazi zuten Science aldizkarian. Ohartarazi zuten hegazti gripearen H5N8 izeneko aldaera «azkar zabaltzen» ari dela munduan, eta aldaera horrek gizakietara pasatzeko gaitasuna duela.
Hegazti gripearen aldaera batzuek hegaztiei baino ez diete eragiten; beste batzuk, berriz, zoonotikoak dira. Kasurako, iaz hegazti gripearen hainbat agerraldi atzeman ziren Europan: gehienak oso patogenoak ziren, baina ez ziren zoonotikoak. Joan den maiatzean, ordea, birusaren H10N3 aldaera atzeman zen Txinan, eta horrek alertak piztu zituen. Aldaera horrek kutsatuta, 41 urteko lagun bat ospitaleratu behar izan zuten Jiangsu probintzian. Txinako Osasun Batzorde Nazionalak esandakoaren arabera, aldaerak gizakietan eragindako lehen kutsatzea litzateke munduan. Halere, eta orain arte zabaldu diren datuetan oinarrituta, ez dirudi gaitz hori gizaki batetik bestera pasatu denik.
Neikerren Animalia Osasun Saileko ikertzaile Marta Barralek azaldu du arriskuaren abiapuntua. Dioenez, hegazti gripeari lotutako birusen RNA zortzi zatitan banatuta dago. Horregatik, «mutazio ahalmen handia du, eta oso erraza da birus berrien azpimotak agertzea». Eboluzioan gertatu ohi den moduan, azpimota horietako gehienek ez dute aurrera egiten, baina badira zabal daitezkeenak, hegaztien artean nagusi bihurtuta. Azpimota horietako batzuk gizakietara igaro daitezke, «kutsatutako hegaztiekin kontaktu oso estua eta jarraitua» izanez gero.
H5N1 aldaerak, adibidez, gaitza eragiteko ahalmen handia du, eta errazago kutsa ditzake gizakiak. 1990ean sortu zen, Asian, eta 2005ean Europara iritsi zen, Euskal Herrira ere bai. «Garai horretan, hainbat herrialdetan kutsatutako pertsonen kasu asko gertatu ziren, eta ohartarazi zen azpimota horrek pertsonatik pertsonara errazago transmititzeko arriskua zuela, hegaztien artean jada gertatzen zen bezala. Hala ere, orain arte ez da horrelakorik gertatu». Oraingoz, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren arabera, hegazti gripeak gizakietara igarotzeko arriskua «oso baxua» da.
Birusei erreparatu
Arrisku horri adi egotea da Barralen funtzioetako bat. Horretarako, Neikerren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek bildutako laginak jasotzen dituzte: «Batetik, hegaztien artean zirkulatzen duten gripe birusen zaintza egiten da; bestetik, hegazti gripearekin bateragarri diren kasuak aztertzen dira». Zientzialariek adi erreparatzen diete hegaztien hilkortasun tasei, eta, bide beretik, baserriko hegaztien ekoizpen zenbakiei ere bai: izan ere, ustiategietan arrazoirik gabeko beherapenen bat egotekotan, hori animalien osasunean zerbait ondo ez doan seinale izan liteke.
Ustiategietan eta naturan hildako hegaztien laginak aztertzeaz gain, Barralek azaldu du urtero laginketa ere egiten duela modu aktiboan. «Horri guztiari esker, unean-unean hegaztien artean dauden gripe azpimotei buruzko informazio zehatza eta eguneratua dugu».
Espero izatekoa da orain pandemia berri baten aurrean are prestatuago egotea. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren inguruan bilduko esperientzia baliagarria izango al da? «Jakina», erantzun du Neikerreko adituak: «ezarritako kontrol eta jarraipen tresna guztiak baliagarriak eta eraginkorrak izango lirateke antzeko moduan transmititzen den agente batek beste pandemia bat sortuz gero, eta berehala martxan jar litezke». Gainera, «guztiz funtzionalak diren detekzio tresnak» eskura daudela dio, bai ospitaleetan eta bai animalien osasun laborategietan. Era berean, «esperientzia handia» dutela erantsi du adituak. Txerto posibleei begira ere, azaldu du esperientzia handia dagoela metatuta urtaroko gripearen birusaren aurkako borrokan. Horrek «erraztu egingo luke» hegazti gripe azpimota baten aurkako txerto bat garatzea.
«Zaila da aurreratzea noiz aurkituko dugun SARS-CoV-2 birusak erakusten duen kutsatzeko erraztasuna eta oldarkortasuna dituen beste agente bat», onartu du Barralek. Dioenez, basa espezietan dauden agente patogenoak gertutik aztertu behar dira, behar izanez gero «ahalik eta arinen» erantzuteko. Gogora ekarri du urte hauetan guztietan alor horretan adituek pilatutako esperientziari azken urteetan jasotako hobekuntza teknologikoak gehitu behar zaizkiola: uste du sekuentziazio masiborako tresna berriek abantaila nabarmena ematen dutela patogenoei buruzko ezagutzan.
Prest egoteko beharra
«Arazoa da gizakiok azkarregi ahazten ditugula gauzak», adierazi du Quindosek, etsipen kutsu batekin. 2009ko H1N1 gripea ekarri du gogora: «Garai horretan, botika eta maskara asko erosi ziren, baina, azkenean, gehienak bota egin behar izan ziren». Ordukoa alarma faltsu bat izan zen, eta osasun agintariei kritika egin zitzaien, diru asko xahutu zutela argudiatuta. COVID-19aren krisiaren hasieran kontrakoa gertatu zen. «Konturatu ginen oinarrizkoak diren zenbait industria gabe geratuak ginela», oroitarazi du Quindosek, pandemiaren hasierako garai latz horiek gogoan. «Orain ikasi dugu badirela halabeharrez mantendu beharreko industria batzuk».
Quindosek beste irakaspen bat nabarmendu nahi izan du: «Guretzat, mikrobiologoentzat, oso garrantzitsua da serial interval edo ezkutuko denbora». Birusa pertsona batetik bestera pasatzeko dagoen denbora tarteari deitzen zaio horrela. Gripean, egun bat edo bi izan ohi dira; COVID-19an, lau edo zortzi egun izan daitezke. «Konturatzen zarenerako, populazioaren zati handi bat kutsatuta egon daiteke».
Beste alderdi bati erreparatu nahi izan dio Barralek: «Gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna lotuta daude». Tamalez, «oso gutxitan» heltzen zaie osasun arazoei ikuspegi horretatik: One Health edo Osasun Bakarra. Hori ere bada, beraz, pandemien kontrako erreminta kutxan sartu beharreko beste tresnetako bat.