Espainiako Prozedura Kriminalaren Legeak baimendu egiten du atxilotuak inkomunikatzea, oraindik. Eta inkomunikazioa baliatuta torturatu izan dituzte euskal herritarrak: ez duela hainbertze urtera arte. «Salbuespenezkoa» da neurria, legeak berak zehazten duenez —2015ean gehitu zioten xehetasun hori—, eta kasu hauetan aplika daiteke soilik, gaur egun: pertsona baten «bizitza, askatasuna edota osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen ondorio larriak eragozteko premia larria» dagoenean; edota, zigor arloko prozesua modu «larrian arriskuan» ez jartzeko, instrukzio epaileek «berehala jarduteko premia larria» dutenean. Inkomunikazioa ezarri ahal izateko, beraz, epaileak argudiatu egin behar ditu arrazoi horiek, teorian. Baina, funtsean, legearen oinarria orain dela urte batzuetako bera da. «Legediak inkomunikazioaren aukera babesten segitzen du», baieztatu du Alfonso Zenon abokatuak: «Komisarian bost egunera arte, eta, terrorismo delituen kasuan, kartzelan beste bost egun gehiago izan daitezke».
Abokatuen jarduna nola muga daitekeen ere azaltzen du legeak, eta, hain justu, zehazten du «kasuaren inguruabarrek justifikatzen» badute atxilotuari konfiantzazko abokatu bat izendatzeko eta abokatuarekin hitz egiteko eskubidea ken dakiokeela.
Torturak jasandako euskal herritar gutiz gehienen kasua da—bihar izanen da torturaren aurkako eguna—: konfiantzazko abokatua izendatzeko eskubidea kendu izan diete, eta, haren laguntzarik ezean, ofiziozko abokatu bat jarri izan diete inkomunikazio aldian. Ofiziozko abokatu horiek, alta, beren lanbideari bizkarra emanda jokatu izan dute: atxilotuaren gibelean jarri, eta isilik gelditu izan dira atxilotuek Poliziaren aitzinean deklaratzen zuten bitartean. Eta tortura zantzuei ez ikusiarena egin diete.
Zenonek uste du legeak berak ere mugatzen duela abokatu horien jarduna: «Kasu hauetan atxilotuek ezin dute abokatuarekin hitz egin; beraz, gutxi egin dezake ofiziozko abokatuak». Haren hitzetan, «atxilotuaren edo harekiko tratuaren inguruan ikus ditzakeen zirkunstantziak agerrarazi» ditzake, gehienez: «Atestatua ere ezin dezake ikusi; beraz, gutxi egin dezake, edo ezer ez. Defentsarako eskubidea desagertu egiten da».
Horixe izan da praktikan egin dutena. «Haren rola, salbuespen ohoragarri batzuetan izan ezik, mahaipetik txistu egiten duenarena izan da». Azaldu du isilik gelditu izan direla, eta atxilotuen gibelean: «Atxilotuek ez zuten jakiten deklarazioan abokaturik zegoenik ere». Zenonen ustez, tortura gerta zedin garrantzitsua izan da ofiziozko abokatuen egitekoa: «Ez dakit tortura baimendu duten, baina funtsezkoak izan dira torturatzen jarraitzeko».
2015ean pixka bat gehiago zehaztu zuten legea, eta epaileak, berez, «modu arrazoituan eta salbuespenez» soilik ezar dakioke atxilotu bati inkomunikazioa, hasieran aipaturiko «arrisku» horiek daudenean. «Baina hain da zehaztugabea, ezen edozein argudio erabil baitaiteke inkomunikazioa ezartzeko», dio Zenonek. Abokatuak uste du neurria debekatu egin behar dela, osoki: «Inkomunikazioak legeditik desagertu behar du, nazioarteko erakunde askok aspalditik aldarrikatzen duten bezala».
Estrasburgoko atea
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zalantzan jarri du inkomunikazioa berriki, Xabier Atristain euskal presoaren kasuan. Izan ere, Estrasburgok Espainia zigortu du Atristaini konfiantzazko abokatua aukeratzen ez uzteagatik, eta, beraz, horren bidez «prozesu justu eta ekitatezko bat» edukitzea galarazteagatik. Sententziak aipatzen du Espainiak Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6.1 eta 3c artikuluak hautsi zituela Atristainen kasuan: epaiketa justu bat eta ekitatezko bat izatea bermatzen duena da lehena; eta, bigarrena, defentsa eskubideari eta abokatua libreki aukeratzeari dagokiona. Inkomunikazioa baimentzen duen legearen aurka joan da Europa, beraz, zuzenean. Epaiak salatzen du, gainera, Atristaini ez ziotela utzi ofiziozko abokatuarekin «modu konfidentzialean» hitz egiten ere. Sententzian ageri da, halaber, epaileak argudio «generikoak» erabili zituela euskal presoari abokatua aukeratzea galarazteko, eta «automatikoki» ezarri ziotela inkomunikazioa: argudio espezifikorik gabe.
Atristainen abokatu Zigor Reizabalek garrantzia eman dio sententziari, haren bezeroaren kasuan ez ezik, eragina izan dezakeelako bertze halako egoeretan ere. Euskal preso gehienen kasuan, hain zuzen: anitz edo gehienak baitaude preso inkomunikazio aldian eta konfiantzazko abokaturik gabe egindako deklarazioen ondorioz. Zenonek ere uste du «aurrekari ona» dela sententzia, baina «zuhurrak» izateko eskatu du: «Estrasburgok kasu jakinak aztertzen ditu, eta kasu bakoitza ezberdina izan daiteke». Ez du ukatu epaiak «irizpide» bat jartzen duenik, nolanahi ere: «Antzeko kasuetan aplika daiteke, eta, tamalez, asko daude».
Tortura. Ofiziozko abokatuak
Ofizioari bizkarra emanda
Epaile, polizia eta auzitegi medikuek bezala, ofiziozko abokatuek ere bertze alde batera begiratu izan dute tortura kasuetan. Inkomunikazioa baimentzen duen legeak erraztu egiten du defentsarako eskubidea urratzea; «justifikatuta» baldin badago, izan ere, atxilotua konfiantzazko abokatuarekin batzea galarazi baitezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu