Eneko Lanbea

Estereotipoak hankaz gora jarriz

Euskal Herrian gimnastika erritmikoaren mailari gorenean ari diren lau gizonetako bat da Eneko Lanbea. Azkenaldian, hura nabarmendu da gehien. Aitortu duenez, ez du bide erraza izan, eta aurreiritzi askori egin behar izan die aurre.

ENEKO LANBEA.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Horrenbeste gustatzen zait gimnastika erritmikoa eta horrenbeste gozatzen dut tapizaren gainean nagoenean, beti berdin izan zait zer esaten duten nitaz. Direnak eta ez direnak entzun behar izan ditudan arren». Eneko Lanbearena da aitorpena (Leioa, Bizkaia, 2004). Lau gizonezko bakarrik ari dira Euskal Herrian gimnastika erritmikoaren mailarik gorenean, eta Lanbea da horietako bat. Unai Arrieta (Donostia, 1996), Felipe Suso (Iruñea, 2004) eta Ander Olkoz (Tafalla, Nafarroa, 2003) dira beste hirurak. Antzekoa diote guztiek. Denek sufritu dute modu batean edo bestean gizarteak ezarritako estereotipoetatik ihes egin izana, eta gogor borrokatu behar izan dute aurrera egiteko.

Lanbeak umore ukitu batez kontatu du gimnastika erritmikoa egiteagatik entzun behar izan dituenak. «Nesken kirola dela, ez mutilena; hau egiten dutenak homosexualak direla... Ez uste jendea oso originala denik». Aitortu duenez, berak bakarrik ez, haren gurasoek ere bizi izan dituzte halakoak. «Oso gazte hasi nintzen, 2 urterekin, arreba zaharrenari segika. Ez nekien jendeak zer esaten zuen nitaz, oso txikia nintzen ezertaz jabetzeko. Baina gurasoek bai, haiek entzuten zuten jendeak nitaz esaten zuena, eta, noski, min egiten zien. Haiek ni zoriontsu izatea nahi zuten, eta ni zoriontsu nintzen gimnastika erritmikoa egiten». Aitortu duenez, gurasoek «zentzugabekeriaren muga» gainditu duten egoerak bizi izan dituzte. «Guraso batzuek leporatu diete ni ikusita haien semeek ere gimnastika egin nahi zutela».

«Argi» du etxekoen babesik gabe «ia ezinezkoa» dela halako egoera bati amore ez ematea. «Eta nik beti izan dut gurasoen eta arrebaren babesa eta laguntza. Beti animatu naute, eta ezkutu izan dira kanpotik etor zitezkeen mezu txarren aurka».

Babestua eta maitatua etxean, eta babestua eta maitatua klubean, Sakonetan. Mutil bakarra da. «Ohituta nago. Oso gustura aritzen naiz bertan, entrenamendukideekin eta teknikariekin: Judith Torralba eta Igone Arribas. Oso giro polita dugu. Nire bigarren etxea da». Hala da, makina bat ordu egiten baititu bertan: «Astean sei egunez entrenatzen naiz, eta lau ordu egunean». Eta horretaz aparte, ikasi. «Ondo daramat. Ohituta nago. Ondo antolatzea da gakoa». «Pasioz» bizi du gimnastika erritmikoa. «Beti dago zer asmatu, eta horrek izugarri erakartzen nau».

Nazioarteko txapelketarik ez

Maila nagusiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen azaroan. Aurretik, txapeldun izana zen gazte mailatan. Beti, gizonezkoekin soilik lehian, Espainiako Federazioak taldekako mistoak bakarrik onartzen baititu. Euskal Herrian, ordea, badute aukera emakumezkoekin lehiatzeko. Askoz okerragoa da egoera nazioartean: ez dago txapelketa ofizialik. «Pena da. Hemen eta inguruan maila ona dago, eta, pixkanaka bada ere, mutilak ari dira animatzen. Espainiako Txapelketan, 50 gimnasta baino gehiago aritu ginen zenbaitmailatan. Baina nazioartean oso gutxi daude, eta, horregatik, ez dituzte txapelketak antolatzen».

Errusia, Bielorrusia, Bulgaria, Ukraina... herrialde horiek nabarmendu dira betidanik gimnastika erritmikoan, baina, azaldu duenez, horietan pentsamendu nagusia da gimnastika erritmikoa «emakumezkoen kirola» dela. «Nabari da herrialde horiek kontserbadoreagoak direla». Japonian, berriz, gizon askok egiten dute gimnastika, baina, zehaztu duenez, gimnastikaren eta akrobazien arteko nahasketa bat da.

Ez Europako Txapelketarik, ez Munduko Txapelketarik, eta are gutxiago Olinpiar Jokorik. Gimnastika erritmikoa da olinpiar kirol bakarra non gizonezkoek zein emakumezkoek ez diren lehiatzen nazioartean. Igeriketa sinkronizatuan ere ez dira inoiz gizonezkoak aritu Olinpiar Jokoetan, baina bai munduko txapelketetan, bikote mistoetan. Nazioarteko Olinpiar Batzordearen asmoa da Jokoak gero eta parekideagoak izatea, eta, hori lortzeko, Nazioarteko Gimnastika Federazioari eskatu dio gizonezkoen lehiaketak antola ditzan. «Itxaropentsu» dago, baina ez du uste hark Jokoetan aritzeko aukera izango duenik. «Berri oso ona da. Nire ametsa Olinpiar Jokoetan lehiatzea da, baina, gaur-gaurkoz, oso zail ikusten dut, oso herrialde gutxitan baitago hedatuta gimnastika erritmikoa gizonezkoen artean. Iritsiko da, baina nik ez dut uste aukera izango dudanik. Halere, berdin zait. Batzuetan, ateak ireki behar dira, beste batzuk sar daitezen. Zoriontsu nintzateke nire borrokak balio badu ondorengoek bide samurragoa izan dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.