BAKARRIZKETA

Robot sukaldarien gerra: hortzetan dago gakoa

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Vorwerk, Thermomix sukalde robota ekoizten duen enpresa, eta Lidl Europako supermerkatu katerik handiena epaitegietan dira plagio salaketa bat dela eta. Irabaziz gero, zazpi milioi euro inguru jasoko ditu Vorwerkek, eta arrazoia emango liokete.

1. Thermomix? Lidl? Gastronomia orrialdeak tokiz aldatu al dituzte? Ez, horiek larunbatean argitaratzen dira, Bizigiro sailean. Hau Ekonomia da.

2. Ondo dago jakitea. Zer gertatu da orduan? Labur azalduta; Vorwerkek, Thermomix sukalde robot ezaguna ekoizten duen enpresak, salaketa jarri diola Lidl supermerkatu kateari bere gailua plagiatu duelakoan.

3. Eta zer leporatzen dio Lidli? Silvercrest enpresak ekoizten ditu Lidlen elektrogailuak, eta hark diseinaturiko Monsieur Cuisine robotak bereak diren bi patente urratzen dituela uste du Vorwerkek. Bata janaria prestatu bitartean haren pisua markatzeko aukeraren ingurukoa da, eta bestea, segurtasun sistema. Alegia, estalkia irekitzean hortzak geldiarazten dituen mekanismoa. Azken horrek erabakiko du auzia ziurrenik.

4. Eta non epaitu dute? Thermomixek Espainiako Lidli jarri dio salaketa, eta epaiketa Bartzelonan izan da, azaroan. Ebazpenaren zain daude bi aldeak.

5. Eta zein dira jarrerak? Lidlen abokatuak dio ustezko bi berritasun horiek ez direla patente bidez babesteko modukoak, eta beste etxe batzuek ere erabili izan dituztela aurretik.

6. Hori al da alde bakarra? Ez noski, eta prezioa. Thermomixek 1.259 euro balio du; Lidlen gailuak, berriz, 359. Lidlena prezio apaleko modelo bat da, dezente astunagoa eta handiagoa, eta funtzio gutxiago ditu, baina erabiltzaileak nahiko gustura gelditzen omen dira.

7. Eta asko saldu al ditu? Espainiako Lidl salatu dutenez, herrialdeko datuak alderatu daitezke. Lidlek dio 200.000 saldu dituela. Merkatuko liderra, dena den, Vorwerk da. Bere ibilbidean Espainian hiru milioi gailu saldu dituela dio, eta zortzi etxetatik batean duela gailuren bat (guztien %13,5). Etxez etxeko salmentari esker zabaldu da, baina denda handiak ere baditu. Adibidez, bi Bilboko erdigunean.

8. Akabo betiko sukaldaritza! Ez dramatizatu, mesedez.

9. Eta Vorwerkek zer nahi du zehazki? Bi gauza: batetik, arrazoia duela aitortu diezaiotela, eta, patenteak tarteko, horrek balio legal handia izan dezake etorkizunera begira; eta, bestetik, Lidlek bere gailuen salmentarekin Espainian lorturiko diruaren %10. Lidlen datuen arabera, zazpi bat milioi euro lirateke.

10. «Arrazoia», zein poetikoa... Ez pentsa, Vorwerkek garrantzi handia ematen dio jabetza intelektualari, eta 2013an antzeko epaiketa bat galdu zuen Taurus elektrogailu etxearen aurka. Oraingoan, gainera, aurkaria indartsuagoa da.

11. Bai, baina ez dirudi zazpi milioi euro asko denik Lidlentzat. Ez. Europan denda gehien duen katea da, eta, epaiketa galduta ere, ez du porrot egingo. Espainiako adarrak 4.009 milioi euro fakturatu zituen 2018an, eta 171 milioiren irabaziak lortu.

12. Orduan, Lidl ez da kikilduko. Guztiz kontrakoa: herenegun 40.000 roboteko beste sorta bat jarri zuten salgai Espainian, eta, aurrekoetan bezala bada, berehala agortuko zaizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.