Inaki Irazabalbeitia. Alkizako alkatea

«Herri proiekturik ez dut ikusten, ez alde batean, ez bestean»

Talaia ederra da Alkiza goitik behera eta goitik aurrera begiratzeko. Ariketa horixe egin du Irazabalbeitiak: egindakoari eta egiteke duenari begiratu. Eskarmentu handiz ari da kimikaz, Elhuyarrez eta UEUz. Zintzotasunez ari da politikaz. Pasioz errugbiaz.

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Alkiza
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ez da erraza Inaki Irazabalbeitiaren (Donostia, 1957) ibilbideari esku bakarrez heltzea. Kimikan lizentziatua, Elhuyar Fundazioko zuzendari eta sortzaile, UEUko zuzendari eta kide, zientzia dibulgatzailea, Aralar alderdiko kidea eta Gipuzkoako zerrendaburua, Europarlamentaria, euskaltzain urgazlea, idazlea... Alkizako (Gipuzkoa) udaletxera baratzeko lanak eginda iritsi da: «Mahastian aritu naiz lanean. Ehun landare jarri ditugu etxean ardo zuria egiteko asmoz, baina haizeak parra batzuk mugitu ditu, eta haiek zutik jartzen eta adar batzuk mozten ibili naiz».

Alkizako alkate independentea. Izendapen bat da hori? Jarrera bat da hori?

Nire kasuan, jarrera bat da. Nik ibilbide politiko bat daukat. Euskadiko Ezkerran hasi eta Tolosako EH Bilduko zinegotzi gisa amaitu. Alkizan alkate izatea proposatu zidatenean, garbi neukan alderdiaren loturatik eta diziplinatik kanpo nengoela, eta nire ikuspegitik begiratu behar niela herriaren interesei.

Zer da anetola?

Molekula organiko bat da, anisari usaina ematen dion substantzia.

Memoria ona duzu.

Oraindik bai.

Kimikaria zara. 1986ko tesiaren izenburua: Prekozenoen sintesi-bidean: anetol eta deribatuen eraztun aromatikoaren hidroxilazio eta nitrazioa. Valladoliden aurkeztu zenuen [Espainia].

Kimikaria naiz bai, eta kimika irakaslea ere izan nintzen Donostiako fakultatean, tesi hori aurkeztu nuen arte. Gutxi batzuk akordatzen dira horrekin. Josu Jon Imaz,esaterako [Repsoleko kontseilari ordezkaria]. Berak beti oroitarazten dit klasetik bota egin nuela. Laborategiko praktikak ematen nituen, eta, nonbait, talde bat jolasean hasi zen hango tresneriarekin, eta ordena apur bat jarri nahian edo, bota egin nituen. Geroztik tratu ona dut berarekin.

Baina Valladoliden ez zenuen kimika bakarrik ikasi.

Mundu bat deskubritzea izan zen hura. Etxetik kanpora lehen aldiz, pisu batean apopilo. 1974. urtea zen, frankismoaren azken urteak ziren, giro oso mugitua zegoen hiri hartan. Fasa Renault enpresa zegoen bertan, greba gogorrak egin ziren, ikasle mugimendu indartsua zegoen, eta horietatik milaka euskaldunak ziren, ez zegoelako hemen garai hartan unibertsitate publikorik. Valladolideko unibertsitate barrutian geunden gu, eta hara joan ginen.

Garai berezia zen.

Jende asko sartu zen orduan unibertsitatean. Asko. Ikasle bizitza aktiboa zegoen, eta bizitza politiko oso aktiboa ere bai. Hango ikasleen artean zeuden garaiko alderdi politikoetako ordezkariak, eta baziren batzuk. Horrek markatu ninduen, bai.

Kontzientzia politikoaren ernatze bat, nolabait?

Han ezagutu nituen anarkistak, komunistak... eta Fasako langileak. Nire poteoko kuadrillan Fasako langileak zeuden, eta hori niretzako guztiz berria zen. Eta markatu ninduen, bai.

Kimikak eraman zintuen unibertsitate mundura. Zientziak Elhuyar, UEU... bidera. Zein izan zen prozesua? Zienzia dibulgatzaile ere bazarela dio curriculumak.

Nik garai batean asko irakurtzen nuen Asimov. Zientzia fikzioa asko gustatzen zitzaidalako, eta zientziari buruz zoragarri idazten zuelako. Asimov miresten nuen, eta gaztetako amets bat nuen: hura bezalakoa izatea. Gaztetako ametsak dira —eta ametsak eduki egin behar dira—. Kontua da 1975ean hasi nintzela Donostiako kimika fakultatean, Franco hil baino hilabete batzuk lehenago, eta hor agertu zen nire bizitzan giltzarri izan den pertsonetako bat: Luis Maria Bandres. Elhuyarreko sortzailea zen, presidentea orduan, eta gure irakaslea. Fisika eman zigun urtez urte. Eta 1976ko hasiera hartan, han ari ginen euskaldun batzuei proposatu zigun joateko Elhuyarrera, bazegoela jende bat larunbatetan bilera egiten zuena San Inazio zirkuluan, eta joateko hara. Han hasi nintzen elkartzen Andoni Sagarna, Iñaki Azkune, Luis Mari Bandres, Felix Azpiroz, Jesus Mari Goñi, Mikel Zalbide eta beste batzuekin. Larunbatero, zientziaz aritzen ginen euskaraz. Horrek eman zidan aukera zientziari buruz idazten hasteko, zientzia dibulgazioaz.

Eta handik UEUra.

Garai hartan Elhuyar UEUren babesa zen Hegoaldean, zeren orduan UEU Iparraldean bakarrik egiten zen. Esate baterako, Elhuyarrek diru bilketa egiten zuen UEUrentzat. Ni dibisa trafikoa egindakoa naiz! [barrez]. Elhuyarrek 1976ko udaberrian bildutako dirua bi autotan eraman genuen guk Baionara —nik gidatzen nuen bat—, eta Manex Goienetxeri eman genion eskura. Garai bateko kontuak dira. 1977an jada UEU Hegoaldera etorri zen. Zientzia saila lehenengo, kimika saila ondoren, liburuak eta materiala prestatu beharra... Ni kimika saileko sailburu, eta gero zuzendari. Dena dago lotuta, eta urte horietan figura klabea Luis Maria Bandres zen. Ni eta beste batzuk gidatu gintuen bide horretatik.

Eta euskaraz.

Bandresek bultzatu zuen fakultatean ikasgaiak euskaraz ematea. Guk lehen ikasgaia euskaraz 1977an jaso genuen. Mekanikako problemak Antton Santamariarekin, Carlosen semearekin.

Zer bide hartu zenuen orduan?

1980an amaitu nuen karrera. Tesia egin bitartean, klaseak ematen nituen kimika fakultatean. Berehala konturatu nintzen ikerketa ez zela nirea. Ikerketak eskatzen dituela dohain batzuk nik ez nituenak. Tartean, nik daukadana baino pazientzia handiagoa izatea. Eta, aldi berean, hasi nintzen Elhuyar aldizkarian lanean. Eta Elhuyar aldizkariak izan zuen bilakaeraren ideologoa eta zuzendaria ni izan nintzen.

Valladolidetik abiatutako adar akademikoa, zientzia alorrekoa hori. Baina adar politikoari ere ekin zenion.

Baneukan lagun bat Liga Comunistakoa, eta saltsan ibili nintzen, bilera pare batean izan nintzen... Baina ez ninduen gehiegi konbentzitu. Euskal Herrira bueltatu nintzenean, Kimika fakultatera, Francoren heriotza gertatu berri zen, eta fakultateko ikasleen ordezkaria nintzen. Eta hauteskunde orokorrak iritsi ziren, eta bi aukera: parte hartzea edo parte ez hartzea. Nik garbi neukan, espazioa uzten baduzu, beste norbaitek beteko du zuk utzitako espazioa. Eta hor zegoen Euskadiko Ezkerra. Eta han zeuden Mario Onaindia, Juan Maria Bandres bera... parte hartzearen alde. Eta erabaki nuen nik ere haien alde egitea eta parte hartzea. Botoa ematetik, militantzia politikora. Baina orduko militantzia politikoa ezberdina zen. Lan egiteko modua: goitik beherako zentralismo demokratikoa. Gure lana zen kartelak jartzea, hauteskunde mahaietan interbentore lana egitea, eta gutxi gehiago. Estatutuari buruz eta eztabaidatzen genuen, baina erabakiak jada lotuta zeuden goitik. Eta horrek atzera eginarazi zidan. Pentsatu nuen: «Ni hemen denbora galtzeko ez nago. Nik badauzkat beste militantzia batzuk». Eta erabaki nuen nire militantzia politikoa euskara izango zela. Utzi egin nion Euskadiko Ezkerran militatzeari. Ez horrenbeste arrazoi ideologikoengatik, zeren nik beti pentsatu dut Euskadiko Ezkerrak eraman zuen lerroa dela —gero Aralarren isla izan zuena— jorratu beharko genukeena. Baina denek ez zuten horrela ikusten. Beti izan naiz parte hartzearen aldekoa, biolentziarekin «kontuz!» esatearen aldekoa, ez dut esango biolentziaren kontrakoa izan naizenik, gezurra esango nuke.

Eten bat dago hor gero, beraz. Euskararen militantzian aritu zinen UEUn, Elhuyarren, Egunkaria Sortzen... Eta politikara bueltan berriz. Zergatik?

Lizarra-Garazi iritsi zen. Nik ordurako bi seme koskor nituen, 7 eta 4 urtekoak. Euskal Herritarrok sortu zen, eta esperantza bat zerbait berria zetorrelakoan. Jardunaldi batzuk antolatu zituzten, kultur mundukoak; ibili nintzen tartean, Ramon Zallo eta beste batzuekin. Baina Fernando Buesaren hilketa etorri zen hurrena. Eta harekin dezepzio ikaragarria. Eta harekin nire hausnarketa: «Ezin dugu horrela jarraitu». Patxi Zabaletarekin harremana banuenUEUren garaitik, banekien zer pentsatzen zuen, eta ez bakarrik 2000. urtean, baizik eta lehenagotik. «Bustitzeko garaia da», pentsatu nuen.

Eta behin bustitzen hasita... Aralarren sartu zinen.

Busti nintzen, asko. Busti egin behar zelako.

Damurik baduzu?

Batere ere ez. Harro nago. Eta beti esaten dut irabazi egin genuela. Borroka ideologikoa irabazi egin dugu. Ez dugu botoen borroka irabazi, desegin egin ginen duela hiru urte iruditu zitzaigulako desegin egin behar genuela, baina borroka ideologikoa irabazi egin dugu. Guk 2000. urtean esaten genuena da orain EH Bilduk esaten duena. Hori garbi dago. Eta ez da bakarrik indarkeria politikoaren inguruan edo borroka armatuaren inguruan, erabakitze esparruen inguruan ere bada. Nafarroa bada orain erabakitze esparru, eta hori 2000. urtean Batasunaren munduan bekatua zen. Baliabide demokratikoak, barne demokrazia, militante bat boto bat... Aralarren ibili ginenok —eta batzuk asko sufritu zuten—, badugu zertaz harro egon.

Nonbaiten ikusten duzu Aralar, edo erabat desagertu da?

Aralar une honetan fundazioa da. Ez besterik. Ez gara iritzi ildo antolatu bat EH Bilduren barruan.

Identifikatzen zara EH Bildurekin?

EH Bilduren ildo orokorrarekin, ezker abertzale zibil eta zabal horrekin —hori Aralarrek erabiltzen zuen—, horrekin bai. Desadostasunak izan ditzaket, eta baditut beste gauza batzuekin: barne demokraziaren zenbait aspekturi buruz, zenbait posizionamenduri buruz... baina hori normala da. Nik beti esan dut alderdiek eta mugimenduek ez dutela izan behar sekta bat. Nik beti kontsideratu izan dut neure burua nahiko frankotiratzaile gauza batzuetan, baita Aralarren barruan ere. Momentu batzuetan posizio ezberdinak defendatu izan ditut zenbait gairen inguruan; esaterako, erraustegiaren inguruan. Bekatu handia. Nik errausketaren kontra ez baitaukat ezer. Beste kontu bat da Zubietan egin dutena. Adibide praktiko bat da hori.

Besterik?

Adibide ideologikoago bat, Aralarren historiari buruzko dokumentalean ere esan nuen: 2011ko udal hauteskundeen ostean Aralarrek hartutako erabakia. Azkarregi eta beldurrez jokatu zuen, lasaitasunez eta pazientziaz jokatu beharrean, beste ezker abertzaleekin izan beharreko elkarlan estrategikoari buruz. Amaiur prezipitatuegia izan zen. Beste patxada bat behar zen gure indargune eta ahulguneei buruz hitz egiteko. Lau legebiltzarkide geneuzkan. Erabaki hark eragin zuen alderdia are gehiago ahultzea. Batzuk ez zutelako onartu kongresu hura galtzea; nik onartu nuen galtzea.

Zer-nolako plaza da Europakoa?

Zoragarria. Urtebete eskas egin nuen europarlamentari gisa, eta disfrutatu egin nuen. Eguneroko politikatik urrun dago, baina beste perspektiba bat ematen dizu. Batez ere, jarduera politikoan. Desberdin pentsatzen dutenekin lan egiten ikasi behar duzu zerorren taldean, eta negoziatzen beste taldeetakoekin. Beste kultura politiko bat da. Horrek ez du esan nahi han ere ez direnik gotortzen, baina badakite zerbait aurrera atera nahi badute, aurrekoa konbentzitu behar dutela.

Eta zein da egoera hemen? Eusko Jaurlaritza berria, COVID 19ak eragindako krisia...

Marmotaren eguna da. Autokonplazentzia handia ikusten dut, oro har, erakunde guztietan. Eta horrek kezkatzen nau. Herri proiekturik ez dut ikusten, ez alde batean, eta ez bestean. Trintxeretako gerra batean gaude, nolabait. Eta ez dut hori ongi ikusten.

Beste kezkarik?

Kezka praktikoak beste batzuk ditut: herri txikien finantzaketa, pertsonak kontratatzeko gaitasunik eza... Udalen finantzaketari buruzko kezka dut, urtero diputazioak ematen digun funts foral horri buruzkoa. Funts horren banaketarako irizpide ia nagusia demografikoa delako, biztanle kopurua. Ez dute kontuan hartzen herri hau bezalakoek zer egitura sozioekonomiko duten, zer egitura demografiko... Horretan galtzaile txikiak ateratzen gara. Batez ere, poligono industrialik ez dugun txikiak. Badirelako gurearen tamainako herriak Gipuzkoan, poligono industriala dutenak, eta oso ondo bizi direnak. Diru sarrera hori dutenez, baliabideak dituzte. Baina gureak bezalakoek ez. Zailtasun handiak ditugu finantza sistema horrekin.

Errugbilari kutun baten izena?

Serge Blanco. Errugbiko Pele zen, artista bat. Orain Messi esango lukete. Baloi zikin batetik baloi on bat ateratzeko gaitasuna zuen. 1989an joan nintzen Okzitaniako Tolosako lagun batekin Londresera: Ingalaterra-Frantzia, Twikenhamen. Haren lagun ingeles bat etorri zen gurekin. Frantziarrak atzean sartuta ari ziren ezinean, ostikoa jo zuten, Sellak hartu zuen baloia eta Blancori pasatu zion. Une bat hartu zuen pentsatu eta zer egin erabakitzeko. Jende guztiak uste zuen ostikoz joko zuela berriro, baina jokatzea erabaki zuen. Eta jokatzen hasi, eta entsegua lortu zuten. Zelai osoa altxatu zen txaloka, aitortza moduan. Hurrengo egunean egunkarietako titulua zen: «Blancoren entsegua». Baina berak ez zuen entsegua lortu, berak jokatzea erabaki zuen.

Pasioz bizi duzu errugbia.

Erabatekoz.

Jokatzen duzu oraindik?

Azkena duela bi urte jokatu nuen. Atletico San Sebastianen eta Bera Beran jokatutakoa naiz. 50 urtetik gorakoen kategorian jokatzen dugu orain, baina beldur apur batekin aritzen naiz; 63 urte ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.