Akabo aldaketa. Lau urte baino ez ditu iraun. Datozen asteetan argitu beharko da ea Maria Txibite gai izango ote den gobernua osatzeko, edo Navarra Sumaren exekutibo bat ahalbidetzen duen. Laukoari begira, bi hipotesirik ezkorrenak nagusitu ziren atzo. Botoen %96 zenbatuta, Geroa Baik 2015ean lortutako parlamentari kopuru bera izan zuen, eta EH Bilduk ere emaitza bera errepikatu zuen: zortzi —hala ere, orria ixterako, ez zen erabat itxi eta parlamentari bat dantzan zuen, galtzeko aukerarekin Navarra Sumaren mesedetan—. Bi koalizio abertzaleek gora egin zuten boto kopuruetan. Batik bat, Espainiatik etorritako olatuak eraitsi du orain arteko gehiengoa: PSNk gorantz egin du nabarmen; alderantziz, Ahal Dugu amildu egin zen, eta bi parlamentari baino ez ditu lortu. Ezkerrak, ozta-ozta lortu zuen botoen %3ko langa gainditzea eta bederen parlamentari bat izatea erdietsi zuen.
Aldaketa nabarmenetakoa eskuinaren beraren mugimenduak ekarri du. Apirilaren 28ko bozetan, Navarra Sumak ez zuen behar bezain ondo funtzionatu; atzo, aldiz, bai. Alde batetik, Vox-en mehatxua erabat uxatu zuen. Bestetik, duela lau urte Ciudadanosek oinari tiroa jo zion, eta ordu hartan eskuratutako 9.994 botoakbere alderantz ekarri ditu koalizioak. Hartara, botoen %96 zenbatuta, 19 parlamentari lortu zituen, aurreko legealdian UPNk eta PPk zituzten parlamentari kopurua gaindituz. Iruña Park hotelean, pozarren hartu zuten emaitza. dituztelako. Garaipenagatik poz handia izanagatik, berandu atera zen iritzia ematera Javier Esparza. Orroeka hartu zuten: «Laukoa garaitu dugu. Gobernua zuzenduko dugu, abertzalerik gabe eta populistik gabe. Nafarroak ezetz esan dio laukoari eta esperimentuei». Txibite deituko duela aurreratu zuen.
Hala ere ez du ziurtatuta gobernua eskuratzea. Nafarroako jauregian sartzeko giltza PSNk izango du, eta Sarasate pasealekuan ematen du bestelako asmoak dituztela. «Presidente! presidente!» oihuka agurtu zuten Maria Txibite militanteek. Hark aurreratu zuen «gobernu aurrerakoi baten lidergoa» hartu nahi duela: «Ez diogu botorik emango Esparzari, eta ez dugu akordiorik egingo EH Bildurekin».
Hurrengo negoziazioen ekinaldia hartzeko, funtsezkoa zen bigarren indar izatea, eta lehia horretan PSNk irabazi zuen. Duela lau urteko gainbehera eten eta gorantz egin dute nabarmen sozialistek, apirilaren 28an izandako joerarekin bat eginez.
Geroa Bai hirugarren geratu zen, eta duela lau urteko parlamentari kopuru bera izan arren, Uxue Barkosek onartu zuen orain PSNri dagokiola gobernua zuzentzeko ardura. Bi mezu argi utzi zizkion Txibiteri: batetik, gobernuaz gain, gehiengoak osatzerakoan udaletako «gehiengo aurrerakoiak ere» kontuan izan ditzala, eta bilatu dezala «akordioa, anbiziozko posizioei uko eginda».
Geroa Bairen modura, EH BIlduk gora eginzuen botoetan. Aldiz, Ahal Dugu-k bost parlamentari galdu zituen eta Ezkerrak bat. Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek onartu zuen «hausnarketa sakona» egin beharko dutela.
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako Parlamentua
Ahal Dugu amilduta eta PSN bigarren izanik, aldaketarenak egin du
Navarra Suma eskuineko koalizioak irabazi ditu hauteskundeak, eta hemeretzi parlamentari lortu ditu. Boto kopuruan, Geroa Bai eta EH Bildu igo egin dira, baina alderdi sozialistak aurrea hartu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu