SERIEA Baskoien atzetik azterka (II).

Kultura bat, bertsio asko

Kastroen kultura bazter orotara zabaldu zen, leku bakoitzera egokituz; Atlantikoko isurialde guztian ere bai, nahiz eta garai batean uste izan hegoaldeko kontua zela.

Indusketa lanak, iaz, Basagainen. JON MIRANDA / ATARIA.
mikel p ansa
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Erromatarrak heldu aurreko aroa zabalago ikertu da Nafarroaren eta Arabaren hegoaldean, baina gutxiago handik iparraldera. Arazoa da Euskal Herriko isurialde atlantikoan askoz nekezagoa dela aztarnak topatzea, orografia zailagoa delako eta landaretzak ez duelako laguntzen aztarnategiak identifikatzen. Lurra ere azidoagoa da, eta aztarna arkeologikoak aiseago desegiten dira. Horregatik, denbora luzean pentsatu izan da isurialde atlantikoan ez zela ia herrixka harresiturik sortu Burdin Aroan. Uste zen isurialde mediterraneoan sortu eta hedatu zirela halako herriak, lurrak lauago eta laborantzarako aberatsagoak zirelako. Baina ustea, ustel.

Uste baten kontra

Mito horren kontra jardun du Xabier Peñalver arkeologoak (Donostia, 1952) 1980ko hamarkadatik, eta bidea ireki die, beste zenbaitekin, ikerketa bide berriei. Gipuzkoan aritu da lanean, Iruntxur herrixka harresituan lehenik (Albiztur eta Tolosa artean), bederatzi urtez; Basagainen gero (Anoeta), beste 27 urtez. «Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen hemengo herrixkek bizimodu oso antzekoa zutela isurialde mediterraneokoekin. Aberastasun gehiago edo gutxiagorekin, baina antzekoa zen eredua».

Idazle klasiko latinoek aipatu zuten barduliarren lurretan legoke Basagaingo herrixka harresitua. «Irulegiko piezaren garaikidea da Basagain», zehaztu du Peñalverrek. Kristo aurreko IV. mendetik I. mendearen hasierara bizi izan zen jendea han.

Ikusi gehiago:Baskoien atzetik azterka (III). Zer bizimodu Burdin Aroan?

Iruntxurren Jose Migel Barandiaran ere ibili zen, baina ez zuten materialik aurkitu. Bederatzi urtez induskatzen ibili ostean topatu zituen Peñalverren taldeak «Burdin Aroko isurialde atlantikoko lehen materialak»: bi etxebizitza, nekazaritzako tresnak, igitai bat, iltzeak, grapa batzuk...

Gero «prospekzio sistematikoak» egin zituzten Gipuzkoan, Burdin Aroko herrixka gehiago agertu ziren, eta Peñalverrek erabaki zuen Basagainen jarraitzea garai hori ikertzen: «Iruntxurren egon nintekeen bizitza osoa induskatzen. Baina kokapen berriak ezagutu zirenez, eta informaziorik ia ez genuenez, kontrastatu nahi nuen, esan dezagun, barduliarren lurraldeko beste herri batekin. Eta Basagain aukeratu nuen, ez nuelako joan nahi Arabatik gertuagoko lekuetara, ez zedin interpreta aurkitutakoak izan zitezkeela hegoaldetik sartutako kulturen eraginak». Han herri zeltiberiarrak baitzeuden.

 

Basagaingo aztarnategian indusketa lanetan, 2021eko irailean. JON MIRANDA / ATARIA

 

Ikertzeko zailtasunak

Nafarroa iparraldean egin izan dituzte aztarnategien prospekzio lanak, baita Gipuzkoan ere; Bizkaian, gutxiago. Ipar Euskal Herrian identifikatuta daude dozenaka herrixka, baina ez dira apenas ikertu. Eta Araban ere aztarnategi batzuk induskatu dira, ez denak. Beraz, oraindk ere, ikerketa esparru zabala da Burdin Aroa.

Pazientzia eta lan askorekin, konturatu dira eredua bera edo antzekoa zela kastro gehienetan. Baina ez dira herri denak garai berekoak eta igualak; gainera, herri gotortuen eredu hori bera ere garatzen eta aldatzen joan zen, eta leku batzuetan konplexutasun eta garapen handia eduki zuen. Aldiz, herri txiki edo pobreagoak gutxiago garatu ziren. Kultura bera edo antzekoa partekatzen zuten, ordea, eta horren erakusgarri da Basagain, isurialde mediterraneoko herrixka askorekin antzekotasunak dituelako.

Basagain ez dago Irulegi bezain altu, baina Oria ingurua kontrolatzen du, Irulegik Aranguren ibarra (Nafarroa) bezala. «Inguruaren kontrol espaziala eta bisuala ezaugarri inportantea zen garai hartako herrixka gotortuentzat». Baina berezitasun bat badu Basagaingo aztarnategiak: «burdinaz betea» dago mendia, eta badakite meatzeak zeudela. Herrixkan bertan burdin eskoriak topatu dituzte, eta horrek esan nahi du han bertan lantzen zutela materiala. Eta Basagainen bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan aurkitutako Burdin Aroko beste herrixka batzuetan ere bai.

Eredu baten ezaugarriak

Eta zein ezaugarri komun partekatzen zituzten herri horiek? Mendi kaskoetan edota harkaitzez edo amildegiz babestutako lekuetan eraikitzen zituzten herriak, defentsa naturalak baliatuz eta horma gotorrekin babestuz. Partekatzen zituzten merkataritza ezaugarri batzuk, tresneria eta kultura materiala, etxebizitzak eraiki eta antolatzeko teknikak, laborantzako eta abeltzaintzako produkzio sistema batzuk, heriotza errituak. Bestalde, zeramikak egiteko tornuak erabiltzen hasi ziren, burdina lantzen, laboreen nekazaritza hobetzen.

Brontze Arotik heldu ziren bizileku zaharren gainean eraiki edo garatu ziren Burdin Aroko herri gotortu batzuk, baina hutsetik ere sortu zituzten beste batzuk, lehendik bizilekurik ez zen tokietan. Ikusten da nolabaiteko eboluzio bat: herri zaharragoetan, etxeen oinak biribilak izan ohi ziren —Neolitoko txaboletan bezala—, baina, Burdin Aroan aurrera egin ahala, laukizuzenak bihurtu ziren etxeen oinak, eta eraikuntza teknikak berdinduz joan ziren.

 

Maruelezeko herri gotortua, airetik hartuta. Harresia eta sarrerako ate bihurria ikusten dira irudiaren ezkerraldean; harresiari lotuta, goian baina eskuinerago, etxebizitzen harrizko oinarriak. BERRIA

 

Prozesu bat

Burdin Aroan, zazpi bat mendeko epean, Ebroko ibarretik sartu eta bazter guztietara zabaldu zen kastroen kultura hori. Baina zabalpen hori ez zen bat-batekoa eta aldi berekoa izan. Iberiako penintsularen erdialdetik (Cogotasko kultura) eta Ebrotik (zeltiberiarrak) barrena iritsitako beste kultura batzuen eragina ere jaso zuen, gainera. Aztarnategietan, baina, ez da ikusten kultura horiek aurrekoak ordeztu zituztenik; ematen du ezagutzak eta sinismenak sinkretizatu zituztela.

Baina gorabeherak ere izan ziren prozesu horretan. Javier Armendarizek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historiaurreko, Antzinako Historiako eta Arkeologiako irakasleak, esplikatu du: Kristo aurreko VII. edo VI. menderako, herri gotortuen kultura erabat zabaldua zegoen Nafarroan, baina erromatarrak iritsi baino 100-200 urte lehenago krisi bat ere izan zen, eta kastro txiki asko hustu egin ziren. Esaterako, Bardagorriakoa. Hura hustu, eta mendian gorago sortu zuten Altikogaña (733 metro). Eraulen egon ziren bi herri horiek, Deierrin (Nafarroa). Beste leku batzuetan ere gertatu zen prozesu hori: kastroak gorago eraman eta defentsa sistemak gogortu zituzten hainbat lekutan, Kristo aurreko IV. mendearen bueltan.

Antolaketa soziala

Etxeez eta laborantza lanez aparte, harresien eta defentsa sistemen eraikuntzak oso konplexuak ziren; herrixka batzuetan sinpleagoak izan arren, beste batzuetan zazpi metroko zabalerako, bospasei metroko garaierako eta kilometro bat baino luzeagoko murruak altxatu zituzten. Eta eraiki eta mantendu egin behar ziren eraikuntza horiek; horretatik ondorioztatzen dute adituek antolaketa sozial sendo bat behar zutela.

Gerlariak ere baziren herri horietan; armak aurkitu dituzte aztertutako herrixka harresitu batzuetan, eta Araban eta Nafarroan induskatu dituzten nekropolietan sumatu dute hilobi aristokratiko batzuk ere bazirela.

Klase bereizketaren bat sortzen hasia zen, beraz: bazen aristokrazia bat, gerrari lotua segur aski, izango ziren laborariak, artisauak, arropa egileak, errementariak... Ez da gorde orduko historiarik, ordea, eta ezin jakin herri horiek nola antolatzen ziren, eta zer gerra edo zer aliantza zituzten.

Inguruko baliabideak ustiatzen zituen herri bakoitzak, ordea, eta nolabaiteko autonomia eta agintea antolatzen hasia zen herri haietako bakoitzaren inguruan. Eta baliabide horiengatik istiluak sortzea ez zen harritzekoa izango.

Eztabaidagai da beste hipotesi bat: Burdin Aroa amaitzerako, kastroak nolabait hierarkizatu ote ziren. Alegia, herri gotortu horietako batzuek beste batzuen zentro politiko eta ekonomiko rola ote zuten, eta beste kastro batzuk, txikiagoak, horien inguruan egituratzen ote ziren. Ez da erabat egiaztatu hipotesi hori.

La Hoyako sarraskia

Bada gertakari lazgarri bat, garai horretakoa: Kristo aurreko IV. eta III. mendeen artean, talde batek La Hoyako (Guardia, Araba) herrixkari eraso egin zion, eta herritar asko hil. Su eman zioten herriari, erraustuta gelditu zen dena, eta hala kontserbatu delako aurkitu dituzte sarraskiaren aztarna ugari —baita kalean bertan hildako gizon-emakume zein umeen gorpuak ere; batzuk, gorputz-atalen batzuk moztuta—.

Garairako oso garatua zegoen La Hoyako herri harresitua, kaleak eta espaloiak ere bazituen, merkataritza zentro inportantea zen, eta etxebizitza batzuek denda gisa irekitzen zituzten ateak kalera. Merkatu egun batez egin zuten erasoa, eta pentsatzen da La Hoyaren indar komertziala suntsitu nahi izan zutela; eta ez oso urrutiko herriren bat izan behar zuela erasotzaileak —erromatarrak iritsi gabeak ziren artean—.

 

La Hoya herrixkak izan zezakeen itxuraren irudikapen bat. Teilatu marroiek erakusten dute induskatua izan den eremua, gainerakoak lurpean jarraitzen baitu. BERRIA

 

Basagain, Irulegi, La Hoya. Eredu beraren hiru aplikazio dira, zein bere ezaugarriekin. Baina lurralde guztira zabaldu zen eredu hori. Bizkaian, ondoen ezagutzen den eta aztarna esanguratsuenak eman dituen herrixka bat bada, Arratzun, Arrola mendian: Marueleza. Erromatarren deskribapenen arabera, karistiarren lurretan zegokeen. Zortzi hektarea zituen, eta, beste herri horiek bezala, defentsa sistema sendo bat.

Gaztiburuko galderak

Berreraiki egin zituzten Maruelezako herrixka babesten zuten murru ikusgarriak: horma garaiak, bospasei metroko altuerakoak, eta herrirako sarrera bihurri bat, aiseago babesteko. Pentsatzen da hormaren gainean egurrezko hesi bat izango zutela, eta, hormaren gaineko plataforman jarrita, hesiaren atzetik defendituko zutela herria. Mendiaren beste aldean amildegi bat dago, eta han ez zuten harresirik eraiki: berezkoa zen defentsa. Eta defentsa modu hori erabiltzea ere oso ohikoa zen Burdin Aroko herri gotortuetan. Harresiaren barruan, berriz, etxebizitzak aurkitu dituzte. Baina inguru horrek badu misterio bat.

Herria zenetik kilometro eskasera dago Gaztiburu izeneko leku bat, mendi kasko batean. Uste da Maruelezako kastroari lotua zegoela nolabait. Burdin Aroko biltoki bat da Gastiburu. Plaza eta harmaila batzuk aurkitu dituzte han. Airetik begiratuta ferra forma duten lau harmaila eraiki zituzten han, erdiko plazari begira —petalodun lore bat osatuko balute bezala—, eta beste egitura txikiago bat, zirkulua —edo pentagonoa— itxiz. Luis Valdes arkeologoak ikertu zuen, 1985etik aurrera, bi hamarkadaz.

 

Gaztiburuko biltokia, airetik hartua. Argi ikusten dira ferra itxurako lau egiturak (harmailak ziren), erdiko plaza gisakoa bilduz. BERRIA

 

Ondorio garbirik ezin da atera, baina pentsatzen da leku horrek zeremonietarako, biltzarrak egiteko zein solstizioen egutegiei lotutako funtzioak izan zitzakeela. Santutegitzat jo zuen Valdesek, baina ez dago argi biltoki horren funtzioa. Eta ez da antzeko egiturarik aurkitu, oraingoz, ez Euskal Herrian, ez eta Europan ere.

 

Serie honetako beste artikuluak

I. Aro bat itzalean

III. Zer bizimodu Burdin Aroan

IV. Konkistaren trazak

V. Erromaren gerizpean

VI. Arkeologia da esperantza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.