SERIEA Baskoien atzetik azterka (IV).

Konkistaren trazak

Erroma Kristo aurreko III. mende bukaeran iritsi zen Ebro aldera. Sertorioren eta Ponpeioren arteko gerraren aldian zabaldu zen baskoien lurraldera, eta gero azpiratu zituen akitaniarrak. Ondoren, zibilizazio berria ezarri zuen.

Konkistaren trazak.
mikel p ansa
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ezagun da erromatarrek akitaniarrak zanpatu zituztela; iberiarrak ere bai; baita zeltiberiarrak ere. Idatzita daude konkista horien kronikak, eta topatu dituzte aztarna arkeologikoak. Baina baskoien kontrako halako gerraren baten erreferentziarik ez da agertzen testu klasikoetan, eta arkeologiak ez du gehiago argitu.

Hanibali eta kartagoarrei aurre egiteko sartu ziren Erromako tropak Iberiako penintsulan. Haiek menderatu ostean hasi ziren penintsulako herriak konkistatzen, duela 2.200 urte inguru. Konkistatzen, edo aliantzak egiten, Erroma bi eratara zabaltzen zen eta. Nafarroan, Ebro aldera iritsi ziren lehenik, Kristo aurreko 206. urtean; ia 30 urtez zeltiberiarrekin borrokan aritu ziren han.

Javier Armendariz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historiaurreko, Antzinako Historiako eta Arkeologiako irakaslearen esanetan, zeltiberiarren gerra horiek aldaketak eragin zituzten Nafarroa hegoaldean, hango herrixka batzuk suntsitu eta beste batzuk hustu egin zirelako garai horretan. «Askotan suteen edo erasoen arrastoak ikusten dira. Baina Pirinioaurreko ibarretako herrietan ez dugu ikusi halakorik oraingoz». Zeltiberiarrak menderatu ostean, 60 bat urtez iraun zuen bake prekario horrek: Kinto Sertorio altxatu zen arte.

Ikusi gehiago:Baskoien atzetik azterka (V): Erromaren gerizpean

Iruñerria gerran

Kristo aurreko 81. urtean, Erromako Senatuaren aurka hasi zen Sertorio, Hispanian kontrabotere bat antolatu nahian. Lucio Kornelio Sila Erromako diktadoreak soldaduak bidali zituen Sertorioren aurka —Gneo Ponpeio buru militarra horien artean—, eta Iruñeko arroa, baskoien lurren bihotza, erromatarren arteko gerra zibilaren agertoki bihurtu zen.

Kanpaleku erromatar baten arrastoak topatu zituen Armendarizek Arangurenen, 1990eko hamarkadan, orain zabortegia dagoen inguruan; eta handik bertan, Irulegiko herrixkan, aurkitu dituzte erromatarrek habailekin jaurtitzeko erabiltzen zituzten koskor batzuk, Sertorio izena idatzia zutenak —arma gisa ez ezik, uste da propaganda gisa ere erabiltzen zituztela koskor horiek—. Antxoka Martinez arkeologoak, berriz, erromatarren aldi baterako kanpaleku bat induskatu du Iruñetik bertan, Gatzolatzen.



Iruñerrian, baskoien hogei bat herri gotortu katalogatu dira, Irulegikoa tartean, eta beste herri harresitu batean ere aurkitu dituzte habaila erromatarrentzako koskorrak: Sardeako Gazteluan (Berriobeiti). Altikogañako herri gotortuaren inguruan (Deierri), berriz, topatu dituzte erromatar soldaduen xabalina edo pilum-ak, lantza puntak, baita baleztak ere. Bestalde, ezagun da Viana inguruko herrixka bat suntsitu zuela Sertoriok, haien lurretan, orain La Custodia deitzen dutena.

Nork suntsitu zuen?

Sertoriok ala Pompeiok suntsitu zuten Irulegi? Ezin jakin. «Testu klasikoek ez dute argitzen zer gertatu zen Iruñea inguruko gerra horietan. Konplikatua izango da argitzea nork egin zion eraso Irulegiri», adierazi du Armendarizek. Jakin ere, inork ez daki gerrra sertoriar horietan baskoiek zer rol izan zuten. «Baskoiak ez ziren antolakunde politiko bat», Armendarizen esanetan. Herrixka bakoitzak zuen bere antolaketa eta autonomia, ez zuten «batasun politiko bat» orduan. Ez baskoiek, ez ingurukoek ere: herriek egituratzen zuten lurraldea, goragoko batasun politikorik gabe.

Jokin Lanz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia irakasleak beste datu bat eman du: erromatarren armadan ibili ziren baskoi batzuk, gerra sertoriarren aurretik: haiek ere ez ziren identifikatzen baskoi izendapenarekin: calagurriarrak, cascantearrak... zirela agertzen da. «Nor bere komunitate lokalarekin identifikatzen zen, ez zituzten baskoi izendatzen euren buruak. Erroma ere hori zen: hirien edo civitates-en inperio bat; eta hiri horien gainetik, Erroma».

Sertorio Oscan (oraingo Huesca; Aragoi, Espainia) kokatu zen, eta Antxoka Martinezek hipotesi bat plazaratu zuen iaz: uste du Sertoriok bidali zituela soldaduak Iruñerrira, baskoiek Senatuarekin egin zezaketen hitzarmen posible bat galarazteko, edo, baskoiek eta Senatuak traturik ez balute ere, Oscatik horren gertu zeuden auzoak menderatu nahiko zituela, badaezpada ere. Baina hori hipotesi bat da oraingoz.

Habailekin jaurtitzeko koskor bat. Erromatarrek erasorako ez ezik propaganda gisa ere erabiltzen zituzten. Sertorioren izena idatzia du irudikoak. BERRIA


Pompelonen sorburua

Armendarizek uste du Irulegiko, Iruntzuko eta Sardeako herri gotortuak zirela baskoien «zentro politiko eta ekonomiko nagusia» erromatarrak iritsi aurreko garaian, denak Iruñea aldean, eta denak altueran. «Irulegik Iruñerriko arroa antolatzen zuen oppidum nagusietako bat izan behar zuela dokumentatu nuen, eta hala baieztatzen ari da».

Iruñean egindako indusketetan ez da agertu Sertorioren gerraren aldiko erromatarren aztarnarik. Horregatik uste da Pompelon gerra horren ostean sortu zutela, lehenago baskoiena izandako herri txiki baten gainean; egungo Nabarrerian zegokeen herrixka zahar hori, Iruñean bertan. Gerora Erromak baskoien lurretan eraikiko zituen bide nagusien erdian zegoen Pompelon: Burdigala (Bordele, Okzitania) eta Asturica (Astorga, Espainia) arteko bidea; eta Tarraco (Tarragona, Herrialde Katalanak) eta Oiasso (Irun, Gipuzkoa) artekoa.

Pompelon izena ere hortik dator —Pompaelo eta Pompeiopolis ere deitu zioten—, Sertorio menderatu zuen Gneo Ponpeio militar erromatarraren izenetik. «Ponpeio zen garai hartako heroi nagusia, Mediterraneoko piratak bukatu zituena», zehaztu du Mertxe Urteagak, Gipuzkoako Diputazioko arkeologoak. Azaldu du elebiduna dela Pompelon izena, eta ideia horretan sakondu du Armendarizek, Andelo (Mendigorria, Nafarroa) hiriaren izena ere elebiduna dela gogoraraziz: «Izena sortu zuten Pompeio eta elon elkartuta [edo ilum, edo irun; ustez hiria esan nahiko luke baskonikoz]. Historialariek asko hitz egin dute izenaren jatorriaz, baina ez dakite. Zigor bat izan zen, baskoiek Ponpeioren aurka egin zutelako? Edo kontrakoa, Ponpeioren alde egiteagatik eman zieten sari hori baskoiei? Ezin da ondorioztatu». Izan zitekeelako bestela ere; adibidez, Ponpeiok garaipena oroitu nahi izatea hiri bati bere izena emanez, baskoien jokabidea edozein izan zela ere.

Sertorio menderatuta, Kristo aurreko 72. urtean, lurraldea okupatzen jarraitu zuten erromatarrek, baina ez dago argi okupazioa nola gauzatu zen. Erromak 200 urte behar izan zituen Hispaniako herriak menderatzeko, eta Kristo aurreko 19. urtean bukatu zuen, kantabriarrak eta asturiarrak azpiratuta. Uste da ordurako beretuak zituztela baskoi, barduliar, karistiar eta autrigoien lurrak, baina ezin da ziurtatu noiz eta nola gertatu zen. Aldiz, pixka bat hobeto ezagutzen da Erromak nola azpiratu zituen akitaniarrak.

Santakaran aurkitu zuten erretratu hau, 1974an; Augusto enperadorearena zela ondorioztatu zuten 2019an. Nafarroako Museoan dago egun. JESUS DIGES / EFE


Pirinioen beste aldean

Esan ohi da Pirinioen iparraldetik Garonara bitarteko ia eremu osoa hartzen zutela akitaniarrek, eta galiarrengandik apartekotzat jotzen dira, baina akitaniarrak ere ez ziren herri bakar bat. Lau multzo handi bereizten dira, gutxienez: Gers arroko herriak, Languedoc aldekoak, Pirinioetakoak eta Aturri arrokoak. Batasun etniko-linguistikorik ere ez zuten: uste da batzuek akitanoa hitz egiten zutela —baskonikoarekin senidetuta legokeen hizkuntza bat—, eta beste batzuek hizkuntza indoeuroparrak. Eta Aturri ibaiaren inguruan «muga» kultural bat ikusten dute aditu batzuek. Tarbeliarren taldea bizi zen egungo Lapurdi eta Baxenabarre aldean.

Pirinioetatik hegoaldean bezala, iparraldean ere Kristo aurreko VIII. mendean zabaldu ziren herrixka gotortuak; baina Akitania iparraldean lautadako herri harresitu gabeak ere sortu ziren, hegoaldean ez bezala. Kristo aurreko IV. mendean hustu egin ziren nukleo txiki batzuk, eta handik aurrera, mendialdean gorago ugaritu eta garatu ziren kastroak. Ipar Euskal Herrian atzemandako herri horien aztarnategi gehienak txikiak dira, hiru hektareakoak gehienez, salbuespen batzuekin —Kurkuko kastroak (Behauze, Nafarroa Beherea) hamar hektarea zituen—. Defentsa sistema handiak zituzten batzuek: Gazteluzaharrekoak (Landibarre, Nafarroa Beherea), adibidez, zazpi defentsa lerro zituen.

Gerra akitaniarrak

Erromak ez zuen Pirinioetan interes handirik izan hasieran, ez iparrera, ez hegora. Sertorioren altxamenduak aldatu zuen hori: gerra Pirinioetara zabaldu zen, eta Erromak ulertu zuen lurralde hori ere kontrolatu behar zuela.

Sertoriok menderatu egin zituen Erromak bidalitako tropa batzuk; Luzio Manliok gidatutakoa, adibidez. Ez daude datu asko Manlioren ibilerei buruz, baina uste da Kristo aurreko 78. edo 77. urtean sartu zela Iberiako penintsulan, bataila bat galdu zuela Sertorioren indarren kontra, Pirinioak gurutzatu zituela ihesi, eta akitaniarrek kolpe bat eman ziotela. Herri akitaniar batzuek bederen aurre egin baitzioten Erromari.

Erromak, beraz, akitaniarrak azpiratzeko ahalegina egin zuen Sertorio mendean hartu ondoren. Julio Zesarrek soldaduak bidali zituen hara, Kristo aurreko 56. urtean. Kanpaina zaila izan zuten soldadu erromatarrek, akitaniarrek Pirinioen hegoaldeko taldeen laguntza jaso zutelako —talde horiek kantabriar izendatu zituen Zesarrek, zehaztu gabe—, baita Sertoriorekin gerran aritutako militar beteranoena ere. Augusto enperadoreak akitaniarren kontrako beste kanpaina militar bat agindu zuen hamazazpi urte geroago. Azkenean, Kristo aurreko 27. urtean menderatu zituzten akitaniarrak erabat. Eta zortzi urte geroago oinperatu zituzten kantabriarrak eta asturiarrak.



Zibilizazioa ezartzen

Erromatarrek garaitzaren arrasto bat utzi ote zuten ere eztabaidagai da historialari eta arkeologoen artean. Jean Luc Tobie eta Maria Angeles Mezkiriz arkeologoek 1989tik aurrera ikerketa batzuk egin zituzten Urkuluko dorrearen inguruan (Orbaizeta, Nafarroa). Ondorioztatu zuten erromatarrek altxatutako egitura bat izan behar zuela dorreak, garaitza gisako bat. Baskoiak, akitaniarrak, Hispania edo Sertorio menderatu izanaren oroigarri bat izan zitekeen, baina froga arkeologikoak falta ditu hipotesi horrek.

Dorretik zazpi kilometrora, hori bai, Burdigala eta Asturica lotzeko galtzada eraiki zuten erromatarrek, Ibañetako gainetik igarotzen zena, Kristo ondorengo I. mendean. Erromak, lehenik, militarki okupatu zituelako lurrak, baina ondoren galtzadak eraiki zituelako, eta portuak, hiri berriak, zubiak, era askotako ustiategiak, merkataritza, legeak, administrazioa... Zibilizazio berri bat, eta egitura berri bat: Hispania eta Akitania berrantolatu zituen Augustok. Eta zibilizazio horrekin bukatu ziren Burdin Aroko kastroak.

 

Serie honetako beste artikuluak



I. Aro bat itzalean

II. Kultura bat, bertsio asko

III. Zer bizimodu Burdin Aroan

V. Erromaren gerizpean

VI. Arkeologia da esperantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.