«Gure Cafe Gijon edo gure Cafe de Flore hau izan da». Hazten ikusi duten inguruetan, Errenteriako Arkaitza tabernan egin du hitzordua BERRIArekin Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977), eta liburu berrian nolabait ageri diren bat baino gehiago igaro dira tabernatik elkarrizketa egin artean —«gutunetan aipatzen den beste bikotearen alaba da hori»—. Eraikuntzarako materiala lehen nobela eman berri du, ipuingilearen ahotsetik aldenduta. Aita alkoholiko baten eta haren alabaren artekoak kontatu ditu, hondamendiaren hitzetan murgil egin.
Urduri ei zinen argitaratu aurrean. Zerk izutzen zintuen?
Hanka sartu izanak, zentzu guztietan: edukizkoan, literarioan edo estetikoan eta humanoan. Oso jende gutxik irakurri zuen, eta ez nekien nola jasoko zen. Haragia-rekin ere ikaratuta egon nintzen, baina modu honetan orain bakarrik egon naiz.
Eta nola zaude orain?
Joan da beldurra. Kurioski, jende dezentek idatzi dit, esan beharra-edo izan dutela sentitu dut.
Lehenengoz aurkeztu duzu liburu bat Errenterian. «Zuek ez dakizue, baina hau exorzismo bat izan da», esan zenuen.
Beti eduki dut harreman handia herriarekin, eta, eszenatoki literariotzat erabili izan dudan arren,liburuen zabalkundean ez dut inoiz zapaldu. Hain nengoen ikaratuta liburua nola irakurriko zen, erabaki inportante bat izan zen hemen [Arkaitzan] aurkeztea. Anariren ideia izan zen. Hasieran oso ona iruditu zitzaidan, eta eguna iritsitakoan munduko okerrena. Baina egia da asko lagundu didala liburua nolabait hemendik lanzatzeak. Alkohola ardatzetako bat da liburuan, eta tabernak bazuen beste esanahi bat ere. Estimatzen dudan jendeari liburuko puskak irakurri ahal izatea, bestela esango ez nizkiekeen gaien inguruan, ederra izan zen.
Liburuan dauden hainbat lagun bizirik daude. Nola izan da haietaz ere idaztea, nola hartu dute?
Nik ez dut ahazten, eta ez nuke nahi irakurleak ahaztea, liburua eraikuntza literario bat dela, artekfaktu bat, artifizio bat. Beraz, hor daudenak pertsonaiak dira. Ez dago pertsonarik liburuan. Beste gauza bat da pertsonekiko harremanarekin zer egin dudan pertsonaien bidez, baina badira oso inportanteak izan diren pertsona asko ez daudenak pertsonaia bezala ere liburuan. Irakurri dutenek eta beren buruen errepresentazio bat aurkitu dutenak nahiko konforme gelditu dira.
40 bat urteko tartea hartzen du kontakizunak. Ia kolpe batez atera omen zitzaizun. Buruan aspalditik zeneukalako akaso?
Uste dut urte asko daramatzadala liburu hau idazten; bestela, ez dut ulertzen nola etorri zitzaidan horrela. Are, baliteke aurrez beste gauza batzuk idatzi izana liburu hau idaztera ausartu ez naizelako.
Idatzi artean «zaindari» izan dituzu hainbat elementu; tartean, idazten hasi aurreko mapa bat.
Bai, ondoan izan ditut landareak eta Mexikon erosi nituen xoloitzcuintliak, inframundurako sarrera zaintzen duten zakur terrakotazkoak. Eta egin nuen mapa bat, bai: kortxo batean jarri nituen gutun azaletan sartuta nire ustez erabili behar nituen hariak. Bakoitzari izen bat eman nion, eta fitxak, argazkiak... sartu nituen. Bazeuden benetako mapak ere, Errenteriatik Benicassimera doana, adibidez, ondo markatuta irteerak, restop onenak. Hori muntatu nuen egunean esan nion Leireri [Lopez, editorea]: «Hasiko naiz».
Materiala bilduz joan, eta ondoren jarri zara idaztera, beraz.
Bai, baina bidean ere agertu dira gauzak: gutunak [idazlearen aitak amari soldaduskatik igorriak], kontu berriak, suertatzen joan diren eta istorioarekin bete-betean lotzen ziren bizitza puskak...
Narratzaileak maiz dio aita hiltzea nahi duela, harekin egon ahal izateko. Zure aita hiltzea izan da liburua idazteko klak-a?
Dudarik gabe. Nire aitaren heriotza baino lehen ezingo nukeen, eta ez nuen desiorik ere. Bere heriotza inguruan zalapartaka egotea erabakigarria izan zen. Hiltzen denean norbait, gu beste norbait izatera pasatzen gara, gure parte bat hil egiten denez. Gauzak ulertzeko, idatzi egin behar dira askotan, baina sentitzeko ere bai, batzuetan. Uste dut kasu honetan horretarako balio izan didala liburuak.
Ipuinen arauetatik kanpo idazteko gogoa ere bazenuen?
Nahi nuen gauza bat luzeagoa idatzi, baina ez nuen presarik, eta hau pare-parean jarri zitzaidan, oso modu fisikoan. Ipuinak idazten ari nintzen, baina ezin izan nuen jarraitu. Taupada galdu zuten pertsonaia horiek.
Nobela bat da, ez konbentzionala. Generoaren ulerkera itxia izan da hemengo tradizioan?
Dauzkagun definizioetatik ez dut uste dagoenik bat hobeto egokitzen zaionik. Hor badut hutsunearen sentsazioa. Baina, bestalde, nobela bezala nahi nuen kaleratu, ze enboltorio ematen diozun, hala irakurtzera gonbidatzen duzulako. Idatzi bitartean nobelatzen ari nintzela ere sentitu dut.
Hondamendi baten kronika kontatu duzu, aita-alaba batzuen harremana, dena blaitzen alkoholismoa. Isiltasun handiak inguratzen duen gaia da, hala azaltzen da liburuan ere. Zerk bihurtzen du hain heldugaitz?
Pentsatzen dut lotsa dela, lotsa soziala. Esaten dute gaixotasun familiarra ere badela, ez dela soilik gaixoak pairatzen duena, baita bere ingurukoek ere, bakoitzak bere erara. Behin idatzita, niri ere kosta egiten zait ulertzea zergatik dagoen hainbesteko isiltasuna gaiaren inguruan. Nire idazteko maneran isiltasunak presentzia handia eduki du, eta, agian, horregatik ere bada. Isiltasunaren inguruko gogoetez gain, hutsuneek, tarte zuriek, esan gabekoek, denbora saltoek... Parte handi batean ere idatzi dute liburua.
Hazira itzultzea (Eta handik gutxira gaur, Susa, 2014) ipuinean ere alkoholiko baten alaba agertzen da; lotsa han ere. Hori da kontatzen zailena?
Zailena izan da kontatzea. Behin erabakita, esango nuke kontatzen errazena izan dela lotsa. Sekulako potentzialitatea dauka: hor dago esan gabeko guztia, hor daude hitz guztiak. Edozein egoera lotsagarri zertaz dago egina, ez bada esan nahi ez eta ikusi nahi ez ditugun puskez? Lotsa motorra ere izan da. Indar handia du lotsagarria den zerbait ikusgai jartzeak, hori egingo duzula erabakitzeak, edozein egoeratan. Idazten dugunean, askotan, esan ezin ditzakegun gauzez idazten dugu, kontatu ez ditugunez, idatzi gaituzten gauzez, barruan daramatzagun istorioez... oso lotuta daude lotsarekin denak. Hitzek aztikeria bat ekar lezakete. Hori da agian idaztearen bulkadetako bat.
Hondamendia zerk ekarri duen eta zer utzi duen arakatu nahi du narratzaileak. Une batean dio: «Historiak erru parte bat du eta borondate faltak beste bat». Izendatzeak balio du ulertzeko?
Niri balio izan dit ordenatzeko, ez ulertzeko. Bakea eman dit. Balio izan dit ezagutzeko hilda dagoen pertsona bat modu postumoan, idazkeraren bitartez. Eta maitatzeko ere bai, beste modu batera. Baina hondamendia martxan zerk jarri zuen ulertzeko ez. Badaude hipotesi izatera iristen ez diren ideiak, hizkuntzarena, torturarena, gurasoen hoztasunarena, anaia zaharrenarena... baina bakar batek ere ez nau asetzen.
Ez da inportanteena, agian.
Hasieran uste nuen baietz, horretarako egingo nuela. Baina ez dut aurkitu hipotesi fidagarririk.
Mesfidantzan hezia izan da narratzailea, gogorra da horregatik inguruarekin. Haren jokabidea arakatu nahia ere badago?
Parte hori idazteak ordenatzeko baino gehiagorako balio izan dit. Atezuan dagoen haur bat ageri da, bizirauteko tresna horiek garatuko dituena: erasoa, autoerasoa, distantzia, kontrola... Bera baino pariagoa den norbait torturatzeak emango dio lasaitasuna.
Aita-alaben arroztasuna talkan dago hurbiltasun gogoarekin; liburuaren tonu lehorra argitasun printzekin. Maitasuna bera konplexuago bihutzeko modua izan da?
Hitzekin egiten dugunean lan, gure lanaren parte handiena hitz horiek zer gordetzen duten ikustea da. Maitasuna, ze ostia esan nahi du? Niretzat ezer ez. Horregatik, ezer esan nahi ez duelako baina erabiltzen dudalako saiatu behar dut zentzuz betetzen. Sentimendu, pentsamendu eta ekintza kontraesanezko pila kabitzen dira maitasunean, maitasun izateari utzi gabe. Eta liburu hau hori ere bada: maitasunezko nobela bat. Halere: inork ez luke nahi modu horretan maitatua izaterik.
Narratzaileak «Rodriguez anderea» izendatzen du bere burua, haren ingurukoek zure inguruko askoren izen berak dituzte... Nola kudeatu duzu hori dena?
Oso presente izan dut artifizio bat eraiki nahi nuela. Literatura izan da helburua. Pudore handia eman dit nire eta ingurukoen izen propioak erabiltzeak. Niretzat oso gauza lotsagarriak zirenak literaturizatzera nindoan, eta momentu batean bai esan nuen «ze ariketa nartzisista». Baina ohartu naiz intimitatea oso gauza arrunta dela, eta ematen diogula estatus bat, ondo pentsatuta, nire kasuan behintzat, justifikatzen zaila dena. Arrisku bat hartzen nuen, baina, idazle bezala, hala zegokidan. Hori egin behar nuen: abiadurak, estiloak, egiturak, denak eraman nau horretara.
Autobiografikoa eta antzeko abizen labainkorrei ihes egin diezula dirudi. Arriskua dute?
Bizi gara morboaren gizartean, eta, sarri, galdetzen denean autobiografikoa ote den galdetu nahi dena da: «Zure aita mozkor bat zen? Hain mozkorra zen?». Badago hori jakiteko behar bat, kasu askotan, gaixotiarra. Are, obra osoa horren baitan irakurtzeraino eta epaitzeraino. Hori ez da literatura. Niretzat, idazle bezala, oso molestoa da galdetzen dizutenean zure bizitzaz, zuk kontrakoa egin duzunean: zure eguneroko bizitza horri buelta bat eman eta artifizio literario bat egin. Irteerako kasillara eramaten zaituzte.
Conceiçao Evaristo idazleak zioenez, ahanztearen eta oroitzearen arteko igurtzian, espazio horretan josten dira bizitza eta literatur idazketa. Izan du hortik?
Identifikatzen naiz horrekin, baina ez daukat sentsazioa iraganetik tiraka idatzi dudanik. Irakurria dut oroitzeko aurrena ahaztu egin behar dela, eta ez daukat sentsazioa ahaztutako gauzak berreskuratu ditudanik. Hor idatzitakoa atzo harategian edukitako elkarrizketa bezain presente dago niretzat, horregatik erabili dut aditz denbora presentea ere.
Ez da memoria, ez da fikzioa; tartean dago?
Baietz esango nuke. Orain arte idatzi dudana niretzat %100 fikzioa izan da; nahiz eta elementu autobiografikoak erabili, fikzioaren sentimendu erabatekoa eduki dut. Hau idatzi bitartean ere sentsazio hori izan dut, nahiz eta asmatu dudana gutxi izan.
Bizipenen isla ez, baizik eraikuntza literarioa izan deneko erakusgarri da, adibidez, ahizparen pertsonaiari emandako tratamendua? Narratzailearen haurtzaroan ez da ageri; bai, ordea, helduaroan, aro bakoitzean haren lekua zein den erakutsi nahi bazenu bezala.
Bai. Hor dago artifizioa. Pertsona inportante batzuen omisioa eraikuntza literarioaren mesedetan egin dut, eta egia baten bilaketan ere bai. Agertzen diren pertsonaia batzuk agian lau pertsonaren fusioa dira; ez dira benetan existitzen. Badira gertatu ez diren eszenak ere. Fikzioa da? Askotan nahasten da fikzioa gezurrarekin eta ez-fikzioa egiarekin. Argi dago hori gezurra dela. Fikzioa eraiki daiteke egiaren bila eta egiatik, eta ez-fikzioa ez izan batere egiatia.
Azpimarra bat: «Zure aitak egunero gainean kaka egitea gauza bat da, zure aitak egunero kaka gainean egiten duela idaztea ordea beste zerbait da». Zer da errealitate intimo hori idatzira pasatzeak aldatzen duena?
Mina beste toki batera eramaten du. Dudarik gabe. Beste zerbait bilakatzen da, alkimia ariketa bat da. Idaztean birziklatu egiten duzu sentimendua. Ekintza bera lotsa iturri izan daiteke, baina horri buruz idaztea izan daiteke helburu literarioarekin idatzitako esaldi instrumental bat, onarpen bat... Aipatzen da liburuan: narratzailea idazle bilakatzen da bere dekadentzia errealarekin beste zerbait egiteko. Konturatzen da horretarako balio dezakeela arteak. Idazle ez den batek zer egin dezake gertakari horrekin? Idazle batek literatura egin dezake. Hondamendiari biziraun.
Zure aitak amari bidalitako gutunak datoz amaieran. Nor topatu zenuen horietan, eta zergatik sartu zeudenetan, itzulita?
Joxe Mari Berasategik itzuli ditu. Izugarri ona iruditzen zait egin duen lana, narratzailearen aitaren euskarazko ahotsa jaso du. Jakin izan balu ere, gazteleraz idatziko luke, baina liburuan euskaraz doaz. Artifizioaren beste adibide bat. Eta nor topatu nuen? Uste dut pertsona ezezagun bat ageri dela gutunetan, maita dezakeena, barkamena eskatzen dakiena, emozioak adierazten dakiena... baina dagoeneko borrokan dagoena, hondamendiaren ertzean.
Eider Rodriguez. Idazlea
«Lotsarenak dira hitz guztiak»
Egunerokoa, galderak, zerrendak, gutunak... material ugarirekin eraiki du bere lehen nobela Rodriguezek. Urte luzez alkoholarekin arazoak izan dituen gizon baten eta haren alabaren arteko harremana du ardatz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu