«Pertsona guztiek, bizi osoan, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu». Hori da Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat eragilek eta sindikatuk ondu duten herri akordioaren helburu nagusia. Hala, akordio horretan bildu dituzte azaroaren 30eko greba feminista orokorrera eramanen dituzten aldarrikapenak: hemezortzi epe laburrerako, eta bost epe luzerako. Bertzeak bertze, nahi dute zaintza duinaren unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publiko-komunitario bat garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, zaintzeko denborak bermatzea, pentsio duinak ziurtatzea eta lanen banaketa sexual eta arrazista bertan behera uztea.
Ikusi gehiago:Greba feminista orokorra lehen aldiz
Atzo eman zuten herri akordioaren eta aldarrikapenen berri, Hernanin (Gipuzkoa) egindako ekitaldi jendetsu batean. Orotara, berrehun lagun baino gehiago bildu ziren. Solasaldia euskaraz egin zuten lehenik, eta gaztelaniaz gero: «Akordioaren bidez, zaintza eskubide unibertsal gisa aitortzeko eskatu, eta zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu nahi dugu», adierazi zuten. Horrez gain, azaroaren 30eko greba feminista orokorrean parte hartzera dei egin zuten: «Herriz herri, asanbladaz asanblada ari gara antolatzen, zaintza sistema publikoa definitzen eta gure bizitzak politizatzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko prozesua da hau, eta horri ekingo diogu. Zaintza eskubide kolektiboaren alde!».
Greba orokor feministak zaintza izango du arretagune nagusi, antolatzaileen iritziz hori baita «bizimodu duina eraikitzeko oinarria». «Ez da unean uneko zerbait: zaintza beharrezkoa da bizitzako garai eta eremu guztietan. Beharrezkoa da bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko», dio akordioaren testuak.
Agerraldian gogoratu zuten egungo sistema ekonomikoak ez duela kontuan hartzen hori, eta jarrera horrek «kalteberatasuna» dakarrela. Izan ere, gizakiaren bi ezaugarrik agerian uzten dute zaintzaren beharra, eta sistemak ez ditu aintzat hartzen. Batetik, pertsonak «ekomendekoak» dira, naturaren «erritmoen eta aberastasunen mende» daudelako: «Heriotza bizitzaren zati bat da, eta beharrezkoa da gure mugak eta zaurgarritasuna aitortzea, naturan beharrezkoak baitira, eta, aldi berean, kontziente izatea pertsonen garapen aukerak mugatuak direla». Bertzetik, akordioak dio pertsonak «interdependenteak» direla: «Pertsonok elkarren mendean eta beharrean bizi gara une oro, eta gure bizitzan kalteberatasun egoerak bizi ditugu».
Itzalean
Horiek horrela badira ere, zaintzak ekonomiari egiten dion ekarpena ez da zenbatzen ofizialki. Hala ere, akordioak dio lan horiek «sostengatzen» dutela sistema ekonomikoa: «EAEko datuen arabera, ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa barne produktu gordinaren %27,7 izan zen 2018an».
Errekonozimendu eskas horren ondorioz, inork ez ditu egin nahi lan horiek: «Hortaz, generoaren, arrazaren, klase sozialaren eta jatorriaren ardatzek zeharkatzen dute». Egoera Hego Euskal Herrira ekarrita, 182.000 lagun inguruk dihardute ordaindu gabeko etxeko lanetan, gehienak emakumeak. Egoerarik larriena etxeko langile egoiliarrek jasan behar dute, dokumentuaren arabera: «Lautik bat egoera irregularrean dago, eta 24 orduz lan egiten du, aste osoan egunik libratu gabe». Eguneko etxeko langileen egoera ere ez da askoz hobea, anitzek astean 70 orduko lanaldiak egiten baitituzte. Horietako askok lan bat baino gehiago dutenez, are zailagoa da sektorea profesionalizatzea.
Horrez gain, agerraldian azpimarratu zuten zaintzarako zerbitzuak «erabat pribatizatuak» daudela, «zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan baldintzen kontura».
Aldaketa «erradikala»
Baina arazoak ez die zaintzaile profesionalei bakarrik eragiten. Izan ere, testuan azaltzen denez, emakume pentsiodunen egoera ere zaintza erregimen «bidegabearen» isla da. «Sistemak erreproduzitu egiten du pentsio arrakala, eta ez du neurririk aurreikusten zor patriarkala kitatzeko, hau da, urteetan egindako baina ordaindu gabeko zaintza lanak aitortzeko». Datuek erakusten dute hori: gutxieneko soldata baino gutxiago kobratzen duten hamar pentsiodunetatik ia zazpi emakumeak dira.
Zaintzaileen eta zainduen egoera ikusita, herri akordioak berak aitortzen du proposatzen duten eraldaketa «erradikala» dela. Hortaz, funtsezkoa izanen da norberaren «subjektibotasunean aldaketak sustatzea, pedagogia feministan oinarrituta». Hala, jasotzen du zaintza lanen «antolamendu soziala» eraldatu beharra dagoela, eta hiru elementutan atzeman daitekeela premia hori: zaintza lanen aitorpen eta banaketa faltan, zaintzaileen lan baldintza «kaskarretan» eta zainduek jasotzen duten arretaren kalitate «txarrean».
Izan ere, mugimendu feministaren ustez, zaintzea ez da emakumeen «obligazioa», kolektibizatu beharreko lana baizik. Lanaren banaketa ez ezik, zaintzaren kalitatea ere hausnartu beharreko auzia da: «Zainduak direnen autonomia, premiak eta eskubideak» kontuan hartu behar dira.
Horrez gain, planteatutako sistemaren eta osasun sistema publiko eta kalitatezkoaren arteko lotura ere azpimarratu du akordioak: «Arlo publikoak finantzaketa eta kalitatea bermatu behar ditu, eta profesionalizatutako zaintza lanak baldintza duinetan egiten ahal direla ziurtatu behar da».
Bi plano
Horiek horrela, aldaketa bi planotan pentsatuta egin behar dela azaldu zuten agerraldian: epe laburrean eta luzean. Batetik, egungo premiei erantzun behar zaie, «prekarioenen eta kolapsatuta daudenen egoerei», zehazki. Bertzetik, luzera begiratu behar da, eta «sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituen» sistema sozial bat imajinatu eta definitu.
Mugimendu feministak proposatzen duen sistema publiko-komunitario hori luzera begirako planteamendua da, eta, beraz, oraindik bada zer hausnartu. Gainera, feministek aitortu dute hainbat eragileren ekarpenak jasotzen ari direla prozesu horretan. Dena den, sistema horretan pentsatzen hasiak dira jada, lau arlotan: «Autonomia sustatzea eta mendekotasunen bat dutenei arreta ematea, haurtzaroa, bizitza osoko zaintza, eta zaintza lurrarekin eta lurraldearekin lotuta».
Horrez gain, hizkuntzaren afera ere mintzagai du herri akordioak, hizkuntza bereziki garrantzitsua baita mendekotasunen bat duten horien zaintzan. Hala, euskara ikastea doakoa izateko eskatu du mugimendu feministak: «Nor bere hizkuntzan zaindua izateko eta sektoreko langileei euskara ikasteko bidea irekitzeko».
Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeak ez ezik—hainbat kolektibo feministak eta herrietako asanbladek osatzen dute—, eragile eta sindikatu hauek ere sinatu dute herri akordioa: Pentsiodunen Mugimendua, Zaintza Babesten elkartea, Zaintza Araba elkartea, Emakumeak Gerraren Aurka, Salhaketa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Lehen Arreta Arnasberritzen, Ernai, Sare Zabalganeko familien elkartea, Euskalgintzaren Kontseilua, Ikama, Joxemi Zumalabe, Kapitalari Planto, Komite Internazionalistak, Gure Esku, Mugarik Gabe, Fekoor, Euskal Herria Kolonbia, AEK, SOS Arrazakeria, Bizi Bisexualitatea, Emagin, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, CGT, EHNE eta CCOO.
Azaroak 30: greba feminista orokorra. Herri akordioa
ZAINTZEKO ETA ZAINDUAK IZATEKO
Zaintza «eskubide unibertsal» gisa aitortzeko eskatu dute Euskal Herriko mugimendu feministak eta hainbat eragilek. Elkarrekin ondutako herri akordioan jaso dute eskaera, bertze hainbaten artean. Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean parte hartzeko deia ere egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu